Wazemank ala Noaoa?
Nire blogaren irakurleok ez dut uste Euskal Herriaren lagin estatistikoa osatzen duzuenik, eta erantzuna uzten dutenak are gutxiago izaten dira, baina, hala ere, inkestatxo bat egin nahi nuke zuen artean, nahi duenak erantzun dezan: zein duzue nahiago, Wazemanak ala Noaoa?
Neure iritzia azalduko dut hasteko. Wazemank ikusi nuen lehen egunetik izugarri gustatu zitzaidan, eta geroztik ahal nuen guztietan ikusten saiatu nintzen. Arrazoi askorengatik, eta, batez ere, ondo pasatzen nuelako. Patxi mekanikaria, Euskaltzaindiaren zalantza-zerbitzua, Rufinoren apustuak, Tolosa eta Euzkitze...
Noaoa ikusi nuen lehen aldian zapuztuta geratu nintzen. Produktu eskasa iruditu zitzaidan, grazia gutxikoa. Ez gustatze horren arrazoien bila hasi eta merkezurrean ibili ote diren iruditu zitzaidan: esketxak urritu egin dira eta aurkezpen-platoan bertan egindako solasaldiz osaturik dago orain saioa: Iraolarekin telebistaz, Padagizabalekin gauza "paranormalez", famatu-imitatu-gonbidatua ere bertan. Bestalde, Euskal Herri osorako egiten den saioa izaki, txokokeria areagotu egin dela esango nuke: Zarauztik Villabonarako ardatza duela hizkeraz nahiz erreferentziaz, Azpeitira eta Hernanira erpin bana luzatuz laukia osatzeko.
Hala ere, programaren alde esan dezadan kontzepzio berri bat izan litekeela, ikusleak bertan daudenez haiek entretenitzeko, eta berritzea beti dela ausardia-seinale, nahiz eta beti asmatu ez. Gainera, "Villabona konexion" atal kostunbrista-surrealistarekin edo Koldo Errazti Hirugiyair-eko managerrarekin barre ederrak egin ditut inoiz edo behin.
Beraz, nostalgiak nostalgia, aurrera egin dezala Noaoa-k.
Oraindik ezin izan dut Noaoa osorik ikusi, arrazoi logistikoak direla medio. Baina ikusi dudana ez da Wazemanken itzalera ere iristen, nire uste harroan ;-)