Julen Madariagaren Egiari zor, II
AITITE, MADARIAGAKO RAMON
Julen Madariagak bere burua familiaren genealogiako katebegi gisa ikusten du. Esaterako, ezin du bere burua aitite kontuan hartu barik ulertu.
Madariagako Ramonek Cesare Lombrosorekin ikasi zuen, gaizkileak eta hiltzaileak gaizkile eta hiltzaile jaiotzen direla zioena, eta aurpegiaren eta garezurraren forman nabaritzen zaiela. Teoria horietan oinarrituta ikertu zuen Madariagaren aititek Gorria ezizeneko Bilboko pederasta baten kasua.
Ramon Madariagak idatzi zuen Eusko Ikaskuntzaren aginduz Lizarrako Estatutua edo Hego Euskal Herriko Estatutua izendatuko zena, lerro gehienak bai behintzat, joan den mendeko 30eko hamarraldian. Hura bai izan zela historikoa, eta ez Realaren eta Athleticen arteko partida GUZTIAK!
Lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenean, lehendakari izateko hautagai bakarra izatea demokraziari begira eskasa zelakoan, Ramon Madariagari eskatu zioten Agirrerekin batera aurkezteko, eta onartu egin zuen: Agirrek 300.000 boz inguru lortu zituen eta Madariagak 100 bat.
Gerra amaitutakoan, Julenen aitite Ramon ezkutuan itzuli zen erbestetik Getxora, legez kanpo. Eta han bere bizilagun batek, el Marqués de Malasaña delako batek, izenean zeraman bekatua, ikusi eta salatu egin zuen. Guardia Zibilak atxilotu, Bilboko Karmelon preso sartu eta berehala hil zen. 1940 urtea zen. Pasadizo horrek ondo adierazten du gerraosteko giroa.
UME ZELA, GOIZEKO IZARRA ETA OROPESA ITSASONTZIETAN TXILERA
Gerra zibilean, frankistek Bilbo harrapatu baino lehen, milaka ume sartu zituzten itsasontzietan erbestera eramateko. Julen Madariagak Goizeko Izarra ontzian alde egin behar izan zuen. Halako batean, itsasontziko zubian zegoela, "Julen!" entzun zuen. Uste izan zuen ama zela, baina ez, andre handi bat zen, beste haur bati deika, Julen Guimoni. Gerora, Guimonek PPren ernamuina sortuko zuen, eta Madariagak ETA. Arroxelaraino heldu ziren Goizeko Izarran.
Arroxelatik Txileko Valparaisora joateko bidaia gorabeheratsua izan zen. Hilabete luze iragan zuten itsasoan. Oropesa ontzi ingelesean joan ziren. Handik urte gutxitara ospetsua egingo zen AEBeko soldaduak Ingalaterrara garraiatuko zituelako, Normandiako lehorreratzerako, Overlord izeneko operaziorako.
Txilen zenbait urte senideen etxean igaro ondoren, gurasoek erabaki zuten Julen eta Jon anaiak Bilbora itzuliko zirela, Euskal Herrian euskaraz hazteko. Julenek hamabost urte zituen. Euskal Herrira itzultzeko itsasontziaren zain Buenos Airesen pasa zituzten egunetan Matxalen Aldasoro tolosarraz maitemindu zen. Azkenik, Axpe Mendi barkua abiatu eta, hilabeteren buruan, Bilbon sartu zen. Makinetako arduradunaren lagun egin ziren Julen eta Jon. Lema-gelan lukainkak izaten zituen, idortzen. Julen idi-begitik sartu eta lukainka batzuk ebatsi zizkion. Bilbon, gaur egun Isozaki Atearen bi dorreak dauden itsasadarreko beste aldean lotu zuten ontzia. Oso barruraino sartzen ziren sasoi hartan.
KONTAERA
Madariagak kontatzen duena tragikoa da askotan, gogorra eta bortitza, baina hala ere aukera duen aldiro umorea sartzen du. Pasadizo batzuen kontakizunak antologikoak dira, hala nola ETAren laugarren batzar nagusian esku hartzera Arantzazura zihoazela muga Lizuniagatik igaro eta Berara iritsi baino lehen izan zituzten arazoenak. Pio Barojari omenaldia dirudi, han bertan dagoen Itzea etxearen jabe zena. Josu Urrutikoetxearekin izan zituen xextra bortitzek ere badute batzuetan umore punttu bitxi bat. Ikaragarria eta barregarria nahasteko joera hori da Madariagaren estiloaren bereizgarrietako bat.
Kutsu berezia ematen dio halaber hitzak asmatzeko duen gaitasuna eta grazia. Espainoletik eta frantsesetik aldentzeko borondatea dago hor. Esaterako, ez du pintada esango, baizik eta tindaketa; ez Portugaleteko zubia, Zintzil-zubia baizik; Ajuriagerra beharrean Axuriagerra. Ez fronte: fronte kulturala, fronte nazionala; baizik eta boronte, boronte militarra, boronte politikoa, abertzale orok behar dugu boronte bakarra sortu. Inperialismo fonetikoaren aurka ere altxatu baitzen. Madariaga zuzendaritzan zegoela, ETAk erabaki zuen urte biko epea ematea militanteei euskaraz ikasteko.