Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (III)

Houellebecqen Deuseztatu eta eutanasia (III)

Markos Zapiain 2022/07/25 13:20

Édouard Raisonen suhia garai batean eskuin-muturreko taldeetan ibili zen, eta orduko kontaktuen bidez lortuko du eutanasiaren aurkako aktibista batzuen laguntza. Komandoa AEBetako protestante baptista batek finantzatzen du. Urte batzuk lehenago, Ospitaleetako Hilketen Aurka Borrokatzeko Komitea fundatu zuten Oregonen, parlamentarioak presionatu eta hedabideetan eragiteko, baina arrakastarik ez. Orduan, ekintza zuzenagoaren alde jo zuten. Zuhurrak dira haatik, ez darabilte biolentziarik, egundo ez dituzte harrapatu, hurbildu ere ez zaizkie egin. Jo baino lehen, zaharraren ahaide guztiek erakutsi behar dute ekintzarekin adostasuna. 

Komandoaren buru-guru tximaluze Brianek, hard rock elastiko zaharkituak janzten dituenak, ekintza horiek oinarritzeko teoria interesgarria dauka, eta Houellebecqek, zorionez, ez du ezabatu.

Brianen ustez, arazo kolektiboa dugu zaharrekin. Eutanasiaren benetako arrazoia eta bultzatzailea da zaharrak jasangaitzak zaizkigula, ez dugu jakin nahi existitzen direla ere, horregatik uzten ditugu erresidentziak bezalako leku espezializatuetan, gainerako gizakien bistatik aparte. Tamal handitzat jotzen dugu gero eta zahar gehiago egotea, bai kopuru absolutuan eta bai gainerako adin-taldeen aldean, zeren eta, gaur egun, ia jende guztiak uste baitu pertsonak, adinak gora jo ahala, gutxiago balio duela; zaharrarenak baino gehiago balio duela gaztearen bizitzak, areago umearenak. 

Dena den, Brianek gure garaiaren beste ezaugarri bat nabarmentzen du, larriagoa ei dena, erabateko iraultza dakarrelako, errotiko mutazio antropologikoa.

Aurreko zibilizazio guztietan, gizakiarenganako estimua edo miresmena, hark bizialdi osoan erakutsitako jokamoldeak erabakitzen zuen. Brianek dioenez, ohore burgesari ere, behin-behinean baizik ez zitzaion konfiantza ematen; ondoren, irabazi eta merezi beharra zegoen, bizimodu zintzo bati esker.

Aldiz, ez dakigun arren umea zer bilakatuko den, argia edo ergela izango den, jenioa, kriminala edo saindua, hala ere umearen bizitzari zaharrarenari baino balio handiagoa emanik, gure ekintza errealak ditugu baliogabetzen. Gure lorpenek, gure ekintza eskuzabal zein heroikoek, ez dute inongo baliorik munduaren iritziz, eta horrenbestez guretzat ere ez. 

Halatan, gure jokabide eta bizitzari motibazio eta zentzu oro kentzen diogu: zehazki, horri deritzo Brianek nihilismo: iragana eta oraina debaluatzea geroaren alde, erreala baliogabetzea nahiago izateko etorkizun zalantzazkoan kokatutako birtualtasuna. Brianen esanetan, horiek dira mendebaldeko nihilismo modernoaren sintomak, Nietzschek detektatu zuen nihilismoarenak baino errotikoagoak. Nietzschek ezin izan zuen fenomenoaz ohartu, noski, hura hil baino askoz ere geroago agertu baita. Brianek uste du epe ertainean Asiako herriak ere ildo berean sartuko direla.

Brian, eutanasiaren aurkako aktibista, ez da kristaua; aitzitik, erantzukizun larri bat leporatzen die kristauei: kristautasunarekin hasi omen zen mundua etsipenez onartzeko joera, akats pairagaitzenak barne, salbatzaile eta etorkizun hipotetiko baten itxaropenaren izenean. Kristautasunaren jatorrizko bekatua, Brianek dioenez, esperantza baita.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.