Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zigorra ala egia

Zigorra ala egia

Markos Zapiain 2021/04/01 11:55
Naparra. Kasu irekia (eta VIII)

Suposatzen da estatu demokratiko batek hiritar guztiak berdin tratatu behar dituela eta giza eskubideen aurkako edozein delitu berdin ikertu. Ordea, Espainiak eta Frantziak estatuaren aurkako delituak ganoraz ikertzen dituzte, eta disidenteen aurkako delituen ikerketak trabatu. Ez da batere harrigarria, mundu osoko estatuek jokatzen dute berdintsu.

Hemen, gurean, disidenteen familien aurkako krudelkeria da arreta deitzen duena. Ukitu sadiko nabarmena erakusten du Naparraren familiaren aurkako grinak. Eta Frantziak eta Espainiak ez lukete berdin jokatuko, baldin eta Naparraren familiak bertsio ofiziala bere egin izan balu eta hedabideetan aldarrikatu. Benetan uste duenari uko eginik, hogeita hamabost urte lehenago lortuko zuen biktima-izaeraren aitortza.

Haatik, Naparraren familiak ez du aurreiritzi politiko baten arabera jokatzen. Erraiak eskatzen dio benetan zer jazo zen jakitea, desagertuen ia familia guztiei bezalaxe. Eta dauzkagun datuek eraman dute Estatu aparatuen inplikazioan sinestera. Nazio Batuen Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ondorio bera atera dute.

Noski, beste aldekoei desagertuekin zer gertatu den argitzeko exijitzen badiezu, prest egon behar duzu zure krimenen berri emateko. Ulergaitza da arerioari eskatzea zuk egiteko inongo asmorik ez duzuna. Kontua da zure aitortzak espetxea ekartzen badizu zeharo ulergarria dela ez aitortzea. Ezohiko maila etikoa eskatzen du zigortua izateko prest egoteak desagertuaren familiak gorpua non dagoen jakin dezan.  Jon Alonsok justizia unibertsalaren alde idatzi dituen orrialde apartek garbi erakusten dute ez dela hemiplegiko etiko bat.

Hori bai, alde batean zein bestean, aitortzeko prest dagoenaren zigorgabetasuna bermatu beharra dago. Aukeratu beharra dago, zigorra ala egia. Che Guevararekin identifikazio betean egin zenituenengatik orain zigortua izatea onartzea, zure idoloak Natti Natasha eta Nietzsche direnean, ez da giza arrazaren ohiko jokabidea. Gertaerak ezagutzera emateko prest dagoenari ez bazaio zigorrik eza bermatzen, nekez argituko dira hainbat egia mingarri. Legedia zentzu horretan aldatzeak, nolabaiteko amnistiak, egiari bidea erraztuko lioke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.