Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako abestia: ¡Que viva España!

Udako abestia: ¡Que viva España!

xme 2005/09/08 00:15

Udan zehar kilometro dexente egin ditut kotxean, batetik bestera Euskal Herrian barrena, irratiaren konpainian gehienbat. Udaldiko berriketa txatxuak eta tertulia sakon ustekoak entzuteko gogo gutxi, eta nahiago musika jartzen duten emisorak: bat edo beste, berdintsu zitzaidan zein, baldin eta musika entzunarazten bazuen. Hortaz, festetako taberna eta txosnetan ibili ez banaiz ere, zer edo zer esan dezaket uda partean entzun dudan (eta, beraz, geure artean entzun dugun) musikari buruz.

Orain galdetuko balidate zein izan den aurtengo “udako abestia”, hona gogora datozkidan batzuk: “Nada de esto fue un error”, Coti argentinarrarena (Julieta Venegas eta Paulina Rubiorekin); “La camisa negra”, Joanes kolonbiarrarena; “Días de verano”, Amaral aragoiarrenak; “La tortura”, Shakira kolonbiarrarena (Alejandro Sanz espainiarrarekin); “Siete horas”, Bebe extremadurarrarena; “Zapatillas”, El Canto del Loco madrildarrena

Gehiago ere badatozkit burura, tartean Gwen Stefani eta Carlinhos Brown-en azken hit-ak, baina, horiek gorabehera, konstatazio dudaezinezko bi egin litezke: lehena, Hego Euskal Herrian arrakasta duten abesti gehien-gehienak espainolez kantatuak direla, Atlantikoaren alde batekoak nahiz bestekoak izan; bigarrena, euskal kantu bakar bat ere ez dudala sumatu zerrenda horretan sartzeko modukorik; gehien hurbiltzen dena, geografiaz eta nahi baduzue tematikaz, “Soy un veterano de la kale borroka”, Lendakaris Muertos iruñarrena eta komunikabide faxista batzuetan protestak piztu dituena, punkaren ironia ulertu ezinik nonbait. Euskaldunen artean beti dira kontsolamendu bila dabiltzanak: horiei esan diezaiekegu Joanesen abizena Aristizabal dela, edo Amaraleko kide bat Agirre eta donostiarra dela, baina poxbide kaxkarra da hori, top zerrendan daukagun presentzia eskasa zuritzeko.

Arrazoiak aztertzen hasita, mordoa aipa liteke: euskal musikagileen sorkuntza-krisia dagoela pentsa lezake baten batek, Euskadi Gaztera deitzen dutenek eskatzeko moduko kanturik egiteko gauza izan ez direlako; euskal musikaren industria zein ahula den ere aipa daiteke, disko-etxeak kantari baten promozio indartsu eta egokia bideratzeko gaitasunik ez dutelako; euskaldunok geure hizkuntzan egindako lan eta produktuei zein atxikimendu eskasa diegun salatzea ere ez legoke lekuz kanpo; geure demografiaren mugak gogora genitzake, erruak goxatu nahi izanez gero; estatu baten tresna ideologiko eta ekonomikoak edukitzea zein inportantea den ez ahazteko aprobetxatu genezake, bide batez.

Horiek denak dira egia. Zein faktoreri ematen diogun garrantzi handiagoa edo txikiagoa, norberaren pentsaera eta izaeraren baitan dago, eta horretaz eztabaidatzen hasiz gero ez genuke sekula amaituko. Hala ere, arazoa hor dagoela konturatu behar genuke, gutxienez, asko ez baitira ohartu, eta beste askok nahiago baitute itsuarena egin. Eta arazo hori ez da udako abestiarena, kultur inbasio orokor batena baizik. Maila politikoan hau eta beste eskatzen, planteatzen, aldarrikatzen dugu, baina kulturalki kolonizatuta jarraitzen dugu. Gero eta kolonizatuago, seguru asko, eta ez dirudi axola zaigunik.

Horretaz jabetzea, hasteko. Ondoren, bakoitzak bere alorrean ahaleginak egin behar lituzke, zaparrada etengabe horri aurre egiteko. Hala ere, denok ez ditugu ahalbide eta erantzukizun berak. Egoeraren eragileen artean bat utzi dut lehen aipatu gabe: irrati-kateen ideologia, FMko diala betetzen duten emisoren jabetza eta horrek dituen ondorioak. Egia da prentsa idatzian ere hedabide arrotzek egundoko indarra dutela, baina, kioskoan ez bezala, aireko uhinen banaketan zeresana du bertako aginte autonomoak (gogoratu Euskalerria Irratikoei frekuentzien banaketan Nafarroako Gobernuak egindako azpikeria eta zipozkeriak).

Ea, beraz, geure irrati libreak sendotzen ditugun, haiek koordinatzeko asmoek aurrera egiten duten, irrati euskaldun eta nazional berriren bat sortzeko gauza garen, dauzkagun irrati euskaldun publikoek musika programatzean beren izaera euskaldun horri zorrotzago eusten dioten, eta, maiztasun berriak banatzerakoan, talde arrotzen presioei amore eman barik, egungo eskaintza globalaren oreka linguistikoa irizpidetzat hartzen den.

Orain dela 35 bat urte, Espainiako itsaso, lur eta airean harro eta zabal entzun zen kantua, zinezko udako abestia, Manolo Escobarren “¡Que viva España!” izan zen. Zuetako askok barre egingo dio Manolo Escobarri, baina, pentsatzen jarrita, hura behintzat pasodoble eder bat zen, dantza lotuan egiteko aproposa, eta ez zuen disimulatzen bere mezua.

ieg
ieg dio:
2005/09/13 13:05

Nik ere nire iritzia eman nahiko nuke bada kontu honen inguruan. Ni ere ez nago Xabierrekin guztiz ados. Bi faktore eduki behar ditugu hemen kontutan. Alde batetik, euskal musikaren krisia, lehenago aipatu bezala. Rock nostalgikotik kanpora, euskal makarradak (punk, hard, heavy edo nahi duzuena) edo musika lasai eta melankoliatsua ditugu (Mikel Urdangarin, Ruper...). Inoiz edo noiz, talde makarraren baten baladaren bat ere bai (Gatibu eta konpañia). Bestalde, uka ezinezkoa da musika latinoaren arrakasta, ez Euskal Herrian bakarrik, baita Frantzia, Alemania, Norbegia, Finlandia..eta Chinan!! Eta inoiz ez ahaztu, inbasio hori gertatu baldin bada, entzuleek asimilatu egin dutelako izan dela; bai komunikabideek besterik zabaltzen ez dutelako, edota baita jendiari gustatu egiten zaiolako ere. Eta aitortzen lehenak izateak lotsa ematen baldin badizue, ni izango naiz aurrena: euskal musikarik ezean, latinoa gustatzen zait eta ongi asko pasatzen dut parranda gauetan shakiran abestiak dantzatzen. Hortaz, arazoaren muina zera da: - euskal musikak ze alternatiba proposatzen du inbasio mundial honi aurre egiteko? larunbat gauetan dantza egin eta ongi pasatzeko asmoz irteten garen gazteok ze entzun dezakegu? - musika komertziala zergatik da sentimenduz idatzitako musika baino hobea? eta nork daki bereizten zein den musika komertziala eta zein ez? musikaririk ezagutzen al duzue ba musika egiten duenik diruaren truke ez baldin bada? hortaz, kontzertuak dohakoak eta diskak merke-merkeak izango lirateke, ez al da hala? ezagutuz gero, esaidazue zein den, monumentu bat egiteko firmak biltzen hasiko naiz eta. Nire ustez, euskaldunok arazo bat honakoa da: astoek bezala kartolak jarrita gabiltzala askotan, munduan zer gertatzen den ohartu ere egin gabe. Momentu honetan jendiak musika mota bat eskatzen baldin badu, eta euskal disketxeak emateko gai ez baldin badira, ezinbestean, latinora jo behar. Eman merkatuari nahi duena, eta arrakasta etorriko da.

leire
leire dio:
2005/09/12 12:32

Uda honetan Frantzian egon naiz oporretan. Entzunda neukan, baina aurten konprobatzeko aukera izan dut: Udako kantua Frantzian gaztelaniaz da. Aurtengoa "suavemente" izan da. Kantu hori aspaldi entzun genuen guk. Eta urtero izaten omen da gaztelaniaz. Enrique Iglesias, Gloria Stephan, Ricky Martin, Reggeton-a...entzun genituen. "Latinoa" modan omen dago!

Petrus
Petrus dio:
2005/09/09 20:54

Egia berdaderoa esaten duzun guztia, Xabier...

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/09/08 21:04

Badagoz herriak eta herriak, gizona. Ondarrun (Ondarrun!) esate baterako zaila da musika erdaldun patxangero horretatik kanpo "bizitza inteligentea" topatea. Eta 12 km-ra, bihurgunez bihurgune mendebalderuntz hartzen badozu kostaldeko bidea, Lekitton posible deukozu beste musika mota batzuk topatea arazo handiegi barik. Euskaraz be bai. Imajinatzen dot herrietan bizi diren konplexuek asko egingo dabela: "modan" egotearena, "boronoak" ez emoteko nahia,...

Orain dala gitxi amaitutako (snif) Aste Nagusian, Bilbon, txosna-gunean (20 bat txosna hartzen dauana) musika bikaina paratu dabe. Ez dakit zenbat ehundaka abesti aldez aurretik grabau zituzten eta 9 egunetan zehar ipini zituzten. Neure lagun bat ibili zan grabaketako lanetan, eta ez jako Juanes edo Paulina bereziki gustetan... "Algara" konpartsakoek aparte ipinten dabe musika, txosna be aparte geratzen dan legez, baina eurak be ez dira King Afrikazaleak (Kafe Antzokiaren jentea da, ondarrutar asko tartean, kuriosoki...). Beti izango dugu Bilbo.

Bestela, iraileko "Nabarra" aldizkarian Gontzal Agotek "Udako abestia" artikulu barregarria idatzi dau. Hona pasarte bat:

"Lagunen arteko hitz-aspertua auzoko karrikako espaloian (...) inguruko guztia kritikatzeari ekin diozue:(...) ... eta jakina, leku guztietan entzuten den abesti inozo hori. Bat-batean isiltasuna nagusitu da, soinu gorra entzuten da nonbait (...) Segundo pare bat baino ez dira pasa begirada guztiak zure praketan iltzatuta sentitu dituzun arte. Baina orduan ez zeuden zure "paketera" begira. Beste irtenbiderik ez dagoela ikusita, segapotoa poltsikotik atera duzu eta urduri samar abesti madarikatu hori itzaltzen saiatu zara. (...) Konturatu orduko udara amaitu da, negu luze eta iluna atarian da. Noizko asmatuko dute neguko abestia?"

asel
asel dio:
2005/09/08 14:52

Hau da aspladitik buruan dudan ideia bete-betean plazaratzea. Labur baina modu adierazgarrian azaltzeko: Bermeo eta inguruko herrietako taberna guztiz euskaldun (guztiz hori oso zalantzan ipinita) baten baino gehiagotan zer ikus daiteke telebista guztietako pantailetan? Los 40 Latino.

Mundakan euskal musika ipintzen duen lehen taberna topatzeko nago, oso noizbehinkako kantaren bat ez bada. Euskal musika eta euskara bera, argi dago, Ibilaldia, Kilometroak eta holakoetan kalimotxo artean aldarrikatzeko lelo esanahiz hustua baino ez delakoan nago. Eta inori sinetsarazi gura diogu hau ez dela Espainia? Eman buelta bat herri gehienetako txosnetatik, eta negargura ematen du entzun daitekeenak. Ez da atzerriko kulturari itxia bizitzea, baina zergatik da espainiola ateak parez pare irekita dituen atzerriko kultura bakarra? Non dago hainbeste maite ei dugun gurea? Hormetako pankartetan, agian, folklorea osatzeko...

esteban
esteban dio:
2005/09/14 16:19

aupa, Xabierren artikulua irakurri eta gero Euskadi Gaztea jarri eta Top Gaztea-n aurrena omen dagoen kantua entzun dut: Ene bada-ren "Benusetik gertu". Ze nahi duzue esatea, ezingo nuke jasan kantu penagarri hori udako abestia izatea, osorik behin entzuteak ematen dituen lanak ikusita... Nik behintzat, askoz nahiago Coti, Julieta Venegas eta konpainia entzutea, haiekin behintzat ez dut auzo lotsarik pasatzen.

julen
julen dio:
2005/11/05 01:13

Bueno ba, hemen doa nire ikuspegia:

Euskal musika, krisi sakonean dago. Ni trikitilaria naiz eta gaur egun ez dago ia talderik trikitixa erabiltzen dutenak. Nun daude lehengo garaiak....

Orain ez degu musika talde askorik. Baina nik honen arrazoiak argi eta garbi ditut: teknologia berriek cd-ak pirateatzea ahalbidetzen digute. Gainera lehen egoten ziren erromerien ordez, orain dj-ak jartzen dituzte. Garai berriak dira, eta nik onartu egiten det, asimilatua det. Orain ez da trikitilaririk behar kaleak animatzeko, musika jarri bafleekin konektatua eta kitto.

Aurten behintzat Gozategin erromerian egon ahal izan det, usurbilen. Panderista lagun batek esan zidan: duela zenbat enuela horrelako zeozer bizitzen! Eta halaxe da, han beste garai batean geundela uste genuen.

A ta nik oraindik sorotan bele, lin ton taun, gozategi,negu gorriak eta beste talde zahar gehiago entzuten jarraitzen det etxean.

NIK BESTE GAI BAT JARRI NAHIKO NUKE, GURE ARTEAN EZTABAIDATZEKO: GAUR EGUNGO TRIKITIXAREN EGOERA.

B.J.
B.J. dio:
2005/09/12 15:51

Neu ere ez nago erabat ados. Euskal musikari eta kantariak ez daude inolako krisialdian murgildurik. Musika komertzial euskalduna ez da eta kitto. Eta jendeari musika hori gustatzen zaionez, Euskadi Gaztean eta euskadiko taberna-zulo guztietan behin eta berriro ipintzen dute. Ezagutzen al du inork Shakira eta Bisbalen antzeko euskal-musikaririk (horiek musikariak badira)? Musika-komertzial-latinoa sudur ta ipurtzulotik sartu digute, eta badirudi frantzesei ere berdin gertatu zaiela. Baina egia esan, ez dut imajinatzen King Afrika euskaldunik. Hala ere, taberna euskaldun askotan, nahiz eta musika mota hori jarri, tartetxorik ere uzten diete Ken7, Gatibu, eta halako talde euskaldun komertzialagoei... Bada zeozer...

Oier
Oier dio:
2005/09/12 12:42

Ez nago diozun guztiarekin ados, Xabier... Egia da taberna asko-askotan kanta erraz-inozo-komertzial-sentimendurikgabeko-alienatzaile horiek egoten direla, baina nahikoa da txoznen gunera joatea 80.hamarkadako "RRV" mugimenduko kantak entzuteko. La polla, Kortatu... Eta arazoa beste bat da hor: Nostalgiak jota daudela denak. Zehazki zergatik den ez dakidan arren, kontserbadorismorako joera dugu herri honetan(Musikarako behintzat. Ez dakit beste alorretan hala izango den...literaturan-eta...hori zuk esango duzu...)Eta horrek, gaur egungo euskal musika kaltetzen du, urteak direlako euskal musikan haize bolada freskorik ikusten ez dugula. Beti betikoan bueltaka. Baina hori beste kontu bat da...(Behin Sustatun hitz egin zen honetaz. Irakasle batek idatzi zuen bere ikasleek entzuten zutenari buruz).

Udako abestietara itzuliz...kanta guzti horiek sentimendurik gabe eginak dira. Produktuak dira. Olioa eta komuneko papera bezala, musika ere produktua. Dirua lortzeko eginak dira, helburu komertzial hutsarekin. Ez dituzte maitasunez eta sentimenduz konposatu. Abeslariak ez du kantatzerakoan esaten duena sentitzen. Ez nuke Euskal Herrian halakorik ikusi nahi, baina lasai, Euskadi Gaztea bidean izango da eta. Diskofesta egin zuten, aurten "Jaieton" egin dute(Iraina Joxe Peña Gozategi bezalako tipo autentikoari), eta urte gutxiren buruan ziur Shakira eta horiek bezalako euskal kantariren bat aterako digutela. Euskaldunak beste edozein bezain inozoak garela erakutsiko dute!!

Maria
Maria dio:
2005/11/22 05:50

Egia da gero eta euskal talde gutxiago daudela. Gaur egungo euskal musikak ez dauka zerikusirik 80ko hamarkadakoarekin. Rocka jartzen duten edozein tabernetara joan ezkero, jendea apalankaturik dago kantu "mitiko" bat jartzen duten arte, eta horokorrean, kantu hauek dexente zaharrak izaten dira. Baina dena ez da txarra euskal musikarentzat gaur egun, izan ere badira talde berri arrakastatsuak Berri Txarrak edo Kuraiaren kasuan bezala. Nik uste arazoa ez dela merkatu mugatuarena, izan ere euskal talde asko eta asko Euskal Herritik kanpo ere entzuten baitira (guk uste baino askozaz gehiago gainera). Euskal Herrian musika on asko egin da eta egiten da (nahiz eta gero eta gutxiago egiten den). Beste alde batetik ezin dena ukatu zera da: jendeak, farran ateratzen denean, patxangeoa nahiago du (lehen agian gertatzen ez zean), baina nork barkatuko lioke euskal talde bati patxangeo gordina egitea? Onartu beharra dago rock "komertzialagoa" (Gatibu, Ken7...) egiten duten taldeek kritika latzak jasotzen dituztela maiz euskal musikaren entzuleen artean, eta hori letra konprometituren bat edo beste badutea.... Beraz, nork onartuko luke Shakira euskaldun bat?

TuTi
TuTi dio:
2005/09/12 22:04

Ederki !!! bete-betean denok !!! Xabierrek "que viva España !" eta Oierrek Rock Radical Vasco delakoan nostalgiko xamar gabiltzala... ados !!!Bion iritzi-egoerak ikusten ditut. Ez dago dudarik euskal disketxeak ez daudela apostu berrien zale eta beretzat hartuta duten talde-artistari uda garaian ahalik eta zuku gehien aterako dietela negu gogorrari aurre egiteko. Uda guztian festarik-festa ibili naiz, Trikizio erromeri taldearekin, han-hemen txoko guztiak euskal errepertorioaz alaitu asmoz. Pozten da bat, ikusiaz jendea mugitu daitekela "ikusi mendizaleak" edota "zazpi jauziak" abestiekin, sueltoen pausuak ongi dakizkitela... [ez dakit ordea gure kulturari geratzen zaion ondarea (nunbait bada!) bitrinatan ikusiko ez dugun: erakusketa eta monolito ponpoxoetan, eskolako "maria" asignatura gisa...] Dagoenekoz, ahozko transmisioa galdutzat jo daiteke, dantza eta musika tradizionalaren transmisio naturala ere bai... Badator behetik gorantza,piskanaka-piskanaka OT belaunaldia... eta potoloa izan daiteke... harik eta honen kontzientzia hartzen ez bada !!! Kulturaren inbasioa??? GALANTA DATOR !

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.