Udako postalak (XIII)
Asteartea, abuztuak 16
Lucia Hiriart andere agurgarria:
Zure senar Augustoren bigarren abizen Ugarte hori disimulu samarrean geratzen den arren, zure lehenengo deiturak harro asko salatzen du bere euskal jatorria. Horra munduan familia printzipala, gure arbasoen odolekoa, nahiz eta hemengo agintari eta herritarrek ez dizueten egiten halako eskumuin eta gorazarrerik. Hori bidegabekeria, hori, eta politikazko txikikeria batzuengatik; zer dira ba milaka torturatu, desagertu eta hildako, zibilizazio kristaua piztia komunisten atzaparretatik salbatu zuenarentzat. Goraintziak familiari, eta ez diezazuetela kendu Suitzan bildutako dirutik xentimorik.
Asteazkena, abuztuak 17
Ajeak txikituta zauden horrentzat:
Latza biharamuna, ezta? Gogoratzen duzunez, eta bizirik duzun neurona bakarrak huts egiten ez badizu, hamabi bat lagun abiatu zineten bart gauean, barraz barra ibili zineten hamar bat orduan; tragoen kontua aspaldi galdu zenuen, lagunak ere galduz joan ziren, orduak pasa ahala, gauaren lau kantoietan. Goizargia hurbiltzearekin batera ez dakizu non utzi erortzen zure gorputz hondakin hau, ezta berriz altxatzeko gauza izango zaren ere. Baina, bai ederra dela parranda egitea!
Osteguna, abuztuak 18
Joseba Egibar akordeoijolea:
Norbaitek esan zuen behin hiru arerio mota direla, zein baino zein gogorragoak: aurkari normalak, etsai gorrotatuak eta alderdiko lagunak. Hirugarren horri jazbana deitu behar omen zaio jeltzaleen artean. Garai batean zeu zinen, eskusoinua hartuta, orkestina horretan errepertorioa markatzen zuena, edo melodiari ahotsa eransten ziona behintzat. Gaur, berriz, badirudi beste batzuek jartzen dutela doinua, eta zu hor zabiltzala, bazterretik, partiturari beste erritmo bat ezarri nahian. Desafinatzeagatik batuta buruan txikitzen ez dizuten bitartean
Animo, musikaldiak luzerako du-eta.
Ostirala, abuztuak 19
Xomorro gorrotatuak:
Bateko euli gogaikarriak, hor zabiltzatenak, begi paretik ezpain ertzera, bazter guztiak nazkatzen. Besteko eltxo zikinak, zuen burrunbada mehatxuzko eta ziztada beldurgarriekin, usterik gutxienean helduz. Hurrena, berriz, mendian eseriz gero alde guztietatik agertzen zareten tximitx antzeko piztiatxoak. Baina okerrena, aurten, nire ohean zabiltzan armiarma nazkagarri hori izan zara, gauetan inongo emek ez bezalako hozkak egin eta goizean esnatzean egundoko markak utzi dizkidazuna.
Banoa azkar batean zuek denok abakatuko zaituzten botikaren bila.