Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 5
Estasia, xede pertsonala eta argiaz gain, Azurmendik beste hainbat zentzu-mota aipatzen dizkigu. Zentzua “arau bat izan daiteke, ispilu bat, esperantzarako argi bat, abisu eta oharkizun bat, mehatxu bat ere, edo atseden ordu bat soila. Gizakiak, burua gora mundu zabalean, txabola bat egiten duen bezalaxe mendi hegalean gorputzaren aterperako, mito bat (zentzu bat) egiten du, haren barruan habitatzeko, gogoaren txabola. Mito bat (Jainko bat) zentzu bat da; zentzua espirituaren txabola bat.” (Azken egunak Gandiagarekin, 142)
Zentzua mitoan mamitzen da, ipuinetan, hitzetan. Fedearen edukia bideratzen duten ipuinak ez dira azalpen razionalak. Zehaztasunak egiten ditu hemen Azurmendik: mitoen bidez bizitza zentzuz janztea ez da irrazionala, baizik zientifikoa ez bezalako arrazoimen baten erabilera. Arrazoimen zientifikoak ez du zentzurik behar. Eta erlijioari ere arrazoimen bat dagokio, ez da i-razionala ez a-razionala. Bestelako gogoa darabil, munduko liluren aurrean zabalik dago eta ez ditu usainak eta koloreak zenbakira txirotzen.
Ebanjelioak bezalako erlijioetako ipuinen baitan bizi da sinestunaren zentzua. Heltzen doan heinean ipuin horiek, beren esanahiak eta eraginak, aldatuz doaz. Sinestuna ere aldatuz doa ipuin horien eraginez. Eta aldaketa horien guztien arabera, modu beti berriz ulertuz joango da unibertsoa, errua, heriotza, biziraupena, eta abar. Ttarttalo eta Koranaren gisako ipuinak “gizakiak bizitzeko asmatu dituen laguntza eskaintzak” dira (AeG, 177), gizakiari babesa emateko moduko txabola espiritualak.
Jose Azurmendi eta bizitzaren zentzua 4
Azurmendiren esanetan, hiru modu hauetan lotu izan dio nagusiki gure tradizioko gizabereak bere burua bizitzaren zentzuari:
Lehenbizi, estasia: zenbait gertakari zentzuz beteak ageri zaizkigu, perfektuak, goitik behera bereganatzen gaituzte, guztiz bestelakora garamatzate nostalgiazko poz baten hegaletan: emozio sakon bat kontzertuan, ibilian harrapatu zaituen egunsentia, jai zirraragarri hura, amodiozko betegintzarrea.
Bigarrenik, xede pertsonalari ere lotzen dio Azurmendik zentzua. “Pertsonala” esaten dion arren, Azurmendik azpimarratzen du zentzu-molde horrek askotan pertsona partikularraren interes pribatua gainditzen duela. Nire bizialdia mugatua da: zein zentzu eman nahi diot nire denborari, zeri merezi du nire bizitza entregatzea? Azurmendiren ustez, giza bizitzari zentzua ez dio emango helburua erdietsi izanak; aitzitik, mendizalearenean bezala, igotzeak berak hornitzen du ibilaldia zentzuz. Che Guevararen bizitza ez zuen zentzurik gabe utzi bere xedeak erdietsi ez izanak. Kristauen hizkeran, bizitzari zentzua ez dio zeruak ematen; aldiz, zentzuz jantziriko bizitza batean aurkitzen du bere tokia zeruak, itxaropenak; honaindian txertatzen da zeruaren zentzua.
Azurmendik dio, bizitzaren zentzua eta mendira igotzea parekatzen dituelarik, mendira igotzeko benetako arrazoia ez dela izaten mendizaleak berak aipatzen duena: gailurra zapaltzea, egunsentia gozatzea, ikuspegiaren ederra; aitzitik, “arrazoia igotzean bertan datza, bidean. Patarrean eta izerdian, sufrimenduan. Norbere ukoan, norbera gainditzean. Nahian eta ahaleginean. Agian zure burua bilatzen duzu. Zu zeu, zure arima, behartzen duzun gorputz horixe zarela egiaztatu gura duzu. Eta gorputz hori beste zerbait dela eguneroko errutinako norgabea baino. Zure buruaren -ahalaren, ezinaren-, zure mugen esperientzia egin, existentziaren esperientzia: existentziaren kontzientzia mugen kontzientzia baita. Eta, aldi berean, inguratzen zaituen guztiaren mugabakoa sumatu, mugabakoaren baitan ibiltzen sentitu. Izadi immentsoaren adiguri edo anparoan bildua ikusi zure izatea -borroka, inpotentzia. Beste mundu bat bilatzen duzu, bai; baina zeure barnean. Beste zeu bat, diferentea, etortzen, igotzen, inoiz ez ailegatzen, eta beti ailegatua nolabait. Eta agian, gero, izan daiteke egiaren parte bat hori ere, gailurreko argi posiblearen eta bideko txoriak entzuteko ideiaren pozak lagun egiten eta laguntzen diola mendizalearen eginahalari. Baina egintzaren egiazko zentzua egintzaren beraren barruan dago, ez dator kanpotik emanda; zentzua bideak dauka, ez gailurrak. Edo, hobe, zentzua mendizalearen erabaki(men)ak eta ahalegintzak dauka.” (Azken egunak Gandiagarekin, 285)
Hirugarrenik, horizontetzat eta argitzat ere hartu izan da zentzua, gauzak ageri zaizkigun hondotzat, ikustea eta ulergarritasuna ahalbidetzen duena, baina baita bizitza bera ere: zentzua ez da ezer, baina zentzurik gabe ezer ez da ezer. Mitologietan argia mundua baino lehenagokoa izaten ohi da, gauza ororen izatearentzako espazioa, Biblian zehazki eguzkia baino lehenagokoa. Argiari esker gainditzen da hasiera baino lehenagoko kaosa, argian atontzen da kosmosa, hasiera bera baita argia, formen unibertsoaren altzo, edozer ager dakigun beharrezko; gure baitatik atera ere egiten gaitu, gauzetara joan gaitezen. Zentzuan bizi garen bezalaxe, argian bizi baikara ohartu ere gabe argian gabiltzala. Gandiaga argindarrik gabeko baserri batean jaio eta koskortu zen; inoiz ez dugu jakingo zer izan ziren Gandiaga lakoentzat egunsentia eta ilunabarra; badugu bonbilla, baina galdua dugu argiaren eta ilunaren sentiberatasun derrigortu hura, Gandiaga egunero goizean goiz jaikitzera bultzatzen zuena, argiaren betiko etorrera eta zabaltze beti berria bizi ahal izateko.
Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 3
Azurmendiren askatasuna, bestalde, Hegelen handiosa ez izateaz gain, Sartreren indibidualista ere ez da. Zegamarrak gizakia praktika errealean beti ikusten du tradizio batean kokatua, inguru batean. Hermeneutika zuzen dabil: ez dago purutasunik, ezin da eraginik gabe pentsatu. Azurmendiri Descartesen tabula rasa egin eta hutsetik abiatu nahia ez zaio batere fidagarri. Nahiago du Montaigne Descartes baino, Erasmus eta Rabelais Newton baino, Errenazimenduko humanismoa zientzia modernoa baino, ortzadarra ekuazio batera murrizten baitu, eta zentzua legera.
Egia da bizitzaren zentzua asmatu egiten dela, ipini; askatasun apal hori duela abere hiztunak. Edonola ere, zentzugintza ez da hutsetik abiatzen, ez du indibiduo originalak deusezetik sortzen. Hizkuntza legez, komunitateak eskainiak aurkitzen ditugu bizitzaren zentzu posible batzuk. Zentzu horiekin zer egin, hori gure esku dago, hori da gure askatasuna. Onar ditzakegu, ukatu, paso egin, apur bat egokitu eta berrasmatu. Hizkuntza bezala, aldi berean erabilgarri eta oztopo izan dakizkiguke, gorabide eta herstura. Claude Lévi-Straussek erabili zuen metafora darabil hemen Azurmendik: komunitatearen tranbian goaz nahitaez. Komunitatearen tradiziotik jaso duzun bizitzaren zentzuaren tranbian zoaz, tranbia horrek zaramatza. Hala ere, bizitzako bidaiari pasibo hutsa ez bazara bederen, zeuk erabaki behar duzu tranbiatik jaitsi ala ez, zure burua tranbia martxan doala bota, tranbiaz aldatu, eseriko zaren, non eseriko zaren, leihotik paisaiari begiratuko diozun, bidaideekin solastuko zaren ala isil-isilik eta bakar-bakarrik geratuko, irakurtzen kasu. Tranbia batean zoaz, eta tranbia badoa, baina tranbia utzi ala ez, ala tranbian bertan zu nola joan, hori zeuk erabaki behar duzu. Zure erantzukizuna da komunitateak eskaintzen dizun zentzuarekin zer egin.
Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 2
ASKATASUNA
Hauxe izaten da filosofoen eta filosofien sailkapenetako bat: batzuek zoriona dute xede gailen, eta beste batzuek ostera askatasuna. Zoriona helburu Aristoteles, Epikuro, estoikoak, San Agustin, Spinoza, Schopenhauer eta Nietzschek izan dute, besteak beste. Eta askatasuna giza ezaugarri nagusitzat hartu dutenen artean ditugu Platonek kontatutako Prometeoren mitoa, Pico dela Mirandolla, Rousseau, Kant, Hegel eta Sartre. Azurmendi ere maizago arduratu da askatasunaz zorionaz baino.
Libre delako galde dezake gizabereak bizitzaren zentzuaz; eta giza askatasunaren aukeretako bat da zentzuren bat onartu edo asmatzea, edo zentzua ukatzea. Gizakiak zentzua asmatu behar izan du zeharo babesgabe jaiotzen delako, ezin delako orainaldian bizi, senak ez duelako goitik behera determinatzen. Azurmendik bere egiten du Hegelen apotegma: gizakia bada ez dena, eta ez da badena. Beste abereak ez bezala, gehiago bizi da iraganean eta etorkizunean orainaldi naturalean baino. Urradura libre bat da. Zeharo determinatua ez izate horrek erabaki etiko, politiko eta are dietetikoak hartzera behartzen du.
Azurmendi ez da liburu edo autore bakar baten fededuna. Voltaire, Hegel, Nietzscheren pentsamendu batzuk bereganatu eta beste batzuk baztertzen ditu, libre. Rousseaurengandik, ez du onartzen gizakia zintzo jaio eta gizarteak gaiztotzen duela. Aitzitik, Azurmendik giza askatasun anbibalente gazi-gozoaz duen ikuspuntuarekin bat letorke Rousseauren bigarren diskurtsoak, Desberdintasunari buruzkoak, dakarren egiaztapen hau: biologiak erabaki du usoak alea jan behar duela eta katuak okela. Gose den uso bati alboan katilu bat bete okela uzten diozu, eta dastatu ere egin gabe hilko da katiluaren ondoan. Okela jateak bizirik atxik lezake, baina instintuak ez du okela jateko programatu. Gizakiak, berriz, goserik gabe ere jan dezake, desira barik masturbatzen jarraitu. Gizakiarenean, desira ase denean ere, gogoak bizirik baitirau. Gizakia abere hutsa da, baina biologiak ez du erabat determinatzen, eta indeterminazio horrek ematen digu kolesterolaren gainezkaldiagatik edo gose greban hiltzeko arriskua eta aukera. Era berean, indeterminazio horrek ahalbidetu digu mintzamena, zentzuaren adierazle eta medium nagusia.
Askatasunaren beste pentsalarien aldean, ezaugarri bereziak ditu Azurmendiren ikuspuntuak. Harena ez da Hegelen askatasun heroikoa, baizik eta askatasun apal bat, ahula. Batetik, agian, Euskal Herriaren historia eta gaur egungo egoera sakonki aztertu duen euskaldunak ezin diolako askatasun harro bati bidea eman. Bestetik, apika, Azurmendik hizkuntzaz duen kontzepzioagatik. Zabala bezain aberatsa da kontzepzio hori, eta hemen ezaugarri bat zirriborratzera mugatuko naiz.
HIZKUNTZA
Hegelek dioenez, erreala razionala da eta arrazoia erreala, bat datoz hitzak eta gauzak, hizkuntza eta mundua. “Zaldi” kontzeptuari ez zaio zaldi enpirikoaren funtsaren ezer falta. Beraz, gizakiak egia absolutua adieraz dezake.
Bestelakoa da Nietzscheren ikuspuntua, Azurmendik itxuraz bere egiten duena. Zegamarrak biziki maite du “Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” testua, hain gazte joan zitzaigun Igor Aristegik euskaratua. “Schopenhauer, Spengler, Nietzsche, Miranderen pentsamenduan” liburuan aztertu eta iruzkindu du. Hor Nietzschek dio, besteak beste, filosofiaren eta zientziaren funtsa, hots, kontzeptua, bere jatorri metaforikoa ahaztu duen sorkari artistikoa dela. Grekoz “garraio” esan nahi du “metafora” hitzak. Gaur egun ere, Atenasen, metafora-enpresak dira garraio-enpresak, eta hori arras iradokitzaile eta esanguratsua da filosofiari begira.
Hara giza hizkuntzaren jatorria eta ahultze-prozesua: aurrena, errealitateak gizakiari nerbio-kitzikadura eragiten dio; gero, kitzikadura hori irudi bilakatzen da: itsaso, mendi, harri. Eta azkenik soinu, hitz: “itsaso”, “mendi”, “harri”. Nerbio-kitzikadura indartsuago da irudia baino, eta irudia indartsuagoa soinua baino. Metafora-garraioaren ibilbidean, gero eta urrutiago gelditzen zaigu mundua, gero eta makalagoa dugu errealitatearekiko lotura. Dekadentziaren ondorio gara. Kitzikaduratik abiatuta metaforaz metafora gainbehera joan ondoren helduko gara zentzuari buruzko galderaren eta erantzunen ezinbesteko bitartekari den hizkuntzara. Halako tresna flakoan oinarrituriko askatasunak ezinbestez behar du umila izan.
Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 1
Bizitzaren zentzuari buruzkoa bezalako itaunek arbuio antzeko bat eragiten dute gurean: hitzaldi eta mahai inguruetan nabari da, Interneteko foroetan. Arima, hilezkortasuna, Jainkoa, erlijioa eta bizitzaren zentzua ez dira gai popularrak. Giro ilun bat iradokitzen dute, tristura, gotzainaren gonaren fru-fru mehatxagarria sakristiako itxituran. Ez da harritzekoa auzi metafisikoek jende mordoa seko aspertu edo uxatzea. Itsu metafisikoak deritze Joxe Azurmendik, zentzu peioratiborik gabe. Lirikarako eta are musikarako sentiberatasunik ez duen jendea ere badago. Barietatea ez da txarra izaten. Zentzuari buruzko galdetzaileek ere, galdera ez dute egunero eta etengabe egiten. “Galdera”, Azurmendiren gogoeta honetan, ez dagokio hainbeste azterketa teoriko hutsari, nola eske existentzialari. Badira zenbait gertaera eta aldarte bizitzaren zentzuaz galdetzera zaramatzatenak: zure umearen heriotzak, depresio batek. Zergatik bota ninduten hona, nire baimenik gabe gainera? Merezi du biziari eustea? Egia bada ere bizitzaren zentzuari buruzko galdera maizago pizten duela tragediak, eta Auschwitzen etengabe zerabiltela gogoan, pozaldi sakonek ere sor dezakete, hala nola maitearen ezusteko agerpen batek. Ez dirudi gizabereok galdera hori egiteari inoiz zeharo utziko diogunik, agian ez duelako behin betiko erantzunik. Zientziak ezin dio erantzun. Kantek erakusten du zientziak egundo ez dituela galdera metafisikoak erantzungo. Hala ere, gizakiak, gizaki deno, beti galdetuko du ea Unibertsoa, Lurreko bizia edo norberaren bizitza zoriak ala helburu ulergarriren batek mugitzen ote duen, zerbait gertatuko al zaigun hil ostean, zer arraio egiten dudan mundu arrano honetan.
OSOTASUNA
Unibertsoaren azken oinarri gisa ere ulertua izan da zentzua, ikusiko dugu, baina sarritan gertatzen zaigu eguneroko bizitzako zeregin zehatzei zentzua aurkitzen diegula, eta bizitzaren osotasunari aldiz ez, eguneroko zereginen zentzu horiek ezerezetik zintzilik baleude bezala. Zentzua aurkitzen diogu esnagailua ipintzeari, ikastetxera garaiz iristeko tranbia hartzeari, gradua ikasteari, lana bilatzeari… Baina maite ditugunak oro hilko dira. Gero, gizateria, Lurra eta Esne Bidea ere desagertuko dira. Nondik nora hau guztia, zertarako? Zenbat eta osoagoa perspektiba, orduan eta problematikoagoa zentzua.
Azurmendik dioenez, auzia halaxe ageri zaigu dagoena, Schopenhauerrek bezala, soilik razionalki aztertuz gero. Dena den, gizakiak, oro har, nahiago izaten du zentzuren batean sinetsi erabateko absurdoa onartu baino, irensgaitza baitzaio errealitatearen krudelkeria bere gordinean. Abere neurotikoa da gizakia eta azalpenak behar ditu, nolabaiteko koherentzia, aurreikuspenek lasaitzen dute, tenporek, astrologiak, erlijioak, psikologiak, beti bete izan omen diren eta beteko omen diren lege fisikoak. Errealitate kosmikoak behin eta berriz erakusten badigu ere funtsean ez duela ez gurekin ez gure kontzeptuekin zerikusi handirik, hala ere heldulekuak bilatzen ditugu, zentzuak, partekatzen ez dituenari munduko zentzurik absurdoenak irudi dakizkiokeen arren.
Zisne beltza
1-Askotarikoak dira Ninaren haluzinazioak: logelako hormetako margolanak, amak egin dizkionak, bere kabuz mugitzen; ispiluetako irudi engainagarriak, autonomia hartuko dutenak; azaleko arazoak, sarpullido edo legena, zauriak, hatzetako azal-zerrendak kentzeagatik odola, atzazal hautsiak; Leroy eta Lily larrua jotzen eta Leroy Rothbart bilakatua; Lilyk printzearen zakila ferekatzen; Beth bere aurpegia labankatu eta masailak zulatzen; azaletik zisne beltzaren lumaxkak ateratzen; palmipedoa bailitzan, behatzetako azalak elkartzen zaizkio; Ninaren doble satanikoa…
Haluzinazio horiek gauza asko izan daitezke aldi berean: gaixotasun mentalaren sintoma, Txaikovskiren obraren imitazioa bizitza errealean, mehatxuak… Halaber, Ninak bere lan artistikoa bikain egin dezan estimulu psikologikoa. Lily printzearekin edo Leroyrekin maite kontuetan haluzinaturik, sakonkiago barneratuko du printzea zisne beltzarekin joan dadin mehatxua, hobeto sartuko da antzeztu behar duen rolean.
Uste duzu Nina gaixorik dagoela? Zertan da haren gaixotasuna, nola definituko zenuke, zeintzuk dira buru gaixotasun horren ezaugarriak? Nondik etorri ote liteke?
2-Gupidagabea izaten da goi-mailako artisten arteko lehia. Arteak bizitza exijitzen dizu, odola xurgatzen dizu; Ninaren aktuaziorik gogoangarriena odolusten eta hiltzen ari denekoa izango da. Artearen historia aztertuta bistan da oso ohikoa dela arteak artistari zoriona eta bizitza sakrifikatzeko exijitzea. Bizitza arteari eskaini, horratx eskakizuna. Perfekzioak bizitzaren sakrifizioa eskatzen du. Bizitzak akatsak ditu, zimurrak, inperfektua da berez, zikina. Bikaintasun artistikoaren bila, beren burua eta gorputza, oreka psikofisiologikoa, apurtu egingo dute artistek. Nina bezalako perfekzionistek pairatzen ohi dute anorexia. Heriotzaz ordainduko du Ninak “Zisneen lakuan” lortuko duen arrakasta itzela. Merezi du perfekzio-une artistiko goren bat lortzeko bizitza bera sakrifikatzea?
3-Anorexikoaren ezaugarrietako bat perfekzio-irrika da. Ninak ez du jan nahi. Akatsez betea ikusten du beti bere burua ispiluetan. Buru-belarri bizi da bere arteari emana. Anorexiko batzuen ezaugarria da amarengandik datorkiena ez onartzea, ama elikatzaileari ukoa; halatan, Ninak ez du amaren opila nahiko, ahal bezain gutxi jaten ahaleginduko da. Begiratu sarean zeintzuk diren anorexiaren kausa gisa maizenik aipatzen direnak.
4-Leroy zuzendaria poztu egiten da Ninak jenio gaiztoa ateratzen duen aldiro. Ninak zisne zuria eta zisne beltza, biak antzeztu behar ditu. Leroy kezkatuta dabil, ordea: Ninak ez du lortuko zisne zuri izatetik zisne beltz izatera igarotzea, uste baitu Ninak alde beltza zanpatua duela, gehiegizko autokontrolagatik; koldarkeria leporatzen dio, bere alde ilunari aurre egiteko orduan. Lilyri ez bezala. Lily naturalagoa da, hobeto onartzen ditu bere baitako alde iluna zein argia. Alde ilunaren indar suntsitzailearen bila, Ninak, besteak beste, haurtzaroko panpinak desagerraraziko ditu. Amak umetu nahi duela sentitzen du. Amak ez dio barkatzen bere karrerari uko egin behar izana Nina bera edukitzeko. Alaba hiperbabestearen eta alaba zapaltzearen arteko mugan bizi da. Ninak amarekiko lotura ebaki beharko du bere barruko indar artistikoari bide emateko. Amak ez du nahi Ninak ondo pasatzea. Saiatuko da eragozten alabak estreinaldian paper nagusia dantzatzea. Alderatu Ninak eta Lilyk alde ilunarekin duten harremana.
5-Ninak bere burua amaren aurrean sendotzeko beharra dauka: “ez naiz umemoko bat, honezkero ez ditut 12 urte, intimitatea behar dut”. “Non dago nire ume goxoa?” galdetuko dio amak Ninari. Erantzuna: “Ni naiz Zisne nagusia, zu inoiz ez zinen ezertara heldu.”
Ninaren ama ere dantzaria zen, baina 28 urte zituela utzi zuen dantza, Nina eduki eta behar bezala hezteko. Halatan, Nina ez bezala, ez zen izar bat izatera iritsi. Ninak sentitzen du hori dagoela amaren jarrera zapaltzailearen azpian: mendekua, mendeku inkontzientea. Bat ote dator Ninaren sentimendu hori egiarekin?
Zer iruditzen zaizu zeuri Ninaren amaren jarrera? Gogaikarria bezain kontrolatzailea da lehen begiratuan, Ninak gainean dauka beti, etengabe deitzen dio mugikorrera, ez dio Lilyrekin irteten eta dibertitzen utzi nahi, engainuz eragotzi nahiko du “Zisneen lakua”ren estreinaldira joatea. Frustratua eta hotza du aurpegia.
Kontuan hartu behar da, ordea, Lilyk emango dion drogak Ninaren psikosia suspertuko duela, eta hain zuzen estreinaldi horretan hilko dela Nina.
Hortaz, faltsua da esatea amak beti alabaren alde jokatzen duela? Ikusita Ninak nola amaituko duen, ez al da ulergarria eta zentzuzkoa amaren beldurra?
6-Zure ustez, egia da gurasoek beren gabeziak, frustrazioak eta nahiak seme-alabengan proiektatzeko joera dutela? Zilegi al da? Zer egin behar du seme-alabak bere burua gurasoengandik babesteko?
7-Are gehiago, gaizto-itxurak gorabehera, amak, Leroyk eta Lilyk ez ote dute azken batean onena nahi Ninarentzat, bakoitzak bere moduan? Leroyk Nina seduzitzen duenean, zer du helburu nagusi, sexu gozamena ala Ninaren indar ilun artistikoak ateraraztea?
8-Zailagoa zaio Ninari gizonengana hurbiltzea neskengana baino? Haren familian ez dago figura maskulinorik. Zer iruditzen zaizu indartsuagoa Ninarengan, joera homosexuala ala heterosexuala? Edonola ere, ematen du Ninaren benetako maitea bere artea dela. Transferentzia bat dago giza maiteagandik unibertso artistikora. Leroyk mamitzen duenez unibertso artistikoa, Leroyri emango dio Ninak filmean ematen duen benetako musu bakarra. Baina Leroy ez da sinbolo bat baino. Gizon bati baino gehiago, arteak dakarren emozio eta edertasunari emango dio Ninak musu sutsua. Ados zaude?
9-Lilyren begirada zuzena da, argia, baita besteari begietara luzaro begiratu behar izaten dionean ere; Ninari berriz zaila egiten zaio edonori begietara begiratzea. Ez al da Lily lagun fidagarria? Ninari etengabe piztuko zaizkio susmoak, baina Lilyk funtsean egia diotso beti. Naturala da, ez du tolesik, ez du Nina amarruz ordezteko asmorik, ezta haren maitea lapurtzekorik ere. Konforme?
10-Ninak ez du Lily hil, ez du Lily zauritu, baizik eta bere burua. Jungen ustez, gerra guztiak dira barne gerrak. Norbaiten ezaugarri bat jasangaitza bazaigu, normalean gure baitako zerbait erakusten duelako gertatzen zaigu. Guri ez zaigu gustatzen. Erreprimitzeko lana hartzen dugu. Eta txoro horrek, berriz, batere lotsarik gabe erakusten du jendaurrean. Gustura akabatuko genuke. Etsaia beti dago barnean. Bat zatoz?
11- Darren Aronofsky Zisne Beltzaren zuzendariak jakinarazi du Dostoievskiren "Doblea" liburuak eragin handia izan zuela filmean. Lily eta Beth Niniren dobleak dira nolabait; baita ama ere, neurri batean. Bethengan eta Lilyrengan bere burua ikusten du.
Ninak ispiluetako irudiekin dituen arazoek bere buruarekin eta identitatearekin dituenak sinbolizatzen dituzte.
Gainera, esan bezala, etengabe ikusten du bere irudi errepikatua, bere doblea, bere mamu bikia. Aurrena, tren-geltokiko nasan bere buruarekin gurutzatuko da; Lilyrekin sexu harremanetan, ametsean, halako batean bere aurpegia ikusiko du Lilyrenaren ordez; Bethek ospitalean bere masailak labankatzen dituenean halaber, bere aurpegia ikusiko du Ninak. Heriotza ekarriko dion labankadak sexu-harremanetakoa erepikatuko du: itxuraz, Lily ari da labankatzen, eta lantzean behin bere doblearen irudia ikusten du. Baina alderantziz gertatzen da benetan: Lily ez da haluzinazioa baino, bere buruaren kontra jo du benetan Ninak, beraren sabela urratu. Horrela ikusten duzu zuk ere?
12-Pelikulan etengabekoak dira ispilu-jokoak artearen eta errealitatearen artean, naturaren eta kulturaren artean. “Zisne beltza” filmean, bizitza errealak Txaikovskiren “Zisneen lakua” imitatuko du: ez da, ohi bezala, artea natura imitatzen duena, alderantziz baizik. Artea imitatzen duen errealitateari buruzko artea da. Txaikovskiren obran, neska goxo, garbi eta birjina zisne baten gorputzean harrapatua gelditu da, zisne bilakatu dute. Neskak libre izan nahi du, baina soilik maitasunak hautsi dezake sorginkeria. Neskaren nahia ia beteko da, printze batek maite baitu. Ordea, printzeak neskari bere maitasuna aitortu baino lehen, neskaren doble lizunak, neskaren lehiakideak, Zisne Beltzak, Printzea engainatu eta seduzituko du. Etsita eta jota, Zisne Zuriak bere burua amildegi batetik behera botako du. Heriotzarekin batera, baina, askatasuna ere aurkituko du. Bizitza errealean, amak Nina balletera bultzatu du, bere frustrazioa konpentsatzeko. Ninak zisnearena egin beharko du. Nina neska goxo birjina zisnearen gorputzean dago harrapatua. Printzea bere dantza-kidea da. Gauzak apur bat gehiago konplikatzeko, Natalie Portman eta printzearena egiten duen aktorea errodajean maitemindu eta ezkondu egin ziren. Ez, beraz, filmeko bizitza errealean, baizik eta gurean. Filmean ordea, dantza-kidea Lilyz maitemindu dela sentituko du Ninak, “Zisneen lakua”n printzea zisne beltzaz bezala, eta azkenik bere burua amildegira bota eta hilko du, Txaikovskiren protagonistaren ildotik. Aldi berean hilko dira zisne zuria eta Nina. Bat zatoz interpretazio horrekin? Bilatu sarean zer den “mise en abyme”.
13-Zaharrak badoaz, badatoz gazteak. Arte mota batzuetan, kiroletan bezala, adinak ez du barkatzen. Gazteak heldua kanporatu eta ordeztuko du, hori da bizilegea. Ordea, zenbaitek ez darama ondo: Bethen kasua. Ninari behin eta berriro etorriko zaio burura, berak Beth ordeztu duen moduan, Lily bera ordezteko grinak bizi duela. Ninaren beldurren artean dago Leroyk nahiago izatea Lily bera baino. Hasieratik ikusten du Lily lehiakide arriskutsu gisa, bera desplazatu nahian dabilen anbiziotsu kalkulatzaile gupidagabea, lagun-plantak Nina tronugabetzeko darabiltzana. Benetan sentitzen du hori Lilyk? Ez ote da oroz lehen Ninaren sentimenduaren proiekzioa?
14-Ninak, goi-mailako artista askok behar duten exijentziaren ondorioz, anorexia eta bulimia pairatzeaz gain, haluzinazioak ere izango ditu. Dantzarien arteko norgehiagokak arazoa larrituko du. Leroy-ren ustez, gehiegizko autokontrol eta perfekzio-grinak frigidotasuna eragiten dio Ninari. Hitzez hitz dio Ninak perfektua izan nahi duela. Leroyk berriz erantzungo dio perfektu izatea ez dela soilik kontrol kontua; zure buruaz ahaztea eta deskontrolatzen jakitea ere bada.
Frigidoa eta birjina da Nina, aitortzen ez duen arren. Horregatik ipiniko dio Leroyk etxekolan gisa masturbatzea, barrualdea askatzen lagunduko diolakoan. Ordea, masturbatzeko ahalegin biek haluzinazioak eragingo dizkiote: aurrenekoan ama agertuko zaio eta bigarrenean Ninaren beraren mamu bikia. Ninak eta Lilyk sexu harremanak dituztenean ere, etengabe ikusiko du Ninak Lilyren ordez Ninaren beraren doblea. Bestalde, gero jakingo dugu Lilyrekiko harremana amets bat izan dela. Desira larregi zapaltzeak estresa eta eromena ekar dezake?
Camino
CAMINO
1-Filosofia laikoak zein erlijioak, biek bilatzen dute giza bizitzari zentzu bat ematea, eta bizimodu sakon eta eder bat. Desberdinak dituzte bide psikologikoak, ordea.
Caminok erakusten duenez, erlijioak bultzatzen duena da pertsona Jainkoaren aurrean belaunikatzea eta apaltzea. Gizakiak uko egin behar dio bere buruari, bere adimenari, bere arrazoimenari, eta Jainkoari utzi bere bizitza gida eta goberna dezan. Gizakiak bere barrualdea hustu behar du, Jainkoak bete dezan.
Aldiz, etikak giza arrazoimenera mugaturik nahi dio bizitzari zentzua bilatu, eta izaera eta bizimodu eder bat sortu. Giza adimen mugatua da azken erreferentea, eta ez beldurra baretzeko giza adimenak aurrena sortu eta hurrena egiazkotzat hartu duen Jainkoa bezalako irudimenezko izaki bat, inoiz ez dizuna hutsik egingo eta traizionatuko, ez delako benetan existitzen.
Zure psikologiak nora bultzatzen zaitu gehiago, filosofia laikora ala erlijiora?
2-Badago erlijioaren alde bat tanatofiloa, hau da, heriotza maite duena.
Caminoren ama gorrotagarria egiten da, alabak bizitzatik urrundu eta heriotzara bultzatzen dituelako. Ez da argi gelditzen zer zerikusi izan zuen Caminoren neba txikiaren heriotzarekin, baina iradokitzen zaigu amak eragin zuela. Amak hautsi zuen gezurren bidez Giusepperen eta Nuriaren arteko harremana. Egunero ematen dizkio eskerrak Jainkoari alaba hilko dion eritasunagatik, pozik dago alaba hiltzera doalako. Abadeak soilik behin Camino hildakoan nahi dio argazki bat atera, hilik oso ederra dagoela aldarrikatuz. Ospitaleko gelan, txalotu egiten dute Caminoren heriotza. Loiolako San Inaziok ere, jesuiten fundatzaileak, zioen gizakion betebeharra dela bizitzan hilda bageunde bezala ibiltzea. Zure ustez, psikologikoki sinesgarria izan daiteke bizitzaren aldeko erlijio bat?
3-Beharrezkoa ote da, erlijioa indartzeko, sublimazioa sendotzeko, Caminoren ama bezalako maitasunaren etsai bat izatea? Kontrajarriak al dira bizitza izpirituala eta garen animaliaren onarpena? Zergatik hautsi zuen Caminoren amak Nuriaren eta Giusepperen arteko harremana, ahizpa Opus Dei-en sartzeko orduan erabakigarria izan zen haustura, hain zuzen?
4-Filmak erakusten digun kristautasuna gorputzari, maitasunari eta gozamenari gorrotoan dago oinarritua. Kristauak bat egin behar omen du torturatu eta hil zuteneko Jesukristoren oinazearekin, soilik sufrimendu horren bitartez garbitu baitezakegu arima. Zentzu horretan, esan liteke kristautasunaren oinarria masokista dela?
5-Amak behin eta berriro kaiolatu eta Caminok askatzen duen sagua desira da, bizitza, Camino Cucorengana daramana, eta Giusepperekin berriro elkartutako Nuriarengana, hondartzara eta itsasora. Gero, eritasunaren erruz Caminori desira itzaltzen zaionean, sagua bere kabuz sartuko da kaiolan. Bat zatoz interpretazio horrekin? Zergatik?
6-Filmak antzerkia eta erlijioa kontrajartzen ditu. Antzerkia bizia da; erlijioa heriotza. Kristauek antzerkia debekatu izan dute, esaterako Kalbinismoa bezalako korronte garrantzitsu batek. Amaren, izebaren eta Opus Deiren tanatofiliaren aurka, biofiloa da Caminoren eta bere aitaren jarrera, antzerkiaren, maitasunaren eta bizitzaren aldekoa. Camino lotu egiten zaio Jesus-Cucori. Cucorekin dantza eta musua izango dira Caminoren zerua. Fededuna izan zein ez, deskribatu zuk nahiko zenukeen zerua.
7-Camino protagonistak kristautasunean hasieratik agertu zen kontraesan bat adieraziko du: Jainkoa ona, orojakilea eta ahalguztiduna bada, zergatik sufritzen dute errugabeek? Orojakilea bada, badaki sufritzen ari direla, eta aldi berean ahalguztiduna ere baldin bada, sufrimendua desagerraraz dezake. Zer gertatzen da orduan? Jainkoa ez da ona? Fedegabe askok arrazoi hori erabili izan dute Jainkoaren existentzia ukatzeko. Nola ikusten duzu zure burua: teista, agnostiko, ateo, deista, fideista? Zergatik?
8-Jesukristok esan zuen, baldin eta haren dizipulu izan nahi badugu, gure familia biologikoari uko egin behar diogula. Horregatik ahalegintzen da etengabe Opus Dei, kristautasunaren barruan garrantzi handia duen erakunde hori, bere kideak familietatik bereizten. Konbertsioak eskatzen du gorputzari, familiari, jasotakoari ukoa, izpirituaren mundu berri eta puruan sartu ahal izateko. Horri deitzen zaio sublimazioa: indar biologikoak biologiatik aldendu eta izpiritura igotzeari, libidoa xurgatu eta gogamen garbira bideratzeari. Bat zatoz biologiaren eta izpirituaren arteko bereizketa horrekin? Zergatik?
9-Jarrera erlijioso baten arabera, gertatzen den guztia, on zein txar, Jainkoak bidalitakoa da, eta beraz onartu beharrekoa, sakratua. Maite ditugunen eritasuna, oinazea, heriotza, Jainkoak nahi izan ditu eta beraz pozez onartu behar ditugu. Zer deritzozu?
10-Nire lagun batek Opus Deiren ikastetxe batean ikasi zuen. Neskak bakarrik. Filmean ere, neskak eta mutilak bereizirik dauzkate. Kontua da neskek debekatuta zeukatela praka bakeroak janztea, Opusekoek ziotenez etengabeko masturbazio bat dakartelako, igurtziagatik; eta asteburuan ikasle bat ikusiz gero bakeroekin edo motorraren atzealdean eserita mutil-lagunari helduz, beste ikasleek edota irakasleek zuzendaritzan salatu behar zuten, bestela zigorra. Zer nahiago duzu, markaketa estu hori, ala gurean nagusi den ezaxola?
11-Tentaldian jaustea bizi-bultzadei amore ematea da, deabruaren xarmaren pean erortzea, eta, Opuseko abadeak dioenez, soilik etengabeko otoitzari esker gainditu dezakegu eta salba gaitezke. Jainkoa duenari ez zaio ezer falta, aski da Jainkoa bizitzeko eta hiltzeko, ez dugu beste ezeren beharrik. Hala ote da?
12-Zure ustez, zer da heriotza: bizitzaren amaiera, zentzumenek eta filosofia immanenteek erakusten duten legez, ala benetako bizitzaren hasiera, zerurako sarbidea, erlijio gehienek dioten bezala? Hil ostean eta eternitate osoan ondo eginak sarituko dizkigute, eta txarto eginak zigortu? Ala heriotzak eta ezerezak eragiten digun ikara konpentsatzeko asmatzen dituzte erlijioek zeruak, infernuak, eta, oro har, hil osteko edozein bizialdi?
13- Zer iruditzen zaizu filmaren amaierako telepatia? Gure hau ez den beste mundu baten existentzia independentea ukatzen du filmak. Caminoren burmuinean dago zerua, ez beste inon, Caminoren irudimenean. Ordea, filmak zientziak errealtzat onartzen ez duen aukera bat erabiltzen du: telepatia. Sinesgarria egin zaizu Caminok Iruñean hiltzera doala Madrilgo antzerkiarekin duen harreman telepatikoa?
14-Sekretuak Gordetzeko Kutxako musikak ez die sekretuei ihes egiten uzten eta lagundu egiten du erlijioak estaliriko egiak adierazten, mintzoz zein irudimenez. Musika hori entzuten denean, Caminok konfidentziak trukatuko ditu aitarekin, batez ere maitasunaren ingurukoak. Aldi berean, musika horrek ezinegona eta kezka eragingo dizkio ama Gloriari, eta jakin-mina, sumatuko balu bezala musika horrekin batera askatu eta plazaratuko direla zapaltzen ahalegindu den desirari, amodioari eta bizitzari buruzko berriak. Zer iruditzen zaizu, Camino hiltzean Sekretuen Kutxako musika entzuteak adieraziko lukeela maitasuna eta irudimena erlijioaren errepresioari gailendu zaizkiola? Nola interpretatzen duzu Caminoren heriotzarekin batera ageri den eszena, Cucorekin dantzan eta aitarekin besarkatuta?
Kontakizun basatiak
Hemen dago filma
Filmeko sei kontakizunetan injustizia baten aurkako mendekuak erakusten zaizkigu: Pasternaki hegazkinean doazen guztiek eta lorategian egunkaria irakurtzen duten gurasoek izorratu diote bizitza; jatetxeko bezeroak zerbitzariaren aita suizidiora bultzatu du eta ondoren amarekin larrua jotzen ahalegindu da, eta sukaldaria gizarteak zapaltzen du, libreago sentitzen du bere burua espetxean; hirugarrenean, bi auto-gidariek elkar oztopatu eta iraintzen dute; Simon Fischerri garabiak bidegabeki eramaten dio autoa; bosgarren kontakizunean, aberaskume batek haurdun dagoen andre bat autoz harrapatu, hil eta ihes egingo du, alarguna utzirik; eta seigarren eta azkenekoan, Rominari senargaiak adarrak jarri dizkio. Boteretsuek, gizonek, harroek, aberatsek eta agintari arbitrarioek iraindutakoen mendekuak erakusten dizkigu filmak. Lehenbiziko kontakizuneko Pasternak, esaterako, hedabideetako aginteak iraindu zuen (kritikariak), aginte akademikoak eta psikiatrikoak ere bai, enpresako ugazabak, bullying egin zioten, gurasoek eta neskalagunek ere iraindu zutela sentitu zuen…
“Kontakizun basatiak” filmeko protagonistek normalean jokabide etikoki zuzentzat jotzen denaren kontrakoa egiten dute. Gure ikastetxeetako testu-liburuek bere egiten duten normaltasun horrek saltzen digunaren arabera, gizakiok arrazoiak bereizten gaitu animaliengandik, senetik eta naturatik libre gara adimenari esker, giza harreman zibilizatu, atsegin eta emankorrak sor ditzakegu. Kontakizun basatiek, berriz, beren onetik aterata erakusten dizkigute protagonistak, pasiozko instintuen menpe, zeharo deskontrolaturik. Kaltetuko dituen pasio irrazionala jabetzen da haietaz, eta desarrazoiz jokatzera behartzen ditu. Eta arrazoia erabiltzen dutenean ez dute elkarbizitza hobetzeko egiten, baizik eta mendekua planifikatzeko. Filmean emozioak badira ere protagonista, zirrara intentsu itsuak, eta ez horrenbeste denboran luzatzen diren sentimendu epelagoak, hala ere emozio horiek zenbaitetan pasio bilakatzen dira, gorroto mendekatia bihotzetik adimenera igo eta egitasmo antolatu eta humanoagoa bilakatzen da, animalia-mendeku berehalakotik giza mendeku burutsura igotzen da. Pasternaken eta Fischerren mendekuak ez dira primarioak, baizik eta oso gizatiarrak, maltzurrak. Ordea, inteligentzia ez dago hemen helburu zibilizatuen zerbitzura, baizik eta grinarenera. Eta min handiagoa egiten dute astiro eta modu hotzean pentsatutako mendekuek, berehalako mendeku sutsuek baino.
1-Zinemarako eta literaturarako joko handiagoa ematen du deskontrolak zibilizazioak baino, ikusleak eskertzen du bere animaliatasunaren errainua. Adibidez, umoreari begira, bistan da barregarriagoak garela gure buruaren jabe izateari utzi eta gure onetik ateratzen garenean, autokontrolak ondo funtzionatzen digunean baino. Zuri ere emankorragoa iruditzen zaizu literaturan eta zineman desoreka oreka baino? Zergatik?
2-Animaliak gara, ugaztunak, primateak. Uste duzu, hala ere, gizakiok animaliazko pasioak menpera ditzakegula? Libreak gara, bideragarria da etika, ala azken batean gure psikologia goitik behera dago emozio primario gobernaezinen menpe? Gure etika, ustezko gure askatasuna, ez da laugarren kontakizunean jausten den eraikina bezain hauskorra?
3-Mendeku-gosea ezin denean berehala ase, epe luzerako planifikazioa sor daiteke. Sinesgarria iruditzen zaizu lehenbiziko kontakizuneko Gabriel Pasternaken mendekua?
4-Bigarren kontakizuneko sukaldari hiltzaileak gizarte ordena injustuaren aurkako mendekua hartuko du, etxe-lapurrarengan mamitua ikusiko duena. Berak xaxatuko du zerbitzari aita-zurtza gizonaren aurka, berak jarriko dio arratoien aurkako pozoia eta hilko du sastakatuta. Ez zaio axola espetxera eraman dezaten.
Ezaguna du espetxea. Gure gizarteetako bizimodua kaka zaharra dela dio, hobeto barruan, kezka gutxiago, janaria eta ohea prest, lagun-talde egoki bat aurkitu eta ondo pasa dezakezu... Ados zaude?
5-Barne gatazka bat izaten da guztion baitan: alde batetik, uste izaten dugu zibilizazioan, elkarbizitza helburu, mendeku-gosea eta beste edozein pasio epeldu behar direla, eta beharrezkoa dela legea ahalik eta modurik hotz eta objektiboenean aplikatzea. Epaiketa objektibo batek erabaki behar du zigorra. Bestetik, ordea, ahulegia iruditzen zaigu neutraltasun hori, gaizkileak sufritzea eskatzen digu erraiak, begia begi truk gutxienez.
Desberdinak dira legelariaren eta psikologoaren mintzamoldeak. Legeak zigorra bilatzen du, ahal bezain zuzen eta zuhurra; psikologoak, aldiz, jokabideen arrazoiak, jokabide kriminal nazkagarrienak barne. Delitua pairatu duenari sarritan iruditzen zaio psikologoak gaizkilearen jokabidea zuritzen duela, hau ulertzen saiatzen den heinean. Biktimarekin enpatizatzeak ezinbestez dakar biktimaren zigor-eskaera onartzea?
6-Nietzscheren ustez, hobe da irainari lehenbailehen erantzun eta barruko harraz libratzea, eta ez amorrua barruan luzaro eramatea; kolpe egoki bat garaiz, eta ez urteak eta urteak barne-muinak gorrotoz usteltzen. Hirugarren kontakizunak iradokitzen du irainaz paso egin ezean, iraintzaileaz gainera iraindu mendekatia ere galtzaile irten daitekeela. Iraintzen zaituztenean, (“Negro resentido! Forro!"), iharduki behar al da, erraiek eskatzen duten bezala, edo zuhurragoa da, eta epe luzera irainduarentzat egokiagoa, erantzuteari uko egin, amorrua apaldu eta lehenbailehen ahaztea? Jarrera hori ez da zure burua babestu eta hobeto bizitzeko egokiagoa, mendeku-irrikari kosta lain kosta eutsi nahi izatea baino? Zein da indartsuagoa, mendekatzeko irrikari bidea ematen dion pertsona, ala gai dena mendeku-gosea bere bizitzatik desagerrarazteko?
7-Auto barruan inoiz baino gehiago iraintzen dugu, errazago ateratzen dugu alde iluna. Gotorleku batean sentitzen dugu gure burua, babestuta, helezin. Ez al da koldarkeria adierazpen bat aurrez aurre egingo ez genukeena autoaren babespetik egitea, adibidez zaunka eta keinuz iraindu?
8-Hirugarren kontakizunak gorrotoa eta maitasuna zeinen antzekoak diren adierazten digu: bi protagonistak, bereizteko eta bizia salbatzeko aukera dutenean ere, pasio bortitzago batek elkarrengana itzularazten ditu, laguntasuna bezain ahaltsua baita etsaitasuna. Mendeku-goseak itsutzen du Iturralde. Bizirik irten zitekeen, baina herra batzuetan indartsuagoa da maitasuna baino; eta indartsuagoa ez denean ere, oso antzekoa izaten da, indiferentzia baino antzekoagoa bai, bederen. Auto barruan elkar hiltzen ahalegintzen diren bitartean, nahi gabe irratia piztu eta maitasun-kantu bat entzuten da, eta azkenik bi eskeletoak besarkaturik ageri dira, amodioaren suak kixkalitako maitaleak bailiran. Komisarioak hipotesi gisa adierazten duelarik pasiozko krimen bat izan dela, goitik behera asmatzen du, baina ez berak uste duen zentzuan. Zer iruditzen zaizu gogorragoa, maitasuna ala gorrotoa?
9-Laugarren kontakizunean, hasieran Simon Fischerrek eraikin bat lehergailuz eraisten du; ondoren, bere bizitzaren demolizioa erakutsiko zaigu: autoa era bidegabean eramaten dio garabiak, ez da Fischerren errua alabaren urtebetetze-ospakizunera garaiz ez iristea; emazteak ordea ez dio barkatuko. Bere egiari, duintasunari eta zintzotasunari legearen aurka eusteagatik eskatuko dio emazteak dibortzioa eta botako dute lanetik: aurrerantzean familia, enpresa, abokatua, udaletxea, den-denak irudituko zaizkio Fischerri traidoreak, gezurtiak, eroak, gaiztoak.
Seigarren kontakizunean Romik bezala, Fischerrek Lacan psikoanalistak “ekintza” leritzokeena gauzatuko du: normaltasun ustela goitik behera inarrosiko duen ustekabeko akzio bortitza. “Kontakizun basatiak” filmak batzuetan aditzera ematen badu ere hobe dela irainari ez erantzutea, ondorioak iraina irenstea bera baino kaltegarriagoak izan baitaitezke irainduarentzat, laugarren eta seigarren kontakizunetan bestelakoa da ikuspuntua. Iharduki kontundenterik ezean gizajo abandonatu bat izaten jarraituko zukeen Fischerrek, primeran erabiltzen dakien lehergailuekin garabiak txarto aparkatutako autoak eramaten dituen parkinga suntsituko du, eta horrela, aurrerantzean “bonbatxo” ezizenez ezagutua izango denak, garabien mafiaren aurkako amorruari bidea eman eta injustiziari ausarki erantzuteari esker, alabak, emazteak, abokatuak eta oro har gizarteak ukatua zion onarpena eta maitasuna berreskuratuko ditu. Kartzelaldia bete beharko du, baina preso-kideen eta kartzelarien mirespenak ere lagunduko dio.
Zure ustez, zer da etikoki zuzenagoa, Simonek egiten duen bezala injustiziari aurka egin eta erantzutea, bortizki bada ere, edota legea zenbaitetan ez dela era egokian aplikatzen onartu eta injustizia onartzea eta aurrera jotzea? Eta psikologikoki onuragarriagoa?
10-Simonen lehenbiziko erantzuna, su-itzalgailuarekin kristala apurtzeko ahalegina, porrota da: atxilo daramate Simon eta ez du benetako minik eragin; bigarrenak bai aitzitik. Mendeku planifikatuaren apologia iruditzen zaizu kontakizun hau?
11-Gure gizarteek berez hausten dute giza eskubide bat: hiritarron arteko berdintasuna, ekonomikoa noski, baina baita legearen aurrekoa ere. Aberatsek abokaturik onenak eros ditzakete, eta diru-truke txiroak zigortzea lor dezakete beraiek libre geldituta. Bosgarren kontakizunak gordin erakusten digu klase-arteko borroka: Santiago aberaskumeak haurdun dagoen emakume bat autoz hil eta ihes egin du. Bere familiak lortu du etxeko morroiak delitua bere gain har dezan, diru-truke. Alargunak mehatxu egiten du, edonon ezkutatuta ere, hiltzailea aurkitu eta ordainaraziko diola. Eta aurkituko du bere mendeku-irrika norengan asaskatu, baina ez da benetako hiltzailea izango, baizik eta delitua bere gain hartzea onartu duen etxezain txiroa. Diruak desbideratuko du mendekatzailearen arma, aberatsarengandik txiroagana. Mailukadaka hilko du.
Kontakizun honetan, ba ote dago inongo errurik ez duen pertsonaiaren bat?
12-Bosgarren kontakizun honek, alkohola edan eta porroak erretzeagatik zer gerta dakizukeen jakinarazteaz gain (gure ikasle batzuentzako abisua dirudi), mendekuaren beste alde oker bat erakusten digu: mendekatzaileak, gorrotoak itsututa, bere jo-puntua huts egin eta errugabea akabatuko du. Pasioa beti al da buru argitasunaren eta zuhurtziaren oztopo, ala zenbaitetan buru argitasuna eta zuhurtzia sendotzera hel daiteke, adimenaren gasolina izatera?
13-Bosgarren kontakizunak Nietzscheren tesi bat argitzen du: erakunde zibilizatu guztiak azpitik bultzaka dabiltzan pasioen sublimazioak dira, pasio horien bideratze adimentsuak. Esaterako, justizia-eskaeraren oinarrian mendeku-gosea dago, justiziari gure mendeku-irrika asetzeko eskatzen diogu, horregatik izan da eta da hain arrakastatsua “begia begi truk” exijentzia, gaizkileari sufriarazi duena sufriaraztea, edo gehiago, eta abar. Bat zatoz justiziaren oinarri gisa “begia begi truk” hori ezartzearekin?
14-Hasieran esan bezala, filmak gurean nagusi dabilen etikaren arabera egin behar ez dena erakusten du. Eta etikaren arabera ez jokatze horrek ondorio kaltegarriak ekarriko dizkio gizakiari: heriotza (Pasternak, Iturralde eta kakontzia), espetxea (jatetxekoa, Fischer), errugabea hiltzea (alarguna)… Ordea, mendekua gauzatzeko orduan ez dago salbuespenik gabeko lege orokorrik: kalkulurik eta planifikaziorik gabeko mendekua ia beti txarto irteten bada ere, seigarren kontakizuneko Rominaren kasuan onuragarria dirudi. Bikotearen egoera argitzen du. Lehen esan bezala, Lacan psikoanalistak “ekintza” deitzen duena duzu Romiren jelosiazko mendeku itsua: inork ez zuen horrelakorik espero, bortitza da, eta ekintzaren ostean normaltasunaren parametroak goitik behera aldatuko dira, iraultza politikoetan bezala.
Erantzuna, mendekua, sukaldariarekin larrua jotzea eta irudikatutako mendekuaren berri Ariel senarrari oihukatzeak on egiten dio Romiri. Senarra erraietan kolpatzen du, hau goitika hasiko da. Ekintzari esker, Romi igaroko da jarrera pasibo negarti batetik ekimena bere gain hartzera. Odoletan utziko du bere senarrarekin oheratu zen emakumea. Barruko amorrua eta etsipena ateratzeak Arieli ere on egingo dio. Erantzun irrazionalak, bortitzak, kontakizun honetan garbitu egiten ditu eguneroko elkarbizitzan pilatzen joan diren gaizki-ulertuak, gezurtxoak, adar-jartzeak, airean pilatu den zikinkeria ekaitzak garbitzen duen legez. Ekintza ekaiztsuaren ostean, eguraldia argitu eta harremana aurrera joango da. Hori da iraultza bat. Biolentzia adierazi, gorrotoa eta egia gordina erakutsi, mina azaldu zuhurtziarik eta kalkulurik gabe, pasio itsuak bultzatuta, arriskuan jarriz harremana eta are bizitza: ezustean, ondorioa ez da kaltegarria, alderantziz. Horrela gertatzen da bizitzan?
15-Romi jelosiak itsututa mendekatuko da. Normalean, gizartea begira dugunean, pasioak disimulatzen ahalegintzen gara. Romik, berriz, bere ezkontzan mendekatuko da preseski, gizarte osoa berari inoiz baino erneago begira duenean erakutsiko du bere oinaze eroa. Zer iruditzen zaizkizu ezkontzak? Kontraste handia izaten da eman beharreko itxura alaiaren eta barrutik ibil daitezkeen sentimendu ilunen artean?
16-Romi ederto ohartzen da intzestuak bizi duela Arielen ama, semearenganako pasio beroegiak: maizegi laztantzen du Ariel, eta honek bortizki kendu behar izaten du gainetik amaren eskua, Romirengana abiatu baino lehen. Ariel Romirekin benetan elkartzeko oztopoak dira, batetik, amaren irrika hori, eta bestetik, gizartearen iritziari ematen dion gehiegizko garrantzia. Bere bizitza goitik behera erabakitzen du bere irudi publikoak, ezkontzan ere ezin kamerak eta jendearen onespena apur bat ahaztu. Begirada gonbidatuengan dauka finkatua, hasiera batean prest dago Romiren maitasuna jendearen onarpenaren aldarean sakrifikatzeko. Romiren ekintza iraultzaileari esker askatuko da amaren eta gizartearen atzaparretatik, eta izango da azkenik Romi benetan maitatzeko gai eta duin. Bat zatoz interpretazio horrekin?
Zinezko kalipua
1-Filmak Mattieren ikasbidea erakusten du, ume izatetik heldu izatera, ez jakitetik jakitera. Iniziazio-bidaia horretan, heriotza izango da nagusi: aita hil diote, hiru gizonen urkatzea, urkatuen gorpuen artean lo, Cogburn aukeratuko du ez duelako gaizkileak hiltzeko arazorik, adar altuegi batean eskegita dagoen urkatua ikusiko du, txabolan Emmet eta Moonen heriotzaren lekuko izango da, Moonen agoniarena, ikusiko du nola hilko duen Cogburnek Moon honi sufrimendua amaitu dakion, Chaneyren gaizkide berrien sarraskiaren lekuko izango da txabolaren kanpoaldean, eta azkenik berak hilko du Chaney. Gero, leizezuloaren barruan, hildako gizon batean ezkutatuko da suge pozoitsua. Hori gizakiei dagokienez. Baina agian Little Blackieren heriotza egingo zaio gogorrena.
Gainera, zehaztasunez hitz egitera amaiera-heriotzak ez izan arren, Mattiek heriotzaren hainbat aurrekari eta adierazpeni ere aurre egin beharko dio iniziazio-bidaia horretan: jipoia, odola, bakardadea, sufrimendua, abandonoa, gaixotasuna, gaua.
Ipuin tradizional askotan, heroiak, osasun argira iritsi baino lehen, hainbat proba gainditu beharko ditu: uraren mehatxua eta indarra menperatu (Mattiek Little Blackierekin batera erreka harrotua igarotzea lortzen du); leizezuloko azpimundu hilgarriari aurrez aurre begiratu (Tom Chaneyri tiro egin ostean horrelako batean jausiko da atzez); suge satanikoaren pozoiagatik gaixotu; gaua zeharkatu… Horiek osatuko dute, besteak beste, Mattieren gurutze-bidea.
Ados zaude interpretazio honekin? Zergatik?
2-Esan bezala, iniziazioan ohikoa izaten da ura, trantsizio-bidea uraren bitartez egitea. Bataioaren zeregina, adibidez, kristaua jatorrizko bekatutik garbitzea eta askatzea da. Cogburn Mattierenganako begirunea sentitzen hasiko da ikustean gai dela bera bakarrik zaldiz ur biziak dauzkan erreka zeharkatzeko. Ordu arte ez du serio hartu. Bat zatoz?
3-Ezagutza-prozesu horretan, Mattiek ezinbesteko laguntzaile izango du Cogburn. Nietzscheren aholkua: ez bazaizu zure aita gustatzen aukeratu beste bat; aita hiltzen bazaizu, edo bestelako arrazoiengatik aitaren falta baduzu, asmatu edo sortu beste bat. Mattieri aita hil diote eta filmak erakusten du psikologian funtsezkoa den gertakizun bat: transferentzia. Aita biologikoa hil zaio eta geldika-geldika Cogburn mariskal begi-bakarrarengana bideratuko ditu aitari dagozkion sentimendu anbibalenteak.
Aitaren pistola heredatua eskuetan hartzean benetan hunkituko da. Aita berria bereziki trebea da pistola erabiltzeko orduan, zahartzen ari den arren. Gainera, pentsa liteke Cogburnen zigarretak biltzeko duen trebetasuna aitarenak prestatzen landu zuela eta berez eta segituan igaroko dela aitarenak biltzetik alguazilarenak biltzera. Gero sortuko dira trabak, Mattiek gogoan duen aitaren etika eta Cogburnena ez datozelako bat.
Dena den, lotuta daude Mattiek ez ezagutzetik ezagutzera egingo duen iniziazio-bidaia eta maisu desastroso eta azkenik salbatzaile izango duen Cogburnenganako transferentzia-prozesua. Cogburnek badu seme bat, Horace, baina izango ez balu bezala, ez dute harremanik; eta pixkanaka alabatzat hartuko du Mattie, babestu eta salbatu egingo du.
Zuk ere sumatu duzu Cogburn aitaren ordezko bilakatze hori Mattierentzat, eta Mattie Cogburnen alaba?
4-Ipuin tradizionaletako beste ezaugarri bat: Hanselek harrixkak eta ogi-apurrak edota Erpurutxok ogi-apurrak bezala, Cogburnek botila hutsak utziko ditu basoko zuhaitzetako adarretan zintzilik, itzulerako bidea seinalatu eta ez galtzeko. Zertan bereizten dira Hansel eta Cogburn? Eta zertan harrixken eta ogi-apurren funtzioa eta botila hutsena?
5-Fort Smithen badaude legeak, sarritan betetzen ez badira ere; behin-behinekoak dira, hauskorrak. Chaneyren bila indiarren naziora joan beharko dute ordea, lurralde basati legebakora (gerora Oklahoma izango zena).
Bestalde, Cogburn legearen agente bat da, baina baita mozkor hiltzaile bat ere; haren jokabideak beti zuzenak ez diren arren, badu hala ere kode etiko partikular bat. Harentzat erosoa litzateke Mattie gaizkileen esku uztea, baina neska salbatzen ahalegintzera itzuliko da, bere bizia arriskuan jarri beharko badu ere. Prest dago bere odola Mattieren alde emateko, bere bizitzaren gainetik ipiniko du Mattierena. Zein litzateke Cogburnen balio etiko nagusia? Gertu egote hori bere bizitza sakrifikatzeko, bera baino indartsuago, zintzoago eta bizkorrago datorrenaren alde? Fideltasuna beharbada, emandako hitzari eustea?
6-Mattieren asmoa da Tom Chaney hiltzea baldin eta Justiziak ez badu egiten. LaBoeufek eta Cogburnek bi bider abandonatuko dute Mattie, honen aitaren hiltzailearen bilaketan. Hain zuzen, bigarren aldiz neska abandonatzea erabakitzen dutenean agertuko da Tom Chaney. Neskak erakutsiko du prest dagoela Chaney hiltzeko. Psikologikoki ulergarria den arren, etikoki zuzena iruditzen zaizu? Zer gertatuko litzateke legea eta legearen aplikazioa nahikotzat jotzen ez duen jende guztiak justizia bere esku hartuko balu? Desobeditzearen eta legea beti eta nonahi betetzearen dialektikan, uko egin beharko genioke apika edozein irizpide unibertsali?
7-Amerikako Estatu Batuak bertan bizi ziren indiarren genozidioaren gainean eraiki da. True Grit-en bi aldiz ageri dira indiarrak: filmaren hasieran hiru lagun urkatu behar dituzte: zuriak eta beltzak urkatuak izan aurretik hitz batzuk esaten dituzte ikusleen aurrean; aldiz, indiarra hizketan hasi bezain laster urkatuko dute, ez diote utziko; berehala hil behar badute ere, azkeneko hitz horiek ere ukatuko dizkiote.
Gero, Chaneyren bila doazela, txabolaren kanpoaldean bi ume indiar daude eta, aurretik inongo probokazio ez elkarrizketa izan ez duten arren, Cogburnek portxetik lurrera botako ditu ostikadaka.
Zer iruditzen zaizu Europarrok kolonizatutako herri eta jendearekin erabili izan dugun jarrera?
8-Ez soilik AEB, historiako zibilizazio guztiak eraiki dira biolentziaren gainean. Batetik, esan bezala, AEBak indioen genozidioa du oinarri. Bestalde, Cogburn mariskalak AEBen sortzean berebiziko garrantzia izan zuten pioneroak ordezkatzen ditu; eta Mattiek, berriz, pioneroen ostean etorri ziren kolonizatzaile merkatari puritanoak. Bi figura horiek erabakigarriak izan ziren mendebaldea gobernatzen duen AEB egikaritzeko orduan. Biolentziak bien gorputzetan utzi ditu aztarnak: Cogburn begibakarra da, eta Mattie besobakarra. Bai ala ez?
9-Bai Cogburnek eta bai LaBoeufek gizon gogortzat dute beren burua, bi matxoman dira, eta hortaz erdi naturala dirudi beren arteko lehiak: zu baino hobea naiz pistolarekin, zurea baino interesgarriagoa da nire bizitza… Lehia hori, edonola ere, ez al du Mattieren presentziak areagotzen? Ez al diete umekeriazko norgehiagoka horiei ekiten, neurri batean, Mattieren mirespena nork erakarriko? Edo berdintsua litzateke zure ustez Mattie gabe ere?
10-LaBoeufen eta Cogburnen arteko lehia horren aitzakietako bat AEBeko gerra zibila da. Sezesio-gerraren oihartzunak bizirik daude oraindik, eta Cogburn eta LaBoeuf, bi-biak konfederatuak izan ziren arren, elkarren etsai ziren azpitaldeetako kideak ziren, Cogburn gerrillari-talde batekoa eta LaBoeuf armada ofizialekoa; nolabait esateko, Cogburn ETAkoa eta LaBoeuf ertzaina. Konfederatuen ala unionisten alde egingo zenuke AEBetako gerra zibilean? Zergatik?
Hemen daukazu gerra hura barrutik bizi izan zuen galtzaile baten ikuspuntua darabilen kanta eder bat, The Night They Drove Old Dixie Down.
11-Jendetza erakarri izan dute beti exekuzio publikoek: urkatzeak, gillotinak… Angiolillori Cánovas hiltzeagatik Bergaran garrotea sartu ziotenean, Euskal Herriko edozein muturretako baserritarrak oinez joan ziren mendiz mendi exekuzioa ikustera. Kondenatua aulki elektrikoan nola hiltzen duten telebistatik botatzen dutenean ere, audientzia ikaragarri igotzen da. Zeuk ere erakarmen hori sentitzen duzu? Jendeari berdin litzaioke erakargarria exekuzio publikoa hildakoa gaizkilea ez balitz ere?
12-Infernu iluna, bizitzaren jatorri biolentoa edo amaren altzoa irudika lezakeen leizezuloan erori eta suge biblikoak pozoia sartuko dio Mattieri. Inoiz baino hurbilago izango du neskak orduan heriotza, baina Little Blackiek eta Cogburnek salbatuko dute. Mattie salbatzeko, haatik, beharrezkoa izango da zaldi maitea hiltzea.
Hegelen ustez, pertsona izatera iritsi eta izpirituaren txinparta pizteko biologia sakrifikatu behar izaten da, edo prest egon behar duzu behintzat bizitza arriskatzeko, animaliatasun inozentea galtzeko, gorputza hiltzeko.
Biologiari nagusitzeko bezain ausarta denak nagusi gisa bizitzea merezi du; aldiz, beldurragatik gai ez dena bere bizitza arriskuan jartzeko ez da izango langile arrunt bat baizik, inoiz ez behar bezalako buruzagi bat. Bat zatoz Hegelekin, soilik heriotza fisikoari aurre egiteak ahalbidetzen du gizatasunera jauzia, izpiritua piztea? Ala izan zaitezke goitik beherako izpiritu eta pertsona zure animaliatasuna salbatu nahi izan arren, edo koldarra izanik, edota heroitasunik gabeko bizimodu arrunt eta eroso batean? Badago biologiaren menpe legokeen giza askatasunik?
13-Jipoiak gorabehera, eragotzitako maitasun-harreman bat da LaBoeuf eta Mattieren artekoa? Zuzena iruditzen zaizu Cogburn-aita sinbolikoa eta LaBoeuf-senar sinbolikoa eskema?
Ume basatia
Filma hemen
1-Victorren rola antzezteko ijito bat aukeratu zuen Truffaut zuzendariak, “Manitas de plata” gitarra-jole flamenkoaren iloba, hain zuzen. Iritzi-emaile batzuek arrazakeria leporatu diote, aditzera ematen baitu ijitoa paioa baino naturatik hurbilago eta kulturatik urrutiago dagoela. Ados zaude?
2-Zein uste duzu izan dela zuzendariaren helburua film hau egiterakoan? Jacques Itard doktoreak idatzitako txostena ahal bezain fidelki islatzea, beste barik?
3-Victor aurkitzen dutenean, ezagutzen ditugun gizakiak ez bezalakoa da oso. Zer ezaugarrik bereizten dute horrenbeste besteengandik? Zein ezaugarri dira, orduan, gizabanako naturala pertsona zibilizatu bilakatzen dutenak?
4-Zer dio zure intuizioak: hamaika urteko isolamenduak basoan sortu dizkio Victorri arazoak hizkeran? Ala pertsona gorra edo autista zelako abandonatu zuten bere gurasoek, hiltzen ahalegindu ostean, lepoan duen orbain luzeak erakutsiko lukeenez? Beste hipotesiren bat?
5-Aipatu Jean Itard-ek Victor hezteko erabiltzen dituen teknika batzuk. Zein iruditu zaizu baliagarriena?
6-Victorrek ura edaten duenean basorantz nola begiratzen duen, nostalgiaz bezala, edo umearen poza euripean dantzan, edota bere ihesaldiak basora Itard despistatzen denean, horrek adierazten du baduela bizimodu naturalera itzultzeko joera bat. Zilegi al da Victor bizitza basatitik aldendu eta irakaskuntza-prozesuan murgilaraztea? Itard eta bere ingurukoek eskubidea dute Victor izaki sozial bihurtzen saiatzeko, nahiz eta umeak nahi ez izan? Zergatik?
7-Aristotelesek dio soilik Jainkoak edo animalia batzuk daudela bakardadean bizitzeko eginak. Aldiz, gizakiaren berezitasunik garrantzitsuena, alegia, logos, arrazoia, mintzamena, soilik gizartean gara liteke. Beraz, Itardek aitzakia etiko aristoteliko bat leukake Victor bizimodu bakartitik erauzi eta zibilizaziora erakartzeko: Victorren beraren ahalmen nagusiak bakarrik mamituko dira baldin beste gizaki batzuekin harremantzen bada. Zer deritzozu?
8-Film hau ikusi ostean zer iruditzen zaizu, gizakia izaki soziala dela berez, edo sozial bilakatzen dela jasotzen duen hezkuntzaren eta ingurukoen eraginez? Alderatu Victorren eta Robinson Crusoeren kasuak.
9-Victorrek ikasketen aurkako erresistentzia bortitzena adieraziko du Itard hizkuntzaren oinarria irakasten ahalegintzen zaionean, hala nola orrazia “orrazi” hitzari lotzea. Zergatik ote da, Victorrek sumatzen duelako hizkuntza dela ordu arte bizileku izan duen naturatik behin betiko aldenduko duena?
10-Itardek gela ilunean sartuta zigortu eta Victorrek lehenbiziko aldiz negar egin ondoren, orduan bai, ondo burutuko du hizki marraztuak eta egurrezko hizkiak erlazionatzeko ariketa. Hizkuntzaz jabetzea litzateke ume basatia zibilizatzeko iniziazio-prozesu funtsezkoena?
11-Itarden ustez, basatia pertsona moral izatera igotzen duena da justiziaren eta injustiziaren arteko bereizketa ulertzea. Itardek bidegabeki zigortzen duenean, Victor matxinatu eta eskuan haginka egingo dio. Horrek hunkitu egingo du Itard, pozez beteko du jakintsuaren bihotza. Mintzamenaz gain, sentimendu etikoak izateak bihurtuko luke agian gizabanako naturala pertsona zibilizatu? Edo litekeena da basatiak ere gurean nagusi diren etikak ez bezalako bat izatea, bere bizimodu desberdinak ahalbidetua?
12-Uste duzu filmaren amaieran Victor pertsona zibilizatutzat har daitekeela, edo zibilizatu izateko bidean dagoela, behintzat?
13-Jakinik benetako gertaeretan oinarritutako filma dela, uste duzu Victorrek noizbait gainditu zuela berriz basoan aske bizitzeko gogoa? Zer da garrantzitsuagoa, gizarteak ematen diguna ala kentzen diguna?
14-Zein litzateke askeago: Victor basoan, gizarteaz ezjakin, inongo kulturarik gabe, senek gidatua, mintzatzen ere jakiteke, edo gure antzekoren bat, gizartean zeharo sartua, pertsonez inguratua, gailu teknikoak etengabe darabiltzala, trepeten menpe?
15-Zure ustez, zer da askatasuna, nahi duzuna egitea, alegia, biologiak agintzen dizuna, ala era arrazoizkoan zure buruari eman diozun legeari obeditzea?
16-Victorren eta Itarden garaian bizi izan zen Rousseauren ustez, gizakia, zenbat eta hurbilago naturatik, orduan eta bihotz onekoagoa. Zibilizazioak gizakia usteltzen ei du. Gure gizartea patologia gogor batek joa dagoela erakutsiko lukete edozerengatiko lehiak, benetan asetzen ez zaituzten helburu ergelen bila zeharo estresatuta bizitzeak, txutxumutxu eta zurrumurruen nagusitasunak. Bat zatoz Rousseaurekin?
17-Egokia iruditzen zaizu Jacques Itard-en jarrera Victor hezteko orduan, diziplina ezartzeko orduan tinko, are zigor fisikoak erabiltzeraino, baina aldi berean hurbiltasun afektibo bat erakutsiz; zorroztasunez irakasteko gai baina aldi berean umearekin jolasean, danborrarekin, argia islatzen duen ispiluarekin, eta abar?
18-Heziketa eta instrukzioa bereiziko zenituzke? Pedagogo batzuen ustez, soilik etxean behar bezala heziriko ikaslea izango da eskolan ikasteko gai. Ados zaude banaketa horrekin, edukazioa etxean eta ikasketa eskolan? Jolasa eta autoerrealizazioa etxean eta eskolan, berriz, diziplinaren bitartez ikaslearen jakintza-maila igo?
19-Zarena garatu eta barruan daukazuna loratu dadila, hori da jarrera pedagogiko batek heziketari eskatzen diona: zu zeu izaten jarraitzea. Beste ikuspuntu baten arabera, berriz, ikasleak aldatu egin behar du, beste norbait bilakatu. Lehenengo jarrerak hezkuntza jolasari lotu izan dio, eta bigarrenak diziplinari. Zure ustez, nola ikasten da hobeto, lan eginez ala jolastuz? Autoritate jakintsuari obedituz ala barruan daukazuna espresatuz? Hobeto ikasten da Matematika xakean eta musean, ariketa zailak diziplinaz ebazten baino?
20-Guztiok ezagutu ditugu DBHn ez irakurtzen eta are gutxiago idazten dakiten ikasleak, adinagatik mailaz automatikoki igotakoak. Nietzschek XIX. mendean zioenez, hezkuntzaren funtsa da zenbatzen, irakurtzen, pentsatzen eta idazten irakastea. Eta helburua, ostera, nor bere baitaraino eta bere goi-mailaraino heltzea, bere aukera onenetaraino. Eta hori ezin ei da modu masiboan eta teknikoan egin. Nietzschek hori idatzi zuenez geroztik 150 urte igaro diren arren, ez al da gaur egungo irakaskuntzaren arazo nagusia ere, ez duela lortzen gazteek behar bezala irakurtzen, pentsatzen eta idazten ikas dezaten, salbuespenak salbuespen?
21-Nietzscheren iritziz, merezi duen heziketa orok dantza barnebildu beharko luke: oinekin dantzatu, ideiekin, hitzekin, eta, esan gabe doa, baita boligrafoarekin eta teklatuarekin ere. Ondo idaztea da boligrafoa eta teklatua bizkor eta harmoniaz dantzaraztea. Aski sartua dago gorputza eta erritmoa gure hezkuntza-planetan?