Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Wittgensteinen bizitza zoragarria

Wittgensteinen bizitza zoragarria

Markos Zapiain 2024/02/06 14:05

Vienan jaio zen Ludwig Wittgenstein, 1889an, judu jatorriko familia batean, munduko aberatsenetakoa, burdingintzari eta altzairugintzari esker. Lau urte bete baino lehen, ez zuen hitzik esan. Ohikoa izaten da atzerapen hori gerora hizlari eta solaskide apartak izango direnengan. Mezenasak ziren Wittgensteindarrak, Austriako artista behinenen lagunak, maiz joaten zitzaizkienak etxera: Brahms, Mahler, Pau Casals, Klimt… Kultura-giro ezin kitzikagarriagoan hazi eta hezi zen filosofoa. Ospetsua da Klimtek Ludwigen arreba Margaretheri egin zion erretratua. Sigmund Freudek berak psikoanalizatu zuen Margarethe. Lagun minak egin ziren, eta Margharetek modu erabakigarrian lagundu zion Freudi naziengandik ihes egiten. 

14 urte bete arte, etxean ikasi zuen Wittgensteinek, aitak ezarritako ikasketa-plan baten arabera. Gero, Linz-eko eskola teknikoan sartu zuten, non ikaskide izan baitzuen Adolf Hitler. 

Wittgensteinen aitak asko eskatzen zion bere buruari; ingurukoei ere bai. Wittgensteinen hiru anaia nagusik beren burua hil zuten. Ez ziren aitaren exijentzia-mailara heltzen, eta hiruei ekarri zizkien arazoak eta errua homosexualtasunak. Ludwigek ere bizialdi osoan erabili zuen etengabe buruaz beste egiteko aukera. Anaia Paul Wittgenstein piano-joleak besoa galdu zuen Lehen Mundu Gerran, eta harentzat idatzi zuen Maurice Ravel euskaldunak “Ezkerreko eskurako kontzertua”. Hona hemen Paul Wittgenstein bera Ravelen pieza jotzen. 

Ludwigek ere sentiberatasun musikal berezia zuen. Buruz zekizkien Mozart, Beethoven eta beste hainbat musikagile klasikoren pasarte luzeak, eta trebetasun harrigarriz txistukatzen zituen.

1908an, Manchesterko Unibertsitatean Ingeniaritza aeronautikoa ikasteari ekin zion. Hantxe asmatu zuen propultsio-motor aeronautikoa. Dena den, berehala harrapatu zuen ingeniaritzaren oinarri matematiko eta logikoarekiko jakin-minak. Halatan, Cambridgeko Unibertsitatera jo zuen,  Bertrand Russell matematikari, logikari eta filosofari ospetsuarekin ikasteko.

Russell aurkitu zuenean, hauxe galdetu zion Russelli: “Mesedez, esan egia: zeharo ergela al naiz? Ergela baldin banaiz, Ingeniaritza aeronautikoa ikasiko dut. Bestela, Filosofia”. Wittgensteinen testu bat irakurri ondoren, filosofiari ekiteko aholkatu zion Russellek. 

Hala ere, detektibe-nobela popularrak eta cowboy-filmak nahiago zituen filosofiako liburu klasikoak baino. Zaratatsua egiten zitzaion askotan Cambridgeko giroa, axalekoak konbentzio akademikoak, eta bere pentsamenduan behar bezala kontzentratzeko Norvegiako fiordo batean etxola txiki bat eraiki eta hantxe bakartu zen. Ederki ikasi zuen norvegieraz mintzatzen eta idazten. 

1912an bere dirutzaren zati handi bat Rainer Maria Rilke eta George Trakl bezalako poeta txiroen artean banatu zuen; eta 1919an aitarengandik heredaturiko ondasun itzelari uko egin eta anai-arrebei eman zien. 

Itxura ederreko mutila zen Wittgenstein, eta izaera menderatzailekoa. Magnetismo izugarria zuen. Bat zetozen Bertrand Russell, George Moore, J.M. Keynes eta bertatik bertara ezagutu zuten gehienak: jenio bat zen.

Lehen Mundu Gerra hastean, Austriako artillerian sartu zen, boluntario. David Pinsent maitaleak, aldiz, Ingalaterraren armadan egin zuen gerra. Etsaiak ziren ofizialki. Maitasuna ez zen itzali ordea, gutun ugari idazten zioten elkarri. Atsekabe handiz jakin zuen Wittgensteinek Pinsent maitea hegazkin-istripu batean hil zela. Gerra amaitzen ari zenean, Italiako armadak preso hartu zuen Wittgenstein, eta hamar hilabetez atxiki. 

Borrokaldi-urteetan zein Italian preso, koadernoetan idazten zituen gogoeta filosofikoak. Bertako oharren zein Norvegiako etxolan idatzirikoen artean egokienak aukeratu, ordenatu, berridatzi, eta, hainbat argitaletxek atzera bota ondoren, 1921an atera zuen Tratatu logiko-filosofiko famatua, “Lehen Wittgenstein” deitu izan denaren adierazpen osoa, vienarrak bere bizitzan argitaraturiko liburu bakarra. David Pinsenti eskaini zion. Hitzaurrea Russellek idatzi zuen; Wittgensteinen iritziz, ez zuen tutik ere ulertu. 

Tratatuak arazo filosofiko guztiak behin betiko erantzun zituela sinetsirik, Wittgensteinek, behin gerra bukatuta, filosofia baztertu zuen. Vienarraren ustez, Filosofia-irakasle duzu munduko lanbiderik absurdoena. 

1920 eta 1926 artean, Austriako zenbait herri txikitan egin zuen lan, maisu. Ikasleek sarritan ateratzen zuten bere onetik, eta Wittgensteinek jo egiten zien. Zoritxarreko sentitzen zen eta etsiak hartu zuen. 

Irakaskuntza utzirik, Vienara itzuli zen. Depresioa sendatzeko fraide sartzen saiatu zen, baina komentuko buruak fede-falta sumatu eta  bertako lorezain izatea proposatu zion, eta Wittgensteinek onartu. Hainbat aldiz saiatu zen bere baitan fedea pizten, zoritxarra arinduko ziolakoan, baina inoiz ez zuen lortu.  

Arkitekto lanak ere egin zituen ondoren, arreba baten etxea diseinatzen, modu harrigarriro zorrotz eta obsesiboan. Gainera, Moritz Schlick eta Rudolf Carnap filosofoak ezagutu zituen, Tratatua inspirazio-iturri eta eredu hartuta “Vienako Zirkulua” eskola neopositibista sortuko zutenak. Berriz ere filosofatzen hasi zen horiekin. 

1929an Cambridgera itzuli eta Tratatu logiko-filosofikoa Doktorego-tesi gisa aurkeztu zuen. Wittgensteinen bizitzako urterik emankorrenak hasi ziren orduan: berriz ekin zien filosofiako lanei; Tratatuko teorietatik urrutiratzen ari zen, ordea. Gainera, ez zetorren bat interpretazio neopositibistarekin. 

1930ean hasi zen Cambridgen irakasten. Aurretik prestaturiko gidoirik gabe ekiten zion jendaurreko gogoeta autista samarrari. Adimen-borroka gogorrak eta isilune sutsuak tartekatzen zituen. Ideia berriez erditzen zen Wittgenstein, baina ahiturik bukatzen zuen. Norvegiako etxolan bakartu zen berriz ere 1936an, eta horrek Filosofia-azterketak lantzeko aukera eman zion. 

Hitlerren Alemania Austriaz jabetu zenean, 1938an, Britainia Handiko herritar bihurtu zen Wittgenstein. Erizain ibili zen Bigarren Mundu Gerran. Amaitu zenean, urte bi eman zituen irakaskuntzan, eta 1947an bizitza akademikoa berriro baztertu eta erretiratu egin zen. Aurrerantzean, lan egin ahal izateko Irlandan ezkutatu zen, Dublinen eta itsas ondoko etxola bakarti batean. Gaelerari eusteko ahalegina aldeztu zuen. 

1949an minbizia aurkitu zioten eta 1951n hil zen. Wittgensteinen azkeneko hitzak: “Esan iezaiezu zoragarria izan dela nire bizitza”. 

1953an argitaratu zuten Filosofia-azterketak, “Bigarren Wittgenstein” deitu izan denaren pentsaeraren funtsa dakarrena.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.