Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Zure buruaren eta besteen gaineko boterea

Markos Zapiain 2022/06/25 09:10

Esanahi gehiegi dauzka “botere” hitzak. Ez da gauza bera iraganaren boterea, grabitatearen legearena, modarena, supermanena, gazteari aljebra irakasten dion irakaslearena edo bere prostituta kontrolatzen duen txuloputarena. Agintea eta boterea bereizi izan dira, boterea eta ahala, baina hiztegiek eta erabilerak erakusten dute sinonimoak direla. Ezintasunari, koldarkeriari, inertziari kontrajartzen zaie.

Gure ahalmen bat gauzatzean boteretsu sentitzen gara. Euforia sumatzen zaio umeari, ohartzen delarik gurasoaren eskua utzi eta bere kabuz ibiltzeko gai dela, edo igeri egiten edo bizikletan ibiltzen ikasten duelarik. Baita irakurleari ere, sumatzen duenean autore zail baina garrantzitsu baten obra osoa ulertzera heldu dela, hau da, menperatzera. Esanguratsua da testuinguru honetan ulertzea eta menperatzea sinonimoak izatea. Jabetzea eta konkistatzea hitzak boterearekin lotuta daude. Igeri egiten ikastea elementu berri bat konkistatzea da nolabait. Zentzu horretan, bat datoz bizitza eta boterea.

Ohikoa da boteretsu sentitzea, halaber, zure buruari balio etikoak betearazten dizkiozunean. Hipotesi absurdoa da, baina demagun egoera batzuetan egoista eta mendekatia izateko joera naturala dudala, instintuzkoa, eta hotzean pentsatuta uste dudala eskuzabala eta barkabera izan beharko nukeela kasu horietako askotan. Nire buruari eskuzabala eta barkabera izateko agindu, eta giza harremanek mendekatia izateko betiko atakan jarri eta eskuzabalki edo barkaberaki erantzuten badut, orduan ere boteretsu sentitzen naiz.

Desberdina da besteen gaineko botereak dakarrena. Botere politikoaren bila dabilen jendeak, edo besteak zerbait egitera behartzeko giltza ematen duen edozein botereren bila, sarritan ezin izaten du bere ahala gauzatu. Ahituriko ahala edo barruko ezina konpentsatzeko bilatzen du besteen gaineko botere mota hori. Horregatik izaten da hain ohikoa agintari psikopata. Eta horregatik da filosofia politikoaren helburu nagusietakoa boteretsuak kontrolatzeko mekanismoak asmatu eta bermatzea.

Botere politikoak sarritan oposizioa sortzen du, antiboterea, eta bitxia da nola botere ofizialen aurka ikaragarri sutsua den zenbait jende zeharo otzana eta sumisoa den bikotekidearen jarrera eta agindu apetatsu eta zentzubakoen aurrean, eta alderantziz.

Deustuko eliza berriari buruzko seriea

Markos Zapiain 2022/06/18 00:10
"Izan zaitez goxoa: errezatu eta obeditu" izena du Kissingerren dirua ELAri

Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Eliza-koek sekulako eraikina altxatu dute Deustun. Emakumea zelan erabiltzen duten, islamdarren aurkako kexua da gurean eta mendebaldean nagusi, baina ez ote dira okerragoak Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Elizakoak? Jaurlaritzak Udalei agindu die kultu erlijiosorako lurzorua gordetzeko. Estatutuetan zein praktiketan legearen kontra doazen arauak dituzten erlijioei ere eskaini behar zaie eusko lurra? Kristau izanez gero, orduan dena libre?

Netflixek eskaintzen duen “Keep Sweet: Pray and Obey” Azken Egunetako Santuen Jesukristoren Elizari buruzko datu objektiboz eta lehen eskuko lekukotasunez beteta dago. Merezi du.

Bestalde, 1988an Kissinger-en National Endowment for Democracy delakoak 131.690 dolar erabili zituen ELA sindikatuko buruei balio demokratikoak irakasteko. Aurreko bost urteetan, antzera. Publiko egin diren txostenetan dago. 1988 hartan, Espainian ez zion beste inori diruz lagundu. ELA artean ondo konpontzen zen PNVrekin.

Ordea, ELAren lankidetza etorri zen gero LABekin, Lizarra-Garazi horizontean, eta jeltzaleenak ez bezalako bideetatik jo du subiranotasunaren alde. Halatan, gero eta harreman txarragoa dauka ELAk jeltzaleekin, eta amerikanoen dirua eta laguntza jasotzeari utzi zion. 1988koa da azkeneko dokumentua.

Ematen du ELAk benetan hautsi zuela Kissingerren lagunekin; EAJk ez. Bestela, ezin dira hainbat gertakari ulertu, hala nola doi-doi Trumpen ostean eta Europan beste inork baino lehenago aitortu izana presidente izaera Juan Guaidori. Eta, kanpotik begiratuta behintzat, ez dirudi lotura hori gaizki etorriko zitzaionik gaizkile kristau horien Bilboko lur hartzeari.

Tamalez, hezkuntzatik laikotasuna uxatzeko politiketan bai, bat datoz oraindik ELA, jeltzaleak eta Kissinger.

Dena den, inoiz ez da berandu pribilegio erlijiosoen aurkako eta berdintasunaren aldeko jarrera sustatzen hasteko. Animo ELA!

El Pais-ek ere azkenik onartu behar izan du

Markos Zapiain 2022/06/15 11:12
78ko erregimena ez dela demokratikoa. Hauxe dio gaurko editorialean:

Si bien en el debate constituyente de 1978, como contaba ayer este periódico, el tema no planteó discusión alguna y se asumió la configuración histórica y tradicional de la inviolabilidad, esa prerrogativa resulta irreconciliable con un Estado democrático de derecho basado en el principio de igualdad de todos los ciudadanos ante la ley.

Bernardo Atxaga es un cómico español

Markos Zapiain 2022/06/07 18:41
El escritor en euskera más follado y vacunado de la historia

Hannah Arendt Simone de Beauvoirri buruz

Markos Zapiain 2022/05/26 05:55

Agora Filosofia Elkartearen lan eskerga bezain txukunari esker, Batxilergoko bigarren mailako Filosofiaren Historiako bi autore berriei buruzko bideo pedagogiko bana dauzkagu, Arendt eta Beauvoir ulertzeko gakoak. Gainera, antzeko youtube gehiago etorriko dira, beste pentsalari batzuen gainekoak. Berri ezin pozgarriagoa gero!

Arendt eta Beauvoirrek, garaikideak izan arren (1906 eta 1908an jaioak, hurrenez hurren), ez zuten harreman pertsonalik izan, elkarren berri bazuten ere. (Ez da ezinezkoa gela berean egon izana, Parisen, 30eko hamarraldian, Kojèveren seminarioan, baina ezin izan dut egiaztatu.)

Erreferentzia mamitsu hau aurkitu dut "Entre amigas" liburuan (Lumen, 2006), Mary McCarthyren eta Arendten arteko korrespondentzia biltzen duena. Gaztelaniaz audiobook gisa ere badago, ingelesez ez.

"...la anécdota [la] relata William Phillips, director de Partisan Review. Después de un encuentro con Simone de Beauvoir, en 1947, Phillips comentó a Arendt lo sorprendido que estaba de la «infinidad de tonterías» que Beauvoir podía decir sobre Norteamérica. «El problema, William, es que usted no se da cuenta de que ella no es muy inteligente. En vez de discutir con ella, mejor sería que la cortejara», le respondió Arendt."

Arendten purrustada maliziatsua gorabehera, zaila da inteligentzia neurtzea. Deleuzek zioen nobela onak idazteko ez zarela bereziki inteligentea izan behar. Menturaz, filosofiako liburu apartak idazteko ere ez, Bigarren sexua baita XX. mendeko libururik garrantzitsuenetakoa, eta, Irene Arraratsen itzulpenari esker, gure liburudendetan aurki dezakegun euskarazko libururik indartsuenetakoa. 


Irakurketen eragina argazki "poetikoetan"

Markos Zapiain 2022/05/14 11:10
Desberdin pintatu dute belea Asklepioren mitoak, Shakespearek, Castanedak eta Atxagak, eta desberdin funtzionatzen du haien kontakizunetan. Unai San Martinek irakurriak dauzka. Sumatzen da nolabait irakurketa horien eragina San Martinen heliograbatuetako beleetan? Eragin horrek eztabaidaezina dirudi heliograbatuetako bele zurietan

Zergatik esaten da argazki batzuk literarioak direla eta beste batzuk ez? Badago bereizketa hori ezartzeko irizpide objektiborik? Bidea lainopean, bikotekideak petrilean eserita eskutik hartuta sartzen ari den eguzkiari so, ilunabarra Errezilen, berez dira poetikoak? Eta, aldiz, semaforoa edo garbigailua ez? Argazkiaren protagonistak erabakitzen du hortaz argazkiaren poetikotasuna? Argazkiaren edukiak? Semaforoa, ilunabarrean eta lainopean erakutsiz gero, poetiko bilakatzen ote da?

San Martinen grabatuei buruz esan izan da poetikoak direla. Zergatik konkretuki? Zaila da argazki bakoitzaren poetikotasuna zertan den hitz ulergarrien bidez zehaztea; zaila, oro har, literaturaren eta figurazioaren arteko harremanaz jardutea. Artistaren irakurketak kontuan hartzeak lagun lezake, apika.

Unai San Martinek bele franko erretratatu izan du, eta aurretik irakurriak zeuzkan Asklepioren mitoa, beleen inguruko Shakespeare, Edgar Allan Poe eta Atxagaren testuak, ikusia Hitchcocken “Txoriak”, bazuen augurio txarra dakarren belearen berri. Irakurriak ditu halaber beleak inspiraturiko Thoreau eta Castanedaren idazkiak, augurio txar, zori txar edo txori txar izaeraz bestelako jokabide, ezaugarri eta ñabardurez hornitzen dituztenak.

Zertan nabaritzen dira irakurketa horiek argazkietan, nabaritzen baldin badira?

Deusetan ez, beharbada. Ziurrenik, San Martinek, beleei buruzko ezer irakurri ez balu ere, heliograbatu horiek berak egin zitzakeen; baita talentu plastiko aski lukeen edozein analfabetok ere.

Ordea, San Martinen zenbait heliograbatuk bele zuriak erakusten dituzte. Photoshop baino lehen ere baziren argazkiak ukitzeko teknikak.

San Martini bele zuriak erakustea bururatuko zitzaion, baldin eta aldez aurretik Asklepioren mitoan irakurri izan ez balu belea jatorriz zuria eta kantu alaikoa zela, eta Apolok belztasunez eta kantu karrankariz zigortu zuela?

Edo irakurri ez balu, Atxagaren “Andoniren heriotza LSDaren argitan” ipuinean, belearen izpirituak gobernatua, Redinen furgonetak urrutitik zuri dirudiela, baina hurbildu eta benetan beltz ageri dela?

Zer esan nahi du beleari jatorria kontrakoan jartzeko tema horrek, bilakaerak beltzera eramate horrek, mutur batetik bestera?

(Lévi-Straussek dioenez, mitoek heriotzarekin eta arima galduekin lotu dituzte beleak, hegazti sarraskijaleak bezala. Beleak bizitzaren eta heriotzaren arteko bitartekariak lirateke.)

Belea zuri erakusteko beste bultzada literario bat: Castanedaren Don Juanek kontatzen du beleari, beste bele batzuk ikusten dituenean, zilarreztatuak edo zuriak ageri zaizkiola, eta Don Juanek berak ere, bele bihurtzen denean, gainerako beleak zilar koloreko ikusten dituela.

(Bide batez esanda, Thoreau eta Castaneda dira modu argienean uko egiten diotenak belea presagio makurren ekarle gisa pintatzeari. Eta Atxaga eta Castaneda, berriz, Asklepioren mitoa aitzindari, nabarmenki lotzen dituztenak belea, psikotropikoak eta zuritik beltzera eta beltzetik zurira aldatze hori.)

San Martinen bele beltzetan, horrenbestez, irakurketa literarioen eragina egon liteke, baina ezin da ziurtatu: ez da ezinezkoa irakurketa horiek gabe ere antzeko beleak erakustea heliograbatuetan.

Aitzitik, bele zurien kasuan, Asklepioren, Castanedaren eta Atxagaren eraginak ezinbestekoa ematen du.

Ez dago hain argi, hala ere.

Zeren eta naturak, San Martin ibiltzen den mendietan, bele albinoak ere ematen baititu.

Ene txori-ikusmena!

Markos Zapiain 2022/04/12 21:35
Unai San Martinen erakusketa berriak, eta Carlos Castanedaren eta Don Juanen arteko elkarrizketa batek, bele bilakatzeko betebehar etikoa sentiarazten dute

Don Juanek lagunduta, Carlitos bele ari da bilakatzen. Sentitzen du kokotsean hegazti-hankak hazten zaizkiola, garondotik isatsa ateratzen zaio, masailalboetatik hegoak. Gero, begiak kliskatu ahala, eta kliskei esker, bere burua belearen tamainara txikitzen doa. «Baina efekturik harrigarriena nire begiekin gertatu zen. Ene txori-ikusmena!»

Bele gisa hegan egin eta pertzibitu ostean, Carlos saiatuko da ikusi duena analogien bitartez ulertzen, arrazoiarekin, baina ez da konforme gelditu. Ikuskera ez da ohikoa izan, baina ezinezkoa zaio zehaztea zertan izan den diferentea. Gogoratzen du bele gisa desberdin hauteman duela argiaren mugimendua. Laguntza eskatzen dio Don Juani:

«–Bizirik dauden gauzak —esan zuen Don Juanek— barrutik mugitzen dira, eta bele batek aise ikus dezake noiz dagoen zerbait hilik, edo hiltzeko zorian, zeren mugimendua gelditu baita, edo gelditzen ari da. Beleak badaki, halaber, noiz mugitzen den zerbait lasterregi, eta beraz badaki noiz mugitzen den zerbait ibilera egokiz.

Zer adierazten du zerbait lasterregi mugitzeak, edota ibilera egokiz?

Adierazten du beleak badakiela zer saihestu eta zer bilatu. Zerbait barruan lasterregi mugitzen denean, esan nahi du biolentziaz eztanda egiteko zorian dagoela, edo salto egiteko zorian, eta beleak iskin egiten dio. Barruan ibilera egokiz mugitzen denean, ikuspen atsegina da, eta beleak bilatu egiten du.

Arrokak barruan mugitzen dira?

Ez, ez arrokak, ezta hildako animaliak ere, edo zuhaitz hilak. Baina ederra da haiei begiratzea. Horregatik dabil belea hilotzak dauden lekuetan. Gustuko du begiratzea. Haien barruan ez da inongo argirik mugitzen.

Baina haragia usteltzen denean, ez da aldatzen, ez da mugitzen?

Bai, baina mugimendu hori desberdina da. Beleak halakoetan milioika gauza ikusten ditu haragiaren barruan argi propioz mugitzen, eta horixe da ikustea gustuko duena. Ikuskizun gogoangarria da benetan.

Zuk ikusi al duzu, Don Juan?

Bele bilakatzen ikasten duen edonork ikus dezake. Zuk zeuk ere ikusiko duzu.»

Eta orain, irakurle, heldu da zure txanda, espero dut honezkero sentituko zenuela bele bilakatzeko betebehar morala.

Bele

Markos Zapiain 2022/04/09 11:38
Zertan da zehazki San Martinen pertzibitzeko era diferente hori? Zuri-beltzean pertzibitzen du, saguzarrak edo izurdeak bezala? Daltonismo bitxiren bat du akaso, trastorno arraroren bat? Ero bat ezkutatzen da gizon heldu interesante eta zuhur horren atzean? Zelan azaldu diferentzia hori San Mameseko Katedralean sartzera doan notarioari? Nola pertzibitzen du beleak?

Unai San Martinen pertzibitzeko modua zorioneko istripua da, baina baita aldi berean anomalia basatia ere. Hein txiki batean baizik ez da ohartuki garatutako metodo razional baten emaitza; zirkunstantzia natural aleatorioen fruitu da batez ere, eta artista bera ez da horietaz oso kontziente.

Eibartarra, neurri handi batean, autodidakta da. Baudelaire bezala, “mapak eta grabatuak maite zituen ume bat” izan zen. Haren gaitasun artistikoa ez da ahaleginaren emaitza, baizik naturaren deskuidu batena, naturak ez baitu lortu San Martinen pertzepzioa oso-osorik zuzentzea, gu gehienona bezala, bizirautera; aitzitik, zati garrantzitsu bat bizitzaren beharretatik libre dabilkio.

Esan liteke Unai San Martin, artista handi ororen gisara, naturaren akats bat dela. Bergsonek arrazoi. Adibidez, txit estrainioa da argiaren mugimendua ikusten duen manera. Horrela, eibartarraren obran murgiltzeari eta borondatearen ahaleginari esker haren begiradaren antzeko batekin-edo ikustera iristen garenean, gure betiko ubideek gainezka egin eta bestelako mundu batzuk hautematen ditugu.

Zentzu horretan, San Martinen jarduera sorgintzari dagokio, Carlos Castanedaren Don Juanen munduari. Eta belea da preseski Don Juanen aliatu nagusia bestelako munduetan barneratzeko orduan, San Martinek goxotasun bitxi batez erretratatzen duen belea, iradokiz sorkuntza artistikorako eta kontenplazio estetikorako egoera mentalik egokiena haluzinazio psikotropikotik hurbil dagoela. Nola arteak hala sanpedroak edo peioteak pertzepzioaren ateak zabaltzen dituzte.

San Martinen obrarik gabe ezagutzeke geldituko litzaizkiguke hainbat mundu. Eibartarraren obran murgiltzea aukera egokia da hautemateko gure betiko modua eten eta sorgintzaren fruituak dastatzeko.

Aski da. Bazter dezagun prosa sasipoetiko hau eta joan gaitezen harira, ahal badugu behintzat. Zertan da zehazki San Martinen pertzibitzeko era diferente hori? Zuri-beltzean pertzibitzen du, saguzarrak edo izurdeak bezala? Daltonismo bitxiren bat du akaso, trastorno arraroren bat? Ero bat ezkutatzen da gizon heldu interesante eta zuhur horren atzean? Zelan azaldu diferentzia hori San Mameseko Katedralean sartzera doan notarioari? Nola pertzibitzen du beleak?


Garraio

Markos Zapiain 2022/04/06 19:15
San Martinen lanek hautemateko aukera berriak inspiratzen dituzte, sentitzeko molde desberdinak erakusten eta barne eremu ezezagunak esploratzen; eta izenik gabekoa irudiz janzten dute

Unai San Martinentzat, heliograbatuak barne paisaiaren proiekzioak dira, irudikatutakoak emozio edota egoera mental bat erakusten du. Paisaia batek bere atentzioa harrapatu eta fotografiatzera deliberatzeko, sentsazioa izan behar du, aurretik memorian bisitatu izana. Picassorena parafraseatuz, gauzak ez ditu ikusten dituen moduan fotografiatzen, baizik oroimenean dabilzkion bezala.

San Martinen ohiz kanpoko ikuspuntuak arrokak eta adarrak erretratatzen ditu, baina ez gizakien soslaiak era xelebre tipikoan imitatzen dituztelako, ezpada tapaturiko emozio edo egoera mentalak iradokitzen lagungarri zaizkion heinean. Halatan, edozein gizakiren pertzepzioa eta kontzientzia aberasten ere laguntzen dute. Eta ez al da bada horixe berorixe arte handiak dagiena, alegia, hautemateko aukera berriak inspiratu, sentitzeko molde desberdinak erakutsi, barne eremu ezezagunak esploratu eta izenik gabekoa bataiatu edo irudiz jantzi?

San Martinen heliograbatuak metaforak dira, emozio batetik irudi batera daramaten transposizioak. Grekoz, «metafora» hitzak “garraio” esan nahi du. Gaurko egunean, Atenasen kamioiz osaturiko San Martinen lanek hautemateko aukera berriak inspiratzen dituzte, sentitzeko molde desberdinak erakusten eta barne eremu ezezagunak esploratzen; eta izenik gabekoa irudiz janzten dutemetafora-enpresak aurki ditzakezu. San Martinen obra metafora-konpainia bat da, paisaia berri batera garamatzana, dialekto berri batera. Konstelazio horri dagokie «gibelatu», «soiltasun», «melankolia», «agerkunde» bezalako hitzak; edonola ere, transmititzen duena ez dator zehazki bat inongo hitz ezagunekin. Bihotz abentureroak bere baitara jauzi egingo du, orain arte artikulatzeke egon den emozio uher horren oihartzunen bila, eibartar artistak seinalatu eta gure esku jarria.

Urrutiratzea

Markos Zapiain 2022/04/03 11:21
San Martinen paisaia-sorkuntzak erantziz dihardu, gure garaiaren ezaugarri nabarmenetatik urrutiratuz, bere burua ahaztuz eta gizakiarenaz bestelako erresumetan barneratuz

Unai San Martin ez da Unabomber, eremita ere ez da, baina hala ere, haren soiltasun formalak eta erretiroak paisaiara, beleengana eta metalurgia deskontestualizatura adierazten dute, besteak beste, urrutiratze garbi bat gure garaitik. Gure garaiaren bereizgarriak dira zarataren globalizazioa, autofikzioa, kolorinak, transhumanismoa, auto-buxadura luzeak beroketa mundialaren eguzkipean eta selfieak.

Hortik at, bere burua eta giza esparrua ahaztu eta bestelako erresumetan murgildu eta hantxe nahastuz lortzen du artistak azal daitezen gure garaiak estaliak dituen zenbait emozio eta egoera mental, San Martinek heliograbatuetan proiektatzen dituen aldarteak, edonork beregana ditzakeenak. Adierazi gabeko emozio horiek gogora ekartzeko giro sinboliko egokia gizakiengandik urruti dago, zeren artistak soilik sortzen baitu atentzioa zinez merezi duena, bere zilborretik modurik zorrotz eta diziplinatuenean urrutiratzen delarik. Eibartarraren paisaia-sorkuntzak erantziz eta kenduz dihardu, per via de levare, distira, berritsukeria eta fosforitoa kenduz, lehenbailehen iristeko funtsezkora, gordean dautzan emozio eta egoera mental arrotz horietara.

Eragotzitako aldarte horietarako sarbidea ohiko pertzepzioaren mugarrien aldatzeak bideratzen du. Zentzu horretan dio apika Fernando Golvanok ezen San Martinek, bere egun beteetan, katuaren inteligentziaz eta pazientziaz, atalase mugikorrak atzematen dituela. Perspektiba arrunta parentesi artean jartzea lortzen du orduan, ohiturak ehundutako zentzu-sareak desikasi eta ahaztu eta izakiaren singulartasun harrigarria agerian jartzea, izan dadin mailua edo hondarra, paper-sorta zein hegazti-saldoa, edo barrutik mugitzen diren zuhaitzak eta arrokak.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.