Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

3Mbit segunduko

Gari Araolaza 2005/11/19 23:17

3Mega

Euskaltelekoak ze majoak diren. Hiru hilabetez 3MB-ko konexioa frogatzen utziko didate. Ondoren ez badut nahi, abisatu eta berriz jarriko didate 300KB-tako konexio zaharra. Enfin... hainbeste urtetan Telefonicarengandik jaso ditugu tratu txarrak eta orain hasi gara Euskaltelen atzeko atea ikusten. Bagenuen susmoa bai, Euskaltel antzerakoa izango zela. Erral-ek abisatu zigun aspaldi

Horrek beste artikulu bat merezi du, beste egun batean.

PS: Aspaldian zai nengoen, abisatu bait zidaten. Atzo bururatu zait modema itzali eta berriz piztea eta alehop! hortxe 3 megak. Diot, beste askori ere agian antzera gertatu eta zai egongo delako.

Ez fidatu blogetaz..

Gari Araolaza 2005/11/12 22:51

Blogen eta blogen agregatzaileen abantailetako bat da irakurle eszeptiko eta kritikoak sustatzen dituela. Ez hori bakarrik, denbora aurrera doalarik iturri aukeraketa egiten joaten da irakurlea, eta bere unibertso txiki propioa sortzen joaten da, benetan baloratzen dituen albiste iturriekin. Iturri gutxi batzuetara lotuta egon beharrean unibertso zabal batera lotuta egoteak areagotu egiten du kritikoa izateko aukera hori.

Iturriak oso anitzak dira. Batzutan enpresa baten interesera sortutako albisteak dira, bestetan talde jakin baten fan sutsu batek idatzitakoak, edo ezjakin batek fisika kuantikoaz edo alfabetatu gabeko bat euskararen inguruan hizketan, edo agian DBHko ikasle bat . Baina bestetan iturri onetik konfidentziak kontatzen dituzten pertsona ezkutuak dira, edo oraindik deskubritu gabeko Harkaitz Canoak, edo gai bateko aditu espezialista espezializatuak. Oso iturri onak daude blogetan, eta oso txarrak ere.

Baina zergatik harritzen gaitu honek? Beste edozein mediotan bezala, dokumentatu eta indokumentatuek idazten dute eta medio tradizionalekin ere prebentzio berdina izan beharko genuke. Baina ez dugu izaten, eta ETB, Diario Vasco edo Berriari benetako informazioaren barniz hori ematen diogu, nahi gabe.

Are gehiago, batzuk pentsatzen dute Aurkin azaltzeagatik bakarrik medio bat fidagarria dela edo profesional kontrastatu batek idatziko duela . Ba ez.

Ez da fidatu behar blogetaz, beste edozein mediotaz fidatu behar ez garen moduan. Orain argiago daukagu medio objektibo eta %100ean fidagarririk ez dagoela.

Zuzendu or not zuzendu, this is the question

Gari Araolaza 2005/11/11 06:52

Interneten 1994. urtean sartu nintzen lehenengo aldiz. Ez nuen ingurune grafikorik eta inbidiaz ikusten nuen alboan Mosaic-ekin nabigatzen zebilen pertsona bat. Garai haietan Useneten ibiltzen nintzen normalean, posta zerrendak gutxi, bat edo... Orduan irakurri nuen lehen aldiz Netiquette bat.

Netiquette edo Netiketa da Interneten edukazio ona zer den azaltzen duen dokumentu bat. Han irakurri nuen gomendio berezi bat (orain aurkitzeko gai ez naizena):

Ez zuzendu beste erabiltzaileen hizkuntza akatsak. Sarea anitza da eta sarritan hizkuntza arrotzean dabil jendea. Zerbait zuzendu behar bada, pribatuan eta kontu handiz idatzi.

Nik uste dut erabaki ona zela, eta erabaki ona izaten jarraitzen duela.

Irakurri azken adibideak:

Ordu aldaketari insumisioa

Gari Araolaza 2005/11/07 12:09

Pentsatzen ari naiz datorren udaberrian ordu aldaketaren insumiso egitea.

Ofizialki esan nahi dut, manifestazio eta guzti. Izan ere, nahi gabe, baina astebete beranduago, oraindik nire gorputzak ez du barneratu ordua aldatu dugula.

Arrazoi nagusia ni naiz, "animal de costumbres" esaten zaiona. Oporretan ere, 10 edo 15 egun kostatzen zait ohean 8etatik haratago lo gelditzea. Bitartean hor jarraitzen dut, goizeko 6'30ak edo 7ak aldera esnatuz eta jeikiz.

Nire familian ere antzerako zerbait gertatzen da. Gure 3 urte t'erdiko Andoni, oraindik ez da konturatu ordua aldatu dugunik. Goizeko 7tan esnatzen da egunero. Oraindik bi hilabete ez dituen gure Olatz ere berdin, hari goizeko 5'30tan sortzen zaio gosea, lehen 6'30ak arte irauten bazuen ere.

Okerrena da, iluntzeko 8tan logurea sartzen zaidala, eta ezin besterik egin.

Zergatik aldatu behar ordua?

Noiz enteratuko dira gure agintariak ordu aldaketa honek ez duela ez buru eta ez hankarik? Noiz utziko diogu tontakeria honi? Ikerketa zientifikoren bat behar dugu, ordu aldaketak pertsonen gain sortzen dituen kalteak aztertuko dituena.

Badago beste insumisorik hor zehar?

Hil da diskoa!

Gari Araolaza 2005/10/29 17:52

Atzo ere nire herriko aldizkarian irakurri nuen diskoaren defentsa. Ezin dugula pirateatu, gure artista txikien krisia eta hori dena. Bale, txintxoak izango gara.

Baina absurdoa iruditzen zaidana da diskoaren defentsa hori, industria bat hilko dela, ez dakit zenbat lanpostu galduko direla eta abar. Noski baietz, aurretik gertatu den bezala beste hainbeste kasutan. Pentsatzen dudana kokatzeko, nonbaiten irakurri nuen zerbait kontatuko dizuet: izotz saltzaileen historia:

Izotz saltzaileak

Lehen, etxeetan ez zegoen hozkailurik. Bostonen enpresa batzuk bazeuden, izotza blokeetan fabrikatu (auskalo zein prozedura erabiliz) eta zaldiz tiratutako gurdi batzuetan hiri guztian banatzen zutenak.

Halako batean norbaitek etxeko hozkailua asmatu zuen, eta pixkanaka izotz banaketa negozio hau krisian sartu zen. Enpresa hauek, ikusirik gutxiago saltzen zutela, taktika berriak frogatzen hasi ziren, diseinu erakargarridun gurdiak, prezio beherapenak eta abar. Alferrik. Urte gutxiren buruan inork ez zuen izotz gehiago erosi.

Enpresari hauek ez zuten beraien negozioa ulertu. Beraien produktua, bezeroek ordaintzearen arrazoia, ez zen izotza, hotza baizik. Bezeroak hotza nahi zuen, eta hozkailuak hori ematen zion (jakina, inbertsio baten ondoren) beste erosotasun batekin. Enpresa hauek hori ulertu eta hozkailu salmenta eta konponketan sartu izan balira, lanean jarraituko lukete. Are gehiago, zenbat eta hozkailu gehiago saldu eta beraien negozio orijinala erahil, orduan eta merkatu gutxiago galtzeko aukera izango zuketen.

CD Saltzaileak

Nik antzera ikusten ditut CD saltzaileak. Ez dute ulertzen jendeak benetan musika nahi duela, eta ez objektu borobil hori. Bai... badago fetitxismo apur bat batez ere biniloaren eta baita CDaren munduan, ("nik albuma nahi dut, libreto, testu, argazki eta guzti") baina ez da oso jarrera zabaldua, eta gero eta gutxiago. Are gehiago, ez da nire kasu partikularra (familia eta abar) baina ziur naiz geroz eta musika gehiago kontsumitzen dugula, baina musika kontsumitzeko modua aldatzen ari da.

Kontua da musikaren industria osoa horretara bideratuta dagoela, CDak saltzera, eta hori bukatzen ari dela, gure eskalan beiñipein.

Industria hori desagertu eta lanpostuak galtzeak pena emango digula? Bai ba, baina hori egunero gertatzen ari da. Alemanian lanpostu asko galdu dira guk hemen autoak fabrikatzen ditugunetik adibidez, eta beste sektore askotan lanpostu batzuk desagertu dira beste batzuk (gehiago edo gutxiago) sortuz. Eibarren lanpostu asko galdu dira azken 30 urteetan, eta Gasteizen asko sortu. Hori horrela da, eta musikaren industriak ere bere bide berriak aurkitzen ikasi beharko du.

Gainera, CD salmentaren industria ez dago sortzaile minoritarioentzat pentsatuta. Begira prozesua: grabazio garestiak Miamin, milaka kopia atera (hau da merkeena), promozio garestiak telebistaz-telebista, hegazkinak, kritikoei gonbidapen eta opariak, eta gero salmentaren zai, ahal dela stock guztia hustuz, almazenean erreferentzia zaharrek tokirik kendu ez dezaten eta abar. Hori dena da Ricky Martin, Bisbal eta Metallica bezalakoentzako negozioa. Milaka kopia saldu eta aberasteko.

Euskal CD saltzaileak

Ni ez nago musika industrian sartuta, eta horregatik datu zehatzik ez dut, baina zenbait inpresio bai. Agian erratuta nago, baina datuak ikusi ezean ezin dut besterik pentsatu:

Hemengo musikariak inoiz ez dira diska salmentarekin aberastu. Bakarren bat egongo da bai, baina orokorrean zuzenekoak izan dira beraien iturri nagusia. Profesionalak? oso gutxi, eta normalean beste jarduera batzuekin konpletatuta: musika irakasleak, grabazio teknikariak, estudioko musikariak besteekin kolaboratuz, musika instrumentu saltzaileak, berbena taldeak, psikiatrak... Pixka bat denetik, eta ez da pasa den urteko kontua. Inork imajinatu dezake orain dela 20-30 urte zenbat musikari ezagun profesional zeuden? Nik Errobi, Oskorri, Kortatu, Hertzainak, Itoiz eta horrelako beste lauzpabost esango nituzke. Gehiago ez.

Orduan, diska salmenta medio bat izan da beti, ez helburu bat. Medio artistiko bat izan da batetik, zure lana nolabait ezagutarazteko, bete beharreko formatu bat, eta bestetik promozio bide bat, diska publikatu eta kontzertuak han-hemenka emateko aukera.

Ba hori, garbi izan dezagun diskak medioa direla, ez helburua. Ez dezagun pentsatu Urdangarinen eta Bisbalen diska batek inolako zerikusirik dutenik. Ausardia pixka bat eskatzen diot euskal musika industriari, bide berriak asmatu eta frogatzen has dadin. Herriko talde ziklistak babesleak baditu eta elastikoan haien izenak badaude, zergatik ez herriko rock taldeen elastikoetan?

Beste adibide bat: lehengoan entzun nuen telefonoetarako soinuek (politono eta horiek) kasu askotan CD salmentak baino diru askoz gehiago ematen dutela egile eskubideen bidez. Pentsatzen dut Bostongo izotz saltzaileek ere zalantzak izango zituztela, ez zuten pentsatuko etxe guztietan hozkailua egongo zenik, baina bide hauek guztiak ireki beharko dira, eta negozioak diskoarengandik lotura galtzen joan beharko du.

Azken puntu bat: errealistak izan gaitezen. Gure tamainarekin ezin dugu espero milaka musikari profesional izatea. Hobe bestela izango balitz, baina txikiak gara.

El Mapamóvil

Gari Araolaza 2005/10/26 18:23

Luistxo animatu da Madrileko arrakastarekin eta gordeta zeukan bloga atera du, espainolez idatzi eta Espainian triunfatzeko. Ez ezazue blogaren goiburukoa galdu!

El Mapamóvil - Luistxo bloguea en español

WebDosBetan gaude

Gari Araolaza 2005/10/24 17:30

Web2.0 zer den azaltzea ez da erraza. Zenbait azalpen azaldu dira Sustatun, Web bi puntu zero

Horren inguruan jardunaldi bat antolatu da Madrilen eta han daude gaur Luistxo eta Josu. Informazioa ugari dago, WebDosBeta webgunean bertan eta baita beste toki askotan ere, Technoratin gehiago

Ehun bat teknosexual gela batean sartuta...

Ezetz Minid. Nik Bloglines!

Gari Araolaza 2005/10/19 13:30

Gaur Minid-ek dio berak Rojo erabiltzen duela azkenaldian RSS jarioak irakurtzeko.

Nik aspaldi frogatu nuen eta gaur beste buelta bat eman diot ea hobetuta dagoen edo... Keba.

Nik oraingoz Bloglinesekin jarraitzen dut. Interfaze garbia eta sinplea, letratipo irakurterrazak, eta feature arraroak erdi-ezkutuan. Askoz hobeto!

Gauza batek harritu nau. Diegok dio Bloglines no está mal, pero a la hora de organizar mis feeds no pude dar con las opciones de crear carpetas . Karpetak? Beste zerbaitetaz arituko da, nik oso erraz dauzkat eta, jario guztiak karpetatan antolatuta (nahiz eta erabileraren erabileraz nahiko nahaste daukadan).

Mutrikuko portua eta Diario Vasco

Gari Araolaza 2005/10/19 09:22

Oso gauza kuriosoa gertatzen da Mutrikuko Diario Vascoko korrespontsalarekin portu berriari dagokionean.

Portu berriaren beharra azpimarratzeko aukerarik ez du galtzen. Belaontzi zahar baten bisita izan zen duela zenbait hilabete, eta itsaso txarra zela eta programatua zegoena baino lehenago joan behar izan zuen. Bere kronika zen gutxi gora behera "el problema de siempre con el puerto obligó a que el barco tuviera que irse antes de tiempo". Berdin Ondarruko jaietan barku batzuk Mutrikun deskargatu izan dutenean (portu on bat bagenu...).

Aldiz, portuaren proiektu honen aurkako albisteak datozenean oso gauza kuriosoa gertatzen da. Beti prentsa oharrak ia telegrafikoki ematen ditu, eta gainera ia beti euskaraz, normalean dena gazteleraz egiten badu ere bere jarduna. Zalantzarik ez dut Aralar edo Hobetu Leike plataformak euskaraz helaraziko dizkiotela prentsa oharrak, baina kuriosoa egiten zait norma hori betetzea: alde gaztelaniaz eta kontra euskaraz.

Eta bukatzeko, antologikoa gaurko konposizioa. Albisteak dio: Debabarreneko Aralar Mutrikuko portua handitzeko Eusko Jaurlaritzak duen proiektuaren kontra eta ilustratzeko, hor ikusten da portuaren argazkia, olatu handi bat datorrela atzetik. Ez du aterako jendez lepo eginda azaltzen den udako argazki polit bat ez...

En fin... guk ere sarritan erosten dugu Diario Vasco eta zer egingo diogu ba. Merezi duguna daukagu.

Google Reader: RSS irakurgailua

Gari Araolaza 2005/10/08 08:32

Azkenean atera du Googlek RSS irakurgailua. http://www.google.com/reader/

Bloglines erabiltzen dugunontzat oso erraza da honelako tresnak frogatzea, normalean denek OPML estandarra erabiltzen bait dute feed-en zerrendak inportatu eta esportatzeko.

Horixe egin dut, nire Bloglines-era joan, Edit eta han behean Export Subscriptions aukeran klik egin. Horrela fitxategi bat deskargatzen da (normalean export.xml) eta horrekin Google Reader-era joan, eta import aukeran fitxategi hori kargatuta, minutu batean zure feed guztiak Googlen dauzkazu.

Lehen inpresioan espazio falta sumatu dut, Bloglines-ek ez daukana. Dena bata bestearen gainean dagoela ematen du. Ez dakit erabiltzaile arrunt batek (RSS, feed edo horrelakoak ulertzen ez dituenak esan nahi dut) zerbait ulertuko duen. Eta bista orokorra falta zaio, normalean hemen eta han klik egiten ibiltzen gara eta.

Hortxe utziko dut. Egun batzuen buruan ea inpresio hori aldatzen den.

Eguneraketa (2005/10/05): Espazio gutxi, post-ak banaka, sailka aukeratzeko modurik ez... Desastre hutsa Google Reader hau. Long live Bloglines!

Gainera, Mark Fletcher, Bloglines-en sortzailearen jarraitzailea naiz. Proiektu berriztaileak sortu eta saltzen trebea da Mark, baina oraindik ez dut ulertu zein onura ekarri dion Bloglinesi Askjeeves-ek erosia izateak. Mark Fletcher hau bera da duela zenbait urte eGroups Yahoo-ri saldu ziona. Berak dirutza irabazi zuen, baina zerbitzuak ez du 3 urtetan eguneraketa berezirik izan (diseinu apur bat, RSSak eta horrelako mantenua, baina Featureak, zero patatero).

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon