Atzo genioen moduan...
Nire moduan Espainiako literatura eta kultura ikasi dituenari ezaguna egingo zaio "Decíamos ayer" esaldiaren historia, baina izango dira ezagutzen ez dutenak ere. Frai Luis Leongoa XVI. mendeko poeta espainiar bikaina izan zen, bere poemak plazaratzeko irrika berezirik ez zuena, ordea, hil ondoren argitaratu zizkioten-eta. Lira delako bertso-motan idatzi zituen bere sorkari ederrenak: 7 eta 11 silabako lerroak tartekatuz eta errima birekin. Burura datorkit haren zatirik ezagunenetakoa:
"¡Qué descansada vida / la del que huye del mundanal ruïdo / y sigue la escondida / senda por donde han ido / los pocos sabios que en el mundo han sido!"
Bera ez zen horren ezkutaturik ibili ordea. Poemak idazteaz gainera, teologiako irakaslea zen Salamancan eta, gaur egungo talaiatik horrek marjinal samarra dirudien arren, bere garaian munta handiko gizona izan zen. Hainbesteraino non, etsaien salaketen erruz, behin baino gehiagotan ikusi zuen bere burua Inkisizioaren epaitegien aurrean, baita bost urte preso pasa ere. Kontatzen dutenez, kartzelaldi horren ostean bere irakasle-lanera itzuli zenean, horrelaxe hasi omen zuen bere estreinako eskola: "Decíamos ayer..."
Nik ez dut bost urte pasa, eta patxada ederrean egon naiz uda partean, baina uztailaren 20tik ez dut mezu berririk idatzi, ez badira Berria-ko Tartea gehigarrirako idatzi ditudan postalak.
Postalez kanpoko azken mezu hartan hamarkadei buruzko burutazio batzuk bota nituen, "La grande bouffe" filma ikusteak bururarazi zizkidanak, eta pelikula komentatzea hurrengorako utziko nuela esan nuen.
Ez dakit nire hitzak iraungitze-datarik duen baina agindua bete gabe uzteak halako zimiko bat eragiten dit barrenean. Hala ere, hasi-masiekin luzatu egin naiz berriz eta hurrengorako utziko beharko dut, beste behin, pelikularen zorra, hilabete eta erdi pasa ondoren ezer txukunik esaten asmatuko dudan ez dakit baina.
Aupa. Xabier, ez dut zalantzan jartzen Leongo Luis fraide horrek hori bota zuenentz (izenaz txantxetan ari naiz, ondo ikasi nituen nik ere hispanoen letradunen peripeziak instituto garaian!)... baina nik anekdota hori beti Unamunorekin lotu izan dut... oker ez banago herbestealdiren bat edo inposatu zioten (Kanarietan?) ta buelta Salamancan-edo botako zuela imajinatzen dut. Edo igual oker nabil ta ez da Don Miguel... edo igual bai baina berak Leongo horrengandik ikasi zuen jukutria?
Hau-da-hau ganora bako oharra...