Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Plotino

Plotino

Markos Zapiain 2013/12/13 09:50

-Plotino ez da kreazionista baizik eta emanatista: guztia dator Bakarretik, dena dario Lehenari, gizakia bezala harria ere Ongi Infinituaren emanazio da

-Materia ordea itsua da berez, inpotentea, ezin bere kabuz jatorrirantz igo. Hasiera batean, jakintsuak mundu honetatik ihes egin behar du

-Filosofia nostalgikoa da Plotinorena (grekotik dator “nostalgia”, iraganaren mina esan nahi du hitzez hitz): Bata den Ongia dugu sorburu, materian jausi gara, soma sema, eta konbertsioaren bidez arima jatorrirantz igo behar dugu berriro (“epistrofe” deritzo igoerari), Ongiarekin bat egin dezan: Bakarrarekin bat egitean guztia bilakatzen da argi, garden, atsegin, maitasun

-Errealitate maila bakoitzari bizimodu desberdina dagokio

-Behean, sentipenen bizimodua dugu, gozamenari pasiboki eskainia edo bestela gizarte bizitzan aktiboki murgildua

-Gorago, bizitza gogoetatsua: arima bere baitan biltzen da pentsatzeko; hemen arima bere buruaren jabe da

-Igo eta esentzia hilezkorren intuizio zuzena dugu

-Eta azkenik, gogoeta eta intuizioa baino gorago, jadanik ez dago subjektu ezagutzaile eta objektu ezaguturik, bikoiztasun hori ezabatu egiten da, batasuna erabatekoa baita

-Irits litekeen mailarik garaiena da, gailur esanezina: Lehen Ongiarekin kontaktua eta biltzea, estasia; gozamen hutsa dugu, goialdeko gozamen aratza

-Labur: izakien eta bizimoduen artean mailak daude eta gure zeregina da gorputza bridatu eta adimenaren bidez arima gero eta gorago eramatea (aszesia), azkenik Ongia den Lehenarekin zorion perfektuan ezkontzeko

-Libidoa, bizi eta maitasun indarra, sublimatu eta, behin goian, pasiboki itxaron, orgasmo espiritual halako batean desagertu arte, eiakulaziorik gabeko orgasmo neuronal gisako batean

-Jainkoarekin biltze eta Jainkoarengan urtze eta desagertze hori da estasia (hitzez hitz, nor bere baitatik irtetea), eta ezin da berbetan adierazi, zeharo ahazten eta galtzen baituzu zure burua Maitearen altzoan

-Hori dela eta, soilik oroitzapenen bidez aipa liteke

-Oso gutxitan gertatzen da. Plotinok lau bider bizi izan zuen

-Estasiaren funtsa maitasuna da, eta materia bere opakotasunetik askatzen erakusten dizu, estasia amaitu ondoren ere Ongiaren distira izaki guztietan ikusten, behetik gora eta goitik behera. Jakintsuak materia berrerosten daki, edonon hautemanez Ongiaren aztarna. Panteismoa

-Artze: “Ez dakusat besterik Zu baizik/ Zugan ditut denak ikusten/ denak eta dena/ denetan zaitut/ denetan eta denean/ Zu ikusten/ Ez dakusat Zu baizik/ Nola maita besterik!”

-Plotinoren ildotik, mistiko gehienek maitasunaren hizkera erabili izan dute  estasia adierazteko, baina gizonak, esaterako Donibane Gurutzeko, sentimentalagoak izaten dira. San Juanek, Cántico espiritual-en zein Noche oscura-n femeninoan dihardu bere buruaz, bere arima emaztegaia da, eta bere burua pasiboki abandonatzen du Jainko maskulinoaren etorreraren zain. Llama de amor viva-n, “rompe la tela de este dulce encuentro”ko tela hori himena da, ezta?

-Emakume mistikoak, berriz, kañeragoak izaten dira, askoz ere sexualagoak, eta bero-bero jartzen dituzte psikoanalistak

-Santa Teresaren intziriek, adibidez, ile kizkurreko aingeru ezin ederragoak bere urrezko dardoa erraietan sartzen diolarik: "Veíale en las manos un dardo de oro largo, y al fin del hierro me parecía tener un poco de fuego. Este me parecía meter por el corazón algunas veces, y que me llegaba a las entrañas. Al sacarle, me parecía las llevaba consigo, y me dejaba toda abrasada en amor grande de Dios. El dolor era tan fuerte que me hacia lanzar gemidos, mas esta pena excesiva estaba tan sobrepasada por la dulzura que no deseaba que terminara.”

-Edota Alexandrina da Costa portugaldarra: "Entonces el Señor me honró y me introdujo su tubo de amor, su tubo que derrama miel, y confeccionó una pomada con la materia de su corazón y ahuyentó los dolores de mi pecho usándola como bálsamo”  

HIPATIA (Agora ikusi aurretik)

-Hipatia, filosofo baten alaba, Plotinoren jarraitzaile izan zen, neoplatoniko, eta baita aszeta ere, maisua legez; diotenez, birjin hil zen, filosofo batekin ezkondu zen arren. Sexuaren gaineko Hipatiaren jarrera ilustratzeko pasadizo hau kontatzen dute: dizipulu batek aitortu zion maiteminduta zeukala, eta Hipatiak bere hilekoaren odolez bustitako zapi bat bota zion: “honetaz zaude maiteminduta, eta ez da batere ederra.”

-Pentsalari librea, matematikari eta astronomo argia, planeten orbita eliptikoa aurreikusi zuen, nahiz eta garai hartan biribiltasuna hartzen zen perfekzioaren ikurtzat. Jakintsu independente izateari eutsi nahi izateagatik kristau fanatiko taldexka batek harrikatu, zatitu eta  dandarrez eroan zuen Alexandrian barrena. Hilketa Elizako agintariek bultzatu zuten.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.