Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Utilitarismotik datorkigu eutanasia (V)

Utilitarismotik datorkigu eutanasia (V)

Markos Zapiain 2022/07/31 10:55

Humanismo modernoak, batez ere filosofia utilitaristaren tradizioak markatutako mundu anglosaxoian, errotik egingo dio aurka Eliza katolikoaren ikuskerari, arrazionalismo laikoa fundatu zuten printzipio filosofikoen izenean. Luc Ferryren “Legeztatu behar al da eutanasia?" liburuari lotuko natzaio hemen ostera ere.

Utilitarismoaren printzipioen eta eutanasiaren arteko lotura hobeto ulertzeko, kontuan hartu behar da utilitarismoa moral laiko bat dela, Jeremy Benthamek XVIII. mendean abiarazia, eta argiro gailendu dela anglosaxoien kontzepzio etikoetan eta sistema juridikoetan. Hitzak iradokitzen duenaren aurka, utilitarismoak ez ditu egoismoa eta interes pribatua sustatzen. Aitzitik, doktrina altruista da. Hauxe luke printzipio goren: ekintza bat ona da laguntzen duelarik zorion maila handiena lortzen izaki kopuru handienarentzat. Eta txarra alderantzizko kasuan. Edo, modu negatiboan esanda: ekintza ona da unibertsoko oinazea murrizten duenean. Bistan da oinarrizko postulatua ezin dela egozentrismo nartzisoarekin nahasi, kontrakoa ere izan liteke: zenbait kasutan sakrifizio indibiduala exijitu beharra baitago, zorion kolektiboaren izenean. 

Halako premisetatik abiatuta, ez da harritzekoa utilitarismoak eutanasia zilegitzea: etika horrek plazeren eta oinazeen kalkulua egiten duen heinean, esan gabe doa eutanasia erabili behar dela bizitza batek askoz ere oinaze gehiago dakarrenean atsegina baino, eta ezin bada hobekuntzarik apalena ere aurreikusi. 

Ez ziren hortaz ustekabean Ingalaterran agertu eutanasia legeztatzearen aldeko lehenbiziko iritzi-mugimenduak. Zehazkiago, 1931n proposatu zuen aurrenekoz mediku batek esplizituki eutanasia aplikatzea. C.K. Millard doktorea izan zen, Leicester hiriko osasun-ikuskaria. 1935an sortu zuen, lagun batzuekin batera, eutanasia legeztatzearen aldeko lehenbiziko organizazio militantea, Voluntary Euthanasia Legalization Society delakoa. Gaur egun Dignity in Dying du izena. 

Edozelan ere, elkarte hori Lorden Ganbaran eutanasiaren lege bat onarrarazten saiatu zen 1936an, baina kale. Ferryk nabarmentzen du fundatzaileak hiru mediku, jurista bat eta hiru apaiz zirela, eta horrek garbi erakusten duela tradizio kristauak berak zein desberdinak izan daitezkeen herri batetik batera, kultura filosofiko diferenteen eraginpean. 

Mugimendua berehala zabaldu zen Ingalaterratik AEBetara. Eta han ere artzain batek sortu zuen Euthanasia Society of America delakoa, Charles Francis Potter unitaristak, 1938an. Eutanasiaren aldeko nazien jarrerak hedatze hori mantsotu zuen. 1974ra arte ez zuen frantses batek, Jacques Monod Nobel sariak, "eutanasia humanitarioaren" aldeko deklaraziorik izenpetu (Ferryk "eutanasia humanitario" komatxo artean jartzen du, bere ustez -eta Houellebecqen ustez- eutanasia nekez izan baitaiteke humanitarioa. Ikusiko dugu abuztuan). Monodek bere bi kide anglosaxoiekin batera sinatu zuen gainera, Thompson ingelesarekin eta Pauling amerikarrarekin.

Mugimendua, azkenik, mundu demokratiko osora zabaldu da, Frantzia eta Euskal Herria barne, “Mourir dans la dignité” edo Duintasunez hiltzeko eskubidea bezalako elkarteen eta Felipe Izagirre bezalako ekintzaileen bitartez. Hiru ezaugarri azpimarratzen dizkio Ferryk: errebindikazio modernoa da, berria; mendebaldera mugatua, hirugarren munduko herrietan ez da agertu (Espainia izan da eutanasiaren lege bat onartzen duen munduko bosgarren herrialdea, Herbehereen, Belgikaren, Luxenburgoren eta Kanadaren atzetik); eta jatorri anglosaxoikoa.

Argiro dago sekularizazioari eta mundu laikoari lotua, eta, Ferryren ustez, hori izan da Eliza katolikoak eutanasia funtsezko auzi eta jokagaitzat hartzeko arrazoietako bat.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.