Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Spinoza

Spinoza

Markos Zapiain 2014/01/31 16:15

 

-Aurrena, Borgesen poema bat, “Spinoza”:

Las traslúcidas manos del judío
labran en la penumbra los cristales
y la tarde que muere es miedo y frío.
(Las tardes a las tardes son iguales.)

Las manos y el espacio de jacinto
que palidece en el confín del Ghetto
casi no existen para el hombre quieto
que está soñando un claro laberinto.

No lo turba la fama, ese reflejo
de sueños en el sueño de otro espejo,
ni el temeroso amor de las doncellas.

Libre de la metáfora y del mito
labra un arduo cristal: el infinito
mapa de Aquel que es todas Sus estrellas.

 

-Ura uretan lez geunden paradisuan gainerako animaliekin, orainaldi betean, senezko oharkabetasunean. Piztiak nekez sentitzen du bere burua garaiz kanpo. Egotzia izanak egiten ei du gizakia gizaki. Spinoza, hortaz, hiru bider izan zen gizaki: aurrena, gizaki izaki, paradisutik egotzia izan zelako; bigarren, judu, eta beraz edonondik kanporatua (arbaso marranoak Inkisiziotik ihesi kokatu ziren Holandan); eta, hirugarren, juduek berek ere sinagogatik bota zuten.

-Spinozak arazo latzak izan zituen Espainiarekin. Bere arbasoek penintsulatik alde egin behar izan zuten, juduen aurkako giro itogarri hiltzailetik ihesi. Ordea, Inkisizioak mugetatik kanpo ere zelatariak bidaltzen zituen erbesteratuak kontrolatzera. Miguel Perez de Maltranilla kapitainak 1656an eta Tomas Solano lekaide agustindarrak 1659an txosten bana erakutsi zuten Madrilen, Spinozak Amsterdamen lagunekin zerabiltzan elkarrizketen berri emanez: arimaren hilezkortasuna zalantzan jartzen omen zuen, zeharkatua zuen ateismoaren muga.

-Filosofo baten bizitza heriotza-zigorraz amaitzea ez da oso bitxia (Sokrates, Bruno). Baina hilketa-saio batez eta anatema ikaragarri batez hastea, bada. Spinozari fanatiko batek labankada bat jo zion Amsterdameko kale-kantoi ilun batean. Hil arte gorde zuen soingaineko arrakalatua, oroitzeko gizakiek ez dutela beti egia maite. "Caute" zuen Spinozak ikurritz, "habil tentuz".

-Honatx hogeita hiru urte zituela sinagogatik bota zutenean irakurri zioten anatema maranatharen pasarte bat: “madarikatua bedi egunez eta gauez,  Jaunak ez du egundo barkatuko, suntsitu egingo du Jaunak haren izena, inork ezingo du harekin komunikatu, ez hitzez ez idatziz, ez harekin gela berean egon, ez hark idatzirikorik irakurri.”

-Hiru anatema mota erabiltzen zituzten sinagogan, eta hirugarrena zen maranatha delakoa, gogorrena. Maranatha hori arameozko hitza da, eta esan nahi du "datorrela Jauna"; San Pablok darabil. Beraz, "anatema maranatha", guti goiti beheiti: datorrela Jauna bekatari honi anatema ezartzera.

-Arazo pilo bat izan zuen bere liburuak argitaratzeko orduan. Zenbait gizajo bizirik erre zuten, Spinozazale izate hutsagatik. XVIII. mendean “spinozazale” izendapenak irain bat izaten jarraitzen zuen, “ateista”ren pareko.

-Harrigarri egiten da hori guztia, zeren Spinoza, osasun eskasekoa beti, lagunik apalena baitzen. Ospeari muzin egin zion. Uko egin zion Unibertsitatean irakasteko eskaintza bati. Ez zuen gura dohatsutasuna lortzeko bideez lasai hausnartu baino. Leiarrak lantzea eta leuntzea zuen lanbide: betaurrekoak, mikroskopioak, teleskopioak. Aditurik zorrotzenek bikaintasuna aitortu zioten zeregin horretan. Tuberkulosiak jota hil zen, 44 urte zeuzkala, leiar-hautsa biriketan sartzearen ondorioz.

-Pozaren eta egiaren bila, betiko inkisidoreekin egin zuen topo. Ezin izan zuten eraman Jainkoa Naturarekin identifika zezan, ezeztaturik gelditzen baitzen mundutik berex mundua une jakin batean sortzen duen Jainko pertsonala, Jainko epailea.

-Gainera, Spinozak Unibertsoaren xedetasuna ere ezeztatuko du, alegia, dagoena Adimen Onberaren batek gizakia helburu taxutu duelako ustea. Hori giza proiekzio hutsa duzu. Unibertsoa ez zen gizakiarentzat egin. Spinozak antropokeria teleologiko hori desestali zuen: guk etxeak eta tunelak helburu batekin egiten ditugunez, suposatu izan dugu Unibertsoak ere baduela Egile bat eta helbururen batekin egingo zuela Bere Obra. Ikuspuntu hori bat letorke Jainkoaren trebetasun zintzoa goraipatuko lukeenarekin gizakioi sudurra emateagatik, gainean betaurrekoak kokatu ahal ditzagun.

-Spinozaren etsaiek ezin izan zuten jasan pozaren aldarrikapena eta edozein tristura mota tenteltzat jotzea: kristauek umiltasuna, itxaropena, errukia, damua, bertutetzat zituzten, sufrikarioa eta martiritza santubidetzat; Spinozarentzat, berriz, txarrak dira, geure jarduteko ahalmena ahultzen baitute.

-Era berean, ezin izan zuten gorputzaren eta arimaren erabateko paralelotasuna onartu. Spinozarentzat, gorputza pizteaz batera bizkortzen da arima, eta alderantziz; aldiz, kristauentzat, zenbat ahulago gorputza, hainbat hurbilago arima Jainkoarengandik: hortik zilizioa, baraua, gurarien hildura, berezko grinak bekatu bilakatuak....

-Spinozarentzat, Jainkoak, Natura mugagabeak, infinitu atributu ditu. Guk ez ditugu ezagutzen bi baizik: pentsamendua eta hedadura (espiritua eta materia, arima eta gorputza). Bi atributu horiek paraleloak dira: pertsona bat, esaterako, ager dakidake pentsamenduaren atributuaren arabera (arima); edo hedaduraren atributuaren arabera (gorputza). Izaki oro da Jainkoaren modu bat, Jainkoaren modifikazio bat, Jainko infinitua bere moduan barnebiltzen eta adierazten baitu. Dena da Jainko. Einstein Spinozazalea zen.

-Betiko inkisidoreek, azkenik, ezin izan zuten zigor barik utzi Bibliaren irakurketa kritiko eta zentzuzkoa, Biblia historialari gisa interpretatzea, ez teologo gisa. Biblia ez zuen Jainkoak idatzi, baizik interesak zituzten gizaki zehatz batzuek, une historiko jakin batzuetan. 

-Spinozarentzat, pozak zabaldu egiten gaitu, geure jarduteko ahalmena, eta hunkituak izatekoa, sendotu egiten baititu; tristurak, ostera, jarduteko ahalmena ahuldu egiten digu, geure baitan hertsi. Bat datoz Spinoza eta euskara: hertsi, itxi, etsipen.

-Beraz, ona izango da bozkarioa dakarkidana, tristatzen nauena txarra. Esperimentatu beharra dago: zenbait jende, elikadura, liburu ondo dagokio naizenari, indartzen baitu: halakoen kontaktua bilatu behar. Txarto konektatzea ez da inoren errua, baizik arazo fisiko-kimiko bat. Lasai, jo eta pasa. Edozelan ere, tentela da topaketak zoriaren esku uztea, bizitza komeni ez zaizkizun pertsona, janari edo telesailekin igarotzea.

-Askoz ere onuragarriagoa zaio gizakiari pozaren bidea baretsu erakusten saiatzen dena, ezen ez errieta, iseka, erantzuki egiten dion edozein eratako apaiza: gizatxar izan behar, besteren ezina irainez larriagotzeko. Betor hortaz bizitza edertu, alaitu eta aberastu egiten duen guztia; baita noski gorputzari atsegin ematen diona ere.

-Ez baitaki inork zein den gorputzaren ahalmena. Arimak liluratu ditu kristauak, baina Spinozarentzat enigma, ikergai interesgarria, gorputza da: bere zirrikitu ugariekin, nekadura eta pozaldi arraroekin, atal misteriotsuekin, esperimentatu beharko genuke eta eskarmentuaren bidez ikasi.

-Maitatzeak hobetu egiten gaitu. Dena den, maitasuna onuragarriagoa zaio  maitaleari maiteari baino. Izan ere, maitasunik ederrena maitatua izatea itxaroten ez duena da. Baina gizakiok ordainez maita gaitzaten bilatzen ohi dugu.

-Edozelan ere, maiteak alde egin diezaguke. Orduan piztuko den gorrotoa hainbat bortitzagoa izango da, nola sakona lehengo maitasuna. Beste batekin alde egiten badu, gainera, jelosia sortuko da. Orduan, maite ohiarenganako gorrotoari maitale berriarenganako bekaizkeria erantsiko zaio, geuretzat gura dugunaz gozatzen baitu. Spinozak dio, oro har nahiko lasaia den autore batengan arreta deitzen duen pasarte batean, maitearen lotsari eta isuriak maitale berriarenekin nahasirik irudikatzeak areagotu egiten duela jelosia.

-Gizakiaren funtsa ez da arrazoia, baizik desira. Eta giza desirak imitazioz funtzionatzen du, ez dugu gure kabuz eta bakarka desiratzen. René Girarden aitzindari duzu Spinoza: soilik desiratuko dugu besteren batek desira duela edo lezakeela sentitzen duguna. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Ez dago aurrena bikotea eta gero jelosia piztu lezakeen bestea, hirugarrena, sarkina, bikoteari kanpotik iristen zaiona: hirugarren hori bikotearen osagai baita berez, bikotea osatzen den unetik beretik edo lehenagotik.

-Gorrotoak gorrotatzaileari egiten dio batik bat kalte. Gorrotaturikoa suntsitzeak eragiten dion poza, tristuraz nahasia da. Eta gorrotoak bultzaturik etsaia garaitu eta menderatzea ez da garaipen aratza, tristuraz zipriztintzen baitu guztia.

-Maitasuna indartsuagoa da gorrotoa baino, eta maitasunak osotoro garaitu duen gorrotoa maitasun bilakatzen da. Eta maitasun berri hori, aurretik gorrotorik izan ez balitz baino sendoagoa da.

-Norberaren baitatik eraikirikoak gehiago balio du kanpotik jasorikoak baino. Maitasun arrunta, poza den heinean, ona da; baina pasio denez, txarra da, pasibo bilakatzen baikaitu, maitearen mendean jartzen. Hobea da nork bere baitan aktiboki pizturiko sugarra, besterenetik hartua baino. Kontua ez baita erantzutea, sortzea baizik; ihardukian indarra xahutu beharrean, geure ahala bildu eta geure burua artistikoki eraikitzea, kanpokoari horrenbeste begiratu gabe.

-Spinozaren ustez, izan ere, alferrik da sumintzea; alferrik dagoena deitoratu edo iraintzea. Ez endelegatzeak bultzatzen gaitu moralizatzera. Spinozaren xedea unibertsoa ulertzea da. Dagoena ulertzea bere nahitaezkotasuna ezagutzea da, kausa-ondorioen ezinbestea. Eta Spinozarentzat, Artzerentzat bezala, asko dakienak asko maite du, eta asko maite duenak asko daki. Dohatsutasuna, hortaz, betegintzarre osoa, dagoen guztia ulertzeaz batera maitatzea da, helburu eder bezain zaila. Baina merezi omen du. Animo neska-mutilak!

-Amaitzeko, Borgesen beste poema bat, “Baruch Spinoza”:

Bruma de oro, el Occidente alumbra
la ventana. El asiduo manuscrito
aguarda, ya cargado de infinito.
Alguien construye a Dios en la penumbra.

Un hombre engendra a Dios. Es un judío
de tristes ojos y de piel cetrina;
lo lleva el tiempo como lleva el río
una hoja en el agua que declina.

No importa. El hechicero insiste y labra
a Dios con geometría delicada;
desde su enfermedad, desde su nada,

sigue erigiendo a Dios con la palabra.
El más pródigo amor le fue otorgado,
el amor que no espera ser amado.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.