Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txillardegi Hopi

Txillardegi Hopi

Markos Zapiain 2023/12/14 10:15
Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak?

Penagarria izaten ari da Txillardegiren aurkako erasoa, baina benetan eraginkorra donostiarraren ibilbidea eta pentsamendua zabaltzeko orduan. Ikusgelako bideoaren ikus-entzule kopuruak, martxa honetan, laster berdinduko du Aldapan gorakoarena. Ezin ditu infiltraturen batek Voxekoak bultzatu Ikusgelako Foucaulten aurkako kanpaina antolatzera? Zertan dabiltza gure gazteak?

Laudorioz beteriko atal oso bat eskaini zion Txillardegik Benjamin Lee Whorfi 1972an argitaratu zen Hizkuntza eta pentsakeran. Hona hemen Txillardegik nabarmenduriko zenbait ideia.

Whorfek sakonki aztertu zituen Mendebaldeak atzeratutzat jotzen dituen Amerikako indiarren zenbait mintzaira —Hopi etniaren Hopi hizkuntza, oroz gain—. Horietako batzuk milaka urtez egon dira bakarturik, harremanik gabe auzokoekin, are gutxiago Mendebaldeko jendearekin. Eta garbi ikusi zuen «haien hizkuntza-estruktura izkutuetan jakinduria zorrotza zetzala beti, logika hertsi baten ondorio den Inkontzienteak sortuko balitu bezala». Ez dago hizkuntza arlote edo arkaikorik. Hizkuntza guztiak dira, zein bere erara, giza esperientziaren taxuketa oharkabe edo inkontzienteak; baina denak sakonak bezain funtsezkoak. Herriaren filosofia esplizitatu gabearen oinarria da hizkuntza, herriaren pentsaeraren errainua, pentsaera hori hizkuntzaren errainua den bezalaxe.  

Ez dagoenez gure zientziak adieraziko lukeen Logika unibertsalik, hizkuntza bakoitza dabilenez dantzan bere logikaren arabera, ez du zentzurik hizkuntza aurreratuagoak eta atzeratuagoak bereizten tematzeak. Txillardegi: «Hizkuntzek ez dute elkar garaitzen, ez dira logika-lerro bakar batean segida bereko kate-begi, gero eta hobeak eta osoagoak».

Hopien logika gurea ez bezalakoa da, ordea. Eta beste edozein baino gehiago garela sentitzeko joera dugu Mendebaldekook. Gainerako kulturek eta zibilizazioek ere bai, egia da, unibertsal antropologikoa da hori. Tamalez, baina, geurea izan da eta da txapelduna bestelako herriak suntsitzeko iskilu ideologiko zein fisiko eraginkorrenak asmatzeko eta erabiltzeko orduan. Edozelan ere, herriek beren hizkuntzaren sintaxiak inspiratzen dizkien arrazoibideak izaten dituzte logikotzat. Horiek iruditzen zaizkie zentzuzko bakarrak. Bestelakoak ez dituzte ulertzen, edo susmagarriak zaizkie.

Ohartzeke, Newtonek ingelesaren estrukturak eraman zituen fisikara: denborak eta espazioak ez dute loturarik; materiak ere ez du harremanik ez denborarekin ez espazioarekin, etab. Buru argitasun ikaragarriz, Einsteinek bere hausnarra estruktura-lotura gorde horietatik askatu eta denboraren, espazioaren eta materiaren arteko funtsezko lotura erakutsi zuen: denbora polikiago isurtzen da grabitazio bizi edo larriko eskualdeetan, denbora eta espazioa loturik daude, espazioaren kurbatura materia-trinkotasunari datxekio, Kosmosa itxia da, etab. “Intuizioz” zentzuzkotzat jotzen genuena, oker agertu zitzaigun. Eta Whorfek uste du “intuizio” horiek ez direla «gure hizkuntzen estrukturen errainua baizik».

Bestalde, ukaezina bada ere hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremana —batez ere aztergai den etnia luzaz bizi izan baldin bada bereizirik eta bakarturik—, Whorfek ez du onartzen hizkuntzaren eta kulturaren arteko korrelazio hertsirik eta elkarrekikotasun sinplerik. Determinismotik libre bizi dira hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremanak. Bere gisa sortzen du herri bakoitzak hizkuntzaren eta kulturaren arteko uztarketa.

Whorfen ustez, gizaki guztiok hizkuntza bakar bat erabiltzea kaltegarria litzaiguke, atzerapena, eta galera handia giza kultura osorako. Izan ere, hizkuntzak oro, errealitatearen antolaera diren heinean kide direnez gero —eta hortaz elkarren osatzaile—, hizkuntza bat itzaltzeari kultura unibertsalaren adar bat ihartzea deritza Whorfek: 

«Honengatixek uste dut geroko munduarentzat hizkuntza bakar bat proposatzen dutenak —berdin izaki ingelesa, alemanera, errusiera edo beste edozein proposatzea— oker daudela. Giza izpirituaren eboluzioari buruz, traba larria izango litzake hori».

Eta alderantziz: hizkuntza arrotz eta urrunei dagozkien estrukturen desberdintasuna babestea edozein gizakiri izan dakioke mesedegarri. Adibidez, bistan da hizkuntza indoeuroparrek hainbat fenomeno fisikoren ulertze zuzena eragozten dutela. Aldiz, Hopiena eta bestelako logika molde batzuek argigarri gertatu lekizkiguke unibertsoaren zenbait alde eta ezaugarri ulertzeko orduan. Mendebaldean joera dugu edozein gertaerari subjektu ekintzailea atxikitzeko. “Oinaztuak argia egin zuen”, diogu. Haatik, indoeuroparren gramatiketan ez bezala, errealitate fisikoan ez dago halako bitasunik: oinaztua bera da argia. Beti jakin izan dute hori primeran Hopiek.

Berez doa Hizkuntzalaritza serioa arrazakeriaren aurka. Txillardegik itzuliriko Whorfen testua: 

«Hizkuntza-zientziaren ulertzeak tokian tokiko kulturaren mugetatik at eramaten gaitu, nazioetatik at, «arraza» bataiatutako berezgarri fisikoetatik at; eta hizkuntza-sistema horien taxuan eta elkarketan (beti ere desberdina), denon zorroztasun jatorrean, errealitatearen azterketaren sakonean, gizon guztiok berdinak garela erakusten zaigu».

Ez dago kultura eboluzionaturik ez atzeraturik, ez goi-mailakorik ez behe-mailakorik. Herri kanibalen edo agrafoen etikak ez dira gureak baino sendoagoak edo ahulagoak. Kultura bakoitzak bere moduan  taxutzen du mundua, eta funtsean guztiak dira kide eta haurride errespetagarri, desberdintasunak gorabehera.

Politikoki politikaren altzoan dauzkagu egun halako ideiak Whorfen, Lévi-Straussen, Txillardegiren eta beste askoren liburuei esker. Nekezagoa da ideia horiek legedian modu eraginkorrean ezartzea eta errealitate historikoan mamitzea. 2022an yagan eta apiaka hizkuntza amerindiarrak itzali ziren. 2023 urtean, berriz, ainu japoniarra eta tsimishian eta shuar amerindiarrak desagertu dira. Shuar hizkuntza Amazoniako Ekuadorren mintzatu izan da. Azken hiztuna, Maria Aginagalde, 2023ko irailaren 30ean hil da, 95 urte zeuzkala.

Zazpi bat mila hizkuntza dauzkagu orain bizirik munduan. Unescok jakinarazi du 3000 inguru galduko ditugula XXI. mendea amaitu baino lehen.  


Amatiño
Amatiño dio:
2023/12/15 16:23
Segurutik horrela izango da --are Worfek, Txillardegik eta Zapiainek badiote—baina, betiko baina, ausartu nadin zalantzan jartzen. Laga ditzagun gaurkoz hizkuntzak eta beste, zuhaitzek basoa ikusten eragotzi ez dizaiguten, eta ekin diezaiegun azken lerroei eta kulturari bereziki.

“Ez dago kultura eboluzionaturik ez atzeraturik”… seguru? Gehiago edo gutxiago landuak bai, behintzat, ezta? Aristotelesek ordezkatzen duen kultura Amazoniako hainbat tributako txamanena baino landuagoa ez ote?
 
“Kanibalen edo agrafoen etikak ez dira gureak baino sengoagoak edo ahulagoak”… Ez dakit ba nik hain urruti joan beharrik ote dagoen baina, emakumeen klitoris-erauzketaren etika, horrelakorik onesten ez dutenena bezain sendoa edo ahula ote?
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/12/15 20:53
Arratsalde on, Amatiño, mila esker.
 
Bai, Whorfek, Lévi-Straussek eta Txillardegik ez dizute ukatuko badirela kultura eta hizkuntza landuagoak, konplexuagoak. Ondo ulertu badiet, esaten dutena da guztiok dauzkagula geure bizimodu eta mundu propioari egokitutako kulturak eta hizkuntzak. Eta, apalki aztertuz gero —Lévi-Straussek 20 urte pasa zituen, asteburuak barne, Amerikako 831 mito aztertzen—, izugarri aberatsak direla ohartzen zara. Pertsona eta herri amerindiarrak ez dira gu baino gehiago edo gutxiago. Esaldi horren inplikazio guztiak deskiribiltzearen ondorioa da Whorfen, Lévi-Straussen eta Txillardegiren jarrera.

Hirukote horrek mendebaldekook bestelako herriekin beti erabili izan dugun begirada aristokratiko beligerantea kritikatzen du. Amerikako konkista dute historiako sarraski beldurgarrientzat. Noski, arlo zehatz batzuetan kulturak eta hizkuntzak aurreratuagoak edo atzeratuagoak dira. Ezin ukatu gure teknika eta zientzia puntan dabiltzala. Geure bizimodua eta pasaera bizitzatik beste batzuena baino ederragoa eta sakonagoa ote den, hor pizten dira zalantzak.
 
Adibidez, gero eta kezkagarriagoa da Bilboko ikasleen antsietate maila, batez ere nesken artean. Pasilloetan ikusten dituzu beren onetik aterata, dardarka eta negarrez, eta ez kurtsoa errepikatu behar dutelako, baizik eta 9 atera dutelako eta ez 10. Ikastetxe batzuetan urtero sartzen da anbulantzia antsietateak jotako ikasleak eramatera. Orain dela zenbait urtez geroztik, ikastetxeek berek antolatzen dituzte antsietatea kontrolatzen ikasteko jardunaldiak. Bantuei oraingoz ez zaie gertatzen.

Whorf, Lévi-Stauss eta Txillardegi bestelako kulturetara begirunez hurbiltzen dira, ulertzeko asmo apalez. Kritika eta egurra, erruki barik, zeure kulturari. Lévi-Straussen liburu ezagun baten izenburua: “Guztiok gara kanibalak”. Hemen ez dira klitoriak erauzten, baina gure auzoan goizeko 7:30etan lanera noanerako lanean dabiltza prostituta batzuk, ia denak 40 urtetik gorakoak. Osteguna, goizeko 7:30ak, euria goitik behera, hotza, eta klubaren atean zain. Hartzera behartuta dauden bezeroak itxura arriskutsua duten mozkorrak izaten dira. Gure ataritik 25 metrora. Hopiek ez dute horrelakorik.
 
Lévi-Straussek ondo daki, aspaldi kontatu zigun Herodotok, herri guztiak sentitu direla beste guztien gainetik, bantuak eta hopiak barne. Gure kasuan, orain dela bostehun urte egiazko erlijio bakarraren jabe izateak frogatzen zuen nagusitasun hori. Orain, berriz, teknozientzia unibertsalak, Beijingen eguzkia beti estaltzen duen kutsaduraren eragileak. Beti gabiltza munduari lezioak ematen. Whorfek, Lévi-Straussek eta Txillardegik nahiago dute jendeari bakea eman eta lezioak jaso. Horrela sendatzen da pixkanaka nagusitasun sentimendu hori.
Amatiño
Amatiño dio:
2023/12/17 16:42
Arratsalde on, Marcos:

Zeharo bat nator zurekin funtsezko kontuetan, eta inori leziorik eman beharrik ez horretan. Baina ez dakit ba zure zenbait azalpenek ez ote nauten gehiago urruntzen, hurreratzen baino.

Esaterako, arrazoiak ematerako orduan ez zait batere aproposa iruditzen Bilboko zenbait giro marginaletan gertatu ohi diren prostituzio-moldeak alderatzea, Afrikako dozenaren bat estatutako emakumeen hiru laurdenek sufritzen duten klitoris-erauzketarekin (200 milioi omen). Hopiek ez dutela Bilboko prostituziorik? Ezta debarrek ere.

Europar gizartea ez da inondik ere perfektoa, Segurutik gu ere kanibalak gara. Baina kontuz gero, ez ari ote garen ezustean eurozentrismoa indartzen hirugarren munduko mixeriak banalizatzen ditugun heinean.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2023/12/18 09:22
Egun on, Amatiño: bueno, marjinala segun eta nondik eta norentzat; erdigunea da niretzat, berton bizi bainaiz. Abandon ez kalean baizik eta etxeetan daude prostitutak.

Ikaragarriak dira mendebaldeko prostituzioari eta tratari buruz OSDC eta UNODC erakunde serioek emandako datuak. Amelia Tiganusen biografia ere mendebaldeko petoa da.

Lévi-Straussi kritika gogorrak egin zizkioten, etnologiaren aurka beti erabili izan den makilarekin: kondenatu baino lehen, ulertzen ahalegintzeagatik. Ildo horixe darabil Jon Juaristik ere Itziar eta Deba erdigune dituen Joseba Zulaikaren Violencia vascaren aurka.

Mendian, politena zitzaion lorea hartzera ere ez zen ausartzen. Imajinatu zer sentiaraziko zion klitoriaren erauzketak.

Etnologoa gizakia da, eta herri eta gizarte batzuetan hobeto konpontzen da beste batzuetan baino. Lévi-Straussi islamofobia leporatu diote, Jon Alonsok euskaratu zigun Tropiko tristeak-eko azken kapitulua dela-eta. Gusturago ibiltzen zen Japonian Pakistanen baino. Dena den, mendebaldearen eta zehazki Frantziaren antzekoegia izatea zen islamaren aurka zeukanaren funtsa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.