10 urte: Guggenheim
(Jakin-eko balantzearen amaiera)
Hona beste urteurren sonatu bat, Puppyren etxola titaniozkoak 10 urte bete baititu. Honi buruzko balorazioetan ere zerikusi zuzena izan ohi du norberaren kokaleku politikoak, edo orain 10 urte hartutako jarrera zuritu nahiak. Dena dela, eta gaia sakon ezagutu gabe, neure uste harroak botatzera ausartuko naiz.
Hasteko, ezin da ukatu Guggenheim Bilbao Museoak arrakasta izan duela. Bultzatu zutenek jarritako helburuak bete eta gainditu egin ditu, haiek poz-pozik daude, eta kritikotasunari heltzen diotenek “bai baina”ka jardutera beharturik ikusi dute beren burua.
Arrakasta hori, bistan da, fenomeno turistiko edo ekonomikoa da beste ezer baino gehiago. Ez du ematen euskal herritarrok arte garaikidearekiko ezagutza edo estimazio askoz gehiago dugunik, eta honetan oinarritzen dira kritikoek. “Eta zer?” erantzungo zaie beste aldetik seguru asko. Nolanahi dela, berez kulturala den zerbait ekonomiaren motor bilakatzea eta harekin uztartzea (horrek dakartzan morrontzei buruz edozein iritzi dugula ere) datu berria da gure artean, aurrerantzean kontuan hartu beharko dena.
Ekonomiarekiko lotura hori dela-eta, gogoan dut museoaren proiektua plazaratu zen garaian euskal kulturan zebiltzan talde eta mugimenduentzako dirulaguntzak nabarmen gutxitu zirela, eta Guggenheim eraiki beharra eman zitzaiela horretarako arrazoitzat (jende asko haren kontra jartzeko arrazoia horixe izan zen). Oraintsu, berriz, honetaz eztabaidatzen ari ziren foro batean, gobernutik hurbil zegoen batek bota zuen museoaren aurrekontuak ez zirela kulturako diru-partidetatik atera, askoz handiagoak zirelako, eta gauza batek ez zuela zerikusirik bestearekin; hori horrela bada, kulturgintzako agenteak eskale izatera kondenatzea norbaitek nahita eta berariaz hartutako erabakia izan zela ondorioztatu behar. Pertsona bati leporatu beharko diogu errua? Alderdi bati? Sistemaren aldeko guztiei? Ez dakit zer den hobe, baina esana dut gaur ez dudala politikaz jardun nahi.
(Artikulutik kanpoko postdata: delako foro hori Eibartarrak posta-zerrenda da)