Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Hil da diskoa!

Hil da diskoa!

Gari Araolaza 2005/10/29 17:52

Atzo ere nire herriko aldizkarian irakurri nuen diskoaren defentsa. Ezin dugula pirateatu, gure artista txikien krisia eta hori dena. Bale, txintxoak izango gara.

Baina absurdoa iruditzen zaidana da diskoaren defentsa hori, industria bat hilko dela, ez dakit zenbat lanpostu galduko direla eta abar. Noski baietz, aurretik gertatu den bezala beste hainbeste kasutan. Pentsatzen dudana kokatzeko, nonbaiten irakurri nuen zerbait kontatuko dizuet: izotz saltzaileen historia:

Izotz saltzaileak

Lehen, etxeetan ez zegoen hozkailurik. Bostonen enpresa batzuk bazeuden, izotza blokeetan fabrikatu (auskalo zein prozedura erabiliz) eta zaldiz tiratutako gurdi batzuetan hiri guztian banatzen zutenak.

Halako batean norbaitek etxeko hozkailua asmatu zuen, eta pixkanaka izotz banaketa negozio hau krisian sartu zen. Enpresa hauek, ikusirik gutxiago saltzen zutela, taktika berriak frogatzen hasi ziren, diseinu erakargarridun gurdiak, prezio beherapenak eta abar. Alferrik. Urte gutxiren buruan inork ez zuen izotz gehiago erosi.

Enpresari hauek ez zuten beraien negozioa ulertu. Beraien produktua, bezeroek ordaintzearen arrazoia, ez zen izotza, hotza baizik. Bezeroak hotza nahi zuen, eta hozkailuak hori ematen zion (jakina, inbertsio baten ondoren) beste erosotasun batekin. Enpresa hauek hori ulertu eta hozkailu salmenta eta konponketan sartu izan balira, lanean jarraituko lukete. Are gehiago, zenbat eta hozkailu gehiago saldu eta beraien negozio orijinala erahil, orduan eta merkatu gutxiago galtzeko aukera izango zuketen.

CD Saltzaileak

Nik antzera ikusten ditut CD saltzaileak. Ez dute ulertzen jendeak benetan musika nahi duela, eta ez objektu borobil hori. Bai... badago fetitxismo apur bat batez ere biniloaren eta baita CDaren munduan, ("nik albuma nahi dut, libreto, testu, argazki eta guzti") baina ez da oso jarrera zabaldua, eta gero eta gutxiago. Are gehiago, ez da nire kasu partikularra (familia eta abar) baina ziur naiz geroz eta musika gehiago kontsumitzen dugula, baina musika kontsumitzeko modua aldatzen ari da.

Kontua da musikaren industria osoa horretara bideratuta dagoela, CDak saltzera, eta hori bukatzen ari dela, gure eskalan beiñipein.

Industria hori desagertu eta lanpostuak galtzeak pena emango digula? Bai ba, baina hori egunero gertatzen ari da. Alemanian lanpostu asko galdu dira guk hemen autoak fabrikatzen ditugunetik adibidez, eta beste sektore askotan lanpostu batzuk desagertu dira beste batzuk (gehiago edo gutxiago) sortuz. Eibarren lanpostu asko galdu dira azken 30 urteetan, eta Gasteizen asko sortu. Hori horrela da, eta musikaren industriak ere bere bide berriak aurkitzen ikasi beharko du.

Gainera, CD salmentaren industria ez dago sortzaile minoritarioentzat pentsatuta. Begira prozesua: grabazio garestiak Miamin, milaka kopia atera (hau da merkeena), promozio garestiak telebistaz-telebista, hegazkinak, kritikoei gonbidapen eta opariak, eta gero salmentaren zai, ahal dela stock guztia hustuz, almazenean erreferentzia zaharrek tokirik kendu ez dezaten eta abar. Hori dena da Ricky Martin, Bisbal eta Metallica bezalakoentzako negozioa. Milaka kopia saldu eta aberasteko.

Euskal CD saltzaileak

Ni ez nago musika industrian sartuta, eta horregatik datu zehatzik ez dut, baina zenbait inpresio bai. Agian erratuta nago, baina datuak ikusi ezean ezin dut besterik pentsatu:

Hemengo musikariak inoiz ez dira diska salmentarekin aberastu. Bakarren bat egongo da bai, baina orokorrean zuzenekoak izan dira beraien iturri nagusia. Profesionalak? oso gutxi, eta normalean beste jarduera batzuekin konpletatuta: musika irakasleak, grabazio teknikariak, estudioko musikariak besteekin kolaboratuz, musika instrumentu saltzaileak, berbena taldeak, psikiatrak... Pixka bat denetik, eta ez da pasa den urteko kontua. Inork imajinatu dezake orain dela 20-30 urte zenbat musikari ezagun profesional zeuden? Nik Errobi, Oskorri, Kortatu, Hertzainak, Itoiz eta horrelako beste lauzpabost esango nituzke. Gehiago ez.

Orduan, diska salmenta medio bat izan da beti, ez helburu bat. Medio artistiko bat izan da batetik, zure lana nolabait ezagutarazteko, bete beharreko formatu bat, eta bestetik promozio bide bat, diska publikatu eta kontzertuak han-hemenka emateko aukera.

Ba hori, garbi izan dezagun diskak medioa direla, ez helburua. Ez dezagun pentsatu Urdangarinen eta Bisbalen diska batek inolako zerikusirik dutenik. Ausardia pixka bat eskatzen diot euskal musika industriari, bide berriak asmatu eta frogatzen has dadin. Herriko talde ziklistak babesleak baditu eta elastikoan haien izenak badaude, zergatik ez herriko rock taldeen elastikoetan?

Beste adibide bat: lehengoan entzun nuen telefonoetarako soinuek (politono eta horiek) kasu askotan CD salmentak baino diru askoz gehiago ematen dutela egile eskubideen bidez. Pentsatzen dut Bostongo izotz saltzaileek ere zalantzak izango zituztela, ez zuten pentsatuko etxe guztietan hozkailua egongo zenik, baina bide hauek guztiak ireki beharko dira, eta negozioak diskoarengandik lotura galtzen joan beharko du.

Azken puntu bat: errealistak izan gaitezen. Gure tamainarekin ezin dugu espero milaka musikari profesional izatea. Hobe bestela izango balitz, baina txikiak gara.

etiketak:
Gari
Gari dio:
2005/11/03 18:59

Nik uste dut liburuaren esperientzia desberdina dela, eta ez dela hain gauza teknologikoa. Musika berdin entzun dezakegu CD-an, MP3 katxarroan edo irratian, azken efektua ez da aldatzen.

Paperean aldiz, paperezko liburu baten "user experience"-a izateko tresnarik ez dut uste oraindik asmatu denik.

Paperari terrenoa beste alde batetik jaten zaio nire ustez: aisiatik. Geroz eta denbora gutxiago hartzen dugu lasai jarri eta zerbait irakurtzeko. Baina hori bizimodu aldaketaren kontua da agian, ez tresnak balio ez duelako.

jolaus
jolaus dio:
2005/11/06 00:14

Ez dakit, ba, hain garbi ikusten dudan nik liburuena. Artikulu hau irakurri ondoren ez dut hain garbi liburuekin ez ote den antzeko zerbait gertatuko etorkizun labur batean.

Irakaskuntzan, adibidez, askotan gertatzen zaigu liburu oso bat erosi behar izatea, benetan interesgarriak gai pare bat besterik ez direnean. Gainera informazio hori digitalean edukitzeko aukera izanez gero klase barruan beste etekin bat aterako genioke eta, ez orain gertatzen den bezala, askotan fotokopiekin moldatu behar izaten garela. Agian Google-ek eta Amazon-ek eskaini nahi dutena hortik doa.

Ez dudana hain garbi da aurrekoak balio ote duen eleberrien kasurako ere.

iturri
iturri dio:
2005/11/03 01:31

Aupa Gari:

Ez dut oso garbi kontu hau. Irakurrita nuen duela zenbait hilabete musika-hotza / cd-izotza konparazioa (azpik dioen bezala, Sustatun).

Ez da ahaztu behar fetitxista puntu bat ere badagoela. Nik, adibidez, CDak erosten jarraitzen dut eta apenas erabiltzen dut e-mandoa (e-mulea). Badirudi jende gazteak, P2P sareekin hezi eta hazi denak, kantuen aldeko apustua egingo duela.

Eta nire kintakoak (37 urte ditut) eta zaharragoak?

SGAE eta guzti hauek kontra egingo dute. DDR (teknologia zikiratzailea) ere hortxe dago. Brasilen egon nintzenean, pasa den abuztuan, Paralamas do Suceso taldearen disko bat ez nuen erosi pirateriaren kontrako softwarea (edo hardwarea da?) jasotzen zuelako. Horretarako ez nago prest: 18 euro pagatu eta ezin kopiarik egin!

Disketxeak musika-etxe bihurtuko al dira?

Brasilen, adibidez, DVDak ia CDen pare daude diskodendetan. Zer gertatuko da DVDarekin? Desagertu egingo da?

Galdera asko ditut eta erantzunik ez.

xme
xme dio:
2005/11/03 16:33

Eta liburuari zer etorkizun ikusten diozu?

Patxi
Patxi dio:
2005/11/07 11:55

Egokitu esaten da, baina egokitu bitartean?

Nik, egia aitortzen dizuet, delinkuente sentitzen naiz nere blogean euskal musika ipintzean. Beste alde batetik badakit ipintzen dedan musika apurra, zaharra beti, entzulearen gogoa piztu dezakeela kantari horrenganako, baina hala ere...

Laister prospektiba pixkat egingo det, eta beharbada asmatu! Hala balitz, euskal kantari asko aberats bihurtuko da. Beste batzuk berriz bizimodua atera. Ikusiko.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/11/11 16:36

CDa biziko da oraindik. Nik ez dut behar RIPen diskoa pirateatzea. Erostea nahiago dut, diru horregatik erosten dut objektu elegante bat, ondo diseinatua, bi diskorekin barruan... eta Lauaxetarenarekin berdin gertatzen zait. Gurago dut eskuan izan, ikutu, irakurri... nostalgikoa? ez dakit.

Gaur goizean Señor No taldearen binilo bi erosi dituzte nire aurrean, Bergarako Bilintxen. Binilo bi! Ez ziren ba martzianoak...

Gari
Gari dio:
2005/11/06 01:10

Bai,egia esan nik liburuan pentsatzean literatur liburuan nuen burua. Kontsultarako liburu agian desagertuko da urte batzuren buruan.

eneko
eneko dio:
2005/11/06 03:53

Bai, horrela ematen du. Joera hortik doala dirudi, liburuak formato digital ezberdinetan. Baina, zein izango da formato erabiliena, egokiena, ...? Hor dago editoreen kezka eta lana.

Baina, era berean, hori esaten zutenek harrituta geratu dira aste honetan, wikipedia paperean kaleratuko dela jakiterakoan, ezusteko galanta!!

Pare bat erreferentzia gaiaren jarraipenerako:

Gaia oso interesgarria da, ahal dudan neurrian jarraitzen dut.

Inoiz baino gehiago idatzi eta argitaratzen da gaur egunean, digitalean edo paperean.

Aniztasuna da etorkizunaren ezaugarrietariko bat, zergaitik ez pentsatu formatu biak edo gehiago (adibidez, entzuteko liburuak, robotak edo makinak irakurriko dituztenak) mantendu eta gehitu egingo direla?

Wikipedia bezala, digitaletik, kasu honetan blogetik, paperera pasatu dituzte Joxe Arantzabalek edo Xabier Mendigurenek beraien idatziak.

Automatikoki egiteko tresnak sortu dira, Blogbinders bezala. Turn your weblog into a book! Bihurtu zure bloga liburu bat!

Zure blogaren pasahitzak eman et voila! bost minututan zure blogetik paperezko liburua egingo dizute.

Horrelako zerbitzu gehiago daude: http://www.qoop.com/ , http://www.blogprinting.com/

Hori bai, liburuak ez dira ateratzen Joxe edo Xabierrena atera diren bezain politak :-) Baina, paperean ... Gutxienez belaunaldia pasatu beharko da, jendea digitalean irakurtzera ohitu arte. Edo gehiago agian?

azpi
azpi dio:
2005/10/31 15:56

Hiri irakurri nian aspalditxo sustatun, hotza-izotza negozioaren historia hori, eta musika-cd paralelismorako oso egokia duk, bai. Oso argia duk. Ederra artikulua.

magic
magic dio:
2005/10/30 23:28

Arrazoi borobila hirea Gari.

Ni oso zaharra ez naiz eta dagoeneko lanbide askoren desgerpena ikusi dut, hala nola: ikatz saltzaileak, sifoia saltzen zuena, emakumezkoen mediak konpontzen zituena... Ordizian, lanbide horiek zituztenek euren negozioak egokitu zituzten egungo beharretara eta, gaur egun, barbakoak egiteko produktuak salduz edo freskagarri industrialak banatuz edo modako jantziak salduz, konpondu dute arazoa. Zer dela eta musikaren industriak ez du gauza bera egiten? Eta musikariek industriak jartzen dizkien kateak hausteko zer arraio behar dute? Noiz ohartuko dira beste egoera baten gaudela eta beste bide batzuk jorratu behar dituztela? Bitartean, abestiak partekatzeagatik, ez naztela gaizkileen zaku berean sar, eta nire lanak burutzeko erabiltzen ditudan CDei ez diezatela zerga erantsi bat jar!!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.