Wittgenstein eta hautsa
Hainbat irizpide erabili izan dira Lehen eta Bigarren Wittgenstein bereizteko. Hona hemen beste bat:
Hizkuntza zikinak bere onetik ateratzen zuen Wittgenstein, beste edozein zikinkeriak bezalaxe. Etxeko lurzorua garbitzeko metodo bitxi bat asmatu zuen, Tratatu logiko-filosofikoa bezain zorrotza: te-hosto batzuk ondo zopatu eta zoruan jartzen zituen, hautsa eta zikinkeria xurga zezaten. Hostoek zikina ondo jaso arte ez zuen erratza pasatzen. Sarritan zerabilen teknika berezi hori, eta beti egin zion irmoki uko edozein alfonbrari. (Ray Monk, The Duty of Genius, 377)
Bestalde, hauxe esan zuen Wittgensteinek Cambridgen igaro zuen azkeneko urtean:
«Batzuetan, estudio batean sartu eta liburuen eta paperen nahaste-borrastea aurkitzen dugu edonon, eta erabakitasunez aldarrikatzen dugu: “Hau kuxidadea! Bistan da gela hau txukundu beharra dagoela!”
Aldiz, beste batzuetan, lehenbizikoaren oso antzekoa den beste gela batean sartu eta, goitik behera miatu ostean, dagoen bezalaxe uztea erabakitzen dugu, onartuz oraingo honetan hautsa bera ere dagokion lekuan dagoela». (Janik eta Toulmin, La Viena de Wittgenstein, 261)
Tratatu logiko-filosofikoaren izpiritua adierazten du lehenbiziko jokabideak: gela zikina bezalaxe behar da eguneroko hizkuntza garbitu, zilarra baino distiratsuago utzi arte; alegia, munduaren berri akatsik gabe emateko gai.
Eta bigarren jokabideak, berriz, Filosofia-azterketen izpiritua adierazten du, begirunea hautsari: hizkuntza-joko ugari aldakorrak aztertzera eta deskribatzera mugatu; hizkuntza-jokoak bakean utzi, edozein hobetu-nahiri uko eginik.