Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Udako postalak (XIV)

Udako postalak (XIV)

xme 2005/08/25 22:12

Larunbata, abuztuak 20

Rafael Vera presoner gaixoa:

Aste parea daramazu dagoeneko depresioaren kontrako tratamendu berri horrekin. Ta? Hobeto? Pozten naiz. Benetan esaten dizut. Nahiz nire inguruan askok odolkiak ordainetan eman nahi lizkizukeen (ezin ahaztu GALen nagusi guztiak libre dabiltzala, zu salbu), ez gaitezen odol txarrekoak izan. Euskal Herrian kartzela berriak egitera doazen honetan, gogoratu beharko hori ezin dela izan leku ona inorentzat. Are gutxiago inongo errukirik gabe bakartuta eta hogei urtetik gora lehen graduan dauzkatenentzat. Zuk izan duzun bezalako tratua behintzat izan dezatela haiek, lehenbailehen.

Igandea, abuztuak 21

Odontxo eta Iñakitxu:

Hiriburuetako festen hurrenkeran batak besteari lekukoa emango diozuen egun honetan bururatu zait bikote polita egingo zenuketela. Ez maila sentimentalean, ez dut zuen bizitza pribatuan sartu nahi. Politikoki ondo konponduko zinatekete, nazionalisten mitxelina eta espainoletako baskista, biak ere apur bat demagogoak eta egolatrak. Komiko sartuz gero ere, bikote artistiko polita; akaso biek listoarena egin nahia litzateke problema. Txantxak txantxa, esperimentu bat proposatuko nuke: hiri bien harremanak sendotzeko, alkateak trukatzea, astebetez bada ere. Bariedade pixka bat izango genuke sikiera.

Asteartea, abuztuak 23

Atleta beterano hori:

Ez al zen kirolari olinpikoa “altius, citius, fortius”? Zu dagoeneko ezin izan azkarrena, indartsuena, altuen iristen dena. Eta hala ere hor zabiltza lehian. Ez dakit zer pentsatuko luketen greziarrek hankamotzen, itsuen, zaharren lasterketak antolatzen ditugula ikusiz gero. Gizatiarragoak bihurtu garela? Gaztetasun mitikoaren ametsak sorgindurik gauzkala? Denbora zertan pasa ez dakien gizarte txoroa garela? Nolanahi dela, pozik bazabiltza aurrera, baina kontuz erorikoekin, adin batetik gora egundokoak egiten dituzte-eta.

Ezkirol batek.

Asteazkena, abuztuak 24

Santino, Fabrizio, Mario:

Zuen izenak asmatzen ari naiz, polizia-oharreko S., F. eta M. inizialetatik. 19 eta 21 urte, gizonezkoak, italiarrak, Donostian ertzaintzarekin liskarrean hasi eta Martutenen amaitu duzuenak. Udan ligatzeko asmoz etorritako mutiko alaiak ote zarete? Ala globalizazioaren aurkako ekintzaile solidarioak? Gazte abertzaleen barrikadak kilikagarri iruditu zitzaizkizuen? Hemengo festetako jolas tipikoa zelakoan ari zinetela esan diezaiokezue abokatuari, aurretik kontsulak zuen askatzea lortzen ez badu.

Salute, compagni.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.