Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (XII)

Udako postalak (XII)

xme 2005/08/14 20:48

Osteguna, abuztuak 11

Mikel Garmendia oroitua:

Gaixo egonda ere, iruditzen zitzaigun betirako zinela, betigaixo horietako bat, eta ustekabean harrapatu gaitu zure agurrak. Hala ere, hurbilekoek sentituko dute zure hutsunea, besteoi zure lan ahaztu ezinezko guztiak geratzen zaizkigu-eta. Kareletik-eko Balantxas, Bi eta bat-eko ertzaina, Goenkale-ko Joxemari, Jaun ta jabe-ko maiordomoa, Maité-ko Txomin builosoa Zein aukeratu? Nik Kutturru: biajante ezkondua zela, aktore izatearekin amets egiten zuen ordiziar berritsu hura, eta ametsa gauzatzeko adorea izan zuena, bera baino 15 urte gazteago zirenez inguratua.

Ostirala, abuztuak 12

Grenet jaun mera:

Pinturan, musikan edo idazletzan nabarmentzea ez da izaten, salbuespenak salbuespen, gurasoetatik seme-alabetara igarotzen den dohaina. Medikuetan, aldiz, ohikoa da familian gelditzea negozioa, zuk aitarengandik jaso zenuen moduan. Eta kargu politikoak? Monarkietan araua da herentzia; tiranietan ere ez da harritzekoa; zein kategoriatan sartu beharko genuke Baionakoa? Urtetan Jean Grenet aita auzapez izan ondoren, Jean Grenet semea zaitugu orain alkate. Luzerako ez izatea espero dut, baionesen eta euskaldun guztien duintasunaren izenean.

Larunbata, abuztuak 13

Korta ahozikin hori:

Ederra egin diate, Joxeluix. Zer-eta traineruan ibiltzea debekatu! Zergatik eta kontrarioak iraindu ditualako! Iraindu? Bueno-bueno-bueno Zer ikusi behar ote diagu? Jar ditzatela apaiz eta mojak arraunean, horiek hizketan zuri eta fin ibiliko dituk eta. Baina egia ere baten batek esan beharko dik, ezta? Hi isiltzen bahaute, zeinek botako dik harako esaera biribil hura: “Hemen putasemea, pinu-ostroa baino ugariago zegok”?

Hi gabeko estropadak, ur gezaz betetako bainuontzian jokatuak bezala izango dituk.

Igandea, abuztuak 14

Auto-ilaran zauden hori:

Beroa, kea, hautsa Bost metroan behin gelditu beharra. Umeak negarrez, amona mareatzeko beldurrez, irratia txorakeriak besterik esaen ez dituela.

Bazoaz kontratupeko paradisura, edo bueltan zatoz zeru txiki ordaindutik, baina, joanean nahiz etorreran, ezinbestekoa da purgatorioa, eta luzea, eta gogorra.

Bozina joka ernegaturen bat, bideko hautsa, autoen kea, airearen beroa Ez dago giro, baina oraindik zientoka kilometro falta eta, martxa honetan, ezin konta ahala ordu.

Eutsi goiari.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.