Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (I)

Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (I)

Markos Zapiain 2022/07/21 08:35

Lehengoan Booktegin Nerea Arrienek kontatu zuen "Jende likidoa" idatzi zuenean nahita kendu zituela kezka filosofiko esplizituak eta saiakera zantzuak. Literatoek disimuluan ibili behar izaten dute: Gallimard argitaletxeak Sartreren "Goragalea" arbuiatu zuen handiegia ei zuelako zama metafisikoa. Ayn Rand-ek ere, filosofia zabaldu nahi zuen, goi-mailakoena, baina best-seller eta film popularren bitartez, ikus-entzulea larregi nekatu barik. 

Edozelan ere, Arrienek zalantzan jarri zuen generoen kategorizazioa, batzuetan ematen baitu nobelak, autorea filosofiaz husten ahalegindu arren, saiakera barnera dezakeela, eta alderantziz.

Bat nator: nobelak oharkabean edo zeharka bere garaiko mundu-ikuskera nagusiaz adieraz dezakeenaz gain, eleberri batzuetan pintatzen diren ekintzak baino interesgarriagoak izaten baitira protagonistak ekintza horietara daramatzaten arrazoibideak. Horixe berorixe gertatzen da "Deuseztatu"n, Michel Houellebecqen azkeneko nobelan (protagonismo handia du bertan Bruno Le Mairek, Senperen badakite nor den. Houellebecqen lagun ona da, eta nobelan Bruno Juge du izena). Zenbait saiakera dauzka “Deuseztatu”k bere baitan; esaterako, eutanasiaren aurkako tratatu txiki bat, Philippe Ariès-en “Gizakia heriotzaren aurrean” eta Simone de Beauvoirren “Zahardadea”ren oihartzunak dakartzana, baina oroz gain Luc Ferryren pentsamenduarena. Hein batean, Ferryren "Maitasunaren iraultza" nobelara ekarria da "Deuseztatu".

Houellebecqen iritziz, eutanasia legeztatzen duen zibilizazioak ez du begirunerik merezi. Haatik, munduan, hau da, Frantzian, nabarmena da eutanasiaren aldeko giroa, halaxe sentitzen du Houellebecqek. Ekologismo sakonaren jarraitzaile batzuek aldarrikatzen dute gizakiak arriskuan jartzen duela planetaren biziraupena; hortaz, gizakia desagertuko balitz, hobeto. Hainbat taldek dauka helburu horixe: Humanoak Borondatez Desagertzearen Aldeko Mugimenduak, Eutanasiaren Elizak (honen zutabeak suizidioa, abortua, kanibalismoa eta sodomia dira), eta abar.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.