Porrotxen bibotea
Takolo, Pirritx eta Porrotxek oso txikitandik pizten dute euskal umeengan fan eta miresle aldartea. Behin batean Elorrion, gure alaba bat, Porrotx agertokitik jaitsi eta argazki baterako posatzera hurbildu zitzaionean, negarrez hasi zen hunkituta. Hunkidura hura Jonas Brothersengana bideratuko zuen gerora.
Batzuetan ordea ez da transferentziarik gertatzen eta Takolo, Pirritx eta Porrotxengan finkatzen da behin betiko miresle grina hori. Horixe da Xabi Paya gazi-gozokide ohiaren kasua. Azkenaurreko Argian kontatu digu Birminghamera joango dela urte beterako, Etxepare institutuaren eskutik. Baina ez digu kontatu nolako despedida izan duen. Lagunek merezi bezalakoa egin diote, hunkigarria bezain ederra. Baita berebiziko ezustekoa eman ere, Xabiren talde gogokoena ekarri baitute agur- festara: Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
Bestalde, ohiko galdera da zer ote dugun euskaldunok desberdin, zerk egiten gaituen bakan eta berezi munduan. Hizkuntza aipatzen da, baina herri orok du hizkuntzaren bat, edo asko.
Inongo herrik ez duena da pailazo bibotedun bat, gure berezitasunik nabarmena ziurrenik. Bitxia baita zinez: Berri Txarrak-ekoek pailazo korbataduna aipatzen dute “Zirkua” abestian, baina nanoa da zirku horretako biboteduna. Google-n ikertu, bilatu “moustached clown” edo “payaso bigotudo”, eta biboterik gabeko pailazoak agertuko zaizkizu, edo pailazoak ez diren bibotedunak, edo bestela Maradona, Benedikto XVI.a, Michael Jackson, Batmaneko Jokerra, Obama, edonor, baina pailazo bibotedunik, alerik ere ez. Pailazo bibotedunarena da zirkuko ikonografiari euskaldunok egin diogun ekarpenik garrantzitsuena. Biba gu eta biba Joxe Mari Agirretxe, Porrotx, poz handiagoa eman baitio Euskal Herriari Elkano, Loiolako Inazio eta beste euskal unibertsal guztiak batera baino, eta gainera unibertsoari erakutsi dio pailazoak badakiela bibotea prestuki eramaten.
Negoziazio itxaropentsuak
Kevin Heredia idazten ari da, eta lehengoan bere hurrengo nobelaren zirriborroa irakurtzen utzi zidan. "Zein larretan, Garbiñe?" du izena eta mila eta bostehun urte barru dago kokatua, Gasteiz inguruan. Irudimen harrigarria erakusten du aparailu eta robot berriak deskribatzeko orduan, etorkinak Neptunotik datoz, mutazio genetiko sakonen ondorioz inguruko gizakiak patataren dohain eta ahalmenez jabetu dira, goierritar aberats batzuek hilezkortasuna lortu dute.
Dena den, zirraragarriena maitasun-istorioa da. Garbiñe euskal ordezkariaren eta Borja PP-koaren artean ohe-eszena anbiguoak gertatzen dira, bakoitza bere aldetik ezkondua izaki, ez Vatikanoko nuntzioak ez meskita nagusiko imanak ez baitituzte ondo ikusten harreman horiek. Horrek eragiten dien erruak oztopatu egiten ditu ohe barruko mugimenduak, eta baldarkeriak berezi bilakatzen ditu, robot txotxongiloak balira bezala txortan dabiltzanak. Negoziazio politiko batzuei esker ezagutu dute elkar Garbiñek eta Borjak: Gernikako Estatutuari gutxi falta omen zaio osorik transferitua izateko.
Tele 5en eta Antena 3ren boltxebismoa
Ez oso maiz ikustea izan daiteke behar bada Tele 5i eta Antena 3ri nolabaiteko sinpatia izateko bide bakarra... Behin batean, uda baino lehen, zapinean ari nintzela, bi-biak iruditu zitzaizkidan iraultza berdin-zalearen aldeko tresna eragingarriak, orain arte ia beti irainduak, umiliatuak eta isilaraziak izan direnei arnasa eta hitza ematen zieten heinean.
Tele 5en Belen Esteban zegoen. Andaluzian ohikoa izan da señorito harraparia, inguruko herrietako neska gazteak beretzat hartzen zituen jauntxo feudala, Feriako Duke pederasta bezala: amak berak etortzen zitzaizkion beren umeen sexua diru-truke saltzera.
Hainbat eta hainbat eskualdetan aberatsak gura legez erabili izan du pobrea, bere apetarik itsusienak betetzeko tresna mutu izan zaio. Horietakoak dituzu Janeirotarrak, Jesulin eta.
Belen Estebanekin ordea ez dute nahi dutena egin ahal izan, Tele 5i esker besteak beste, herriaren printzesa izateraino goititu baitu.
Iragarkietan Antena 3ra aldatu eta banderillero apal bat ageri zen negarrez. Zioenez, zezen-munduan karrera egin nahi, eta plazak eta lana lortu ahal izateko, apoderatuak, ugazabak, hasieran bere aurrean biluzteko agintzen zion, gero elkar masturbatzera behartzen zuen, popatik ematen zion...
Eta Antena 3k ere galtzaile xeheari ematen zion hitza, deus ez zuenari, behetik zetorrenari, jendaurrean adieraz zezan handiki harroak sekula betikoz ezkutuan nahi zukeen egia lotsagarria.
Ezustean banderilleroaren aitak telefonoz hots egin zuen, zuzenean, orduantxe jakin baitzuen semearen ibilbide ilunaren berri. Aita ere negarrez hasi zen, semearen zotinak areagotuz.
Berebiziko audientzia lortu zuten.
Muga garestia
Garai batean, Irundik Hendaiara edo alderantziz paketeren bat postaz igorri eta, burokrazien eskaera zorrotz eta lan txukunaren ondorioz, ibilbide hau egin behar izaten zuen: Irun-Madril-Paris-Hendaia; edota Hendaia-Paris-Madril-Irun.
Egoera absurdu hori konpondu egin zen, Hendaia zein Irun posta-eskualde berean kokaturik, antzeko zerbait.
Baina Europa barruko mugek zurrun diraute hainbaten eta hainbaten jokabideetan: lehengoan Hendaian bizi den nire lagun batek, dei diezaiogun Oier, altzari bat erosi zuen Donostian. Altzaria etxeraino eramateagatik, ordea, 60 euro gehiago nahi altzari-saltzaileek: “Es que Hendaya es Francia, de modo que nos situaríamos ya en otro país.” Huelva edo Lleidan bizi izan balitz, doan eramango liokete, “porque a fin de cuentas nos quedamos en España”.
Oierrek ezetz esan zien, 60 euro horiek erantsiz gero ez ziela altzaria erosiko. 700 euro balio dituen arren, salmenta oparoa alajaina krisi-garaiotan, dendariek ez zuten atzera egin.
Hiru egun eman zituzten komunikazio barik, harik eta Oierri estrategia egoki bat bururatu zitzaion arte. Altzaria Iruneraino ekartzeko eskatu zien dendakoei, “hasta la frontera con Francia”, eta Irunen Oierrek berak jaso eta bere kabuz garraiatuko zuen Hendaiaraino. Altzari-dendakoek garraiolariaren mugikorraren zenbakia eman zioten.
Egun seinalatuan, Oierrek garraiolariari deitu eta galdetu zion ea enpresakoa ote zen ala azpikontratatua. “Azpikontratatua”. “Zure nagusiei deus ere esan gabe altzaria Hendaiaraino ekartzen badidazu 40 euro emango dizkizut”. “Ados”. Eta horrelaxe konpondu ziren.
Milaka kilker horman silikonaz itsatsirik, hilzorian
Donostiak gaur bertan aldeztu beharko du Europako kultura-hiruburu izateko bere hautagaitza, Caceresekin lehian. “Caceres 2016” partzuergoak bultzatzen du hautagaitza hori.
Bada Caceresen “Habana Espazio Libre” izeneko areto bat, Pizarro kalean. Bertako gelak sortzaileei uzten zaizkie, margolari, zinemagile eta argazkilariei, erakusketak egin ditzaten.
Irailaren 14ean Ismael Alabadok, 34 urteko madrildarrak, instalazio bat ireki zuen Habana Espazio Libren. Alabado Arte Ederretan Lizentziatua da Salamancako unibertsitatean, eta Milango Arte Ederretako Akademian diplomatua.
“Zorba” bataiatu zuen instalazioa: mila kilker baino gehiago hormetan silikonaz itsatsirik, eta lau mila inguru lurrean botatako kutxetan itxirik; denak hilzorian. Erakusketa hau izan da “Caceres 2016” partzuergoak diruz lagundu duen lehenbizikoa. Donostiarrek Alabadoren instalaziorena erabil dezakete Caceresen hautagaitza desakreditatzeko, kilker-killer kirtenak.
Izan ere, instalazioak anitz ikusle oinazetu du, zirraragarria baita xomorro koitaduen hanken astintzea; gainera, aldi berean, kutxetako kilkerrek soinu altu eta monotonoa sortzen dute, aski makabroa, elitroak marruskatzearen ondorioz.
Erakunde ekologista batzuek erakusketa ireki bezain laster salatu zuten. Extremadurako Elkarte Zoologikoa ere kexatu egin zen, kilker bizien aurkako tratu txarrarengatik.
Sara Polok, Habana Espazio Libreko gerenteak, onartzen du berehala izan zutela deitoreen berri; baina ezin ei zuten instalazioa zarratu: “Ezin genuen zentsuratu, gure izen propioaren aurka joango ginatekeen”.
Emakume baten lekukotasuna: “Instalazio berriak ikustera joan nintzen, Habana Espazio Librean, eta ikaratuta gelditu nintzen gela batean sartu eta ehunka kilker ikusi nituenean hormari itsatsita ezin askaturik hankak astinduz, hiltzera kondenatuak. Ez dut krudelkeria hori ulertzen. Hori artea dela? Arduradunei kexatu nintzaien eta esan zidaten ezin zutela ezer egin. Erantzun nien beraiek ez baziren gai sufrimendu hori guztia desagerrarazteko neronek egingo nuela. Etxera joan, intsektizida batekin itzuli eta kilkerrei bota nien, beren oinazea amai zedin.”
Ordea, intsektizidak ez zuen kilker bakar bat ere hil, euli-hiltzekoa baitzen, ez edozein xomorro.
Bestelakoa da noski artistaren sentimendua, Ismael Alabadorena. Honen iritziz, “emakume horrek talibanek bezala jokatu du, askatasun sortzaile eta kulturalak zapaldu baititu. Bada jendea mindu dena, baina hori soilik gertatzen zaio instalaziora adimen eta gogo zabalez ez doanari, begien bistan duenetik harago joaten ez dakienari”.
Behin eta berriro errepikatzen du kilkerrek ez dutela sufritzen. “Ezin dute sufritu ez baitute nerbio-sistemarik. Landare bat ebakitzea bezala da. Bestalde, ni animalien aurkako tratu txarren kontrakoa naiz.” Antitaurinoa omen da, baina inoiz ez litzateke manifa batera joango, edozeren gainetik errespetua baloratzen baitu, tolerantzia.
Egia ote da kilkerrek ez dutela sufritzen? Adituak ez datoz bat. Jose Luis Perez Bote, Extremadurako Unibertsitateko Zoologia irakaslearen ustez, sufritu sufritzen dute: “Milaka kilker horiek, horman lekedaz itsatsita, sufritzen ari dira. Karramarro bati hanka bat kendu eta ematen du ez duela oinazerik sentitzen. Baina inurri bat zapaldu eta ikusten duzu minak okertzen eta bihurrikatzen duela. Dirudienez, zenbat sozialago zomorroa, hainbat sentituago oinazea; inurriek eta erleek, kasu, sakonki pairatzen dute”.
Perez Botek garbi ukatu ditu Alabado artistaren adierazpenak: “Kilkerrek badute nerbio-sistema, baita nerbio-sistemako errezeptoreak ere, eta horregatik erreakzionatzen dute argiaren eta beroaren aurrean.”
ALABADOREN AMETS ZAPUZTUA
Ismael Alabadok instalazio organikoak ditu gogoko. Aurretik espagetiekin edo pipekin ere lan egin izan du; zapi baten gainean kokatzen zituen espagetiak, giza esperma irudikatzeko. Oraingoan berriz kilkerrak: “Bilatzen dudana da ikusleak uler dezan ezen kilkerrak horman itsatsita dauden bezala, gutako bakoitza ere gizarte-arau batzuetara itsatsita dagoela, munduari lotuta, eta ez garela ohartzen une oro amaitzen ari den guztiaz.”
Alabadoren asmoa leiho berri bat zabaltzea omen da organikotasunaren kontzeptuari; urteak daramatza horretan lanean, baina bere asmoa ez da “behin eta berriz erabiliriko jarrerak errepikatzea, baizik eta berrikuntza itzela ekartzea, berrikuntza sakona.” Horixe erdietsi omen zuen espagetizko espermaren bidez: Alabadok, azken batean, gizakia deskontestualizatzea du xede.
Zorba-n, hasieran labezomorroekin lan egitea pentsatu zuen, susmoa baitzuen kilkerrak erabilita elkarte animalia-zaleen erantzuna ez zela oso goxoa izango; aitzitik, gizaki askori zaizkienez labezomorroak nazkagarri, uste zuen ekologistak-eta ez zirela gehiegi mugituko; edonola ere, azkenik ez du kilkerrak erabiltzea beste erremediorik izan; hori bai, azpimarratu du labezomorroen eta kilkerren oinarri neurologikoa berdina dela funtsean.
Artistak erakutsi nahi izan du “zer gertatuko litzatekeen bizitzeko egun gutxi batzuk gelditzen zaizkigula jakinda; helarazi nahi izan dut arte-obra ere bizirik dagoela; kilkerra hiltzen ari den bezalaxe, halaber gizakia; eta horixe da preseski jorratzen dudan kontzeptu organikoaren oinarria.” Kilkerrak pixkanaka hiltzen joatea zen ideia, ikusleek hausnar dezaten bizitzaren iragankortasunaz.
Era berean, obra honen bidez “kontzeptu enpatiko baten bila abiatu da, Jendea jar dadila kilkerraren tokian (baina ez ordea kilkerra humanizatuz); horrela, ikuslea ohartuko da bizitza iragankorra dela. Kontzeptu horixe dago erakusketaren izenaren oinarrian, alegia, “Zorba”, hitz grekoa berau, adierazi nahi duena “bizi ezazu bizitza, gozatu une bakoitza eta listo”.
Erantsi du bizitza gaixotasun antzeko bat dela, “baina ez negatiboa; sintoma batzuk dauzka eta heriotzarekin amaitzen da.”
Edonola ere, artistaren asmoak gorabehera, instalazioak eztabaida gehiago eragin du gogoeta baino, polemikaren zarata ozenagoa izan da zoritxarreko kilkerrena baino, eta azkenik itxi egin dute. Caceresen hautagaitzaren aldeko partzuergoak, hasiera batean kilker koitaduen erakusketa diruz lagundu zuen arren, azkenik instalazioa ixtearen alde egin du. Extremadurako Juntako Nekazaritza Sailak mehatxu egin die instalazioaren arduradunei: 15.000 euroko isuna, artearen aitzakiaz animaliei oinazea arrazoi barik eragiteagatik. Extremadurako Juntako presidenteak berak obraren erretiratzea eskatu eta zenbait orduren buruan itxi dute. Guardia Zibila bertaratu egin da, arazoa in situ aztertu eta konponbidean jartzera, ohi duenez. Azken erabakia Alabadorekin batera erakusketa kolektiboan esku hartzen ari ziren gainerako 19 artistek hartu dute beren gain.
Alabadok traizionaturik sentitu du bere burua eta ixtearen aurka agertu da askatasunaren izenean, artearen kontzeptu organikoaren izenean: “Egun bakoitza da amaieraren hasiera”, aldarrikatu du berriro.
Artistaren hurrengo ekimen sortzaileei dagokienez, iragarri digu kontzeptu organikoekin lanean jarraitzeko asmoa duela, eta, ziurrenik, bere obra berriko protagonista nagusia labezomorroa izango dela.
Itzulera-operazioa Erdi Arora
Erdi Aroko azokak ere nabarmen ari dira ugaltzen. Deigarria da orduan zerabiltzaten infusio-belarrak nola birziklatu diren orain pilula gisa, parafarmazietan salgai, eta, gero eta maizago, baita farmazia arruntetan ere. Hileko mingarriak, eztula, psoriasia, sexu-ezintasuna, hilearen erortzea, tripako haizeak... Azoka horietan digestioa ondo egiteko saltzen zuten belar desberdin piloa kontuan hartuta, esan liteke Erdi Aroan benetan obsesionatuta zebiltzala bazkal osteko eragozpenak desagerrarazi nahian.
Aurten Oliten nabarigarriena zerri-eme edo ahardiaren txorizoarena egin zait. Horrela zioen salmahaiko errotuluak: “Chorizo de Cerda”. Saltzaileak azaldu zigun zerri-arraren txorizoari sexu-usaina dariola eta produktu kimikoak erabili behar izaten dituztela keru sarkor hori amatatzearren. Ondorioz, ekologistek zerri-emezko txorizoaren alde egin dute: ez darionez sexu-lurrinik, kimikarik behar ez eta txorizo-pusketa natural ahoratu dezakezu.
Erdi Aroko azoken ugaltzeak badu halaber alde etsigarri bat, erregresio psikologiko baten sintomaren kutsua. Zergatik Erdi Aroa? Askeago ginelako, Gaztelak artean konkistatu gabeak, euskara bera ere indartsuago zebilkeen. Erdi Aroan kokaturiko Toti Martinez de Lezearen eleberriak dira arrakastatsuenak Euskal Herrian, eta, Joseba Gabilondok dioenez (“Axolagabekeria terrore gisa: estatu-politika eta euskal literatura globalizazioan”, aurki argitaratzekoa), kausetako bat horixe izan liteke, espainolen inbasioa baino lehenagoko gizartea erakusten digutela, estatu espainol zein frantsesa artean sustraitu gabeko garai historikoa, horien atzaparretatik libre ginenekoa.
Martinez de Lezearen eleberrien euskarazko itzulpenak ikaragarri ondo saltzen dira. Gazteleraz gehi euskaraz, 1.000.000 ale inguru saldu ditu. Koldo Goitia eta biok bestelako salmenta mailan gabiltza, 100 ale edo (zerbait gertatzen zaizu ala?, burlaize hori..., Nietzschek adina saltzen dugu Goitiak eta biok) eta erdia baino gehiago gure izebek erosiak. Labur: Martinez de Lezearen eleberrien arrakastaren azpian bezalaxe Erdi Aroko azoken inflazioarenean ere, gure gaur egungo ezintasun politikoa zenbait egunez ahazteko nahia legoke, Nafarroa beregain zen sasoira irudimenez itzulirik; eta, oroz lehen, berriro mozkortzeko aitzakia, poxpolinen txorizo emez inguratuta, ahal izatera.
.
Adolfo Suarezen eldarnio bat
Javier Cercas bezalako espainiar demokrata zenbaitentzat Euskal Herria ez da Espainia; Cercasek Anatomía de un instante-n: “Komunistak izan ziren frankismoaren aurkako oposizio nagusi eta ia bakarra”.
Madrilen egon ginen abuztuan, Legazpi auzoan. Goiz batean, Delicias karrikako La Hacienda tabernan sartu nintzen gosaltzera. Ez zuten La Razón eta La Gaceta baizik, eta Marca. Aiko-maiko elastiko bat neraman jantzirik. Gerora ohartu nintzen berriki hedabideetan behin eta berriz agertua zela, ustez Pagazaurtundua hil zuen Gurutz Agirresaroberen soinean, atxilotze irudietan.
Halako
batean Arratek deitu zidan. Euskaraz erantzun nion eta bezeroen
behakoek tentsio erasokor trinko batez zigortu ninduten. Kontuan har
bedi Espainia zer den: 1981ean, trantsizioa ofizialki ondo igaroa
zelarik, Espainiako Kapitain Jeneralak, eskualdeetako jauntxoak,
erregioetan benetako agintea zutenak, Milans del Bosch eta enparauak,
ez ziren soilik guztiak Francoren alde borrokatuak gerra zibilean,
baizik halaber ia denak Hitlerren alde Errusian Dibisio Urdinean.
Sozialistek eta komunistek, demokraziak ofizialki urte mordoxka
ezarrita zeramalarik ere, ez zituzten ETAren atentatuak kondenatzen,
eta hori izan zen Tejeroren kolpea ekarri zuen sumin militarraren
eragileetako bat.
Bestalde, ETA sakonki iltzatu da espainolen
ariman, jendarte osoari eragin dio, agintari gorenengandik hasita;
militar eta polizia espainolek bezalaxe gutako askori. Txarra da
beldurra, eta ez da komeni zuhurtziarekin nahastea. Santiago
Carrillok kontatu du bere lagun Adolfo Suarezi egin zion azkeneko
bisitan, 2001ean, La Florida urbanizazioan, Suarez ordurako burua
galtzen hasia zela (ez da harritzekoa Suarezek burua galtzea,
kontuan hartuta bere dieta tortilla frantsesa, kafe hutsa eta tabako
beltzera mugatzen zuela), Suarezek esan ziola batzuetan txango luzeak
egiten zituela urbanizazioan barrena; orduan Carrillok kontuz
ibiltzeko aholkatu zion; eta Suarezek erantzun ea etakideengatik ote
zioen; “potroak badituzte datozela nire bila. Agian hiru hurbilduko
zaizkit armatuta. Baina nik ezustean nire burua lurrera bota, pistola
ziplo atera eta desarmatu egingo ditut. Gero, behin esku-oinak ondo
lotu ostean, justiziaren legepera eramango ditut atxilo".
Burua galtzen hasia den presidente-ohi baten eldarnioetan etakideak hain indartsu agertzeak baieztatu egiten du behiala horrenbeste haserre eragin zuen Joxe Azurmendiren diagnostikoa: ETA da gure azken historiako daturik garrantzitsuena.
Onfray eta hizkuntza txikiak
Itxaro Bordak “Berria”n Michel Onfrayren artikulu bat ezagutarazi eta ganoraz kritikatu digu.
Frantziar ugari da unibertsalista, eta, hitzez behintzat, askatasunaren, berdintasunaren eta haurridetasunaren aldezle.
Hori bai, frantsesez. Ataka gaitza topatu dute haatik: ideologian unibertsalista zara baina unibertsoa ingelesez mintzo da eta ez dago frantziarra ingelesez hizketan baino gauza tristeagorik munduan (ikusi youtuben Badiou, Bernard-Henri Lévy, Derrida). Frantziarrari bere burua pairagaitz zaio ingelesez mintzo delarik, ulergarria baita.
Bestalde, Nietzschek ohartarazi zigun frantziar idazlerik onenak, moralistak, elebakarrak zirela, eta elebakartasun horrek bazuela zerikusia beren prosaren gailentasunarekin. Grekoz ere, idazkerarik bikainena elebakarrek eman omen zuten. Espainian XX. mendeko prosarik onena Francisco Umbralek idatzi du, elebakarra halaber.
Sartrek, Deleuzek eta Onfrayk ez dakite ondo frantsesez baizik.
Frantziarrak historian maizegi izan dira ahulekin harro bezain indartsuekin koldar. Orain ere berdintsu. Ingelesezko kulturaren aurrean konplexuz eta autogorroto erasokorrez josiriko erreakzioak dituzte, baina aldi berean egurra bretoi eta korsikar koitaduen aurka. Uste dut Onfrayk esperantoaren goraipatzea aitzakia gisa darabilela, ingelesez ikasi behar ez izateko, baina aldi berean unibertsaltasunari eutsiz, inork leporatu ahal ez diezaion inongo frantziar nazionalismo xenofoborik.
Onfray da ziurrenik gaur egun munduko hizlaririk onena frantsesez, eta, giza harremanak hein batean bederen botere harremanak ere badirenez, oso humanoa da frantsesari uko egin nahi ez izate hori, Onfrayren izena zein izana hizkuntzari lotuak baitira goitik behera. Beti zaigu desatsegina boterea galtzea, eta Onfrayri frantsesez darion distira guztiz itzaliko litzateke baldin aurrerantzean ingelesa edo esperantoa ezarriko balira munduko hizkera filosofiko gisa. Gainera, oraingoz, ederki atera dezakezu bizimodua frantsesez argitaratuz, korsikeraz edo bretoieraz edo esperantoz ez bezala.
Onfrayk badaki “euskaldun”, “greko” bezala, edonor izan daitekeela, sorterria edo odola gorabehera, ez baitago lurraldeari lotua, euskaraz jakiteari baizik, eta badaki euskarari arnasa ematea ez dela hildakoa berpizten ahalegintzea, baizik txikia eta ahula izan arren bizirik dagoena iraunaraztea; halatan, euskaraz aritzea bezain tanatofiloa litzateke frantsesez jardutea, ingelesaren nagusitasuna kontuan hartuz gero, frantsesa euskarari zaiona baitzaio hein batean ingelesa frantsesari.
Alegia, Onfrayk dioenean “on se mit alors à parler local, ce que d’aucuns célèbrent aujourd’hui comme le fin du fin. Je songe aux “nationalistes”, plus justement nommés “indépendantistes régionaux”, qui font de la langue un instrument identitaire, un outil de fermeture sur soi, une machine de guerre anti-universelle, autrement dit un dispositif tribal”, mundu osoko egoera eta bilakaera linguistikoa aintzat harturik, zaku horretan euskara sar baldin badezakezu, eskubide berdin-berdinaz sar zenezake frantsesa.
Ikuspuntu globalaren arabera, hemen ere frantsesaren egoera deskribatzen ari dela dirudi: “La langue régionale exclut l’étranger, qui est pourtant sa parentèle républicaine. Elle fonctionne en cheval de Troie de la xénophobie, autrement dit, puisqu’il faut préciser les choses, de la haine de l’étranger, de celui qui n’est pas “né natif” comme on dit. Or, comme une espèce animale, une langue obéit à des besoins relatifs à une configuration temporelle et géographique; quand ces besoins disparaissent, la langue meurt. Vouloir faire vivre une langue morte sans le biotope linguistique qui la justifie est une entreprise thanatophilique. Son équivalent en zoologie consisterait à vouloir réintroduire le dinosaure dans le quartier de la Défense et le ptérodactyle à Saint-Germain-des-Prés…”
Onfrayri ahazten zaio ez dela gauza bera hizkuntza berez hiltzea, biotopoa galduta, edota asasinaturik; eta asasinatze ahaleginen lekuko zuzenak izan garenok zilegi ez ezik betebehar ere badugu erresistentzia eta matxinatze linguistikoa. Gaur egun Frantzian ez al dira ba ofizialki “onak” nazien aurkako erresistentzian ibili zirenak?
Onfrayk behin baino gehiagotan gonbidatu nau Caen-en afaltzera. Euskaldunei buruzko jakinmin handia dauka, behar bezala asetzen asmatzen ez dudana. karagarri maite ditu Ravel eta Carmen. Pazientzia handia du frantsesez oso gaizki egiten dugun euskaldunokin. Euskarazko hitz batzuk ikasi egin ditu: sagardo, ardo, patxaran, guiski.
Badaki badugula euskara batua, euskarazko egunkari bat (Angel Errok Onfrayri buruz Berrian ateratako idazlan ederra ederra eman nion eta biziki hunkitu zen). Koldo Izagirrek “Sua nahi mister Churchill”-en apaiz abertzale batek Franco garbitzeko izan zuen burutazioaren berri eman digu: aldez aurretik pozoituriko ostia sakratua mezan janda hilko zen caudilloa. Hori entzunda Onfrayk “c'est magnifique, c'est magnifique!” oihukatu zuen miretsirik.
Eta kritika honetan behintzat arrazoi osoa dauka: gure hizkuntza desberdina, sarritan, modu xenofoboan erabiltzen dugu, gainerako gizakiengandik bereizteko besterik ez, pobreei goitik behera begiratzeko zehazki. Oso ondo ezagutzen dut zenbait jende euskara soilik Osakidetzako itxarongelan erabiltzen duena seme-alabekin, etorkin errumaniar, espainiar edo hegoamerikarrengandik bereiztearren, eta gero etxean seme-alabei gaztelaniaz egiten diete eta euskal kulturaren aurkako aurreiritziz betetzen dizkiete kaskoak.
Kontuz euskalteleko ACCOUNT VERIFICATION TEAM aizunak bidalitako mezuekin
Mezu hau jaso dut, atzo eta bigarren aldiz gaur; euskaltelekoek jakinarazi didate nire posta kontrolatzeko asmoz egin dutela eta nire ordenagailua birusez kutsatzeko.
ACCOUNT VERIFICATION TEAM delakoak igorria da
Nori: Undisclosed recipients
Gaia: This Message is from the euskalnet.net
This Message is from the euskalnet.net
database Centre.We are currently
upgrading our web/data base and carrying out
maintenances of all our
euskalnet.net
e-mail accounts.To prevent your account from being closed
unnecessarily.You
are required to send us your **Current Username &
Current
Password***
Webmaster Online Department
euskalnet.net database Centre
Lehenbiziko ikasturte hura
Oraingo 46 urteetatik eskolak ematen hasi nintzen sasoira begira, 1987ra, 23 urte neuzkala, eta aurreko urteetara, iruditzen zait lana akuilu izan zekidakeela nire orduko bizimodu eta izaera bigun eta amorfoa zuzentzeko, ordukoa bezain gaur egungoa ere badena zoritxarrez; espero dut jubilatu ostean akats horiek gainditzearren egiteko asmoa dudan ahalegina arrakastatsua izan dadin eta behin betikoa.
Irakaskuntzan aritu baino lehen epe laburreko beste zenbait lanbidetan ere ibili nintzen, baina ordaindutako lanak lau baino ez nituen izan, kronologikoki zerrendatuko ditudanak: laguntzaile gure amaren eta amonaren dendan, Novedades Peluaga, Irunen; Tolosako baserri batean morroi; sukaldean garbitzaile, baina ez baxera eta mahai-tresneria garbitzen, baizik zola eta eltzetzar erraldoiak, British Gas-en, Londresen; eta laugarren, Londresen halaber, agindutako betebehar zehatza burututakoan amaitzen den lan horietako bat, South Kensington Hotel-ean: solairu jakin batzuetatik traste guztiak azpiko solairura jaitsi (oheak, telebistak, altzairuak, baita moketa bera ere, behin desitsatsi eta biribilkatu ondoren), hustutako solairua sakonki garbitu ahal izan zezaten; gero trasteak berriro igo eta zegokien lekuan kokatu behar genituen.
Lau lan apal horiek ez bezala irakaslearenak errotik aldatu zidan bizimodua. Nire eskoletan berehala nabarmendu zen gaur egun oraindik larriki kezkatzen nauen akatsa: autoritate gabezia, giro egokia ezartzeko ezintasuna programaren edukiak eraginkortasunez transmititu ahal izateko. Garbi oroitzen naiz lehenbiziko urte hartako eszena batez, arratsaldea zen (oroitzen naiz pentsatu bainuen: “hau gogoratu behar diat eta kontatu, garrantzitsua duk”): ikasle batzuk borrokan zebiltzan, elkarri aulkiak jaurtikiz burura, garrasika, elkar astinduz eta estrangulatuz mahaien gainetik; aulki eta mahai horietako hainbat eta hainbat nigandik hurbil erortzen ziren; arbelari itsatsita nengoen, zutik; ikasgela erdian beste ikasle batzuek banatu berriak nizkien apunte eta ariketekin sua piztu zuten; atzeko hormatik irratikasete batek infernuko zarata zabaltzen zuen (nire onespenaz gainera, zeren ikasleen ordezkariak, ikasturte hasieran, baimena eskatu baitzidan musika jartzeko, eskolak eramangarriagoak izan zitezen, eta nik onartu; pixkanaka-pixkanaka garbi gelditu zen musika mota eta bolumena beti beraiek aukeratzen zutela, eta oroitzen naizen egunerako beranduegi zen deus ere konpontzen saiatzeko).
Gatazkatsu deritzoten ikastetxe horietako bat zen. Lehenbiziko egunean, heldu berritan, ikasketa-burua, Elena, bere bulegoan instruitzen ari zitzaidanean, neska ikasle bat sartu zen, eskumuturrak bendaturik. Elenak naturaltasunez esan zion: “Hori mania zuena, suizidatzen ahalegintzekoa”. Nire harriduraz ohartuta, eta behin ikasleak, Idoiak, alde egin ondoren, Elenak azaldu zidan aurreko urtean Idoiaren adiskide bat, neska ere, arrakastaz suizidatu zela. Gure institutuan galiziar ikasle batzuk genituen, apaiz batek erreformatoriotik atera eta bere etxean hartu zituenak, Errenterian; eta gure ikastetxea esleitu zieten. Itxuraz, heroina saltzen zuten ijito batzuen erdi lagun egin ziren; ijitoek Idoiari eta bere adiskideei heroina-kopuru handi baten salmenta agindu zieten, baina galiziarrek, saldu beharrean, zainetik sartu zuten; ondorioz, gameluek bortizki mehatxatzen zituzten eta hainbat bider jipoitu zituzten, dirua berreskuratzeko itxaropenez. Elenak zioenez, presioa pairatu ezinak bultzatu zuen Idoia ahaleginera eta bere adiskidea suizidiora.
Zenbait irakasle libertariorekin ikasia nintzen, bai Hondarribiko institutuan eta bai karreran, Zorroagan; erakargarrienak zitzaizkidan, eta irakasle-lanetan hasi nintzelarik imitatu egiten nituen, batzuetan nahi gabe; horrek maiz utzi ninduen irrigarri lehenbiziko urte hartan, hala nola tutore gisa gurasoekin eduki nuen lehenbiziko bileran: Antonio, matematikako irakasle zintzo eta zorrotz bat, aholkulari zaildu gisa laguntzera etorri zitzaidan, eta txundituta utzi nuen nire buruari ozenki galdetzeari ekin niolarik, gurasoen aurrean, ea zergatik onartzen ote den beste barik nire hitzak, ikasgelan eta edonon, beren seme-alabenak baino baliotsuagoak direla, zer eskubide dudan inor isilarazteko nire mintzoa inposatzearren, zein uste ote dudan naizela gure gazteria erreprimitzeko, hain bizipen interesgarriak dauzkana, helduok entzuteko irrikaz behar baikenuke; eta garrantzitsuena ez dela ikastea baizik bizitzea, eta eskola, azken batean, gure gizartea definitzen duen espetxe-sistemaren gune nagusietakoa dela. Aita batek esaldi arraro batzuk bota zituen zezelka, mozkortuta zegoen. (Zenbait egunen buruan ikastorduan bere alaba supituki zutitu, leihoa ireki eta goitika egin zuen. Goitikina, aski solidoa, leiho-koskan gelditu zen.)
Batzarraren ostean Antoniok aholkatu zidan, arrazoi osoz, hurrengo solasetan mugatu nendila gurasoei behin eta berriz errepikatzera beren seme-alabek asko ikasi beharko zutela ikasturtea gainditu ahal izatekotan, hurbildik zaintzeko etxeko lanak egin zitzaten, titulu bat ongi etorriko zitzaiela bizitzan baina lortu ahal izateko beharrezkoa zela nolabaiteko diziplina eskolan bezala etxean ere...
Antoniok, eskarmentu luzea izanagatik ere, makurtu ez zen gutxi horietakoa zen. Besteak beste, uko egiten zion egiarekin trapitxeatzeari, are hezkuntza-delegazioarekin tratuan. Aitortu zidan intrantsigentzia horrek bikote-bereizte batzuk ere ekarri zizkiola ondorioz.
Hamazazpi urte zeramatzan irakaskuntzan lanean eta egundo ez zion ikastetxera joateari utzi: ez eritasun arin, ez trafiko-arazo, ez deus. Asistentzia-falta bakar bat ere ez hamazazpi urtean. Nire lehenbiziko ikasturte hartan, egunsenti batez iratzargailuak ez zion jo. Frogagirian idatzi zuen: “Ez naiz lehenbiziko ordura iritsi iratzargailua matxuratu zaidalako”. Delegazioan ez zuten onartu, eskatu zioten ordeztu zezan “eritasun arina” edota “trafiko-arazoak” idatzirik, asistentzia-falten justifikatzaile gisa ofizialki onartutako eragozpenak bi-biak. Marianok ez zuen onartu, ez baitzetozen egiarekin bat. Ez zuen amore ematen burokraziak bultzatzen duen zinismo lausoaren aurrean. Bertantxe goxo egin nuen nik lehenbiziko ikasturte hartan berehala, baina jubilatu ondoren Marianorekin berriro kontaktatzen ahaleginduko naiz.