Lizarbakar ala Lizar bakan?
Aspaldi igo gabe geunden eta kartel (guretzat) berria ikustean harritu gara. "Lizar bakan" jartzen du kartelak. Gu "Lizarbakar" zelakoan tokiaren izena (elkartuta), eta beste norbaitek ere kartela zuzendu dio, N-ari gurutze bat jarriz eta R bat azpian idatziz.
Pentsatu dut etxera iristean ikertuko nuela gaia, Interneteko iturriak bilatuta. Pixka bat argitu dugu, eta ez dirudi "Lizar bakan" horren pistarik dagoenik, aurkitutako toki guztietan "Lizarbakar" erabiltzen da.
Aipatzen dudan leku horretaz
Toki hau mendi-lepo bat da, ditugun beste hainbeste bezala. Tolosako Urkizu auzotik goraka hasi, Artegietako gaina hartu, baso ederraz gozatu, Mendikute eta Albizturrera doan bidea albo batera utzi eta eskumara, bideak gora egiten du Herniozabalen gailurraren bila. Une batean lepo batera iritsiko gara, Herniozabalerako azken aldapak hartu aurretik.
Lepo horrek berezitasun bat du, lizar eder bat dago bertan.
Gure protagonista duela bi urteko udaberri egun batean. Ezkerrean ikusten da Herniozabalerako malda.
Artegieta ingurutik Uzturre eta Tolosa
Lizarra eta inguruko paisaia, Mendikute eta Albiztur aldera begira gaudela.
Lizarbakarrera goazela, Artegieta pasatuta baso eder hau aurkituko duzu. Uste dut Donostiako musika hamabostaldiko kontzerturen bat egin zela hor bertan noizbait, autoz bertara iritsi daitekeela aprobetxatuta.
Zein da tokiaren izena?
Euskalduna izate hutsagatik filologiako hainbat gai konbalidatzen dizkigutela entzuna daukat, baina hala ere ez da erraza tokiaren izena argitzea.
Jaurlaritzaren toponimia sisteman lizarra mendebalderago jarri dute. Hau ez da zuzena egia esateko, baina mapa honetan ikasi dut agian lepo horrek Artzubi izena daukala, Muñoaundieta tontortxoa eta Zelaitxiki zelaiaren alboan. Ala Artzubi beste nonbaitekoa ote da? Izan ere Artzubi erreka Hernialde herritik gertuago ateratzen da, Monteskue auzotik gertu.
Eta lepoaren izena Artzubi balitz eta Lizarbakarra zuhaitzaren izena? Agian hori da soluzioa.
Antzerako iritzia du Foru Aldundiko b5m zerbitzuko mapak. Baina ez da harritzekoa, oker ez banago bien artean informazio hau partekatzen dute eta.
Azkenean Tolosako toponimia mapan begiratu dut, 2015eko edizioan. Hemen ere Lizarbakarra aipatzen da. Are gehiago, ekialdera hasten den errekari Lizarbakarraerreka izena eman diote. Erreka honek eta zeharkatzen duen basoak aparteko kapitulu eta bisita bat merezi dute, batez ere euria egin ondorengo egunetako batean. Bere ibilbidean Hernialde eta Tolosa bereizten ditu eta sorpresa ederrak eskaintzen ditu ikuspegi askotatik, baita Lost telesailaren jarraitzaileentzat ere, baina ez dut espoilerrik egingo. Zuek deskubritu!
Hain toki eta zuhaitz ederra da, Bide Ertzean taldeak ere kantua egin ziola: Lizarbakar
Tokia ezagutzea gomendatzen dizuet, batez ere datorren udaberrian. Egun eguzkitsu batean ere, Muñoaundieta edo Zelaitxiki toki zoragarriak dira, etzan eta belarretan lasai egoteko, errekorren bat hautsi nahi duen laguna 1.011 metro dituen Herniozabal mendira igotzen den bitartean (bai, Hernio mendilerroaren azken tontorra da hau).
Toponimia adituren bat salan?
Hemen azaldutako toponimoetan zuzenketak gustora egingo nituzke MAPAN. Informazio zehatzen bat baldin baduzue, bota erantzunetan eta gustora zuzenduko dut MAPA.
Gure adibide bat: Lekeition bada mendi bat, Lumentza. Mendi horren barruan, mikrotoponimo asko dagoz: Kanape, Kakueta, Garratxa, Zubiburua... Halako baten, arkeologo bat etorri zan, eta aztarnategi bat topau zeban Garratxako kueban. Berak, baiña, bere artikuluetan "Cueva de Lumentza" izenakin argitaratu zeban, eta izen horrekin ezagutzen da nagusiki gaur egun. Baiña lekittarrendako, hori "Garratxako kuebia" da. Lumentza txarto dago? Ez. Baiña Garratxa zehatzagua da.