Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Pirron

Pirron

Markos Zapiain 2013/12/09 15:10
Sokratesek zioen zekien gauza bakarra zela deus ez zekiela; Pirronek, hori ere ez: ezin dugu ezer jakin, ezta ere zerbait dakigun ala ez. Honelako zerbait litzateke Pirronen erantzuna edozein kezka, erru sentimendu zein heriotzaren ikarari: ez dakit zehazki zer gertatu zen, zer ari den gertatzen, zer gertatuko den; ez naiz garbi ikusteko gai, arras konplexua da bizitza, eta beraz ez dut epaituko, ez dut kontuan hartuko. Ez dakit gauza handirik, berdin dio, beharbada bai beharbada ez, auskalo. Ez da hain desberdina bizirik egotea eta hilik egotea.

Eszeptikoei paralogismoetan jausi izana leporatu izan zaie: eszeptikoen doktrina bera litzatekeen dogmatismo baten izenean kritikatzen ei dute dogmatismoa; ez dute dudarik dudaren onuraz; arrazoiaren izenean kritikatzen dute arrazoia; egiaren izenean egia.

Ez da oso kritika zehatza, eszeptikoak behin eta berriz baitio besteen dogmak deseraiki ostean bereak ere baztertzen dituela, Wittgensteinek egiaren gailurrera iristeko erabili duen filosofia-eskailera botako duen bezala, goialdeko bake isilean bizitzeko.

“Ez dagoela egiarik diozu, baina hori egiatzat duzu” egotzi izan diotelarik,  hau izan da erantzun eszeptiko bat: “egia bakar bat dago, egiarik ez dagoela”; baina maizago: “ez dakit ezer, ezta hori ere”.

Zenbait presokratiko aipatu izan da Pirronen aitzindari gisa. Erlijioari dagokionez, Jenofanesek bitxitzat jotzen zuen Jainkoak beti norberaren itxura izatea. Zaldien Jainkoek zaldi itxura lukete. Halatan, zalantzazkoa da edozein Jainkoren existentzia.

Eleako filosofoek, bestalde, erakutsi ziguten mugitzen dena ezin dela izan; dakusaguna, horrenbestez, ez da. Baliteke Jainkoak giza irudimenak sortuak izatea, bai, baina gainera ez dakigu ziur aurrean duguna badenetz.

Gorgias sofistarengandik ere Pirronek arrazoibide garrantzitsuak jaso zituen: ez dago egiarik; balego ezingo genuke ezagutu; ezagutuko bagenu ezingo genuke komunikatu; eta komunikatuko bagenu inork ez liguke ulertuko.

Platon, Aristoteles, zinikoak, estoikoak, Epikuro eta Pirron bat datoz: zoriona da gizakiaren xede nagusi, eudaimonia. Eta, Pirronen ustez, axolagabetasunaren bidez lor liteke, adiaforiaren bidez.

Pirron ez omen zen ezertaz kezkatzen, ez zuen ezer idatzi: adiskideak eta dizipuluak arduratu ziren maisuaz. Timon-en bidez iritsi zaigu haren pentsaera.

Pirron Indiaraino iritsi zen Alexandro Handiaren espedizioarekin; eta Victor Brochard adituak uste du gimnosofisten eragina izan zuela: mundua itxura engainagarria da, irudiak badatoz eta badoaz, eta desatxikimendua eta deustaz ez arduratzea da bidea.

Pirronek inori abisatu barik herritik alde egiten zuen eta ezustean itzultzen zen, non ibilia zen azalpenik emateke. Behin batean, lagun batekin solasean zihoala, laguna lokatzezko putzu batean erori eta Pirron berdin-berdin jarraitu zitzaion hizketan. Solaskidea pixkanaka zutitu, garbitu eta, bien bitartean, Pirron hitz eta pitz, ezer gertatu ez balitz legez. Gero, aurrera txangoa. Putzuan eroritakoari miresgarria iruditu zitzaion Pirronen errotiko ezaxola.

Bi bider huts egin zuen Pirronen apatiak: behin batean, zakur bat zaunka eta gaiztoki hurbildu zitzaion eta izuturik zuhaitz batera igo zen; beste batean, berekin bizi zen arrebarekin liskartu zen. Hala ere, Pirronen esanetan, edonork daki beldur eta haserre zehatz horiek zeharo saihestezinak direla, eta ez dira kontuan hartzeko modukoak, ez bata ez bestea.

Sokratesek zioen zekien gauza bakarra zela deus ez zekiela; Pirronek, hori ere ez: ezin dugu ezer jakin, ezta ere zerbait dakigun ala ez. Honelako zerbait litzateke Pirronen erantzuna edozein kezka, erru sentimendu zein heriotzaren ikarari: ez dakit zehazki zer gertatu zen, zer ari den gertatzen, zer gertatuko den; ez naiz garbi ikusteko gai, arras konplexua da bizitza, eta beraz ez dut epaituko, ez dut kontuan hartuko. Ez dakit gauza handirik, berdin dio, beharbada bai beharbada ez, auskalo. Ez da hain desberdina bizirik egotea eta hilik egotea.

Eszeptikoen doktrinaren arabera, ezinegonaren eta urduritasunaren iturrietako bat egia jakin nahi izatea da, egia ezagutzen tematzea.

Ordea, hutsala eta tentela da ustezko egiek eragiten diguten emozioa, aztoramena eta estresa. Zoriontsu ibiltzeko, gugandik kanpoko ezerk ez digu axola behar, adiaforia. Bizitzan merezi duen bakarra ataraxia da, bakea ariman. Itxura baizik ez den mundu batean bizi behar dugunez, jokatzeko orduan komenigarrien zaiguna hartuko dugu aintzat, beti ere ataraxia xede.

Gauzak beren baitan zer diren ezagutzerik ez dago, sentipenak ez dira itxura hutsa baizik. Inoiz ez dut jakingo gauzak zer diren; gehienez ere, gauzak zer zaizkidan. Ezin da esan “eztia gozoa da”, baizik eta “eztia gozoa iruditzen zait”.

Ez dago arrazoimenaz fidatzerik, zentzumenetan oinarritzen baita. Arrazoizkoak iruditzen zaizkigun kontzeptu askok pertsonek sortutako hitzak dituzte oinarri; hitz horiek egiarekin zerikusirik ez duten ohituren edo botere-jokoen ondorio dira eta zeharo baldintzatzen eta mugatzen gaituzte, gu konturatu barik; hobe lehenbailehen baztertzea.

Uko egin behar zaio inor epaitzeari eta oro har iritziak emateari (epojé), ezer ez baita faltsu, ezta egiazko ere; ez dago beste edozein baino egokiagoa den baieztapenik. Iritziak eta epaiak dira giza sufrimendu guztien kausa; iritzia gordetzetik eta ezagutzari uko egitetik sortzen da zoriona.

Labur: inor epaitu barik, ezta zure burua ere, iritzi emateari uko eginez, gauzak eta gertaerak benetan nolakoak ote diren ezagutu nahi izan gabe, kezkei eta oinazeei ihes egin diezaiekezu eta bake sakon ukiezinean bizi. Dogmatismotik eta egia bilatzeak eragiten duen urduritasunetik askatzeak baretasuna dakar.

Erlijioan, eszeptikoen doktrinak ondorio agnostiko eta fideistak izaten ditu. Aise irudika liteke zein disparate handia izan dakiokeen eszeptikoari fedearen edukia, baina jendarteko eta bereziki fanatikoen arreta ez deitzeko, errituak bete, eta azkenik egokitu eta ondo samar pasa liteke.

Paralogismoarena baino kritika sendoagoa: egitez, eszeptikoek ia beti zalantzaren erabilera konformista egiten dute, ondorio kontserbadoreak dakartzana: komeni zaigunez eguneroko bizitzan ezaxolaki jotzea aurrera, orduan arazorik gabe onartu indarrean dauden usteak eta erakundeak. Ez da filosofia heroiko iraultzaile bat; zentzu horretan dio V. Brochardek eszeptizismoak baduela zaharraren filosofiatik asko.

Litekeena da terapeutikoa izatea eszeptizismoaren erabilerarik onuragarriena: nork bere buruari aplikatu beharko lioke batez ere, ideia kezkagarri edo mingarriei, urrutiratu, hoztu eta ahazteko behingoz.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.