Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / 20 urte: atrebentzia ez bada...

20 urte: atrebentzia ez bada...

xme 2008/01/17 10:28

(Jakineko artikuluaren azkenaurreko zatia)

Urteurren biribilez pentsatzen jarrita, nik neuk 20 beteko ditut aurki editore lanetan. Ez kezkatu ordea: ez dut neure buruaz hitz egin behar. Literaturagintzaren urteotako ibilbidea ondo samar ezagutzeak ematen didan talaiatik, gizonezkook ia inoiz aipatzen ez dugun kontu bat ekarriko dut lerrootara, atrebentzia ez bada: euskal emakume idazleak. (Gizasemeok joera dugu gaia baztertzeko, literatura sexuen arabera epaitu behar ez delakoan, eta emakume batzuek erantzun ohi dute ez ikusiarena egitea egon dagoen diskrimazio-egoera iraunarazteko bidea besterik ez dela; behingoz bada ere, neure iritzia emango dut beraz, mutur-sartzetzat hartuko ez zaidan esperantzan).

Eta gai hau hartu dut, hain zuzen, euskal literaturako azken urteotako berririk inportanteena, plazaratzen ari diren emakumezko idazleen kopurua, kalitatea eta jarraikortasuna dela iruditzen zaidalako. Ikuspegi diakronikoa erabilita, 40 urte badira Urretabizkaia eta Lasa beren sorkuntzak kaleratzen hasi zirela; dozena bat urte itxaron behar izan zen, ordea, emakumezko gehiago plazaratzeko: Irastortza, Landa, Borda, Mintegi; eta beste dozena bat, haiei segida emango zietenak ezagutzeko: Iturbe, Meabe, Iturbide, Arkotxa, Arrieta… Barka nazatela ahantzi ditudanek; esan nahi nuen hutsune handiak izan direla, gizonkrazia hutsezko urte-parrasta, eta, bestalde, idazle horietako gehienek ez dutela obra oparoa sortzerik izan, direnak direla horretarako arrazoiak eta faktoreak.

Azken urteotan, berriz, indarrez plazaratu diren emakumezko idazleak zenbatzen hasi eta bi eskuetako hatz guztiak erabili behar ditut; horietako gehienak, bestalde, maiztasun dexentekoarekin ari dira beren lanak argitaratzen; eta inportanteena: oso lan onak daude horien artean. Ez naiz paternalismoz ari: aurten fikzioan irakurri ditudan bi liburu kilikagarrienak emakumezkoek idatziak dira, nire ustez (eta orain ere ez dut izenik emango).

leire
leire dio:
2008/01/17 20:29

Epa, Xabier! Ez dakit eurei emakume idazle etiketa gustatze zaien! bAina egia esan, gogor datoz, batez ere gaztetxoak. Atzo Uxue Alberdiren hitzaldi baten egon nintzen (irkurlearen txokoan "Aulki bat elurretan" irakurri ondoren, eta nahiko nuke nik oraintxe, 40etatik hur, berak bere 23etan daukan gaitasuna, umorea, indarra...Haluzinatu egin nuen, eta hori liburua e zzitzaidala gehiegi gustatu.... Atso zaharrok baztertukok gaituzte, hauek! Ondo segi

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.