Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txillardegi eta Claude Lévi-Strauss

Txillardegi eta Claude Lévi-Strauss

Markos Zapiain 2023/12/23 09:45
Ipar eta Hego Katalunia eta Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzearen alde idatzi zuen Lévi-Straussek. Baionako Errabino Nagusia zuen aitona, eta Baionan hazi eta hezi zen Clauden ama.

B. Russell, J.P. Sartre eta E. Morin aipatu bazituen ere inspirazio-iturri gailen gisa Hitza hitz elkarrizketa-liburuan eta Euskal Herria helburu autobiografian, uste dut, Txillardegiren obra osoa kontuan harturik, Claude Lévi-Strauss eta Jean-Paul Sartre ageri direla zinez nagusi. «Mende hunen gizon gaillenak Einstein, Sartre eta Levi Strauss baitira», dio 1967an.[1] Txillardegiri bezala Gilles Deleuzeri eta beste hainbati, Sartreren eta Lévi-Straussen ikuspuntuak inkonpatibleak izateak ez die eragotzi biak aldi berean mirestea. Koldo Mitxelenak ere miresten zuen:  Lévi-Strauss bide zuzenetik doala dio, oso gizon leial eta zuzena dela lanean, sendoa eta sakona duela obra.[2]

Artikulu mamitsu bi eskaini zizkion Txillardegik: “Lévy Strauss-ek Unamuno-rengana” (1965) eta “Levi Strauss gailen” (1973); baina, gainera, Hizkuntza eta pentsakera liburuko motor nagusia da bruselarra, Saussureren, Whorfen eta Lacanen gainetik.

Txillardegiren maisuen artean, Lévi-Straussek izango du ziurrenik donostiarraren sentiberatasunaren antzekoena: biek gaitzetsi zuten errotik Mendebaldeko zibilizazioa; biei piztu zizkieten bihotza eta luma desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzek eta herriek, animaliek, budismoak; biei iruditzen zitzaien zuzena ez ezik beharrezkoa estatuek mehatxaturiko identitate nazionalak babesteko ahalegina: Ipar eta Hego Katalunia eta Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzea aldeztu zuten.[3]

Bretainia, Normandia eta Euskal Herria, horratx 24 urte bete arte Lévi-Straussek ezagutu zituen Frantziako eskualde bakarrak, Paris bizilekuaz gain. Baionan hazi eta hezi zen haren ama. Baionako Errabino Nagusiaren alaba zen. Lévi-Straussen amaldeko osabetako bat Henry Caro-Delvaille baionar margolari ospetsua zen, Isadora Duncanen amorantea. Caro-Delvaille Baionako judutar hilerrian dago lurperatua.  Harreman estua zuen Lévi-Straussen aitarekin, margolaria halaber. Amaren aldeko beste osaba bat Gabriel Roby margolari euskaltzalea izan zen. Claude bera margolari izaten saiatu zen, baina ez zen trebea.[4] Txillardegik bezala, zientzia miresten duen artistaren begiradaz, adimenaz eta sentiberatasunaz aztertu zituen Lévi-Straussek ere giza kontuak.

Estatuak bata zein bestea kanporatu zituen: Lévi-Strauss judua Frantzia kolaboratzaileak pariatzat jo eta erbestera behartu zuen, eta Txillardegi euskalduna Espainia frankistak pariatzat jo eta erbestera bota zuen. Frantziak ere kanporatuko zuen Txillardegi. Marxek eta Walter Benjaminek bezala, liburutegi publikoetan irakurtzen eta idazten zuten erbestealdian: Lévi-Straussek New Yorkeko Liburutegi Publikoan pasatzen zituen orduak eta orduak, eta Txillardegik Bruselako geltoki nagusiaren albokoan. 

Biek izan zuten gizarte zientziak ekuazioetara ekartzeko joera eta dohaina, eta halaxe egin zuten asmatu zituzten jakintza-arloekin —Etnologia estrukturalista eta Soziolinguistika matematikoa—.[5] Matematika hutsak ez du errealitateari buruz ezer azaltzen, baina, Lévi-Straussek dioenez,

«Matematikaren enuntziatuek islatzen dute, gutxienez, espirituaren funtzionamendu librea, hau da, burmuinaren azaleko geruzetan aurkitzen diren zelulen jarduera, kanpoko hertsadura guztietatik aske, eta beren legeei bakarrik obedientzia zor dietela. Espiritua ere gauza bat denez, gauza horren funtzionamenduak gauzen izaerari buruzko ikasbideak ematen dizkigu: hausnarketa huts-garbia ere kosmosaren barneratzea besterik ez da».[6]

Bientzat izan zen biziki garrantzitsua musika klasikoa. Hori bai, hobeki jotzen zuen Txillardegik pianoa Lévi-Straussek klarinetea baino. Biek gutxietsi zituzten beren ahalegin literarioak. Ederki bezain azkar idazten zuten, hala ere: lau hilabetean amaitu zuen Lévi-Straussek Tropiko tristeak, lau astean Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua.

 



[1] “Sinistu ezinean iges egin behar”, in Jakin, 1967, 17. or.

[2] Zenbait hitzaldi, EEE, Donostia, 2003, 59. or.

[3] Dictionnaire Lévi-Strauss, Jean-Claude Monod koordinatzaile, Bouquins, Paris, 2002, 1158. or.

[4] LOYER, Emmanuelle, Lévi-Strauss, 50-51. orr.

[5] Ahaidegoaren estruktura elementalak liburuko estrukturak matematikara ekarri zituena André Weil izan zen, Simone Weil ospetsuaren neba.

[6] Pentsaera basatia, 353. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.