Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Frantzian, marxismotik estrukturalismora; hemen, seminariotik marxismora

Frantzian, marxismotik estrukturalismora; hemen, seminariotik marxismora

Markos Zapiain 2024/01/05 13:05
Txillardegiren eta marxismoaren arteko harreman zailak ulertzeko, Pako Suduperen "Txillardegiren borroka abertzalea" bikaina da tresnarik egokiena. Eta mundu osoko marxistek eta antimarxistek hizkuntzaz esandakoa zehazki ezagutzeko, berriz, Joxe Azurmendiren "Hizkuntza, etnia eta marxismoa" ezin aberatsagoa.

Txillardegi idazten hasi zen garaian, marxismotik estrukturalismora igaro ziren hainbat idazle Frantzian. François Furet historialariaren esanetan, adikzio ideologikoak behar izaten ditu intelektual frantsesak, eta marxismoaren kokaina estrukturalismoaren LSDarekin ordeztu zuten sasoi hartan. Gizon berriaren igarleen ondoren, gizakiaren disoluzioaren analistak etorri ziren.[1]

Txillardegik zioen adikzio erlijiosoak behar izaten dituela euskaldun mota batek. 60ko hamarraldiaren amaieran, Euskal Herriko seminarioak hustu zirenean, gogorregia egin omen zitzaien fraide ohiei inongo federik gabe bizitzea, eta marxismoa hartu zuten askok ordezko fedetzat. Ez zitzaien zaila egin, bere liburu sakratu, karisma, milenarismo, herexe eta edozein erlijioren parafernaliaz hornitua baitzetorren marxismoa.[2]

Txillardegik, Marxen aholkuari jarraikiz, ETAko marxistek ziotena baino gehiago, zegitena hartzen zuen kontuan. Eta, Txillardegi-eta erbestean zeudela profitaturik, marxistak buruzagitzaz jabetu eta goitik behera hasi zen erakundea gaztelaniaz funtzionatzen. PSOEn amaitu zuen buruzagi haietako zenbaitek. Ez zetozen bat ez sentsibilitatean ez proiektu politikoan. Praktika erdaldun hori zuritzeko, klaseen nazioartekotasuna, “herri” kontzeptuaren kutsu burgesa eta antzeko ideiak zerabiltzaten. Sutan jartzen zen Txillardegi.

Edonola ere, ñabardurarik ez zaio falta donostiarraren antimarxismoari. Materialismo historikoaren ideia nagusiak onartzen ditu, eta aldarrikatzen du historiak frogatu duela klaseei buruzko Marxen ideiak egiazkoak direla.[3] Erantsiko duenez, «marxismoa ezagutu eta lehen inpresioa da gizartea X izpien bidez ikusten duzula».[4]

Ordea, ez zien ezikusia egin Stalinek marxismoaren izenean egin zituen  krimenei, sobietarren tankeei Budapesteko 56ko iraultzan eta 68ko udaberrian Pragan, edota —Sobiet Batasunaren baitan bertan— errusiarraz gainerako herrien zapalkuntzari. Ez zuen uste CIAren propaganda hutsa zenik Gulag Artxipelagoa. Marxismoa oinarri omen zuten sobietarrei leporatzen zien pluralismoa eta demokrazia ez bermatzea. Eta marxista euskaldunak moskutero itsuak ei ziren.[5]

Polemika betean, Txillardegik idatzi zuen marxismoa mitologia zela, moda hutsa, eta estrukturalismoa, berriz, zientzia: etorkizuneko itzalari dagokionez, pareko ikusten zituen Albert Einstein eta Ferdinand de Saussure.[6] Hizkuntza eta pentsakera saiakeran erruz erabili zituen materialismo dialektikoaren aurkako Lévi-Strauss estrukturalistaren ideiak. Ordea, gauzak apur bat gehiago konplikatzeko, Lévi-Straussek marxistatzat zuen bere burua. Hori bai, inor gutxik sinesten zion. Marxista eta estrukturalista aldi berean izan zaitezkeela, Louis Althusserrek erakutsi zuen garbi 1965eko Lire le Capital eta Pour Marx liburuetan.[7]

Estrukturalismoa erabili zuen Txillardegik eta 68ko maiatza aldeztu. Aldiberekotasun hori ere kontraesankorra iruditu zitzaion zenbaiti. 68ko maiatzaren gomuta artean gori, Sorbonako Unibertsitateko arbel batean “Estrukturak ez dira karrikara jaisten” zegoen aspalditik idatzirik. Esaldi hori gogoan, marxista batek ez estrukturek baizik gizakiek egiten dutela historia leporatu zion garrasika Jacques Lacan psikoanalista estrukturalistari: “Jendea zegoen karrikan!” Hauxe ihardetsi zion bertatik bertara Lacanek: “Hain zuzen, estrukturak karrikara jaitsi direla erakutsi dute maiatzeko gertaerek, zerbait erakutsi badute!”[8] Barrikadak pertsonek ala estrukturek altxatzen dituzten eztabaidatzen zen giroan sortu zuen Txillardegik bere hizkuntzaren filosofia.



[1] LOYER, Emmanuelle, Lévi-Strauss, Flammarion, Paris, 2015, 470. or.

[2] Hitza hitz, 103. or.

[3] Ibidem, 118. or.

[4] “Elkarrizketa”, in Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria, Lasarte-Oria, 2007, 39. or.

[5] Hitza hitz, 109. or.

[6] TXILLARDEGI, Hizkuntza eta pentsakera, Gero, Bilbo, 1972, 14. or.

[7] Dena den, jadanik 1974ko Éléments d’autocritique-n desbiazionismo teorizistatzat joko du bere bolada estrukturalista, batez ere "Structuralisme?" atalean. Ondoren, 1980 inguruan idatziriko Initiation à la philosophie pour les non-philosophes eskuliburuan, Lukrezioren eskutik materialismo aleatorioa teorizatu zuelarik, Marxen irakurketa determinista teleologikoa kritikatuko zuen, estrukturalismoaren aurkako kritikari eusteaz batera. Pentsalaria ondo sailkatua eta etiketatua duzula uste orduko, ihes egiten dizu.

[8] ROUDINESCO, Elisabeth, Jacques Lacan, Fayard, Paris, 1993.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.