Hopitarrei bisita
Inoiz ez zen itzali Hopienganako Txillardegiren atxikimendua, eta 1982an bisita egin zien, «indiook elkar konprenituko dugun esperantzan». 1982-04-25eko Argian eman zuen bisitaren berri. Eta Hopien etorkizun ilunaren lekuko zuzen izateak —gainbehera demografikoa, hizkuntza hilzorian eta bizimodu latza erreserban bertan nabaritzeak eta neurketa soziologikoetan egiaztatzeak—, gogoeta eta konparazio kezkagarriak eragin zizkon:
«Hizkuntza traba eta baradera izango bazaie, zeren eta noren izenean eska dakieke guretzako zoo gisa irautea? Galdera latza, jakina. Baina gizonak ditu eskubideak azken funtsean, eta ez hizkuntzek. Hizkuntza gizonaren zerbitzuko eta tresna balios bihurtu, ala hizkuntza hil. Lehenago ere idatzia dut hau. Hizkuntza gizonaren zerbitzari egin, eta kultur-tresna minimo; ala hizkuntza hiltzea onena.
Eskuindarrek eta folkloristek soinekoak urratu ohi dituzte hau entzutean. Baina, euskarari gagozkiolarik ere, gauza bera esan behar da: euskara jaso eta mintzabide balios bihurtu, ala euskara kanpora.
Ez baitago eskubiderik (eta barka bezate eskuindar hizkuntzalariek) herri oso bat zoritxarreko eta itsu atxikitzea, hizkera «bitxi» bat gordetzeko. Hizkuntzari bai, kulturarekiko eta egiazko biziarekiko baradera eta traba ez den heinean.
Gizateria ez da zoo bat.
Eta indioak ez dira kiwi harrigarriak. Ez.
Hizkuntza, gizonaren zerbitzuko. Ala kanpora».