Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Ez gabiltza ondo

xme 2008/01/23 16:59

 

(Goierriko Aisialdi Gidan argitaratua, joan den udazkenean)


Egunkariek beren promoziorako egiten dituzten kanpaina horietako batean, periodiko bat gure herrietako argazkiak hasi zen banatzen; herri bakoitzeko bi erretratu, zehatzago esanda: bata gaur egungoa, eta bestea orain dela berrogei-berrogeita hamar urtekoa.

Nostalgia pizteko aproposak izaten dira dira beti argazki zaharrak. “Begira ze piura zeukan osaba Martinek”, esango dugu familiako albuma errepasatzean, ipurtaldeak meheago, kaskoak iletsuago, azalak lisoago zireneko garaiak gogoan.

Herrietako argazki zaharrei begiratzean bestelakoak dira kontuak: lehen eliza eta lau baserri zeuden herri-koxkorrean txaletak eta etxe adosatuak ugaldu dira orain, txanpinoiak balira bezala; hiruzpalau kale zituen herri handixeagoari, berriz, adarrak hazi zaizkio alde guztietatik, lehengo baratze, soro, zelai eta muinoen lekuan etxeak eta etxeak eginez: txiki eta handi, luze edo zabal, polit nahiz zatar.

–Bizilegea da hori –esango dit baten batek–: lagun gehiago baldin bagara, denontzako tokia behar.

Arrazoia. Bistakoa da hori, noski. Baieztapen horretan tranpa dago ordea. Biztanleen kopuruak hartzen baditugu, lehen bezalatsu gaude batekoz beste: herri txikietan pixka bat behera egin dute, eta hazitxoetan apur bat gora. Etxebizitzen zenbatekoan, aldiz, gora eta gora beti: lehen halako bi, halako hiru, eta halako lau ere bai, zenbait kasutan.

–Ohiturak ere aldatu egiten dira, familia-eredua ez da lehengoa –kontra egin diezadake lehengo berberak–: lehen seme-alaba ugari izaten zen, eta gaur askoz gutxiago.

Gauza jakina da hori ere. Baina herri bakoitzeko bizilagunen eta etxebizitzen arteko zatiketa eginez gero, etxe bakoitzeko bost lagun ateratzen zen lehen (orain dela berrogeitaka urte, esan dudan moduan), eta etxe bakoitzeko bi pertsona orain.

–Hori da gaur egungo familia askoren kasua. Umerik gabeko bikoteak-eta…

Baina bataz besteko hori egiteko, lau laguneko familia bakoitzeko beste lau lagun behar ditugu, bakar-bakarrik bizi direnak nor bere etxean. Eta hori ez da horrela, inondik ere.

–Hortaz, nondik nora zenbaki horiek?

Etxebizitza mordoa dagoelako hutsik. Inbertsio moduan, edo familiek asteburuetan erabiltzeko, edo dena dela.

–Hori ere eskubide bat da, ezta? Nork bere diruarekin nahi duena egitea.

Egia. Baina eskubide horren izenean bazterrak txikitzen ari gara. Eraikuntza negozio errentagarria denez, hor konpon paisaia, eta gazteek beren etxea nahi dutenez, akabo ondarea.

–Eta? Zer egin beharko genuke?

Ez dakit. Baina bide honetatik ez gabiltza ondo. Ez gabiltzanez ondo.

Zer daki idazle batek?

xme 2008/01/22 13:59

Idazle batek ez du berez jakintza berezirik behar bere langintzarako, aski du bere hizkuntza gutxi-asko menderatzea. Alabaina, fikziozko lan batean abiatu ahala, etengabe sortzen zaio honetaz edo hartaz jakin beharra. Zure pertsonaia autoan doala eta matxura bat duela? Mekanika jakitea komeni zaizu, matxuraren nondik norakoak taxuz emateko. Protagonistaren lagunari giltzurrunetik harriak kendu behar dizkiotela? Ebakuntza horren xehetasunak ezagutu behar, nobelarekin aurrera egingo baduzu. Jakintza-behar horiek, noski, areagotu eta biderkatu egiten dira nobela bat zurea ez den garaian edo tokian girotzen baduzu. Halakoetan, ezinbestean, dokumentatu egin behar.

Dokumentazio-lana asko erraztu da Internet sortu zenez geroztik, eta gaur egun nekez topatuko duzu nobelistarik nabigazioan saiotxo batzuk egiten ez dituenik. Nik, berriz, eta barka nazatela teknofiloek, nahiago izaten dut beste bide klasikoago bat: inguruan gaiaz dakienik baldin badaukat, hari galdetzea.

Adibide polit bat. Oraintsu idazten nenbilen istorio batean, urtebeteko umearen amak beste norbaiten eskuetan utzi behar du bere haurra pare bat egunerako. Halako trantzeetatik pasatu gabekoa naizenez, lagun bati eskatu nion informazioa, kasu horretan berak zer material eta zer argibide jarriko lituzkeen zaintzailearen eskuetan. Hona, haren erantzun xehea:

Ekipoa:

•    Pix-oihalak (ugari, eguneko lau edo bost, ikus dezala maiz aldatu behar dela, ez dela egunean behineko kontua)
•    Ipurdia garbitzeko toailatxoak. (Busti horietako pakete berdea)
•    Baberoak (plastikozko bi edo oihalezko sei)
•    Arropa: hiru pijama, bost aldagarri oso (body, prakatxo edo maila, kamiseta, jertse, galtzerdi), txanoa eta eskularruak edo bisera. Zamarra parea.
•    Oinetakoak kalerako bi pare. Etxeko zapatilak.
•    Reserbako txupetea.
•    Toaila parea.
•    Botikina/nezesera:
o    Ipurdia erretzen denerako ukendua.
o    Apiretal eta Dalsy, sukarra igotzen denerako botikak, alboan papertxo batean dosiak ondo zehaztuta.
o    Eguzkitako krema uda baldin bada.
o    Bainatzeko esponja eta xaboia. (Xaboia igual ez nioke jarriko)
o    Termometroa.
o    Orrazia.
•    Papila.
•    Karroxa: haurra kalean paseatzeko. Tapakiren bat bertan lotarazteko.
•    Seaska: maindireak, koltxoia babestekoa...
•    Haurraren gogoko panpina edo jostailuak.
•    Ur botilatxoa.


Haurraren eguneroko egitaraua: (hau ez dut oso ondo gogoratzen...)

•    Esnatu, eta gosaldu
•    Jolastu edo paseoa
•    Goizeko siestatxoa. (paseatuz ere egin daiteke; loti txarra bada, onena bera)
•    Bazkaldu (12:00ak aldera)
•    Jolastu edo paseoa
•    Siesta (paseatuz ere egin daiteke; loti txarra bada, onena bera) (bi ordu)
•    Merienda
•    Jolastu edo paseoa (hiru bat ordu)
•    Bainatu
•    Afaldu
•    Lotara


Eskuliburua:

•    Pix-ohialak nola jartzen diren in situ erakutsiko nioke. Mutikoa bada txilibitoa beheraka pixak ihes egin ez dezan, izterretan ondo bilduta baina estutu gabe... Azala erretzen denean ukendua nola eman, neska bada nola, mutikoa bada nola...
•    Pix-oihala egunean lau/bost aldiz aldatu behar izaten zaio. Kaka egin orduko aldatu, ez itxaron. Pixez bete samar dagoenean ere aldatu.
•    Nola bainatu: bainugela girotu eta toaila prest eduki. Baineran hamabost zentrimetro ur jarri (asko jota), haurra bertan eseri, esponja erabiliz busti umea eta garbitu. Hamar minutu eta kanpora.
Ez utzi haurra inoiz bakarrik baineran!!! Uraren tenperaturarekin erne!!
•    Jaten ematean berari goilaretxoa eman eta zuk bestea eskuan hartuta ahora eman.
•    Erne gauza txikiekin, dena ahora eramateko ohitura dauka eta ito egin daiteke. Arriskutsua izan daitekeen ezer ez utzi bere eskura.
•    Nola lotarazi: segun eta etxeko ohitura, kantatuz, seaskan utzi eta kitto, lehenago ipuin bat irakurriz... Gaizki erakutsia baldin badago besoetan edo telebistari begira.
•    Ura maiz eskaini.
•    Ibiltzen baldin badaki, erne nora joaten den, parkean zabuak arriskutsuak dira, eskaileretan eta oraindik ez da trebea izango.
•    Ez baldin badaki ibiltzen, katamarran oso azkar dabil eta oinez bezain azkar iristen da leku guztietara. Heldulekua aurkituz tente jartzen ere badaki. Kasu!
•    Kalera ateratzean, arropa aldagai bat hartzea komeni da.
•    Mukizapia beti eskura!

Zer jaten duen:
Gosaltzeko: biberoi epela, esnea zerealekin nahastua. Biberoia eman aurretik esku gainean tanta bat boteaz neurtu tenperatura. Ez dadila haurra erre!
Bazkaltzeko: barazki pure suabea (porruak, azenarioak, patata...) eta arrain edo haragi pixka bat. (bigarrena oso txiki ebakia edo nahi izanez gero haragia edo arraina purearekin batera nahastuta). Yogurra postre.
Merienda: fruta birrindua (banana, sagar, laranja zuku...)
Afaltzeko: Biberoia. Gosarian bezala.
Otordu kanpo ogi puska bat eman nahi izanez gero, baina erne ez dezan zati handiegia irentsi eta ito. Koxkor aldea, gogor samarra hobe.

Botika noiz nola:    sukarra duela ohartuz gero, 38tik gora, ahal dela medikuarenera joan. Ezin baduzu berehala eraman, botika eman. Dalsyak sukarra jaitsi bai baina asko zuzpertu ere egiten du. Apiretalak sukarra jaitsi bai, baina, adibidez belarriko mina baldin badu, hobeto Dalsya antiinflamatorioa delako... Sukarra baldin badu deitu niri telefonoz aidian agertuko naiz eta!

Kolpe txarren bat hartuz gero (buruan adibidez), arretaz begiratu hurrengo orduetan ez dezala botaka egin, ez dadila eroriegia egon, ez dezala normala baino lo gehiago egin.


Geuk "utzitako" tokia?

xme 2008/01/21 08:00

(Argia astekarian argitaratutako artikulua)

Jakin aldizkariaren azken alerako urtearen errepaso bat eskatu ziguten hainbat laguni, kulturaren arloan nabarmenak iruditu zaizkigun gertakariak azpimarratuz. Ez dut han esandakorik hona ekarriko, baina bai kasko barnean kilika geratu zitzaidan kontu bat; azkura ematen duenak hatza nahi.

Literaturaren saltsan badira urtetik urterako aldaketatxoak, inongo joerari ez baizik zoriari zor zaizkionak, horrela esan baliteke; urte batean poesia-liburu bikainak atera litezke, baina zentzugabea litzateke hor bilakaera jakinik topatu nahi izatea, hurrengo urtea agorra eta hutsala gerta bailiteke alor berean. Aurten, adibidez, saiakera nabarmendu da beste generoen gainetik, baina goiz da oraindik mugimendu sakonik antzemateko.

Aldiz, esan liteke eta esan egiten dut, azken urteetako gertakari esanguratsuena, ikuspuntu soziologiko batetik, emakume idazleen plazaratzea izan dela. Bai kopuruz mordoxka azaldu delako denbora gutxian, bai kalitatez lan bikainak kaleratzen ari direlako. “Emakume idazle” kategoria ez dute maite, arrazoiz, emakume eta idazle diren hauetako gehienek, baina haren falta urtetan eta mendetan salatu eta deitoratu denez gero, barkagarri izan bedi izendapen hori erabiltzea. Oraintsu arte nolabaiteko kuota bete beharra aldarrikatu da han eta hemen (ohartu gabe agian kuota hori ezartzeak emakume idazle onen lanaren gutxiespena ekarriko zuela gerora); gaur, berriz, nik uste inongo kuotarik erabili gabe harro erakusteko moduko obra ari direla osatzen.

Ez zen hori buruan jiraka neukan kezka baina. Eman dezagun euskal literaturaren mundua feminizatu egiten dela. Baita edizioarena ere. Inguruko kulturetan neurri batean gertatu den prozesua da hori, eta ez litzateke harritzekoa gurean ere indartzea. Bejondeigula! Bagenuen premia. Hala ere, ez dakit guztiz zuzena litzatekeen joera berri hori emakumeak gizartean omen duen pisu gero eta handiagoaren adierazgarritzat hartzea.

Alegia, kazetari emakumezko batek komentatu zidan aurrekoan, beren lanbideak prestigioa galtzearekin batera aldegin dutela gizonezkoek beste arlo batzuetara, eta beren tokia emakumeei “utzi”. Informatika, ingeniaritza, garrantzi estrategikoa duten sektoreetara begiratu eta erabateko androkrazia ikusten dut, kardinalen konklabe bat balitz bezala. Literaturak, berriz, argi dago ez duela zerikusirik negozioen muinarekin eta mende berriaren martxan itzala galduz doala ere esango nuke.

Horregatik utzi ote diegu “geurea” zen soziedade pribatu honetako sukalderaino sartzen?

10 urte: Guggenheim

xme 2008/01/18 08:00

(Jakin-eko balantzearen amaiera)

Hona beste urteurren sonatu bat, Puppyren etxola titaniozkoak 10 urte bete baititu. Honi buruzko balorazioetan ere zerikusi zuzena izan ohi du norberaren kokaleku politikoak, edo orain 10 urte hartutako jarrera zuritu nahiak. Dena dela, eta gaia sakon ezagutu gabe, neure uste harroak botatzera ausartuko naiz.

Hasteko, ezin da ukatu Guggenheim Bilbao Museoak arrakasta izan duela. Bultzatu zutenek jarritako helburuak bete eta gainditu egin ditu, haiek poz-pozik daude, eta kritikotasunari heltzen diotenek “bai baina”ka jardutera beharturik ikusi dute beren burua.

Arrakasta hori, bistan da, fenomeno turistiko edo ekonomikoa da beste ezer baino gehiago. Ez du ematen euskal herritarrok arte garaikidearekiko ezagutza edo estimazio askoz gehiago dugunik, eta honetan oinarritzen dira kritikoek. “Eta zer?” erantzungo zaie beste aldetik seguru asko. Nolanahi dela, berez kulturala den zerbait ekonomiaren motor bilakatzea eta harekin uztartzea (horrek dakartzan morrontzei buruz edozein iritzi dugula ere) datu berria da gure artean, aurrerantzean kontuan hartu beharko dena.

Ekonomiarekiko lotura hori dela-eta, gogoan dut museoaren proiektua plazaratu zen garaian euskal kulturan zebiltzan talde eta mugimenduentzako dirulaguntzak nabarmen gutxitu zirela, eta Guggenheim eraiki beharra eman zitzaiela horretarako arrazoitzat (jende asko haren kontra jartzeko arrazoia horixe izan zen). Oraintsu, berriz, honetaz eztabaidatzen ari ziren foro batean, gobernutik hurbil zegoen batek bota zuen museoaren aurrekontuak ez zirela kulturako diru-partidetatik atera, askoz handiagoak zirelako, eta gauza batek ez zuela zerikusirik bestearekin; hori horrela bada, kulturgintzako agenteak eskale izatera kondenatzea norbaitek nahita eta berariaz hartutako erabakia izan zela ondorioztatu behar. Pertsona bati leporatu beharko diogu errua? Alderdi bati? Sistemaren aldeko guztiei? Ez dakit zer den hobe, baina esana dut gaur ez dudala politikaz jardun nahi.

(Artikulutik kanpoko postdata: delako foro hori Eibartarrak posta-zerrenda da)


20 urte: atrebentzia ez bada...

xme 2008/01/17 10:28

(Jakineko artikuluaren azkenaurreko zatia)

Urteurren biribilez pentsatzen jarrita, nik neuk 20 beteko ditut aurki editore lanetan. Ez kezkatu ordea: ez dut neure buruaz hitz egin behar. Literaturagintzaren urteotako ibilbidea ondo samar ezagutzeak ematen didan talaiatik, gizonezkook ia inoiz aipatzen ez dugun kontu bat ekarriko dut lerrootara, atrebentzia ez bada: euskal emakume idazleak. (Gizasemeok joera dugu gaia baztertzeko, literatura sexuen arabera epaitu behar ez delakoan, eta emakume batzuek erantzun ohi dute ez ikusiarena egitea egon dagoen diskrimazio-egoera iraunarazteko bidea besterik ez dela; behingoz bada ere, neure iritzia emango dut beraz, mutur-sartzetzat hartuko ez zaidan esperantzan).

Eta gai hau hartu dut, hain zuzen, euskal literaturako azken urteotako berririk inportanteena, plazaratzen ari diren emakumezko idazleen kopurua, kalitatea eta jarraikortasuna dela iruditzen zaidalako. Ikuspegi diakronikoa erabilita, 40 urte badira Urretabizkaia eta Lasa beren sorkuntzak kaleratzen hasi zirela; dozena bat urte itxaron behar izan zen, ordea, emakumezko gehiago plazaratzeko: Irastortza, Landa, Borda, Mintegi; eta beste dozena bat, haiei segida emango zietenak ezagutzeko: Iturbe, Meabe, Iturbide, Arkotxa, Arrieta… Barka nazatela ahantzi ditudanek; esan nahi nuen hutsune handiak izan direla, gizonkrazia hutsezko urte-parrasta, eta, bestalde, idazle horietako gehienek ez dutela obra oparoa sortzerik izan, direnak direla horretarako arrazoiak eta faktoreak.

Azken urteotan, berriz, indarrez plazaratu diren emakumezko idazleak zenbatzen hasi eta bi eskuetako hatz guztiak erabili behar ditut; horietako gehienak, bestalde, maiztasun dexentekoarekin ari dira beren lanak argitaratzen; eta inportanteena: oso lan onak daude horien artean. Ez naiz paternalismoz ari: aurten fikzioan irakurri ditudan bi liburu kilikagarrienak emakumezkoek idatziak dira, nire ustez (eta orain ere ez dut izenik emango).

Pou anaien euskara

xme 2008/01/16 18:14

Irratian entzun dut Pou anaiak Euskal Herrira bueltan datozela, gaur edo bihar, kontinente guztietako beren eskalada  proiektua amaitu ondoren. Zorionik beroenak. Dena dela, barka nazatela horretaz gehiago esaten ez badut, ez bainaiz kirol kontuetan jantzia.

Beste zerbaitetaz hitz egin nahi nuen gaur. Politikarien ondotik, edo beharbada aurretik, kirolariak dira gure komunikabideetan tarterik handiena betetzen duten profesionalak. Etengabe jartzen diete mikroa aurrean, eta haiek hitz egin behar. Zer esaten duten, berriz, nik bezain ondo dakizue interes gutxikoa, errepikakorra eta topikoa izaten dela hamarretik bederatzitan. Errua haiei ez baizik galdetzen dietenei leporatu behar, edo protesta egiten ez dugun hartzaileei.

Edukiak eduki, alde handia dago hitz egiteko moduan. Euskara gazbako, txepel eta erdipurdikoa izaten dute gehienek (ez dut esan nahi kirolariak beste edozein ogibidetakoak baino okerragoak direnik: gizartearen ispilu zuzenak dirateke, tamalez), baina badira, zorionez, jarioz, naturaltasunez eta egoki hitz egiten dutenak ere. Horiexei entzuten pozarren egon ohi naiz ni, zeinahi euskalkitan ari direla ere: Txikito Bolibarkoari edo Markina aldeko puntistei ulertzeko lanak izaten ditut, baita Arretxe luzaidarrari ere; Lotina meñakarra ez da erraza, baina bai euskara jatorra berea, Mendilibar edo Manix Mandiolarena bezala; zerrenda luzatu liteke: Aranburu futbolari azpeitiarra, Panpi  Laduxe pilotari azkaindarra, Janmixel Gonzalez errugbilari saratarra (ez nago herriaz ziur)... Euskaldun kaxkarren adibideak, berriz, nik bezain erraz topatuko dituzue, ez dakit haiei aditzen nik bezain gaizki pasatzen duzuen baina.

Aurrekoak irakurrita, badirudi euskalkiz hitz egitea dela ondo egiteko modu bakarra, eta itxi samarra baldin bada, hobeto. Baina ez. Pou anaiek (ez dakit izena nola duten ere, barka nazatela) euskaldun berriaren ahoskera tipikoa dute, Kutsidazutar guztien irribarrea pizteko moduko doinu horrekin, eta hala ere, egundoko soltura daukate hizketan, bixitasuna, abiada, zehaztasuna eta oparotasuna. Euskalduntze masiboaren ondorioz gure ondorengo guztiek horrela hitz egingo dutela hitz emango balidate, ni naizen talibantxo hau ez nintzateke izutuko; aitzitik, berehala izenpetuko nuke, hala izan dadin.

 

25 urte: Euskadi Irratia, Euskararen Legea

xme 2008/01/16 11:09

(Jakin-erako balantzearen jarraipena)

Hots gehiago atera dute, batetik, Euskadi Irratiaren eta, bestetik, Euskararen Legearen 25. urteurrenek. Lehenaren kasuan, isilik gelditu direnak ere izango ziren baina, ahoa zabaldu duten guztiek “Zorionak zuri” kantatzeko egin dute, eta nik ere bat egingo dut poz horrekin eta kantu horrekin. Euskadi Irratiaren lan txukuna zalantzan jarri gabe, luze eta zabal hitz egin genezake hedabideetan oro har (idatzizko, ikus-entzunezko zein digitaletan) gure hizkuntzak duen tokiaz eta izan behar lukeenaz, baina hemendik kanpo geratzen den eztabaida da hori. Eta eztabaida baino gehiago, praxia behar duen arloa, bai sortzaile bai hartzaile garen aldetik.

Eta zer esan esan Euskararen Legeaz? Lehenik eta behin, Euskal Komunitate Autonomoan indarrean dagoen legea dela zehaztu behar, askotan, utzikeria zabarrez edo ahaztura harroz, Euskal Herri osoa Ibarretxeren pean balego bezala aritzen baitira (baikara?) batzuk, edo hiru probintziotatik kanpo beste Euskal Herririk ez balego bezala.

Mendebaldekook mendebaldekoegi jokatzen dugun edo ez dugun, ez naiz auzi horretan sartuko (saltsa loditzeko gogo gutxi gaur, ikusten duzuenez). Baina euskal herritar eta euskaldun gehienak lurralde horretan bizi garenez, aipatu beharreko deritzot kontu honi. Iritzi ugari plazaratu da, baina gehienbat politikaz edo herrigintzaz aldez aurretik eginak ditugun juzgu, aukera eta iritzietatik eratorriak. Espainian diktaduratik monarkia parlamentariorako trantsizioa egin zen bezala egitea onartzen edo besterik ezean ontzat ematen dutenek legearen alde onak azpimarratu dituzte eta urteotan zenbat aurreratu dugun gogorarazi, hobetu litezkeenak ere badirela ukatu gabe. Erreformaren kontra jarri zirenek edo haien ondorengo eta gogaideek, berriz, mugak eta eskasiak seinalatzen dituzte, aurrerapenak ere izan direla ukatu gabe.

Botila erdi huts edo erdi betearen ohiko ipuina? Hori balitz, gaitz erdi. Eztabaida razionala antzutzen duen betiko sorgin gurpilaren adibide paradigmatikoa dugu hor, niri axola zaidana ez baita orain 30 urte egin zena ondo ala txarto egin zen, historiaren dominak eta txatarrak nola banatzen ditugun, baizik eta orain, gaur, bihar, zer egin behar genukeen. Zein diren hartu beharreko bideak eta neurriak euskarak aurrera egingo badu.

Gerorako perspektibak direla-eta, bi ohar. Bata, behin baino gehiagotan esan izan den legez, baikorkeria bezain kaltegarria dugula ezkorkeria: gauzak bide onetik doazelakoan lasai etzatea edo dena galdua dagoelakoan etsitzea, elkarren pareko jarrerak ditugu; itzalak bezain ugari dira argiak egoera honetan, eta hizkuntz normalizazioa bezala desagertzea ere aukeren artean ikusten ditut nik behintzat.

Bigarren oharra, aurrekoari lotua: etorkizuna pertsonok erabakiko dugu, ez patuak, ez Nazio Batuek. Dudarik gabe, herri burujabe baten ahalak eta baliabideak eskuan izatea guztiz inportantea izango da, baina hori bera ere ez litzateke aski, eta egungo tresnekin ere ez da gutxi egin litekeena, edo egin gabe utz litekeena: Jaurlaritzan, euskararen gaian beti alderdi berak aginduta ere, ezagutu ditugu arduradun guztiz euskaltzale eta borondatetsuak baina ideia garbirik ez zutenak, euskarak gobernu hartan izan duen arerio amorratuena, irizpide serioak ezarri baina nahi bezainbat botere ez zeukatenak, administrazioan zer egin ez zekien gizon jatorren bat, edo ideiaz eta ekintzaz gainezka dabilenik (izenak jartzea, zeuen esku: esana dizuet gaur ez nabilela istilu bila).


30 urte: UZEI, Bilintx

xme 2008/01/15 07:00

(Jakin-eko idazkiaren 2. partea)

Ez dakit ni ere zahartzen ari naizelako ote den, baina aspaldi honetan urteurrenak bete eta bete gabiltzan irudipena daukat, edo ospatu eta ospatu zehatzago esanda, norberak gogorarazi ezean ez baita lagunik etortzen atzetik belarritik tiraka, muxua ahoan edo oparia eskuan.

UZEI dugu urteak bete dituztenetako bat, 30 hain zuzen, urteurren hori aski apal pasa bada ere. Baikortasunez hartu genezake apaltasun hori, garai bateko polemikak igaro ziren seinale, bere zeregina bideratua eta profesionalizatua dagoelako-edo. Hala ere, beste erakunde batzuek hartu duten garapenaren aldean, UZEI itzalixe geratu ote den ematen du, kanpotik bederen.

30 urte bete dituen beste bat, Bilintx liburu-denda, oraingo elkar megadenden sarearen aitzindari izandakoa. Honetaz ezin esan lehenaren gurtzan bertan-goxo geratu denik, baina ezta geroa bideratua eta ziurtatua duenik ere. Aisialdiko ohituren aldaketa dela, kanpoko talde handien etorrera dela, negozio arriskutsua bihurtu da liburuak saltzea, etekin zail eta txikia duena. Diskoak saltzea, berriz, ekintza heroikoa dugu honezkero, eta bere jarduera horretan oinarriturik duenak oinen azpian dauka amildegia eta hondamendia. Eta, halaz guztiz, behar-beharrezkoa dugu euskal produktuen banaketa eta presentzia duina ziurtatuko duen sare komertzial sendoa.

Wazemank ala Noaoa?

xme 2008/01/14 14:04

Nire blogaren irakurleok ez dut uste Euskal Herriaren lagin estatistikoa osatzen duzuenik, eta erantzuna uzten dutenak are gutxiago izaten dira, baina, hala ere, inkestatxo bat egin nahi nuke zuen artean, nahi duenak erantzun dezan: zein duzue nahiago, Wazemanak ala Noaoa?

Neure iritzia azalduko dut hasteko. Wazemank ikusi nuen lehen egunetik izugarri gustatu zitzaidan, eta geroztik ahal nuen guztietan ikusten saiatu nintzen. Arrazoi askorengatik, eta, batez ere, ondo pasatzen nuelako. Patxi mekanikaria, Euskaltzaindiaren zalantza-zerbitzua, Rufinoren apustuak, Tolosa eta Euzkitze...

Noaoa ikusi nuen lehen aldian zapuztuta geratu nintzen. Produktu eskasa iruditu zitzaidan, grazia gutxikoa. Ez gustatze horren arrazoien bila hasi eta merkezurrean ibili ote diren iruditu zitzaidan: esketxak urritu egin dira eta aurkezpen-platoan bertan egindako solasaldiz osaturik dago orain saioa: Iraolarekin telebistaz, Padagizabalekin gauza "paranormalez", famatu-imitatu-gonbidatua ere bertan. Bestalde, Euskal Herri osorako egiten den saioa izaki, txokokeria areagotu egin dela esango nuke: Zarauztik Villabonarako ardatza duela hizkeraz nahiz erreferentziaz, Azpeitira eta Hernanira erpin bana luzatuz laukia  osatzeko.

Hala ere, programaren alde esan dezadan kontzepzio berri bat izan litekeela, ikusleak bertan daudenez haiek entretenitzeko, eta berritzea beti dela ausardia-seinale, nahiz eta beti asmatu ez. Gainera, "Villabona konexion" atal kostunbrista-surrealistarekin edo Koldo Errazti Hirugiyair-eko managerrarekin barre ederrak egin ditut inoiz edo behin.

Beraz, nostalgiak nostalgia, aurrera egin dezala Noaoa-k.

 

 

 

Nekea edo

xme 2008/01/14 09:49

(Jakin aldizkarian urtearen balantzea eskatu ohi zaie, urtearen azken zenbakirako, hainbat laguni. Aurten, iritzi-emaile: Karmele Artetxe, Alberto Barandiaran, Mikel Bujanda, Pantxoa Etxegoin, Tere Irastortza, Inaki Irazabalbeitia, Xabier Mendiguren Bereziartu, XME, Laura Mintegi, Fito Rodriguez, Allande Sokarros, Andres Urrutia eta Eguzki Urteaga. Nire artikulua emango dut hemen, astean zehar, atalka)

Badut nik lankide ohi bat, bere zaletasunetarako astia izatearren enpresa utzi zuena baina, aspertzeko denbora ere sobran eta, tarteka bisitan etortzen zaiguna, lagunartearen beroaren bila. Garai batean gure bazkalorduetako solasgaia zein zen gogoan, azken bisitaldi horietako batean bota digu lagunak: “Ta, beti bezala politikaz eztabaidan-eta ibiliko zarete, ezta?”. Besteok elkarri begiratu, eta aho batez atera zitzaigun denoi: “Aspaldian, aipatu ere ez”.

Gure lantokian ez ezik, sumatzen dut gizartean oro har, eta euskaltzaleon artean zeresanik ez, nabarmen jaitsi dela politikaz hitz egiteko gogoa. Ez dut esango politikarekiko interesa gutxitu denik: sarritan, eta gure komunitate honetan froga lazgarriak ditugu begi-bistan, zuk batere interesik ez eta bat-batean irentsi egiten zaitu politikak, ustekabeko atzaparkada batez. Nolabaiteko interesa eta kezka hor dago beraz (edo arbuioa eta nazka, askoren artean); galdurik dagoena, beraz, ilusioa da, pilpira, gauzak aldatuko diren esperantza, eztabaidaren bitartez inor konbentzitzeko itxaropena, hitzak eta solasak ezertarako balio ote duten ustea bera.

Ez da su-etenaren amaiera bakarrik, baina hori ere bai. Egoera berriak kultur arloan dituen ondorioak hizpide hartu beharko nituzke baina, zer nahi duzue esatea, halako neke bat sumatzen dut, asperdura antzeko bat, eta, horrenbestez, lankideon arteko kafe-ordu edo bazkalondoetan egiten dugun moduan, alde batera utziko ditut eztabaida politikoak.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.