Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Euskara eta borondatea

Markos Zapiain 2021/11/06 12:55
Giza ahalen artean, gutxietsienetakoa da gaur egun borondatea

Azkeneko ikasturteotan, Bigarren Hezkuntzan suspentso mordoa atera, errepikatu edo beste ikastetxe batera alde egin behar izan duten ikasleen artean, guzti-guztiei, ehuneko ehun, bai Bermeon eta bai Bilbon, oinarri linguistiko sendo baten faltagatik gertatu zaie.

Eta ikasle, irakasle eta guraso askori entzuten diegu, nota txar horiek zuritzeko, euskara ez dutela ama hizkuntza eta ez direla inguru euskaldun batean bizi. Eragozpen hori garrantzitsua izan daiteke, baina ez erabakigarria. Batez ere, alabari egundoko arazo psikolinguistikoak eragiten dizkioten gurasoen ahotik entzunda: euskara behar bezala menperatu gabe ingeleseko eta txinerako partikularretara bidali dute, japonieran ere matrikulatzeko aukeraz hausnartzen ari dira, eta bien bitartean alabak "hari"eta "ari"nahasten ditu.

EAEko ikastetxeetan txorakeria ugari egiten da, eta ez da txikiena euskara kili-kolo dabilen D ereduko ikastetxeetan sekulako programa eleaniztun distiratsuak ezartzea, gurasoak, matrikulazioak eta prestigioa erakartzeko, omen. Munduko gauzarik nazkagarrienen artean dago, inolaz ere, tankera horretako prestigioa, ez baita itxurakeria baizik.

Harira: familia hizkuntza eta ingurua baino garrantzitsuagoa da erabakimena, borondatea eta lana.

Urteak joan urteak etorri, hainbat adibideren lekuko izan naiz. Ikusgarriena, apika, Bermeora bederatzi urte zituela etorritako errumaniarrarena, ez zekiena ez euskaraz ez gaztelaniaz, eta DBHko hirugarren mailan, Euskaran, Institutu osoko notarik onena atera zuena. Hamar atera zuen, halaber, Selektibitatean, beste bi herrikidek bezalaxe. Familia pobrekoak, ondo zuten etxean ikasia aurrera ateratzeko zer egin behar den: lan eta lan. Euskaran buru-belarri murgiltzeko deliberamenduaz gain, buru argitasunak ere lagundu zien, hori ere egia da.

Bien bitartean, hemen jaiotako jendea, euskaraz ikasteko sekulako aukerak izan dituena, egunean bospasei ordu telebista espainolaren aurrean, “La isla de las tentaciones”, “Sálvame”, “Al rojo vivo”… Eta behin eta berriro "es que yo no tuve la suerte de ir a la ikastola”… “Es que el euskara no es mi lengua materna”...

Venga ya, no cuela. Gizaki guztiok dugu borondatea eta lan egiteko ahalmena, eta borondate eta lan egiteko ahalmen horiek nora bideratu eta zertan baliatu erabakitzeko askatasuna. Ez beti eta ez erabatekoa, konforme. Baina gaur egun Euskal Herrian euskara aukeratzea edo baztertzea norberaren erantzukizuna da.

Kexu eta aiene horiek, ordea, errua beti gurasoena, haurtzaroarena... utikan, alferrontzi! 

Notak ipintzeko orduan

Markos Zapiain 2021/11/06 09:18
Justizia eskuzabala

Saihestu beharreko bi mutur dauzkagu notak ipintzeko orduan.

Batetik, joera sadikoa, zure frustrazioak ikasleen aurka proiektatzea: zein irakaslek ez ote du entzun edo esan esaldiren bat adierazten duena suspentso asko jartzeak ematen ei duen satisfakzioa. Nik, zehazki, Gaztelaniako bat, pasilloan aurrera zihoala, eskuak igurtziz eta irribarrez, “menuda escabechina que me he pegado en Segundo C”.

Horren aldaera bat da nota txar ugari jartzea beste barik identifikatzea zure ikasgaia eta lanbidea serio eta profesionaltasunez hartzearekin, eta nota onak jartzeko joera, alderantziz, errazkeriarekin, fribolitatearekin, gatazkei ihes egin nahi koldarrarekin, edo ikasle, guraso zein zuzendaritzen presioei amore ematearekin.

Kontrako muturrean intzesturako joera dago, supernia desegin eta nota altu arbitrarioen bidez ikasleen afektua zureganatu nahi izatea, noten jabe izateak ematen dizun boterea menpekoen bihotza irabazteko erabiltzea, are bikotekidea bilatzeko, modu gutxi-asko ameslarian.

Notei dagokionez ere, jarrera aristotelikoa da zuzena. Bi esajerazio horien arteko erdialdea ez da mediokritatea, baizik eta bertuterik handiena.

Halatan, notak ipintzeko orduan, justizia da nagusiarazi beharreko balio etikoa, jarrera subjektiboa gidatu behar duen helburua: ez diskriminaziorik, ez faboritismorik (nahiz eta, bestalde, normal hartu beharko genukeen irakasleak hobeto konektatzea ikasle batzuekin beste batzuekin baino; orobat, frantsesek bezala, “le chouchou du professeur” figura; halakoetan, irakasleak bere buruarekin lan etiko-psikologiko bat egin beharko luke, lotura hori notetara ez eramateko).

Justizia nagusi, noski, baina eskuzabaltasuna ere zaindu beharreko balioa da (eta ez soilik ikastetxean). Eta notak jartzeko orduan, bistan da, tarte zabal samar bat egoten da justiziaren mugak zeharkatzen ez dituen eskuzabaltasunerako ere.  

Beraz, ez da egokia nota sistematikoki eskasak dakartzan jarrera hotz zurrun agresiboa; baina ezta ere nota neurriz gain altuak sortzen dituen jarrera bero fusionalegia. Erdibide zuhurrak erakutsiko dizu distantzia egokia, alegia, justizia eskuzabala.

Carlos Martinez Gorriaran, ezjakinak leziatzeko bere betiko gurutzadan

Markos Zapiain 2021/10/29 22:55
Eskerrak UPVko Filosofia Graduko irakasle guztiak ez diren hain irmo eta kontundenteak

Bai egoera zaila, ez bazara psikopata: besteak epaitzeko orduan ezin gogorragoa izaki, besteen hanka-sartzeei isekaz erantzuteko ohitura hartu eta ezustean zeuri disparate batek ihes egiten dizunean. 

 

"El Orden Mundial" izeneko kontu batek txiokatu du gaur bezalako urriaren 29 batean eman zuela Sartrek "Existentzialismoa humanismo bat da" hitzaldia, "asentando las bases de dicho movimiento". Aski aseptikoa, neutroa, informatiboa.

 

Martinez Gorriaranen erantzuna: "El existencialismo comenzó con Kierkegaard, Unamuno y sobre todo Heidegger. Sartre intentó sumarse a Heidegger, que le mandó amablemente a paseo con “El existencialismo no es un humanismo” (1946). No fue un movimiento, solo una moda bastante francesa: lo mejor, Camus y la Piaf."

 

El Orden Mundialek ez dio existentzialismoa Kierkegaardekin hasi ez zenik. Sartrek asentatu zuela baino ez, eta hori ez da gezurra. Edozein historialarik edo testu-liburuk erakutsiko dizu existentzialismoa Sartrek sendotu eta zabaldu zuela. Horixe dio adibidez Sarah Bakewell adituak At the Existentialist Café zoragarrian.

 

Bestalde, eztabaidagarria izan liteke mugimendua edo moda izan ote zen, baina halakoxe ziurra izaten da troskismotik UPyDrako ibilbidean sekula santan tronpatzen ez direnen mintzamoldea.

 

Dena den, Heideggerrek inoiz ez zuen "Existentzialismoa ez da humanismo bat" izeneko libururik ez artikulurik idatzi. Martinez Gorriaranek asmatu du izenburu hori. "Gutuna humanismoaz" izkribuarekin nahastu du, Heideggerrek Jean Beaufreti bidali zion gutuna, gerora liburu gisa argitaratua. 

 

Guztioi gertatzen zaigu. Baina Martinez Gorriaranek beti idazten du ex catedra, inoiz ez du barkatzen, eta bere "zuzenketari" darion sasijakintsuaren txuloputakeriak bete-betean jo dio atzera buru handian bumeranaren antzo. 

 

Berotu eta jarraitu egin baitu: "Si yo no escribo ni tuiteo de fútbol o series de Netflix porque no sé nada, no entiendo a los que lo hacen de Filosofía sin haber pasado de algún manual barato o de la wiki".

 

Elhuyar hiztegian, gaztelaniazko "patético" euskaraz "patetiko" da, eta "listillo" berriz "azkar usteko". Polita da halaber lehenbizikoz Xabier Olarrari irakurri nion "argi-iturri" hori, Elhuyarren gaztelaniaz "sabiondo", "sabelotodo", "resabido" eta "marisabidillo". Orojakileei buruzkoa da Kelly Clarksonen abesti hau, eta ergel handios aprobetxategiei buruzkoa Bob Dylanen beste hau. 

Baserria-ko Asier Alegria prenerabearen garaipenak

Markos Zapiain 2021/10/11 11:20
Salatu beharra dago halako txapeldun handiari egin zaion ezikusia

Asier Alegria bermeotarrak hamasei urte bete zituenerako 110 bat asto-lasterketa zituen irabazita. Hamaika, hamabi eta hamahiru urte zituela Espainiako txapelketak irabazi zituen Tricion, Titin pilotariaren sorlekuan.

Ez da erraza astoa ganoraz gobernatzea. Behin batean, Gernikan, ohi bezala zeraman Alegria asteme batek, artez, baina supituki atzetik zetorren arra sexualki kilikatu eta Asierren emearen gainean jartzen ahalegindu zen behin eta berriro, biolentzia handiz. Azkenean, hala ere, Asierrek irabazi.

Hainbat sekretu daki Alegriak astoaren abia mantsotu zein bizkortzeko. Gai da, konparaziorako, asto gainean eseri barik atzean patinetan astoari helduta zutik joanda ikaragarrizko lastertasuna lortzeko. Ezkerreko belarriari eragin eta segituan jartzen dizu astoa hamaikagarren martxan, abiadura maximoan.

Gorabehera jakingarriak gertatu izan zaizkio asto-laguna iel edo altan dela. Egun batean, lasterketa garrantzitsu bat hastera zihoala, Asierrek astemea ukitu baino ez eta arreskearen ohiko adierazpenak eragin zizkion ezustean: haginez beteriko aho-zabaltze ikusgarria eta jarrera busti pasiboa, hain zuzen. Horrek, noski, dema irabaztea eragotzi zion, lasterketa bera hasi baino lehen.

Gutxi izan dira, ordea, Alegriak galdutako asto-probak.

Horrelakoak entzunda, ziplo pizten da galdera: nolatan ez du Alegria bezalako punta-puntako txapeldun batek gizarte ezagutza handiagoa jaso? Nondik nora ez da Muniain edo Jon Rahm bezain ospetsu, bere kirolari ekarpen garrantzitsuagoak egiteaz gain domina gehiago irabazi baldin baditu? Asier Alegria Baserrian lehiatzeak zergatik ez du ekarri Kortak edo Mikel Goñik sortuko luketenaren tamainako zarata mediatikorik?

Biziki ederra da asto-proba. Hunkigarria izatera hel daiteke, zaldi-lasterketetan bezala, gidariaren eta aberearen arteko konplizitatea, zerikusirik ez toreatzaileak zezenari eragiten dion torturazko odoluste makabroarekin. Ez da harritzekoa Hadriano enperadoreak bere zaldi maite "Boristenes" hil zenean egundoko hileta antolatzea, eta marmolezko hilobi eder batean lurperatzea. Ezagutu zuen inork ez du "Indurain", Alegriaren astotxoa, "Boristenes" baino eskasagotzat.

Asto-demetatik bi-biak, piztia zein gizakia, bizirik irteten dira, konfiantza giro ederrean, eta ulergarriago egiten zaizu zoofilia.

Jaurlaritzaren zeregina da udalak behartzea elizei lurzoru publikoa ematera?

Markos Zapiain 2021/09/30 10:10
Elkarrizketa Berrian Iñaki Agirrerekin

 

Eibartarrakeko sarrera honekin dago lotua

 

Iñaki Agirreren artikulu nagusia

"Erlijio aniztasuna kultu lekuak bermatuz ondu nahi du Jaurlaritzak"


Elkarrizketa:

Markos Zapiain filosofoa eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea kritikoa da Jaurlaritzaren lege proiektuarekin, botere publiko bezala behar ez diren marrak gainditzen dituela uste duelako.


Erlijio aniztasunaren babesa eta kultu zentro berrien irekiera bermatzea elkarri lotuta daude?

Ez derrigorrez. Erlijio aniztasuna babestea helburu ederra da, eta erakunde publikoen lana, beti ere agnostikoak eta ateoak diskriminatu gabe. Jaurlaritzak jagon beharko luke inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabetasunagatik saritzen edo zigortzen, eta eliza berrien eraikuntza fededunen esku utzi beharko luke. Ez bakarrik Jaurlaritzak badituelako askoz ere premiazkoagoak diren zereginak; printzipio kontua ere bada.

 

Desegokia da erakunde publikoek kultu lekuak bermatzea?

Erakundeen lana emakumeen eta LGTBI kolektiboen eskubideak babestea da, eta garbi erakustea eskubide horiek, elkarbizitza antolatzeko orduan, edozein liburu sakraturen gainetik daudela.

 

Lege honekin, botere publikotik erlijioen sustapen bat egiten dela iruditzen zaizu?

Bai. Erakunde publikoek, kultu lekuak bermatuz, haizea ematen diete erlijioei. Egokiagoa da zergetako dirua hurbileko ospitale bat eraikitzeko erabiltzea, beste eliza baterako baino. Ospitalean berdin onartzen dituzte kristauak, ateoak, musulmanak eta masoiak. Elizak, berriz, ez dira fededunentzat baizik; hori bai, ateoen eta agnostikoen zergez ere eraikiak. Nola ez ditugu bada arazoak izango pentsio duinak lortzeko, laster eliza gehiago izango baditugu tabernak baino?

Beste arazo bat da inork ez dakiela zer den Jaurlaritzarentzat erlijio bat. Kristauei eta musulmanei subentzioak jasotzeko estatusa tradizioak, fededunen kopuruak, lobbyen indarrak eta ikaratzeko ahalmenak ematen die. Honezkero Basajaunek ez du inor kikiltzen, ordea. Orain dela zenbait urte lagun batzuek, Jon Miranderen eraginpean, berezko euskal erlijioa berpizteko dirulaguntza eskatu genuen eta Jaurlaritzak muzin egin zigun. Bertoko Mari eta akelarrea ez dira Asiatik etorritako judu-kristauen San Pedro eta transubstantziazioa bezain erlijio ala? Anitz adituren ustez, antzera dabiltza bi erlijio horiek absurdotasun mailari dagokionez.


Legea udalen aurkako eraso bat dela esan izan duzu. Zergatik?

Jaurlaritzak larderiaz ezarri nahi du goitik behera agindu hori, hainbat udal bat ez etorri arren. Corrugadosekoa ez da gertatu zaharra. Hurbiltasunagatik, udalak hobeto daki Jaurlaritzak baino zer behar duen, zer komeni zaion. Tenplu erlijiosoak eraikitzeko lurzorua elizen esku utzi edo ez, udalaren esku beharko luke. Gainera, deigarria egiten da Jaurlaritzaren mintzamoldeen kontrastea: elizei goxo, eta udalei errieta eta kontu-eskea. Elizei dagokienez, Jaurlaritzak «zaindu» eta «bermatu» darabil; udalei zuzentzeko orduan, ostera, «exijitu» eta «behartu».

Erasoa da, bai: erabakia, Jaurlaritzarena da; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute, udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, are gutxiago beren buruari.

Iñaki Agirrerekin elkarrizketa Berrian bertan 

Espainiak ez du galtzen barregari geratzeko aukera bat bera ere

Markos Zapiain 2021/09/25 11:05
Puigdemonten diagnostikoaren beste adibide bat

Saiatzen direnean La Movida Madrileña saltzen como la más alta ocasión que vieron los siglos pasados, los presentes, ni esperan ver los venideros.

Mormoiak eta irakaskuntza publikoa

Markos Zapiain 2021/09/18 13:55

Berriki eraiki dute Bilbon, Lehendakari Agirre kaleko gune pribilegiatu batean, Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza, alegia, mormoiena. 850 inguru mormoi baino ez badaude ere Bizkaian, 430 lagun hartzeko kultu-gela ederra dauka. Hiru solairuko garajea du gainera, eta espaloitik gorako lau solairu. Noski, abortuaren edota homosexualen arteko ezkontzaren aurka daude, baina dirudienez txikikeriak dira horiek Jaurlaritzarentzat: elizak babestu beharra dago, diru eta lurzoru publikoz lagundu, udalak elizen exijentzien arabera dantzarazi.

Bien bitartean, hezkuntza ertainetako oposizioetan, uda honetan bertan, ekainaren hogeitik uztailaren hogeita bederatzira arte, irakasle epaimahaikideak goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpiak arte aritu dira azterketei notak ipintzen, gela ilun ospeletan, musukoa mozal, hamaika ordu segidan, zenbait egunetan hamabi ere bai, hiru ordu laurden kenduta bazkaltzeko. Filosofiakoek, azterketak jaso, irakurri eta kontsideratu bitartean, esklabo beltzek Georgian kotoia biltzean kantatzen zituzten bluesak tarareatzen zituzten. Ganoraz baloratu daitezke horrela azterketak? Epaimahai gehiago sor zitezkeen, baina dirua falta ei da.

Oposizioak urrira arte luzatuko dira. Eta orain, ikasturte hasieran, epaimahaikide horien ordezkoak, irailaren lehenaz geroztik egon beharrean ikastetxean, lankideak eta lantokiko gorabeherak ezagutu eta irakatsi beharrekoa zehazteko, irailaren zortzirako deitu dituzte Institutuetara, ikasleekin batera, ikasleak sartzen diren egun berean hasteko ikasturtea, kolpez. Sosik ez, iraileko lehen asteko ordezkapenak ordaintzeko. Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Elizan esango dizute diru hori non bilatu.

Bistan da Hezkuntza Saileko buruek itunpeko ikastetxeetan dituztela sustraiak eta bihotzak, baina disimulatu zezaketen apur bat. Eusko Jaurlaritzak, oro har, erakunde publikoen gainetik jartzen ditu elizen tankerako pribatuak, are beren testu sakratuak zein gaur egungo jokaerak eta adierazpenak giza eskubideen aurkakoak direnean ere nabarmen. Egun hauetako batean Jainkoari txibatuko diot Jaurlaritzak nola tratatzen nauen.   

Beti original

Markos Zapiain 2021/09/04 10:30

Kapitalismoa sendotzen ari zelarik sortu ziren Parisen abanguardiako arte bohemio antiburgesaren lehenbiziko ernamuinak.

Lehen begiratuan, kapitalista eta artista iraultzailea etsaiak dira: bizi dituzten balio etiko eta politikoak kontrakoak dira, haien bizimoduak bezala, zehazki familiarekin eta sexuarekin dituzten harremanak.

Ordea, Daniel Bell-ek nabarmendu duenez, bat datoz izpirituan; bien jokabidearen funtsak, paradoxaz, logika berbera erakusten du: bai enpresarioak eta bai artista modernoak ezinbesteko dute tradizioarekin hautsi eta berria etengabe sortzea. Aspaldi erakutsi zuen Marxek kapitalismoa ez dela ez tradizionalista ez kontserbadorea; aitzitik, iraultza permanentera derrigortua dago.

Henry Ford auto-sortzaile handiarekin hasi eta Bill Gatesenganaino, enpresarioek ez dute atsedenik gabe asmatu beste erremediorik, biziraun ahal izateko besterik ez bada ere: berrikuntza ahaztuz gero, konpetentziak suntsituko lituzke eta merkatuak irentsiko; izateari utziko liokete.

Era berean, Schönberg, Kandinsky, Picasso, Duchamp eta enparauak, subertsiboak eta antikapitalistak izan arren, bizi izan ziren, abanguardiek tai gabeko originaltasuna goretsi eta bedeinkatzearen ondorioz, antzeko frenesian, iraganaren tabula rasa egin (besteak beste, musika tonala eta figurazioa eta perspektiba klasikoa) eta epe laburren baitan behin eta berriz estiloz aldatuz… Duchamp harro zegoen urte bakar batean bere buruarekin eta bere ibilbidea sei aldiz apurtu eta horrenbestez estiloz ere beste sei aldiz aldatu izanaz.

Egia bada ere XXI. mendearen lehenbiziko laurden honetan arte plastikoaren panorama biziki dibertsifikatu dela eta edozer aurki dezakezula, funtsean berdintsu gabiltza. Aspaldi bilakatu da gainera transgresioa zeremonia, eta abanguardia akademian dago, Estatuak diruz laguntzen du eta merkatuak eusten dio. Artista plastiko berritzaileenen obra, hala nola Cady Noland edo Demian Hirstena, ezin dute erosi François Pinaulten gisako milioidunek baizik, artistak miresten dituztenak norberak bere burua ispiluan bezalaxe.   

Eneko Irigaray (eta IV)

Markos Zapiain 2021/08/03 11:32

Eneko Irigarayren bizitzak eta nortasunak ETAkidearen estereotipoa ezin hobeki apurtzen dute. Kaputxadun krudelaren ordez, hagina bete odol, negozio gizon patxadatsu eta umoretsu bat dugu, inoiz ez duena ezkutatzen ETAkoa dela. Behin batean, Europako aireportu batean gizon potolo bat leihatilakoarekin arazoak zituela ikusi eta lagundu egin zion. Gizonak ez zekien frantsesez ez ingelesez. Hizketan jarraitu, “a, joño, Euskal Herrikoa, ni bezala”, eta aurrerago politikaz mintzo Irigarayk “ba ni ETAn nabil, fundatzaileetako bat izan nintzen”. “Jakin izan banu, ez nizuke laguntzen utziko”. Irigarayk unean bertan ez zuen ezagutu, baina gero egunkarietako argazkietan ikusi zuen PPren Arabako buruzagi bat zela.   

Irigarayk Perturri buruz kontatzen dituenak ere aspaldiko urteotan zabaldu den Perturren irudia ere mugitzen dute. 

Badago kezka bat txit gizatiarra, oraingo kontakizunaren batailari lotua baina Julio Zesarrek eta Akilesek ere izan zutena: zer esango dute nitaz ni hil ondoren? Liburuetara pasatzen den Historian parte hartu baldin baduzu, egunkarietan atera den zerbait egin baduzu, ‘nola epaituko nau historiak?’ kezkatzen zara. Errudun joko nau, ala absolbitu?

ETAren fundatzaileen liburuetan, Txillardegiren Euskal Herria helburu, Julen Madariagaren Egiari zor, sumatzen da kezka hori. Baita hurrengo urteetako buruzagien artean ere, Mario Onaindiaren eta Mikel Antzaren liburuetan, besteak beste. Hau gertatu zen, hauxe egin nuen, hara zehazki orduko hartan zer idatzi nuen. Garbi eduki dezatela historialariek.

Noski, erabat ulergarria da kezka hori, egia adierazteko bultzada hori, ikusita nola manipulatzen duten sistematikoki hedabide eta argitaletxe indartsuek. Espainia aldean PRISAk, Vocentok eta enparauek aditu seriotzat jotzen duten eta ederki saltzen duen Fernando Reinares baten liburuak hemen irakurrita ez dira txiste merkeak baizik: etakideak hizketan jartzen dituenean, euskalduna gaztelaniaz aritzean betetzen omen dituen estereotipo guztiak erabiltzen ditu: “cómo eres Josechu, ya te dije pues que la goma dos hay que haser aldrevés”, “Si los maketos comprarían los puerros de aquí, entonses no serían tan enemigos putasemik; kilometro sero es cosa buena pero”. Antzekoak dakartza “Patriotas de la muerte. Quiénes han militado en ETA  y por qué” liburuan.

Ekainaren batean errege-erreginek Biktimen Memoriala inauguratu zuten Gasteizen. Txiringitoaren komite zientifiko ekidistantea osatzen dute Iñaki Ezkerrak, Joseba Arregik eta Edurne Uriartek; komite-buru, Florencio Dominguez. Bakarrik falta dira Abascal, Rosa Díez, Pío Mora eta Esparteroren zaldiaren kozkorrak. Disimulatzeko, ipin zezaketen beste norbait erabat neutroa, Carlos Iturgaitz edo.

Horrelako testuinguru fanatizatu batean, Eneko Irigarayk buru osasun bikainaren inpresioa ematen du; medikuntza, erizaintza eta sendakuntza izan da eta da Irigaraytarren zeregin nagusia, ez alferrik. Zentzu horretan, ederki futitzen zaizkio historiaren tribunalak, eta etorkizunak nola epaituko duen. Minutu bakar batez ere ez du gogoan. Ez du bere burua zuritzen, ez ditu bestek esandakoak ñabartzen.

Horregatik ez du hartu inongo autobiografiarik idazteko edo lekukotasunik emateko ardura. Joxean Agirre joan zaio elkarrizketa- liburu biografikoa proposatzera; eta liburua irakurrita irudi luke barruak garbi uztera bultzatzen duen kontu nagusia dela emaztea izan zela ETAko lehenbiziko militante andrazkoa.

Mugalari franko zituen amaren aldeko familian, Urdazubin, eta poliziari iskin egiteko sen berezia handik zetorkiola uste du, geneetan edo. Usaimen aparta izan du beti poliziak eta sekretak detektatzeko, eta inoiz ez dute atxilotu.  

Eneko Irigaray (III)

Markos Zapiain 2021/08/03 11:00

IRIGARAY ETA PERTUR

ETAren komandoak hasieran beren kabuz entrenatzen ziren. Profesionalek gidaturiko lehenbiziko entrenamenduak Aljerian egin zituzten, Irigarayren bitartekaritzari esker. Laurogei polimili eta hirurogei mili ibili ziren han. Miliak Peixotoren eta Atxuloren bidez joan ziren, eta polimiliak Perturren eta Sabin Atxalandabasoren bidez.

Irigaray bereziki ondo konpontzen zen Perturrekin. Pertur 1976ko uztailean desagerrarazi zuten. Maiatzean Aljerren egon zen Irigarayren bidez polimilientzako entrenamendua adosten. Pertur Irigarayren etxean zen lo egitekoa, baina ezin, bete-betea baitzuen.

Non pasa zituen orduan gau haiek?

Aspaceren sortzailearen etxean!!!

Badakizu, Aspace, elbarritasun zerebralak jotakoei laguntzen dien elkartea. Carmen Aldabek sortu zuen, Iruñean. Oso emakume argia zen. Gaur egun badago Iruñean Carmen Aldaberen izena duen eraikin ikusgarri bat. Kanadan ikasi zuen Pediatria. Lagun onak egin ziren Irigaray eta Aldabe Aljerren. Medicus Mundirekin zegoen Aldabe Aljerren, sendagile lanetan. Aspace eta ETA horrela lotzea ere estereotipotik kanpo dago, eta Irigarayri zor diogu.

Joxean Agirreren liburuko hitzaurrean, Iñaki Egaña historialariak dio bere ustez Pertur Euskal Herrira itzuli eta poliziak Aljerren entrenatzera zihoazenen zerrenda atera nahi izan ziola, eta hori izan zela Perturren desagertzearen kausa nagusia.

Irigarayk dio ez dela ezinezkoa, baina ez duela daturik eta frogarik hori ziurtatzeko.

 

GAUR EGUN

Gaur egun Irigarayk, laurogeita sei urte, goizeko zazpi eta erdietan jaikitzen jarraitzen du. Lehenbiziko gauza, yoga egiten du. Gero, meditazio pixka bat, Budaren posizioan. Zangoak ondo gurutzatuta, lotoaren jarreran. Lehen bi zangoak kokotearen atzean gurutzatzen zituen, baina utzia du. Ayurvedaren jarraitzailea da, Indiako medikuntza tradizionalarena, prebentzioan eta elikaduran oinarritua, eta oso pozik dabil.

 

 

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.