Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Paretari begira

Paretari begira

xme 2005/09/05 13:32

(Igandean Goierriko Hitza-n argitaratua)

Kitto. Bukatu da uda. Iritsi da betiko martxara bueltatu beharra. Eta etorri da atzera Hitza ere. Batek baino gehiagok izango du pena, oporrei ez diela nahi adinako zukurik atera, egin gabe utzitako planen damua barrenean hazka. Tira: ez ibili kexaka, ez dago gabonen edo datorren urtearen zain egon beharrik-eta; batzuetan nahikoa da arratsalde bat libre hartzea eta irudimen pixka bat, barkazioetako moduko planak egiteko. Horrelako bat proposatuko dizuet nik gaur.

Barne-turismoa deitzen zaio gure herrialdearen barruan egiten dugunari; askotan izaten baitira txokoak ezagutzen ez genituenak eta gero, ikusitakoan, benetako poza ematen digutenak. Horrelako zerbait gertatu zait niri aurten Seguran. Segurako kaleak etxe dotore ugari ditu erakusteko, noski, baina ni uda honetan ustekabean harrapatu nauena, herriko plazan Joxemari Telleriak pintatu duen murala izan da: ze gauza ederra! Koloreak, konposizioa, ispiluaren ideia hori Ez dizuet kontatuko: hobe zuek joaten bazarete.

Horma horren haritik, pentsatzen jarri naiz, badituela Telleriak mural gehiago ere, polit askoak, Goierriko bazterretan han-hemen eginak. Adibidez, Ordiziako Oiangu taberna barruan bat, eskuin muturrekoek jarritako bonbak lehengoa txikitu ondoren berritua; beste bat Beasainen, Erretiratuen Etxeko sarreran; eta, Beasaindik atera gabe baina ezkutuxeagoan, Dendarien Elkartean, Oriamendi kalean. Ez dut ikusi baina, esan didatenez, Zaldibiako futbol zelaian ere margotu omen zuen hango pareta, bertako gazteen laguntzaz.

Ez dakit Historiak inoiz aitortuko duen nolako gizon jantzi, argi, eskuzabal, fin eta jatorra izan den Joxemari Telleria. Etorkizunaren zain egon gabe, guk geuk oraintxe daukagu aukera, haren zenbait obra begi-bistan gozatzeko, batetik, eta urtetan egindako lan isila eskertzeko, bestetik.

mireia paredes
mireia paredes dio:
2006/02/25 15:36

Joxemari telleriak egindako marrazkia paretan oso ondo idealizaturik dago, dena kolorez betea dago horrela bizitasun gehiago ematen dio txanbolipeari!!!ba, niretzat bai ematen duela ispilua!segi horrela joxemari!! agur segurarrok! AUPA GU TA GUTARRAK!!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.