Udako abestia: ¡Que viva España!
Udan zehar kilometro dexente egin ditut kotxean, batetik bestera Euskal Herrian barrena, irratiaren konpainian gehienbat. Udaldiko berriketa txatxuak eta tertulia sakon ustekoak entzuteko gogo gutxi, eta nahiago musika jartzen duten emisorak: bat edo beste, berdintsu zitzaidan zein, baldin eta musika entzunarazten bazuen. Hortaz, festetako taberna eta txosnetan ibili ez banaiz ere, zer edo zer esan dezaket uda partean entzun dudan (eta, beraz, geure artean entzun dugun) musikari buruz.
Orain galdetuko balidate zein izan den aurtengo udako abestia, hona gogora datozkidan batzuk: Nada de esto fue un error, Coti argentinarrarena (Julieta Venegas eta Paulina Rubiorekin); La camisa negra, Joanes kolonbiarrarena; Días de verano, Amaral aragoiarrenak; La tortura, Shakira kolonbiarrarena (Alejandro Sanz espainiarrarekin); Siete horas, Bebe extremadurarrarena; Zapatillas, El Canto del Loco madrildarrena
Gehiago ere badatozkit burura, tartean Gwen Stefani eta Carlinhos Brown-en azken hit-ak, baina, horiek gorabehera, konstatazio dudaezinezko bi egin litezke: lehena, Hego Euskal Herrian arrakasta duten abesti gehien-gehienak espainolez kantatuak direla, Atlantikoaren alde batekoak nahiz bestekoak izan; bigarrena, euskal kantu bakar bat ere ez dudala sumatu zerrenda horretan sartzeko modukorik; gehien hurbiltzen dena, geografiaz eta nahi baduzue tematikaz, Soy un veterano de la kale borroka, Lendakaris Muertos iruñarrena eta komunikabide faxista batzuetan protestak piztu dituena, punkaren ironia ulertu ezinik nonbait. Euskaldunen artean beti dira kontsolamendu bila dabiltzanak: horiei esan diezaiekegu Joanesen abizena Aristizabal dela, edo Amaraleko kide bat Agirre eta donostiarra dela, baina poxbide kaxkarra da hori, top zerrendan daukagun presentzia eskasa zuritzeko.
Arrazoiak aztertzen hasita, mordoa aipa liteke: euskal musikagileen sorkuntza-krisia dagoela pentsa lezake baten batek, Euskadi Gaztera deitzen dutenek eskatzeko moduko kanturik egiteko gauza izan ez direlako; euskal musikaren industria zein ahula den ere aipa daiteke, disko-etxeak kantari baten promozio indartsu eta egokia bideratzeko gaitasunik ez dutelako; euskaldunok geure hizkuntzan egindako lan eta produktuei zein atxikimendu eskasa diegun salatzea ere ez legoke lekuz kanpo; geure demografiaren mugak gogora genitzake, erruak goxatu nahi izanez gero; estatu baten tresna ideologiko eta ekonomikoak edukitzea zein inportantea den ez ahazteko aprobetxatu genezake, bide batez.
Horiek denak dira egia. Zein faktoreri ematen diogun garrantzi handiagoa edo txikiagoa, norberaren pentsaera eta izaeraren baitan dago, eta horretaz eztabaidatzen hasiz gero ez genuke sekula amaituko. Hala ere, arazoa hor dagoela konturatu behar genuke, gutxienez, asko ez baitira ohartu, eta beste askok nahiago baitute itsuarena egin. Eta arazo hori ez da udako abestiarena, kultur inbasio orokor batena baizik. Maila politikoan hau eta beste eskatzen, planteatzen, aldarrikatzen dugu, baina kulturalki kolonizatuta jarraitzen dugu. Gero eta kolonizatuago, seguru asko, eta ez dirudi axola zaigunik.
Horretaz jabetzea, hasteko. Ondoren, bakoitzak bere alorrean ahaleginak egin behar lituzke, zaparrada etengabe horri aurre egiteko. Hala ere, denok ez ditugu ahalbide eta erantzukizun berak. Egoeraren eragileen artean bat utzi dut lehen aipatu gabe: irrati-kateen ideologia, FMko diala betetzen duten emisoren jabetza eta horrek dituen ondorioak. Egia da prentsa idatzian ere hedabide arrotzek egundoko indarra dutela, baina, kioskoan ez bezala, aireko uhinen banaketan zeresana du bertako aginte autonomoak (gogoratu Euskalerria Irratikoei frekuentzien banaketan Nafarroako Gobernuak egindako azpikeria eta zipozkeriak).
Ea, beraz, geure irrati libreak sendotzen ditugun, haiek koordinatzeko asmoek aurrera egiten duten, irrati euskaldun eta nazional berriren bat sortzeko gauza garen, dauzkagun irrati euskaldun publikoek musika programatzean beren izaera euskaldun horri zorrotzago eusten dioten, eta, maiztasun berriak banatzerakoan, talde arrotzen presioei amore eman barik, egungo eskaintza globalaren oreka linguistikoa irizpidetzat hartzen den.
Orain dela 35 bat urte, Espainiako itsaso, lur eta airean harro eta zabal entzun zen kantua, zinezko udako abestia, Manolo Escobarren ¡Que viva España! izan zen. Zuetako askok barre egingo dio Manolo Escobarri, baina, pentsatzen jarrita, hura behintzat pasodoble eder bat zen, dantza lotuan egiteko aproposa, eta ez zuen disimulatzen bere mezua.
Udako postalak (XVII)
Larunbata, irailak 3
Fisikako irakasle maite hori:
Oporretan gustura ibili zara? Estresa pasa zaizu? Pozten naiz. Ni ere saiatu naiz ongi pasatzen, ez zen erraza baina: irailerako zintzilik utzi zenidan ikasgaiaren zama lepotik zintzilik beti Pentsa: joan kontzertu batera eta, taldea jo eta sua ari zela, watt-ak, anpereak eta dezibelioak kalkulatzen hasten nintzen; hartu kristoren atxurra eta, etxera balantzaka nentorrela, grabitate-legeaz gogoetan; alde egin autoan Mediterraneo aldera eta, abiadurari eta distantziari erreparatuta, noiz ailegatuko ginen pentsatzen. Hortaz, azterketa oso ongi ez egin arren, jakizu fisikak biziki kezkatuta naukala, eta izan zaitez, arren, eskuzabala.
Igandea, irailak 4
Lekeitioko antzarak:
Bapo jaten edo lo gozoan egongo zarete denak, bihar zer etorriko zaizuen jakin barik. Erruki humanitarioa iritsi zen zuengana eta heriotza aseptikoa izango duzue, sokatik zintzilik eta gazte bat zuen samari lotuta burua galdu ordez. Alde batera suertea duzuela esan liteke: zezenak ez ditu inork ezpata, pikadore eta banderrilletatik libratzen.
Lekeitiokoa ikuskizuna krudela da berez, eta joko krudel bat proposatu nahi diet irakurle-ikusleei: txalupa bakoitzarekin, saiatu imajinatzen zein pertsona jarriko zenuketen eskegita antzara gaixoaren ordez; gero lagun artean komentatu liteke: Urliak asko iraun du, Sandia lepo-mehe horrek berriz
Asteartea, irailak 6
Gorka nagi hori:
Jaiki zaitez, Gorka. Ea, Gorkatxo, altxa behingoz, eskolara joan behar duzu-eta. Badakit ohean gustura zaudela, baina ezin egongo zara betiko hor sartuta. Gosari goxoa prestatuko dizut, eta han izango dituzu lagun pila bat zain, oporrei buruz hitz egiteko. Aupa, Gorka, ez izan horren alferrontzia eta altxa ohetik, lizundu egingo zara bestela. Animo, ez da horren gogorra eta. Beste guztiak joaten dira ba? Ezin geratuko zara zu bakarrik lehenengo egunean eskolara joan gabe. Are gutxiago maisua zu izanda.
Zure amak
Asteazkena, irailak 7
Juanjo eta Juanjoxe (Ibarretxe eta Petrikorena, alegia):
Bidaia duzue gaur biok Madril aldera; joan-etorria elkarrekin egitea ez litzateke ideia txarra, gastuak banatu eta konpainia onean joateko, baina ez dut uste. Diferenteak baitituzue gonbidatzaileak, denak ere jende printzipala izan arren: Moncloara doa bata, Auzitegi Nazionalera bestea, eta ez da segurua biontzat gozoa izango den tratua. Gogoratzen hasita, aspaldi ez dela Moncloako lehengo maizterrak Auzitegi Nazionalera bidali nahi izan zuen Juanjo. Gauzak zertxobait lasaitu dira. Benetan onbideratzeko, ez litzateke seinale txarra Juanjoxek ere Moncloako alfonbrak zapaltzea. Joan-etorriko bisitan, noski.
Eragin handiena izan duten artelanak
Orain dela hilabete batzuk albiste txiki bat ikusi nuen prentsan. Artearen historialari eta kritikarien artean inkesta bat egin zutela, arte plastikoetan XX. mendean eragin handiena izan duen obra izendatzeko, eta hautatua izan zela... Marcel Duchamp-en "Iturria" (gizonezkoen pixatokia, nonbaitetik hartu eta berak sinatua). Konforme geratu nintzen aukerarekin, lan "ederragoak" izango diren arren, handixe abiatzen baitira geroztiko artea goitik behera markatu duten hainbat joera: originalaren eta kopiaren arteko jokoa, artea zer den zalantzan jartzea, artistaren subjektibitatea arte-ekintzaren muin gisa, kontzeptualizazioa...
Orain dela aste batzuk antzeko beste albiste bat ikusi nuen. Oraingoan, eragin handieneko kantua aukeratu behar zuten, eta irabazlea berriz... "Like a Rolling Stone", Bob Dylan-ena. Zailagoa iruditzen zait arlo honetan hautapen bakarra egitea, baina ados egongo nintzateke berriz ere: kantatzeko era bat sortu zuen, ordura arte "gaizki kantatzea" deitzen zena sentimenduen transmisiorako bide ona zela erakutsiz, eta jarrera berri bat ere bai, errebeldiazkoa, harrezkeroko rock guztia baldintzatu duena.
Albiste horien haritik pentsatzen jarri nintzen: euskal eremuan horrelako aukeraketa egin beharko balitz, zein litzateke arte grafikoan obra esanguratsuena? Eta abestirik eragingarriena? Jendeak parte hartzeko eta iritziak emateko deia ere bada artikulu hau, baina harria neuk bota dudanez proposamen parea ere egingo dut.
Arte ederretan nik uste eragin handiena Jorge Oteizaren lanek sortu dutela. Bat izendatzeko ez dut behar bezala ezagutzen haren obra, baina espazioaren desokupazioa eta hutsunea lantzen hasi zeneko eskultura horietako bat esango nuke.
Eta abestietan? Mikel Laboaren hasierako bat. Labeguerie etorri zen lehenxeago, baina eragin handiena Laboak izan duela esango nuke, tradizioa eta modernitatea uztartzen jakin zuen sentiberatasun bat, kantaera berezia, jarrera ere bai. "Haika mutil", "O Pello, Pello" edo horrelakoren bat izan liteke.
Inkesta zabalago ere hartu liteke. Adibidez, literaturan eraginik handieneko obra XX. mendean, nazioartean eta Euskal Herrian. Edo zinemaren historian eragin handiena izan duen filma (kasu honetan nazioartera mugatuko nuke hautua, gurean hutsaren hurrena besterik ez dugu egin eta).
Paretari begira
(Igandean Goierriko Hitza-n argitaratua)
Kitto. Bukatu da uda. Iritsi da betiko martxara bueltatu beharra. Eta etorri da atzera Hitza ere. Batek baino gehiagok izango du pena, oporrei ez diela nahi adinako zukurik atera, egin gabe utzitako planen damua barrenean hazka. Tira: ez ibili kexaka, ez dago gabonen edo datorren urtearen zain egon beharrik-eta; batzuetan nahikoa da arratsalde bat libre hartzea eta irudimen pixka bat, barkazioetako moduko planak egiteko. Horrelako bat proposatuko dizuet nik gaur.
Barne-turismoa deitzen zaio gure herrialdearen barruan egiten dugunari; askotan izaten baitira txokoak ezagutzen ez genituenak eta gero, ikusitakoan, benetako poza ematen digutenak. Horrelako zerbait gertatu zait niri aurten Seguran. Segurako kaleak etxe dotore ugari ditu erakusteko, noski, baina ni uda honetan ustekabean harrapatu nauena, herriko plazan Joxemari Telleriak pintatu duen murala izan da: ze gauza ederra! Koloreak, konposizioa, ispiluaren ideia hori Ez dizuet kontatuko: hobe zuek joaten bazarete.
Horma horren haritik, pentsatzen jarri naiz, badituela Telleriak mural gehiago ere, polit askoak, Goierriko bazterretan han-hemen eginak. Adibidez, Ordiziako Oiangu taberna barruan bat, eskuin muturrekoek jarritako bonbak lehengoa txikitu ondoren berritua; beste bat Beasainen, Erretiratuen Etxeko sarreran; eta, Beasaindik atera gabe baina ezkutuxeagoan, Dendarien Elkartean, Oriamendi kalean. Ez dut ikusi baina, esan didatenez, Zaldibiako futbol zelaian ere margotu omen zuen hango pareta, bertako gazteen laguntzaz.
Ez dakit Historiak inoiz aitortuko duen nolako gizon jantzi, argi, eskuzabal, fin eta jatorra izan den Joxemari Telleria. Etorkizunaren zain egon gabe, guk geuk oraintxe daukagu aukera, haren zenbait obra begi-bistan gozatzeko, batetik, eta urtetan egindako lan isila eskertzeko, bestetik.
Udako postalak (XVI)
Asteartea, abuztuak 30
Patricia Highsmith Parnasoan zaudena:
Ez dut uste zure jaiotzaren ez heriotzaren urteurrena denik. Arrazoi berezirik ez, beraz, postal hau idazteko. Hala ere, eskertu egin nahi nizun, zuri eta zure bitartez munduan diren eta izan diren idazle guztiei, zeure nobelekin ematen diguzun poza. Gizon-emakume arruntak krimenaren atarira eramaten dituzu, ezagun duzu ez duzula maiteegi giza jeneroa, baina gu ez garen beste batzuk abelera horietan ikusiz gozatzen dugu irakurle sinpleok. Uda oro errepikatzen den plazera. Urte askoan iraun dezala.
Asteazkena, abuztuak 31
Lech Walesa elektrikari ohia:
Nonbaiten irakurri dut gaurko egunez sortu zela, orain dela 25 urte, Solidarnosc sindikatua; oporraldiaren luzapena aldarrikatzeko ote zen pentsa liteke, txantxetan hasiz gero; serio jardunda, langileena omen zen estatu batean langileei egiazko ahotsa emateko saioa zela sinetsi nahi zuten gure arteko batzuek; gaizki pentsatuta, berriz, ematen du meza-kantua zela zuk entzun nahi zenuen bakarra. Sozialismo erreal hura joan zen pikutara, oraingo Polonian hauteskundeak komunista ohiek irabazi arren. Ez dakit lortutakoaz harro sentizen zaren baina, zorionak dena dela.
Osteguna, irailak 1
Donostiako arraunlariak:
Hemerotekek diote 80 urte direla donostiarrek banderarik irabazi ez dutela. Ez estutu: aurten, gizatasun eta dotoreziarena irabazi duzue-eta, Kontxako zortzi aukeratuen artean egoteko pribilegioari uko eginda. Kirolaren lege bakarra arerioa zanpatzea bihurtu den sasoi honetan, ez da makala. Gaurko sailkapenean jardungo duzue erlojupean, denbora txarra egingo duzue seguru asko, eta kamixeta izerdi jatorrez zikindutakoaren harrotasunez etxeratu ahal izango zarete. Zorionak: orain bai merezi duzuela Kontxako Bandera irabaztea. Esponsor on bat bilatuz gero
Ostirala, irailak 2
Deep Purplekide agurgarriak:
Rockero zaharrak inoiz hiltzen ez direlakoa asmatu zuenak burua altxatuko balu, hor ikusiko lituzke, etxeko epelean kafesne-zopak hartzen egon beharko luketen agureak zerbezaz bapo daudelako itxurak egiten, gelditzen zaizkien boxt kalpar xaxtarrak luzatzen utzita, anfetaminen ordez sintron pastilla bat hartuz egunero
Barka ezazue patetiko samar ikusten bazaituztet. Dena dela, ez pentsa zuen aurrean txirriak erretzen jardungo dutenak askoz hobeto dabiltzanik, tarteka salto txikiak egin arren denak zain egongo baitira, Smoke on the water noiz entzungo.
Atzo genioen moduan...
Nire moduan Espainiako literatura eta kultura ikasi dituenari ezaguna egingo zaio "Decíamos ayer" esaldiaren historia, baina izango dira ezagutzen ez dutenak ere. Frai Luis Leongoa XVI. mendeko poeta espainiar bikaina izan zen, bere poemak plazaratzeko irrika berezirik ez zuena, ordea, hil ondoren argitaratu zizkioten-eta. Lira delako bertso-motan idatzi zituen bere sorkari ederrenak: 7 eta 11 silabako lerroak tartekatuz eta errima birekin. Burura datorkit haren zatirik ezagunenetakoa:
"¡Qué descansada vida / la del que huye del mundanal ruïdo / y sigue la escondida / senda por donde han ido / los pocos sabios que en el mundo han sido!"
Bera ez zen horren ezkutaturik ibili ordea. Poemak idazteaz gainera, teologiako irakaslea zen Salamancan eta, gaur egungo talaiatik horrek marjinal samarra dirudien arren, bere garaian munta handiko gizona izan zen. Hainbesteraino non, etsaien salaketen erruz, behin baino gehiagotan ikusi zuen bere burua Inkisizioaren epaitegien aurrean, baita bost urte preso pasa ere. Kontatzen dutenez, kartzelaldi horren ostean bere irakasle-lanera itzuli zenean, horrelaxe hasi omen zuen bere estreinako eskola: "Decíamos ayer..."
Nik ez dut bost urte pasa, eta patxada ederrean egon naiz uda partean, baina uztailaren 20tik ez dut mezu berririk idatzi, ez badira Berria-ko Tartea gehigarrirako idatzi ditudan postalak.
Postalez kanpoko azken mezu hartan hamarkadei buruzko burutazio batzuk bota nituen, "La grande bouffe" filma ikusteak bururarazi zizkidanak, eta pelikula komentatzea hurrengorako utziko nuela esan nuen.
Ez dakit nire hitzak iraungitze-datarik duen baina agindua bete gabe uzteak halako zimiko bat eragiten dit barrenean. Hala ere, hasi-masiekin luzatu egin naiz berriz eta hurrengorako utziko beharko dut, beste behin, pelikularen zorra, hilabete eta erdi pasa ondoren ezer txukunik esaten asmatuko dudan ez dakit baina.
Udako postalak (XV)
Osteguna, abuztuak 25
Bartolo Gibelandi:
Nazka-nazka eginda naukazu. Etxera iritsi bezain laster, abokatuarengana noa dibortzioa eskatzera. Urte osoan zure kantzontziloak eta pixa-arrastoak garbitzea nahikoa ez dela, udan gainera 24 orduan agoantatu behar: gauekoak gutxi nonbait, eta arratsalderoko zurrungak; kamixeta narras hori, txilborra bistan; zerbezak edanez bata bestearen atzetik, puxika husteko besterik jaikitzen ez zarela, galtza motxen zirrikitutik potroei hazka Amodioak itsututa edukiko ninduen, zaren bezalako zerria zarela ez konturatzeko, baina sendatu naiz, azkenik.
Maritxu
Ostirala, abuztuak 26
Maritxu Tximazikin:
Konforme esaten duzun guztian, xehetasun bat aldatuta: neuk eskatuko dut dibortzioa. Ez dakit nola jasan dudan orain arte horrelako atso histerikoa, buruan txorakeria besterik ez daukana: eguzkitako mila krema eta ukendu, zartagi-ipurdia baino beltzago egoteko; arratsaldero hango edo hemengo eskaparateetan ikusmiran, soineko, top, zapata eta istorio erosteko, nire visarekin noski; gauetan halako kafetegi, pub eta terrazatan, inguru horretan ez-dakit-nor ibiltzen dela eta. Uda desastre honen alderdi on bakarra, zure ondoan pasatuko dudan azkena izatea.
Bartolo
Larunbata, abuztuak 27
Futbolero maitea:
Luzea izan da baina iritsi da. Hemen da azkenik Espainiako Liga. Azken hilabeteak nola-hala pasatuko zenituen: fitxaketen berriak, adiskidantzazko partidak, denboraldirako aurreikuspenak baina hori dena heroinazaleari metadona ematea bezalatsu da. Eta zuk benetako txute bat behar zenuen. Hasi da liga beraz. Baduzu aste osorako hizketagaia: astelehen-astearteetan, asteburuan gertatutakoaz eztabaidatzeko: huts egindako estrategiak, arbitro erosiak; asteazkena, erdiko atsedena: eta ostegun-ostiraletan, datorren matxaren xehetasunak aletzeko. Besterik behar al da zoriontsu izateko?
Igandea, abuztuak 28
Udatiar zoriontsu hori:
Pozik sentitzen zara. Ohitu zara oporlekuko ohe horretara, lo gozo egiten duzu, iratzargailua denik ere oroitu gabe. Faxa, e-maila eta bulegoko telefono-zenbakia ere ahaztu dituzu. Lankide, bezero, saltzaile, hornitzaile eta gainerako harreman profesionalen izenak eta aurpegiak itsasoak urrunean egiten duen gurma antzeko hartan galtzen zaizkizu. Ez duzu ia egunkaririk irakurtzen, ez telebistarik ikusten. Mundua ondo egina dagoela ari zara sinesten, zu naturarekin bat eginik. Eta oraintxe onenean zaudela berehala bueltatu behar duzula gogorarazten dizu alu honek.
Udako postalak (XIV)
Larunbata, abuztuak 20
Rafael Vera presoner gaixoa:
Aste parea daramazu dagoeneko depresioaren kontrako tratamendu berri horrekin. Ta? Hobeto? Pozten naiz. Benetan esaten dizut. Nahiz nire inguruan askok odolkiak ordainetan eman nahi lizkizukeen (ezin ahaztu GALen nagusi guztiak libre dabiltzala, zu salbu), ez gaitezen odol txarrekoak izan. Euskal Herrian kartzela berriak egitera doazen honetan, gogoratu beharko hori ezin dela izan leku ona inorentzat. Are gutxiago inongo errukirik gabe bakartuta eta hogei urtetik gora lehen graduan dauzkatenentzat. Zuk izan duzun bezalako tratua behintzat izan dezatela haiek, lehenbailehen.
Igandea, abuztuak 21
Odontxo eta Iñakitxu:
Hiriburuetako festen hurrenkeran batak besteari lekukoa emango diozuen egun honetan bururatu zait bikote polita egingo zenuketela. Ez maila sentimentalean, ez dut zuen bizitza pribatuan sartu nahi. Politikoki ondo konponduko zinatekete, nazionalisten mitxelina eta espainoletako baskista, biak ere apur bat demagogoak eta egolatrak. Komiko sartuz gero ere, bikote artistiko polita; akaso biek listoarena egin nahia litzateke problema. Txantxak txantxa, esperimentu bat proposatuko nuke: hiri bien harremanak sendotzeko, alkateak trukatzea, astebetez bada ere. Bariedade pixka bat izango genuke sikiera.
Asteartea, abuztuak 23
Atleta beterano hori:
Ez al zen kirolari olinpikoa altius, citius, fortius? Zu dagoeneko ezin izan azkarrena, indartsuena, altuen iristen dena. Eta hala ere hor zabiltza lehian. Ez dakit zer pentsatuko luketen greziarrek hankamotzen, itsuen, zaharren lasterketak antolatzen ditugula ikusiz gero. Gizatiarragoak bihurtu garela? Gaztetasun mitikoaren ametsak sorgindurik gauzkala? Denbora zertan pasa ez dakien gizarte txoroa garela? Nolanahi dela, pozik bazabiltza aurrera, baina kontuz erorikoekin, adin batetik gora egundokoak egiten dituzte-eta.
Ezkirol batek.
Asteazkena, abuztuak 24
Santino, Fabrizio, Mario:
Zuen izenak asmatzen ari naiz, polizia-oharreko S., F. eta M. inizialetatik. 19 eta 21 urte, gizonezkoak, italiarrak, Donostian ertzaintzarekin liskarrean hasi eta Martutenen amaitu duzuenak. Udan ligatzeko asmoz etorritako mutiko alaiak ote zarete? Ala globalizazioaren aurkako ekintzaile solidarioak? Gazte abertzaleen barrikadak kilikagarri iruditu zitzaizkizuen? Hemengo festetako jolas tipikoa zelakoan ari zinetela esan diezaiokezue abokatuari, aurretik kontsulak zuen askatzea lortzen ez badu.
Salute, compagni.
Udako postalak (XIII)
Asteartea, abuztuak 16
Lucia Hiriart andere agurgarria:
Zure senar Augustoren bigarren abizen Ugarte hori disimulu samarrean geratzen den arren, zure lehenengo deiturak harro asko salatzen du bere euskal jatorria. Horra munduan familia printzipala, gure arbasoen odolekoa, nahiz eta hemengo agintari eta herritarrek ez dizueten egiten halako eskumuin eta gorazarrerik. Hori bidegabekeria, hori, eta politikazko txikikeria batzuengatik; zer dira ba milaka torturatu, desagertu eta hildako, zibilizazio kristaua piztia komunisten atzaparretatik salbatu zuenarentzat. Goraintziak familiari, eta ez diezazuetela kendu Suitzan bildutako dirutik xentimorik.
Asteazkena, abuztuak 17
Ajeak txikituta zauden horrentzat:
Latza biharamuna, ezta? Gogoratzen duzunez, eta bizirik duzun neurona bakarrak huts egiten ez badizu, hamabi bat lagun abiatu zineten bart gauean, barraz barra ibili zineten hamar bat orduan; tragoen kontua aspaldi galdu zenuen, lagunak ere galduz joan ziren, orduak pasa ahala, gauaren lau kantoietan. Goizargia hurbiltzearekin batera ez dakizu non utzi erortzen zure gorputz hondakin hau, ezta berriz altxatzeko gauza izango zaren ere. Baina, bai ederra dela parranda egitea!
Osteguna, abuztuak 18
Joseba Egibar akordeoijolea:
Norbaitek esan zuen behin hiru arerio mota direla, zein baino zein gogorragoak: aurkari normalak, etsai gorrotatuak eta alderdiko lagunak. Hirugarren horri jazbana deitu behar omen zaio jeltzaleen artean. Garai batean zeu zinen, eskusoinua hartuta, orkestina horretan errepertorioa markatzen zuena, edo melodiari ahotsa eransten ziona behintzat. Gaur, berriz, badirudi beste batzuek jartzen dutela doinua, eta zu hor zabiltzala, bazterretik, partiturari beste erritmo bat ezarri nahian. Desafinatzeagatik batuta buruan txikitzen ez dizuten bitartean
Animo, musikaldiak luzerako du-eta.
Ostirala, abuztuak 19
Xomorro gorrotatuak:
Bateko euli gogaikarriak, hor zabiltzatenak, begi paretik ezpain ertzera, bazter guztiak nazkatzen. Besteko eltxo zikinak, zuen burrunbada mehatxuzko eta ziztada beldurgarriekin, usterik gutxienean helduz. Hurrena, berriz, mendian eseriz gero alde guztietatik agertzen zareten tximitx antzeko piztiatxoak. Baina okerrena, aurten, nire ohean zabiltzan armiarma nazkagarri hori izan zara, gauetan inongo emek ez bezalako hozkak egin eta goizean esnatzean egundoko markak utzi dizkidazuna.
Banoa azkar batean zuek denok abakatuko zaituzten botikaren bila.
Udako postalak (XII)
Osteguna, abuztuak 11
Mikel Garmendia oroitua:
Gaixo egonda ere, iruditzen zitzaigun betirako zinela, betigaixo horietako bat, eta ustekabean harrapatu gaitu zure agurrak. Hala ere, hurbilekoek sentituko dute zure hutsunea, besteoi zure lan ahaztu ezinezko guztiak geratzen zaizkigu-eta. Kareletik-eko Balantxas, Bi eta bat-eko ertzaina, Goenkale-ko Joxemari, Jaun ta jabe-ko maiordomoa, Maité-ko Txomin builosoa Zein aukeratu? Nik Kutturru: biajante ezkondua zela, aktore izatearekin amets egiten zuen ordiziar berritsu hura, eta ametsa gauzatzeko adorea izan zuena, bera baino 15 urte gazteago zirenez inguratua.
Ostirala, abuztuak 12
Grenet jaun mera:
Pinturan, musikan edo idazletzan nabarmentzea ez da izaten, salbuespenak salbuespen, gurasoetatik seme-alabetara igarotzen den dohaina. Medikuetan, aldiz, ohikoa da familian gelditzea negozioa, zuk aitarengandik jaso zenuen moduan. Eta kargu politikoak? Monarkietan araua da herentzia; tiranietan ere ez da harritzekoa; zein kategoriatan sartu beharko genuke Baionakoa? Urtetan Jean Grenet aita auzapez izan ondoren, Jean Grenet semea zaitugu orain alkate. Luzerako ez izatea espero dut, baionesen eta euskaldun guztien duintasunaren izenean.
Larunbata, abuztuak 13
Korta ahozikin hori:
Ederra egin diate, Joxeluix. Zer-eta traineruan ibiltzea debekatu! Zergatik eta kontrarioak iraindu ditualako! Iraindu? Bueno-bueno-bueno Zer ikusi behar ote diagu? Jar ditzatela apaiz eta mojak arraunean, horiek hizketan zuri eta fin ibiliko dituk eta. Baina egia ere baten batek esan beharko dik, ezta? Hi isiltzen bahaute, zeinek botako dik harako esaera biribil hura: Hemen putasemea, pinu-ostroa baino ugariago zegok?
Hi gabeko estropadak, ur gezaz betetako bainuontzian jokatuak bezala izango dituk.
Igandea, abuztuak 14
Auto-ilaran zauden hori:
Beroa, kea, hautsa Bost metroan behin gelditu beharra. Umeak negarrez, amona mareatzeko beldurrez, irratia txorakeriak besterik esaen ez dituela.
Bazoaz kontratupeko paradisura, edo bueltan zatoz zeru txiki ordaindutik, baina, joanean nahiz etorreran, ezinbestekoa da purgatorioa, eta luzea, eta gogorra.
Bozina joka ernegaturen bat, bideko hautsa, autoen kea, airearen beroa Ez dago giro, baina oraindik zientoka kilometro falta eta, martxa honetan, ezin konta ahala ordu.
Eutsi goiari.