Sokrates, maitasuna bezain bitartekari
Hainbat topiko dabil Platonek maitasunari buruz pentsatutakoaz. Ordea, “Sinposioa” irakurrita (Jesus Mari Arrojeriak euskaratu digu eta Jakinkizunak bilduman argitaratu da), Platonek maitasunari buruzko bere pentsamendua ongien adierazi zuen elkarrizketa, agerian geratzen da sakonagoa eta benetakoagoa dela topiko haiek adierazten dutena baino, edo antiplatonikoek hedatzen duten estereotipoa baino. “Maitasun platonikoa” esaten denean, ulertzen dugu maitaleek ez dutela elkar ukitzen, maitasun urrun edo ezinezkoa. Gainera, antiplatonikoak, besteak beste Michel Onfrayk, Platonen irudi idealista kontenplalaria zabaltzen ari dira. "Le souci des plaisirs"en Onfrayk "Sinposioa"n Aristofanesek dioena Platoni berari egozten dio. Platonen ideiak haatik Sokratesek adierazitakoak dira, ez Aristofanesek.
Bestalde, ezaguna da Diotimaren mintzaldiaren arabera maitasunak maitalea gorputz ederretatik arima ederretara igotzen duela, gero arima ederretatik ohitura, lege ea jakintza ederretara, eta azkenik maitasunak maitalearen arimari gure munduko gauza, sentimendu, ekintza eta gogoeta eder guztien jatorri den Edertasunaren ideiara jauzi eginaraziko diola. Antiplatonikoen esanetan, Platon hor geldituko litzateke, kontenplalari aratz, edertasunaren ideiaren ondoan, edertasuna argi eta garbi kontenplatuz.
Baina “Sinposioa”n Platonek sormena nabarmentzen du maitasunean, ernalketa, kumea. Gizakiak hilkorrak gara, eta hilkorrak iraun egin nahi du; iraungo badu, sortu egin beharko, ugaldu: eta hain zuzen maitasuna edertasunean sortzea da, bai gorputzaren eta bai arimaren bidez, alegia, umeak zein hitzaldiak ekoiztea. Egia da maitasunak gorabide batean gorputzetik arimara eta arimatik edertasunaren ideiara gidatuko gaituela, gero eta espiritualago; hala ere, Platonek ez dio gorputzen elkarketaren ondoriozko umegintzari uko egiten; hain gutxi ekoizpenari oro har, ekintza kreatzaileari.
Gaur egun, desira bi modutan ikusten dugu: edo eskasia gisa, falta gisa, Freudek, Lacanek eta Zizekek bezala; edo bestela poztasun gisa, lorategi zoragarri gisa, bere horretan oso eta betea: Spinozak, Nietzschek eta Deleuzek ikusten dute horrela. Lehenbiziko ikuspuntuaren hasiera Platonen “Sinposioa”n dago, Sokratesen eta Diotimaren hitzetan, maitasunaren laudoriozko seigarren hitzaldian, Platonen jarrerarekin bat datorrena. Maitasuna edertasunaren bila dabil hain zuzen ments duelako. Edertasuna falta bazaio, ez da eder; ezin baituzu desiratu ez duzuna baizik. Hori azpimarratu dute Freudek, Lacanek eta Zizekek; oroitu adibidez Lacanen ateraldi jeniala: maiteminduak ez duen zerbait eskaintzen dio maiteari, eta maiteak zinez ez du eskaintza hura nahi. Maitalea erreala ez den irudi bat antzezten ahalegintzen da maitearen onarpenaren bila, eta maitearen barne-muinek itxurakeria sumatzen dute. Suizidioaren antzekoa litzateke maitasuna. "Sinposioa", aitzitik, aurrerago doa, osoagoa da. Platonek maitasunaren ama Eskasia dela badio ere, ezin uka azpimarratzen duela Baliabide duela aita. Freudek eta Lacanek desiraren Eskasia ezaugarria nabarmendu zuten, Baliabideren kaltetan. Ez ziren aitaz fio, faltsukerian ei dabil beti aita. Platon orekatuagoa da. Itzuliko gara aurrerago.
“Sinposioa”k badu hari narratibo bat: Agaton poeta tragiko gazteak literatur sari bat irabazi duela ospatzeko afari, oturuntza edo sinposio bat antolatzen dute Agatonen beraren etxean. Giroak Euskal Herriko txoko ugari oroitaraziko dizu, emakumeek parte hartzerik ez dutelako eta ardoa edaten duten grinagatik (Sokrates izango da erruz edan arren afalosteko gaupasan mozkortu edo lokartuko ez den bakarra).
Agatonen gonbidatuek eta Agatonek berak ordu arte laudoriorik jaso gabeko jainkoa, Eros, amodioa, goraipatuko dute, txandaka. Sokrates baino lehen Fedro literatoa, Pausanias legelaria, Eriximako sendagilea, Aristofanes poeta komikoa eta Agaton poeta tragikoa mintzatuko dira, hurrenez hurren, bakoitzak bere jakintza edo sormen-arloaren arabera goralduz amodioa. Fedroren eta Agatonen kasuan, Platonek sofisten diskurtso aipamen literarioz zipriztinduak parodiatuko ditu. Platonek aldiro gutxietsiko du mintzaldi apain liluragarriak sortzeko ohitura. Ironiaz, hori bai, bera halakoak asmatzeko ezgai delakoan. Edo amorruz apika, idazle liluragarria izaki uko egin behar izan baitio joera horri konbentzimendu filosofiko baten erruz: idazki eta mintzaldi seduzitzailearen gainetik behar da aldeztu egiaren bila dabilen elkarrizketa soil biluzia. Platonentzat, egia zintzoro bilatzen duen hitzak zirrara sakonagoa eragiten du zirraragarri izan nahi lukeen hitzaldi literario edo politikoak baino, egiara gehiago hurbiltzeaz gain.
Eriximako medikuak "medikuntza, labur esanda, bete eta husteko gorputzaren joeren jakintza" dela dio; euskal usadio zaharrak ere gorputzeko korapiloak lotzen eta askatzen jakiteari lotu dio osasun ederra, erritmo egokiaren arabera txandakatzeari betetzeak eta husteak. Eritasuna, barrualdean korapiloren bat nozitzea da; behin korapiloa askatuta, ondo libratuko dugu berriro, eta osasuna berreskuratuko dugu.
Gure gorputzetan kontrakotasun ugari dago: beroa eta hotza, gozoa eta mikatza, hezea eta lehorra... eri garelarik, gatazka dabil kontrako horien artean, gorroto diote elkarri. Baina badugu kontrako horien arteko oreka sortzea: maiteminduta gaudenean, adibidez, harmonia eder bat jabetzen da gure organo guztiez eta gorputzak bere osotasunean distira egiten du. Bete, hustu, lotu, askatu: lauburu horrekin ondo konponduko bagina, gatazka gutxiago genuke, eta gogaikarri bakar bat ere ez.
Platonek “Sinposioa”n Eros goraipatzeko darabiltzan hitzaldien hurrenkerak mailakatze bat adierazten du; gero eta bikainagoak dira diskurtsook. Eta, Platonek “Politeia”n poetak hiri idealetik egotziko dituen ber, “Sinposioa”n hurrenkeraren bidez adieraziko du gehiago dela Filosofia Poesia baino, Sokrates filosofoaren hitzaldia Aristofanesenaren eta Agatonenaren ostean kokaturik.
Atalen kokatze estrategiko horrek, egitura horrek, badu zerikusirik “Sinposioa”k irakurlearengan eragiten duen hunkimendu estetiko itzelarekin, Mendebaldeko kultura bideratu baitu maitasuna maitatzera eta Sokrates maitatzera. Badu zerikusirik, halaber, hain bizi eta koloretsu pintatu izanak Sokratesen garaiko Atenaseko lagunarte hura, girotxo hura.
Hirugarren motibo hunkigarria: zein esker onez irakurriko zuten homosexualek “Sinposioa”, kristauak nagusi izan diren mende ilun luzeetan! Egia da Fedroren eta Pausaniasen laudorioen arabera maitaleak oroz lehen maitearen dohain espiritualen garapen betea bilatu behar duela, maitasunak nolabait pedagogikoa behar duela, baina hala ere kontsolamendu ederra eskainiko zien homosexualei egiaztatzeak ezen jendea inoiz gizonen arteko edo emakumeen arteko maitasun fisikoaz ere “Sinposioa”k darabilen mintzamolde patxadatsuaz aritu izan dela; ez zituztela homosexualak bizirik erretzen, bederen, kristau sasoi luzeetan bezala.
Laugarrena: Platonek ez du inoiz hitzez hitz adierazten, baina “Sinposioa” irakurrita maitasuna Sokrates dela jasoko duzu ia ohartzeke, eta Sokrates maitasuna.
Ez bakarrik hasieran bertan Sokratesek garbi uzten duelako bera ez dela aditua maitasun kontuetan baino. Gainera, Diotimak azpimarratuko du maitasuna ez dela ez Jainko ez hilkor, ez eder ez itsusi, baizik bitartekari bat. Ulergarria, zeren, gorago esan bezala, Baliabide eta Eskasia izan baitzituen guraso, biak. Inor ez dabil baduenaren bila: maitasunak ederra bilatzen du, ez baita eder. Baina aldi berean maitasunak Baliabiderengandik jasoriko trebezia du, eta eskuzabaltasuna, maitaleak bere buruaren gainetik jartzen baitu maitea, zilborkeria ahantzirik. Eta, Freuden eta Lacanen despit, emankortasun hori zintzoa izan liteke zenbaitetan, amodioa ez da soilik toleskeria eta suizidio, alde hori ere barnebiltzen duen arren, bitartekaria baita.
Era berean, Sokrates filosofoa ez da ezjakina, ustez jakin bai baina benetan ez dakiena baita ezjakina. Filosofoak badaki ez dakiela. Ordea, Sokrates jakintsu ere ez da, ez da “sofós”, ez baita egiaren jabe, baizik eta jakinduriaren maitale, egiaren zale eta bilatzaile. Sokratesek maitasunak bultzaturik bilatzen du jakinduria, eta irakurleok maitasunaren bitartekaritzaz abiatzen gara Sokratesengana, “Sinposioa”ren bitartez ohartu baikara jakinduria bilatzeko orduan bitartekaririk egokiena Sokrates dela, alegia, bere baitan besteak beste pedagogoa, saindua eta pailazoa biltzen dituen mago gogoetalaria. Dakien gauza bakarra ezer ez dakiela dioenak hutsa erakusten du, eta hobe da arbaso abiarazletzat hartzea hutsunera bideratuko zaituena, ezen ez doktrina positiboren baten profeta; tradizio filosofikoa beste zenbait tradizio baino indartsuagoa baldin bada, oinarri arrakalatu hari zor dio.
Benedikto rides again
Buru osasunari begira hobe da izan dena eta badena kontuan hartzea eta ez izan zitekeena, baina ez al zenuten sumatu Aieteko Konferentzian, Kofi Annanen aldamenean, Benediktoren eta Dalai Lamaren falta? Benedikto han izan balitz, PPko sektore uzkurrenek begirune handiagoz hartuko zuketen Aieteko Adierazpena.
Faltak falta, salbazioari eta egiari hurbiltzeko moduak bereizten ditu, besteak beste, Aita Saindua eta Dalai Lama. Behin batean, Dalai Lamak Europako hiriburu batean konferentzia bat eman zuen. Ondoren, frantses bat inguratu eta jakinarazi zion budista bilakatu nahi zuela, Dalai Lamaren erlijioa bere egin. Eta budisten gidariak erantzun: “Zertarako? Frantzian baduzu kristautasuna, eta ongi da”. Erantzun hori pentsaezina da katolikoen buruzagiaren ahotan. Txillardegik eta Lévi-Straussek horregatik izango dute beharbada zibilizatuagotzat budismoa kristautasuna baino.
2008ko Gabonetan, Aita Sainduak homilia egin zuen erromatar kuriarentzat, ohi bezala, eta “gender studies” edo genero ikasketen aurka jo zuen. “Desira desordenatuak” da genero ikasketek gurean eman duten libururik interesgarriena. Genero ikasketetan, oro har, zalantzan ipintzen da giza sexuaren naturaltasuna; aldiz, sorkari sozialtzat hartzen da maiz. Benediktorentzat genero ikasketei darien ikuspuntu hori Jainkoaren aurkako harrokeria da, nork bere burua Jainkoaren gainetik jarri nahi izatea, Bibliak gizakia berez gizon edo emakume dela baitio. Bekatu litzateke berezkotasun natural hori erlatibizatzea eta konplikatzea, nork bere sexua artistikoki asmatzea. Benediktoren arrazoibidea, hitzez hitz: “Elizak dio giza natura gizon edo emakume gisa ageri dela, eta exijitzen du ordena natural hori begirunez har dadin… Sarritan 'gender' terminoaren bidez adierazia eta ulertua dena da gizakiaren autoemantzipazioa, kreazioaren eta Kreatzailearen aurrez aurre. Gizakiak berak bakarrik nahi du bere burua eraiki, eta berari dagokion edozeri buruz berak bakarrik erabaki. Ordea, modu horretan, egiaren aurka bizi da, Espiritu kreatzailearen aurka.”
Euskal Telebistak daukan dirutza erabili beharko luke ika-mika horren tankerakoak argitzeko ahaleginetan, buruz buruko eztabaida bat emitituz adibidez Benediktoren eta Josebe Iturriotzen artean.
Cagar
Atzo emaztea lagun batzuekin egon zen Bilbon. Autoa baliatu eta ni ere Bilbora joan nintzen, egun pasa egiteko asmoz. Ordea, arropa ez bide neraman txukun, bazen zerbait itsusia, narrasa. Arratek aholkatu edo agindu zidan ezagunik topatzeko arriskurik gabeko tokiren batean pasatzeko eguna. Halatan, Santanderra joan nintzen.
Heldu eta komunaren bila hasi nintzen, autobus geltokian bertan. Komunera bideratzen duten geziak ez nituen ondo ulertu eta noraezean ibili nintzen tarte batez. Lagun batek sakelakora deitu zidan. Hizketan ari ginela, isilpeko poliziakide bi inguratu zitzaizkidan, sekreta bi. Dokumentazioa eskatu zidaten, eta bizkar zorroa. Artean telefonoz ari, Amaiari esan nion beharbada euskaraz mintzo nintzelako geldiarazi nindutela. Eskegi, eta polizietako batek jakinarazi zidan euskaraz mintzatzeagatik ez nindutela geldiarazi, egundo ez dutela inor atxilotu euskaraz mintzatzeagatik. Alegia, ulertu zidan. Santanderreko sekreta batzuek euskaraz ulertzen dute. Esan zidan nire mugimenduak eta itxura egin zitzaizkiela susmagarriak: sandaliak, bizkar zorroa... Antzekoak izaten baitira emazteen eta polizien gustu estetikoak.
Isilpeko poliziakideetako batekin elkarrizketa horri eusten nion bitartean, besteak nire Nortasun Agiriari buruzko azterketa antzeko bat egin zidan: “Esan berehala zure NAN zenbakia. Esan azkar zure helbidea.” Proba gainditu nuen. Aurrerantzean, adeitsuki zuzendu zitzaizkidan. Usted comprenderá, caballero, hace unos años detuvimos aquí mismo a un etarra que iba con una mochilla... Jakinarazi zidaten komunak non zeuden, zehazki.
Antzeko zerbait gertatuko ote zitzaion “Santander, cagar y volver” zuhur-hitza asmatu zuenari?
Orgasmoaren zeregina giza ariman
Michel Onfrayk Freuden hiru jarraitzaile ezkertiarren berri eman digu 2010-2011 ikasturtean; Otto Gross, Wilhelm Reich eta Erich Frommen lanak aztertu ditu. Ondoren datorrena 2011ko otsailaren 7ko eskolari dagokio, sinopsiaren moldaketa bat da.
Wilhelm Reichen liburu batek izena du “Orgasmoaren funtzioa. Sexu bizitzaren psikopatologia eta soziologia”. 1927an argitaratu zuen. Gaur egun ezagunagoa da izenburu honekin: “Genitaltasuna, neurosien teorian eta terapian”.
Wilhelm Reichek honela definitzen du orgasmoa: gogobeteko sexu harremanak askaturiko indarra da. Orgasmoa soilik existitzen da sentitzen baduzu. Batzuetan sexu harremanak orgasmorik gabeko espasmotan amaitzen dira.
Bizi indarrari bere baitan zabal dadin uzten dionaren egoera psikofisiologikoa da orgasmoa. Bertara heldurikoan, gorputz osoa astintzen duten nahigabeko konbultsioei osotoro eman behar diezu zure burua, indar inpertsonal horren menpean jarri; eta hori ezin du edozeinek lortu, ahalmen horrek egitura psikiko egokia eskatzen baitu.
Gizaki bakoitzak bere orgasmo-ahalmen berezia du. Derrigorrezko baldintza da zure buruaz ahazten jakitea, baldin zure burua emozio bortitz eta askatzaile horiei emango badiezu, zure burua orgasmoan urtuko baduzu. Ondoren, inhibiziorik gabe, bizi energiaren jarioei hedatzen utzi behar diezu gorputzeko kontrakzioen bidez.
Organismoan bilduriko kitzikadura goitik behera hustu behar duzu, zeharo deskargatu.
Zein da arazoa? Jende askok ezin duela; zehazki, neurotikoek: larridurazko erretentzioen erruz, ezin dute; ondorioz, gorputzean bizi energia pilatzen da; eta geldiaraziriko energia horiek korapiloak sortzen dituzte giharretan, gihar-korazak, gihar-oskolak, gogordurak. Zurrundu egiten da halatan gorputza, eta zurruntasun anatomiko horrek kontaktu emozionalak zapuzten ditu; neurotikoa ezin da besteekin behar bezala elkartu.
Ezintasun eta gogordura hori larridura eta amorru pilatzeen erruz gertatzen da, eta, batez ere, ase gabe utziriko sexu beroaldien erruz. Gorputzeko eremu batzuek energia toxikoa kontzentratzen dute.
Wilhelm Reichen psikoanalisiak gogordurak bigundu nahi lituzke, zurruntasunak laxatu eta korapiloak askatu. Bere sendabideak gorputzari eragiten baitio zuzenean.
Orgasmora heldu ezinak adierazten du ezin duzula zure burua zeharo ahaztu, ezin diozula zure burua baldintzarik gabe gozamenari eman. Ezintasun horrek Reichek “biopatiak” deitzen dituenak sortzen ditu:
-batetik, gaixotasun indibidualak: minbizia, adibidez, edo jokabide patologikoak: jelosia, bekaizkeria, erasokortasuna, bortxakeria
-bestetik, gaixotasun kolektiboak: izurrite emozionala: diktadoreek bere burua irrazionalari ematea; sexismoa, xenofobia, arrazakeria, falokrazia, antisemitismoa
-neurotikoen artean, ez dago gaitz nagusi bat baino: gogobeteko sexu harreman errepikatuen gabezia
ORGASMOAREN FUNTZIOA OREKA PSIKIKO ETA FISIKOA ZIURTATZEA DA, GOGOBETEKO SEXU HARREMANEN BIDEZ
-zer da ordea gogobeteko sexu harremana, nola deskribatu? Hona Wilhelm Reichen deskribapena
-lehenbiziko fasean:
-beroaldia eta kitzikadura borondatez kontrola dezakezu
-atariko goxoak
-sentipen mantso eta harmoniatsuak
-eszitazio atsegina
-sartzeko gogoa
-mugimenduen harmonia
-gorputz osora zabalduriko beroaldia
-bigarren fasean:
-nahi gabeko kontrakzio muskularrak
-ezin kitzikadura borondatezko kontrolatu
-arnasaren eta erritmo kardiakoaren aldaketak
-kontrakzio-uhinak, pelbisean
-kitzikaduraren handitzea orgasmora iritsi arte
-gizonaren eiakulazioa
-kontzientziaren iluntzea
-beroaldiaren epeltzea
-gorputz-arimen lasaitze orokorra
-logura
-sexukidearenganako goxotasuna
-osasuntsua ez den gizakiak, harreman horien aurrean nazka sentitzen du, arbuioa
-insomnioa da asegabetasunaren ondorioetako bat
-sexu errepresioak neurotiko pilo izugarria eragiten du
-sexualitate penagarria: ezintasuna, frigidotasuna, baginismoa, sexukideaz arduratzeko ezina, eiakulazioa goiztiarra
-ataka horrek ordezko sexualitatera bideratzen du: onanismoa, prostituzioa, biolazioa, sexu abusua, sadismoa eta masokismoa
-gauzak ondo doazela, orgasmo-gaitasuna osasuntsu dabilela, sexukidearen erritmo libidinalarekin bat egiteko ahalmenak adierazten du
-bat egite horiek, sexukideen artean, ez dira zerutik eroriak, asmatu egin behar dira, eraiki, sortu, Euskal Herria bezalaxe
-orgasmoak ezin badituzu aldi berean lortu: gogordura organikoak, emakumearen gorputzean
-izaerari dagokionez, oskola, koraza, ezin besteekin sakontasun pixka batez konektatu
-zurruntasun neurotikoa
-biopatiak
-izurrite emozionalak
Joxe Antonio Agirre itxaropenaren aiduru
Bazkaltzeko orduan badira lagun batzuk beti ageri direnak zerbitzatu dienarekin haserre: “Okela punttu-punttuan esan dizut, ez soilik punttuan. Eman beste bi pasaldi.” Kamareroen soldatak ez dira oso oparoak eta eskaera horiek badute agintekeriazko alde sadiko bat: nik ordaintzen dizut eta beraz nire apetarik ergelenak betetzera behartuta zaude.
Zerbitzarien kinkak tabernetan jotzen du goia, puntako orduetan, funtzionarioak hamaiketakoa egitera pilatzen direlarik. Hor dabiltza atzera eta aurrera zoraturik, ezin jende guztia nahi luketen bezala ase. Eta inoiz baino itoago dabiltzanean hor dator bere buruarekin ezin pozago bizi den lagun taldea eta eskatzen dute: batentzat, kafesnea brioche batekin, kafe gutxi eta oso beroa eta esnea berriz oso-oso beroa; beste batentzat: te gorria esnearekin, azukrearen ordez sakarina, tea epela eta esnea oso-oso epela, eta Ukrainako behiarena, eta ipin iezadazu laranja atal bat katilu ertzean itsatsita; eta horrela zortzi lagun, zein baino zein.
Arazoa larritu egiten da pintxoak erantsiz gero, batik bat sukaldaria artista horietakoa izaki pintxoak bataiatu egiten baditu. Ezin pintxoak zuzenean hartu, kristal baten atzean egoten baitira; karteltxo bana dute, pintxo bakoitzak bere izena erakusten duela. Orduan zerbitzariari ahoskatu behar diozu: ebaki bat, makinako kafe deskafeinatu ez oso epela baina bastante, Bretainiako belardi zoragarrietako behi-esne bero-beroa, hiperraktiboentzako sakarina berezi horrekin, eta “Joxe Antonio Agirre itxaropenaren aiduru” pintxoa (antxoa triste bat ogi zati zahar baten gainean).
Kairoko Arrosa Purpura
1985ean atera zen “Kairoko Arrosa Purpura”, Koldo Goitiak Woody Alleni buruzko bere liburu ederrean “Hamarkada emankorra” deitzen dion laurogeikoan; “Zelig”, “Boadway Danny Rose” eta “Hannah eta bere ahizpak” ere, zein baino zein zoragarriagoa, hamarraldi hartan eman zizkigun.
Gaurkotasuna ematen diote “Kairoko Arrosa Purpura”ri krisialdi ekonomiko latzean gertatzeak, senarrak Ceciliari (Mia Farrow) tratu txarra emateak eta honek, inguru goibelari eta bizimodu frustragarriari ihes egitearren, zinema erabiltzeak, irudimenaren gauzatzeetako bat.
Ceciliari, “Kairoko Arrosa Purpura” bosgarren aldiz ikusten ari dela, pertsonaietako bat pantailatik zuzentzen zaio; filmetik irten egiten da eta abentura zirraragarria biziko du Ceciliarekin.
Woody Allen musikaria izaki horretxegatik izango da agian ohi baino diskretuagoa musikaren erabilera sentimentalari dagokionez; era berean, Koldo Izagirrek Pako Aristi poetari buruz zioen musikari izateak askatu duela beharbada erritmoaren eta errimaren gehiegikerietatik.
“Kairoko Arrosa Purpura”k, edonola ere, bere mugak marraztuko dizkio irudimenari: egokia izan daiteke egunerokotasun aspergarri edo mingarri bati bolada batez ihes egiteko, baina ezin zara irudimen hutsetik bizi.
Batzuetan gertatzen da errealitatetik ihes egiteko irudimenean bizitzen hasi eta irudimenezko mundua askoz ere izugarriagoa bilakatzea errealitatea zena baino; eta halako batean beranduegi izan daiteke eta nekez aurki dezakezu itzulbidea.
Horrela irakur daiteke Stanley Kubricken “Eyes Wide Shut”, Nicole Kidman eta Tom Cruise protagonista. Krisialdi gogor batek jo du bikotea, jelosia-eta, irudimenean bilatzen du babesa bikotekide bakoitzak bere aldetik, baina fantasia hain bilakatzen zaie ikaragarri, ezen azken elkarrizketan, Tom Cruisek Nicole Kidmani “eta orain zer egin dezakegu?” galdetu eta erantzuna “larrua jo” baita, alegia, ukigarrienera itzuli, sentipen errealenetara, gorputzean lur hartzera eta atseden.
Edonola ere, “Kairoko Arrosa Purpura”k zenbait iradokizun egiten dizkigu, Institutuetako ikasleei lan bat eginarazteko abiapuntu izan litezkeenak:
Marxek erakutsi zuen kapitalismoak iraun ahal izatekotan noizean behin krisi gogorrak pairatu behar dituela. Bere barne kontraesanek putzura daramate berandu baino lehen. Krisi horiek txiroenek nozitzen dituzte batez ere. Oraintxe bertan horixe ari da gertatzen.
Filmeko garaian, krisi ekonomiko latzak jota dabil Amerikako Estatu Batuak, Depresio handiak jota zehazki, 1929ko krak-aren ostekoa. Ceciliaren senarra langabezian dago, bere lagun piloa bezala; Cecilia bera lan umiliagarriak egitera behartua... Ulergarria da, sasoi hartan komunismoaren mehatxua kokotean sentitzea kapitalismoaren aldezleek, alternatiba gauzagarritzat jotzea beldurrez. Filmean irain gisa erabiltzen da “komunista!”.
Bestalde, Marxek esan zuen erlijioa herriaren opioa dela. Irudimenezko kontsolagarrien bidez (hil ostean benetan ondo pasako duzu eternitate osoan, zeruan; gainera, zenbat eta gehiago sufritu gure mundu honetan, orduan eta zuzenago eta lasterrago sartuko zara zeruan), txiroak lasai atxikitzen ditu, benetako egoera justu bat lortzeko gogoa desaktibatzen die.
Ez al da zinema Ceciliaren erlijioa, eta Tom, nolabait, bere Jainkoa? Bizitza errealeko miseriatik ihes egitearren zinemako irudi liluragarrietan bilatzen du Ceciliak kontsolamendua, bere benetako egoera hobetzeko erabaki zehatzak hartzea ahazturik.
Tomek bere buruaz dio perfektua dela, eta egia da. Ordea, ez du existentzia enpirikorik. Jende erreal oro duzu akasdun. Ceciliaren jarrera erlijiosoa da: Tomek ez dio jotzen, ez du abandonatuko, ezin du traizionatu... Jainkoak bezala. Ez duenez existentzia enpirikorik, ezin zaitu traizionatu; aitzitik, errealitatea beti izan daiteke traidore. Lekaimeek Jainkoaren altzoan bilatzen dutena bilatzen du Ceciliak Tom bezalako pertsonaia irudimenezkoetan. Ez da harritzekoa garai batean neska asko maitasun-dezepzio baten ostean sartzea lekaime.
Hirugarrenik, ametsezko mundu lausotik, irudimen amorfotik, masturbazio-eragile liluragarrietatik, maitasunak eta soilik maitasunak ahal zaitu erreskatatu. Tom ez bezala, filmaren baitako filmeko gainerako pertsonaiak ezin dira pantailatik irten, ahalegindu arren. Tom maiteminduta dago. Maitasunak baizik ez dezake pertsonaia pertsona bilakarazi.
Errealitatearen eta fikzioaren arteko jolasari dagokionez, fikziozko Tom mundu errealean sartzen da maitasunaren bidez, baina Cecilia ere maitasunari esker sartuko da zeluloidezko fikzioan. Eta behin errealitatera itzuli ondoren, fikziozko pertsonaiak Tom, Jill eta Ceciliaren maitasun-elkarrizketarekin hunkitu egingo dira, gu hunkitzen garen bezalaxe fikziozko istorio erromantikoen eraginez.
Korapiloa are interesgarriago bihurtzen da behin ohartuta Jill errealaren lehiakidea, Ceciliaren bihotzaz jabetzeko orduan, berak sortutako fikzioa dela, Tom.
Laugarren: filmeko aktoreen eta pertsonaien ezaugarri nabarmenena izaera nartzisista da. Batetik, denek uste nahi dute protagonistak direla, eta gainerakoek hori garbi ikus eta onar dezaten; haserretu egiten dira, muzindu, besteren batek protagonista izaera hori ukatzen dienean.
Bestetik, Jill aktorea, nartziso guztiak bezala, ez da gai beste bat maitatzeko, bere burua ahazteko. Cecilia maite du, soilik Ceciliak etengabe goraipatzen duelako, oroz lehen aktore gisa. Maite duena ez da Cecilia, baizik eta bere buruaren isla edertua Ceciliaren mintzo liluratuan. Nartzisoak ezin du maitatu bere burua baino, ezin du beste batengana jauzi egin.
Nartzisoaren maitasuna lehiak elikatzen du. Filmaren amaieran, Ceciliak ez daki nor aukeratu, Jill aktorea edo honek sortutako pertsonaia, Tom. Baina Ceciliak Jillen alde egitean, orduan Jillek Ceciliarenganako interesa galdu eta abandonatu egingo du. Beste interpretazio hau ere sinesgarria da, eta gaiztoagoa eta sakonagoa egiten du Jill, humanoagoa: ez da Ceciliaz zinez amorostu, paper hori berariaz jokatu du, hotzean, Cecilia bereganatu eta Tom pertsonaia berriro pantailan sar dadin erdiesteko, betiko bake tristea hedaturik ostera ere guztientzat.
Azkenik, Emma prostitutak garbi bereizten ditu maitasuna eta larrua jotzea. Tomek aditzera ematen duenez, berriz, maitasunik gabe ezin da larrua jo baino; maitasuna egiteko, maitemindurik egon behar duzu. Eta berak ezin du amodioa egin maitemindurik daukan Ceciliarekin baino.
Apokalipsi ekonomikoa, 2013an
2012an gertatuko ote da munduaren amaia, galdetu du Jean-François Dortier-ek, zenbait sekta apokaliptikok ziurtatzen duen bezala? Nouriel Roubini ekonomilari turkiar-amerikarrak 2013rako aurreikusi du.
2012.aren hurbiltasunak sekta apokaliptikoak piztu, berotu eta urduritzen ditu. 2009an atera zen 2012 filma, maien egutegiaren aurreikuspen batean oinarritua. Zenbait sekta apokaliptikok oso serio hartu du. Gainera, finantza-krisiak ez du jendea lasaitu, filma atera zen urte berean eztandarazia, ezta Fukushimako katastrofeak ere, handik pixka batera nozitua. Urte fatidikoa hurbildu ahala, munduaren amaierari buruzko diskurtsoak ikaragarri ugaldu dira.
Askori ordea apokalipsiak irribarrea eragiten dio. Ba, jakizue, aurreikuspen batek, gutxienez, badu gu dardaraka jartzeko oinarririk. Aurreikuspen-alarma berri hau ez dator ez sekta batetik ez maien egutegitik. Mundu ekonomiako ahulezien analisia du oinarri, ekonomialari txit serio batek egina.
Nouriel Roubiniren ezizena Katastrofe Doktorea da, Doctor Doom. Ospetsu egin zen mundu osoan arrisku handiko hipoteken krisiak eztanda egin zuelarik. Krisi handi hura baino lehen, ekonomialari bakarra izan zen katastrofea aurreikusten eta munduari abisatzen. Orduz geroztik, jende askok hartzen ditu bere diagnostikoak kontuan. Singapurren eman berri duen hitzaldi batean iragarri du kataklismo ekonomiko berri bat gerta litekeela 2013 inguruan.
Diagnostiko ezkor hori gainbehera batzuen azterketan eta dakartzaten mehatxuetan oinarritzen du.
-Batetik, eurogunearen zatiketa izango dugu, eurogunearen haustea, bost urte igaro baino lehen. Baldin herrialde periferikoek (Grezia, Portugal, Espainia) atzeraldian jarraitzen badute, euroa uzteko ideia ez zaie hain arraroa egingo. Eurogunetik irteteak herrialde horiei lehiakortasuna berreskuratzea ahalbidetuko lieke, berrezarritako txanponaren debaluazio eta prezio-jaiste eskerga bati esker.
-Amerikako Estatu Batuetako defizit publikoa da beste arazo larri bat. Bere zorra 14.300 milioi dolarretara igo zen Roudiniren hitzaldiaren sasoian. Auskalo zenbatekoa ote den orain bertan. Roudiniren aurreikuspen alarmistei oihartzun eginez bezala, Ben Bernanke, Amerikako Erreserba Federalaren buruzagiak, igoeraren biharamunean alarma jo zuen: AEBen zorraren sabaiaren igotzeari buruzko akordio berri bat eskatu zuen, berriki gauzatu dena. AEBk finantza merkatuetan duen sinesgarritasuna berehala galtzeko arriskua azpimarratu zuen; horrek zalantzan jarriko luke dolarraren eragina nazioartean. Roudiniren iragarpen hori bete da honezkero.
-Paradoxaz, Txina da beste arazo gune handi bat ekonomian. Gaur egun, aurrera eta gora doan edozein herrialderen gaininbertsio tipikoaren aparretan dabil. Ordea, oraingo boom ekonomiko horrek ez du iraungo. Hego-ekialdeko Asia bezala 1997ko krisia baino lehen, balaztaren erasoa ezagutuko du, noiz eta… 2013 inguruan.
Eurogunearen zatiketa, AEBko zorraren krisia, Txinaren mantsotzea… Fukushimaren osteko japoniar ekonomiaren geldialdia kontuan hartzeke ere, ekonomiaren zirtzikatzearen adierazpenak pilatzen ari dira, Nouriel Roubiniren iritziz. Horrek guztiak, dioenez, “mendeko ekaitzera” eramango gintuzke, ekaitz perfektura, 2013an gertatuko litzatekeena.
Zenbatean behin garbitu behar dira bakeroak?
Kanada mendebaldean kokatua dagoen Albertako unibertsitateko ikasle batek, Josh Lek, hogei urte, errekor berezi bat hautsi du, galtza berberak erabilirik hamabost hilabetez, garbitu barik. Halatan, frogatu egin du galtzak oso luzaro garbitzeke edukitzeak ez duela ondoriorik higienean.
Josh Lek praka berak jantzi zituen 2009ko irailetik 2010eko abendura arte, esperimentu gisa; ikertu nahi zuen bakeroak zer zikinkeria kopurua pilatzera hel daitezkeen.
450 egunez eten gabe erabili ostean, eta batere garbitu gabe, Lek galtzaren lagin bat hartu zuen, pilaturiko bakterio-kopurua neurtzeko.
Azkenik, Lek bakeroak garbitu egin zituen.
Gero, beste bi astez erabili zituen, eta ondoren berriro neurtu zuen galtzetako bakterio-kopurua.
Ezusteko handiz, ikusi zuen 450 egunez erabili zein 14 egunez, bakterio-kopurua antzekoa dela. Bakeroak 450 egunez jarraian ez garbitzeak ez du ondoriorik higienean. Edozein kasutan, bakterio-kopururik handiena pubisaren eremuan pilatzen da, 8.500-10.000 bakterio zentimetro koadroko.
Esperimentuaren emaitza harrigarria da, ezen Lek, hamabost hilabete horietan, esperientzia zinez gogorrak sufriarazi baitzizkien galtzei.
Hil oso batez bakeroak jantzirik zituela lo egin zuen, eskuetako izerdia galtzetan kentzen zuen eta janaria galtzen gainera botatzen, berariaz.
Lek berak adierazi du, The National Post egunkarian, muturreraino eraman nahi izan zuela praken erresistentzia.
Alberta unibertsitateko irakasle Rachel McQueen doktoreak ikuskatu eta kontrolatu du esperimentua. Giza ekologia irakasten du eta jakinarazi digu emaitzek frogatzen dutela galtza bakeroak soilik hilabetean behin garbitu behar direla.
Lek aitortu du arazorik larriena kiratsa izan zaiola, bereziki zazpigarren hiletik aurrera; izan ere, Kaliforniara egin zuen bidaia baten ondorioz bakeroak ikaragarri gaizki usaintzen hasi zitzaizkion, goxoa eta hezea baita eguraldia Kalifornian, eta horiexek izaki bakterioak ugaltzeko baldintza perfektuak.
Bizitzaren zentzua. Hitzaldiaren egitura (Azurmendi 10)
1-GALDERAREN OZTOPOAK:
-heziketan
-itsu metafisikoak
-batzuetan bizitzaren zentzugabezia aldarrikatzeak zentzu bat izan nahi izaten du
-laizismoa sarritan teologia kamuflatua
-edonola ere, anitz ateok hautatzen du zentzua
2-ZENTZUAREN ZENTZUAK
-maila epistemologikoan: itzulgarritasuna, Lévi-Strauss
-epistemologiaren eta etikaren arteko zubi: justifikazio razionala, legitimazioa: ETAren atentatua, tortura
-balioespenaren eta salbazioaren mailan:
a) estasia, nostalgiazko poza
b) helburu pertsonala (mendia)
Azurmendik dio, bizitzaren zentzua eta mendira igotzea parekatzen dituelarik, mendira igotzeko benetako arrazoia ez dela izaten mendizaleak berak aipatzen duena: gailurra zapaltzea, egunsentia gozatzea, ikuspegiaren ederra; aitzitik, “arrazoia igotzean bertan datza, bidean. Patarrean eta izerdian, sufrimenduan. Norbere ukoan, norbera gainditzean. Nahian eta ahaleginean. Agian zure burua bilatzen duzu. Zu zeu, zure arima, behartzen duzun gorputz horixe zarela egiaztatu gura duzu. Eta gorputz hori beste zerbait dela eguneroko errutinako norgabea baino. Zure buruaren -ahalaren, ezinaren-, zure mugen esperientzia egin, existentziaren esperientzia: existentziaren kontzientzia mugen kontzientzia baita. Eta, aldi berean, inguratzen zaituen guztiaren mugabakoa sumatu, mugabakoaren baitan ibiltzen sentitu. Izadi immentsoaren adiguri edo anparoan bildua ikusi zure izatea -borroka, inpotentzia. Beste mundu bat bilatzen duzu, bai; baina zeure barnean. Beste zeu bat, diferentea, etortzen, igotzen, inoiz ez ailegatzen, eta beti ailegatua nolabait.
Eta agian, gero, izan daiteke egiaren parte bat hori ere, gailurreko argi posiblearen eta bideko txoriak entzuteko ideiaren pozak lagun egiten eta laguntzen diola mendizalearen eginahalari. Baina egintzaren egiazko zentzua egintzaren beraren barruan dago, ez dator kanpotik emanda; zentzua bideak dauka, ez gailurrak. Edo, hobe, zentzua mendizalearen erabaki(men)ak eta ahalegintzak dauka.”
c) horizontea: zentzua ez da ezer, baina ezer ez da ezer zentzu gabe (argia)
3-GURE BAITAN ARIMA UGARI. ZENTZUA ERE PRAKTIKAN BETI PLURALA
-aldi berean edo txandaka eszeptikoak, poetak, zientifiko zorrotzak
-zentzuak osagai etiko, politiko, erlijioso, sentimental, filosofikoak
-zentzua izan daiteke: arau, ispilu, esperantzarako argi, abisu eta oharkizun, mehatxu, atseden ordu, txabola
“Gizakiak, burua gora mundu zabalean, txabola bat egiten duen bezalaxe mendi hegalean gorputzaren aterperako, mito bat (zentzu bat) egiten du, haren barruan habitatzeko, gogoaren txabola. Mito bat (Jainko bat) zentzu bat da; zentzua espirituaren txabola bat. Zerbaiten zentzuak balioa adierazten du, orientazio edo hautua adierazten du, norbere ulerpena (biziaren zentzuan, adibidez), funtsean identifikazioa adierazten du (edo ukoa).”
-gertari berberak zentzu desberdin are kontrajarriak (Vesuvio)
4-GANDIAGA HILTZERA DOA. ZER EGITEN DU GAUR EGUN JENDEAK ZENTZUAREN GALDERAREKIN? BOST JARRERA
-ateista zientistak
-teista katolikoak
-mitologia berria
-Gandiaga
-Azurmendi
-Zer da Odisea bat?
“Odisea da etxea utzi, galduta ibili, eta, batek ez daki nola, atzera Itakara itzulia aurkitzea. Bitartean, jakina, oso posible da Itaka hori arras aldatuta agertzea; edo Odiseo bera egotea aldatua beretarrentzat ere kasik ezagutezina izateraino, zakurren batentzat-edo ez bada; edo berak Itaka uste duen hori batere ez izatea Itaka, oraindik beaziarren beste uharteren bat gehiago baizik. Odisea ez da korronteak eta zorteak eraman zaitzaten uztea. Naufragioa da, borroka, desesperazioa, autoengainua, Gozo huarteko gozotasunaren limuria, meditazioa, ihesa zeure buruari eta gustuei, 'jainkoren baten' laguntza; azken finean, herrestan zaramatzan historia korapilotsu bat, antzaldatzen ari zaituena. Odisea da ez jakitea odisea dela; ez jakitea jada itzulia zaren ala inoiz baino galduago, eta ez jakitea jadagoneako etxerik eta Itakarik batere inon ba ote dagoen.”
-Zubia: zein izan zen Odiseoren bizitzaren zentzua?
5-ZENTZUAREN HISTORIA
-ez dago aurrerapenik zentzuaren historian; aldaketak bai
-zentzuaren historia artetik hurbilago zientziatik baino
a) Grekoen zentzu natural kosmikoa
-Zubia: Marko Aurelio, San Justino
b) Kristauen zentzu pertsonala
c) Berpizkundea
d) Lehen Modernia
e) Bigarren Modernia
f) Nietzsche
g) Heidegger
h) Wittgenstein
6-ZIENTZIA BERRIA ETA LISBOAKO TSUNAMIA
-Unibertso infinituak eragin izu-ikara
-Zientziak mundua murriztu eta kontrolatu egiten du (hizkuntza bera abiapuntu)
-Naturako liluragarria ekuazio batera erreduzitzen du eta zentzuaren galdera ito
-Gizakiari naturaren jaun eta jabe izatea dagokio (Descartes)
-Lisboa: Jainkoaren gidaritza naturan, kordokaturik
-Kant
-kritikatua ez den arren, batzuetan Eliza bera baino makurragoa
-Zientziak oinazea sendatu nahi; zentzuak eramangarri bilakatu: gatazka
7-GIZAKIA, URRADURA LIBREA
-gizakia, naturatik berex
-depresioa, tragedia: arrozte haren oihartzuna
-zentzua, estasia: batasun haren berpiztea
-askatasuna: gertaria norberak asmaturiko zentzuz hornitzea
-baina zentzua tradizioak eskaintzen digu, komunitateak
-zentzua laguntza-eskaintza izaten da, baina, komunitatea eta hizkuntza bezala, babes bezain itogarri izan liteke
8-HIZKUNTZA. ZENTZUA IPUIN BAT DA, EZ DA GUTXI
-bizitzaren zentzua hizkuntzak telegidatzen du
-baina zentzuaren azken fundamentua esanezina da
-Txanogorritxo
-guk egiten dugu ipuina, ipuinak egiten gaitu gu, elkar hazten goaz
-ipuinak zabaldu egiten gaitu guztiz bestelakora
-zeinua da, enigma esanezinera hurbildu nahi gintuzkeena
-horixe da Azurmendiri hautsi zaiona
9-ZENTZUA HERIOTZAREN AURREAN
-bizialdi mugatua
-heriotza berez gordina ipuinak eramangarri bihurtu nahi du
-eskelak eta konjurioak
AZKENA: Jainkoa, aberria, iraultza. Kristauak eta mairuak
Jainkoa, Aberria, Iraultza. Kristauak eta mairuak
Zerk ematen dio bizitzari zentzua? Batzuetan bizia zeren alde emateko prest zauden, horrek adierazten du zein den zure bizitzaren zentzua. Eta hemen bilakaera bat izan dugu, Europan bai bederen. Aurrena, Jainkoaren alde ematen zuen europarrak bizia, Jainkoa baitzuen bizitzaren zentzu. Gero, pixkanaka, jendearen odola isuriarazteko indarra zuen Jainko hori hiltzen joan zen, itzaltzen, eta europarra Aberriaren alde edo Askatasunaren alde hasi zen bizia ematen, aberriak, askatasunak, justiziak ematen baitzion orain zentzua haren bizitzari. Zuzen zebilen horri dagokionez Nietzsche, adierazi zuelarik ideal horiek Jainkoaren ordezko direla. Joxe Azurmendik bat egiten du Nietzscheren diagnostiko horrekin: aberria, askatasuna, giza eskubideak, demokrazia, sozialismoa, anarkismoa... horiek denak Jainkoaren eta kristautasunaren antzekoegiak dira, zeren, idealaren edukia aldatu dutela onartuta ere, eta nahiko lan, bistan da idealaren egitura gorde eta errepikatu dutela: hots, dagoena, aurrean duguna, oraina, ez dugu onartzen, eta orainak darakutsanaren ordez helburu bat proposatzen dugu, idolo bat, eta horren bila jarduteari ekiten diogu.
Aldiz, gaur egun mendebaldean inor gutxi dago ideal horietakoren baten alde odola emateko gertu. Ez dugu sentitzen gure bizitzari zentzua ematen diotenik. Gaur egun, inguruan galdetuz gero, zerbaiten alde baino gehiago norbaiten alde sakrifikatuko luke jendeak bere bizia Europan, maiteen alde emango luke odola, pertsona konkretuen alde.
Horrek Europa ahuldu egiten du noski, kulturen arteko norgehiagokan. Alegia, kristauak gure aroan nagusitu ziren milaka fededun zituztelako Jainkoaren alde bizia emateko prest, Jainkoak ematen baitzion zentzua beren bizitzari. Orain ordea inor gutxi gelditzen da Europan ez Jainkoaren eta ez Europa eratu duten balio edo zentzu horietako baten alde bizia sakrifikatzeko gertu, zorionez ia ez zaigu martiririk gelditzen.
Non aurki dezakegu gaur egun munduan jarrera hori? Musulmanen artean. Horiek bai, milaka eta milaka lagun dituzte bizia Alaren alde emateko prest, Alak ematen baitio zentzua beren bizitzari.
Mugimendu demografikoak aztertuta, jaiotze tasak, herrien zaina eta ganora, ematen du epe ez oso luzera mairuen nagusitasuna munduan kristau zibilizazioak azken bi mila urteotan izan duenaren tamainakoa izango dela.