Esan ala ez esan
Madariagak behin eta berriro dio egia gordina adierazten duela gure herriak etorkizunean huts berdinak errepika ez ditzan. Hasi eta buka, gure burujabetza berreskuratzea izan du amets, independentzia, askatasuna. Horri eman dio bizia.
“Trapu zikinak etxean garbitu behar dira” eta antzekoen aurka jotzen du Egiari zor idatzi duen Madariagak. Noski, talde klandestino bateko kide eta buruzagi gisa, maiz erabili behar izan zuen diskrezioa. Ordea, kontatzen duenez, behin eta berriz saiatu zen bere kritikak Zutabe bezalako barne aldizkarietan argitaratzen, edo zuzendaritzari aurrez aurre adierazten, baina zentsuratu egiten zizkioten, edo jaramonik ez. Beraz, kritikak bere gordinean jendaurrean aldarrikatzeko hautua egin zuen, aurreikusirik zelako zaparrada eroriko zitzaion gainera: pertsonalismoa, harrokeria, protagonismoa, hedabideetan agertzeko adikzioa, etsaiari jokoa egitekoa.
Madariagarentzat (eta bera izan zen ETAn adar militarra sortu eta bultzatu zuena, Txillardegik oroitarazi zuenez), militarrek beti egon behar dute politikoen esanetara, baina alderantziz gertatu zen ETAn. Bonba-autoaren erabilera eta hainbat atentatu ere kritikatu zituen. Gregorio Ordoñez hil zutenean utzi zuen ETA eta ezker abertzale ofiziala. Euskal Herria Bilduren antzeko zerbait oztopatzen zuena zitzaion jasangaitza, baina orain dela 35 urtez geroztik. Jose Luis Casoren hilketan, aspaldiko partez euskaldun gehienok bilduko gintuen manifestazio erraldoi baten bezperan, zerbitzu sekretuek ETAn infiltratutako sator baten eskua ikusi zuen. Manifestazioa, noski, eta euskaldunon batasun taktiko posiblea, bertan behera gelditu ziren.
Hasieran oso bakarrik sentitu zen. Bazekien ezker abertzalean jende askok pentsatzen zuela berak bezala, baina iritzi horiek etsaiak bere alde baliatuko zituelakoan, nahiago zuten isilik. Azkenik, Patxi Zabaletarekin, Iñaki Aldekoa zendu berriarekin eta beste batzuekin, Aralar sortu zuten. Sekulakoak eta bi entzun behar izan zituzten orduan ere. Analisietan asmatu zuten, haatik. Madariagak dioenez, Otegik eta enparauek haren ideiak bere egin zituzten, eta hortik etorri da irtenbidea (apaltasuna egiarekin bat ez datorrenean, apaltasuna sakrifikatzen du). Euskal Herria Bilduk Aralarren printzipioak bereganatu ditu. Hori bai, gogorra izan zen Madariagak ordaindu behar izan zuen bidesaria.