Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Etiam

dj amsia

Maite Rementeria 2005/04/21 19:46

Berandu, berandu nabil aspaldian nere post-ekin. Pasa dan ostiralian ikusitako kontzertu batekin nator gaur.

DJ Amsia etorri zan Elgoibarko Kultur etxeko sotora. "DJ" eta "kultur etxe" berbak ez debe oso ondo ezkontzen. Badirudi DJ-ak diskoteka edo dantzarako areto bat eskatzen duela baina ez, "Amsia"rentzat ezin aproposagoak bihurtu ziren kultur etxeko hormetako harriak eta sabaiko egurrezko bigak.

Lurrean eserita entzun naban kontzertua. Musika desberdina egiten du. Benetan zaila egiten jata definitzea, horregatik ipini diot galdera ikurra azpititularrari eta horregatik ekarriko ditut Iban Urizarrek Devoramen egin zion elkarrizketako hitzak:

Amsia inundó la sala de ambientes a golpe de loops, efectos y orfebrería sonora que ruborizarían al más aventajado de los laptopers. Lejos de las pistas donde gastar las suelas y machacarse las mandíbulas, este DJ plantea su discurso desde la música electrónica más abstracta y paisajística.

amsia.jpg

Ibanek oso ondo asmatu dau definizioan, horrelakoa da bere musika: abstraktoa, hurruna, zaila, lasaia, originala, expontaneoa, erakargarria... "Buen viaje" batekin hasi zaban kontzertua eta 45 minutu eman zituen imagina dezakezuen soinu arraro eta desberdinenak ezkontzen ia melodiarik gabeko doinuak konposatuz.

Eta musika entzuteaz gain izugarri disfrutatu neban berari begira. Minutu bat ere ez zan geratu. Orain botoiak, orain disko bat, orain beste bat, orain ahotsa grabatzen zaban mini-disc batian, gero argi gorri bat zeukan botoi bat igurzten zaban... Geratu ere egin barik eta denbora guztian zaraten bidez atmosfera lasai lasai bat sortuz.

Ez dakit oso ondo nola azaldu baina bere musika edozeinek bajatzeko moduan dauka on-line hemen.

"La Fura dels Baus"ekin ere ibilia omen baina La Furaren webean sartu naiz informazio gehiagoren bila eta kalanbrea moduan eman dit. Ez naiz ausartu inon klik egitera. Erabilgarritasunean "zero" duten nere zerrendan apuntatzera nixe.

Datozen kontzertuak:

  • 2005-04-25 Zaragoza Festival Electro2m5
  • 2005-04-30 Tolosa (Bomberenea) + Tsezne 22.30etan
  • 2005-05-06 Bartzelona (Convent de Sant Agusti)

Domekako kontuak

Maite Rementeria 2005/04/20 18:26

Elgetan nik espero baino jende gutxiago elkartu ginan. Jende desberdin gehiago espero naban, egia esan. Gehienak goiena.net eta eibar.org inguruko blogistak ginen eta aurretik ezagutzen nituen. Gainera, tokia, Elgetako Espaloia, ezinhobea suertatu bazan ere, eguna, ez dut uste oso apoposa izan zenik. Izan ere hauteskundeek distorsionatu egin zuten nolabait gure jarduna.

Gehien gustatu zitzaidana Igor Leturiaren posteatzeko modua izan zan. Klik! egiten zaban mobilarekin, mezutxo bat idatzi eta buala!, argazkia bere blogean azaltzen zan. Nik beti anaiak erretiratzen dituen mugikorrak erreziklatzen ditut, ufa, horrelako bat tokatu orduko!!

Beste kontu batek ere atentzioa deitu zidan. Batek baino gehiagok galdetu zidan ea geurea zan azpiko argazkiko pantaila transparentia. Parre egin naban. Ezetz, pantaila ez dala transparentia! Truko bat da.

Ordenagailuaren mahaigaina transparente bihurtzeko: Lehenengo erretratua atera eta ordenagailuaren mahaiaganian ipini fondoko irudi moduan. Gero ordenagailua kamara zegoen leku berean ipini eta beste erretratu bat atera atzeragotik ordenagailua eta fondo zati bat enkuadre handiago batean sartuz.

Beste kontu bat da nik hori holan egin dudan edo ez!

Euskaldunen I. Blogs and Beers

Maite Rementeria 2005/04/15 14:56

transpa.jpg

Ordenagailuaren mahaigaina transparente bihurtzearen ideia ez da gure gurea izan. Aspaldian modu honetako argazki asko ikusten dira Interneten. Baina polito geratzen da, ezta?

Etzi Espaloian egingo dan "I Euskaldunen Blogs and Beers"aren inguruan egindako erreportai bat ilustratzeko argazki bat eskatu ziguten Goienkariatik eta hau atera genduan. Lau blogari agertzen gara argazkian: ni neu (Etiam), Mikel Larreategi (erral's weblog), Garikoitz Araolaza (Teknosexua) eta Luistxo Fernandez (Ingelesen hilerria).

"Blogs and Beers"a dela eta badaukat domeka iristeko gogoa. Egia esan aurpegi ezagun mordoa ikustea espero dut baina izango dira baita ezagutzen ez ditudan pantaila-osteko mordua ere. Eta zu nor zara? Ni Telezaborra, Ni obabatxue, ni barnemuinetan, ni John Whitechapel, ni traperoa, ni euskara eta publizitatea, ni ...

Bide batez, ez galdu John WhiteChappel-en azkena. Pirata honek ez dauka burutazio on bakarra.

Kasualitateak

Maite Rementeria 2005/04/11 18:47

Ez dut oso sarri pizten telebista baina, pasa dan asteko martitzenian uste dut izan zala, afalorduan TVE2ko "Miradas 2" ikustea koinziditu jatan. Gustatzen jata programa hau. Interesantea da eta oso ondo egina dagoela begitantzen jata gainera.

Han ikusi naban Antony and the Johnsons deitzen zan abeslari bati buruzko bideo txiki bat. Radio3-era etorrita omen zegoen eta elkarrizketatxo bat egin zioten. New York-eko zala eta atentzio berezia eskaini nion.

Zirrara eragin zidan. Pianoan jarrita, abesteko zeukan modu berezi hark, zirrara eragin zidan. Ahots fina eta goxoa. Batzutan emakumearena zirudiena. Negargura euki ezkero, malkoak erraz ateratzen dituen horietakoa.

Ba kasualitatea, aste horretan bertan lagun batzuen etxera jun nintzan afaltzera eta diskoa entzuten egon ginan. "I am a Bird Now" da diskoaren izenburua. Izenburua ere polita.

Atzo, berriz, beste lagun bekin geratu nintzan zinera juteko eta diskoaren kopia bat ekarri zidan. Zenbat kasualidade, ezta?

Zinean? Saw ikusi naban. Beldurrezko pelikulak gustatzen bazaizkizue bakarrik jun. Nik oso gaizki pasatzen dot tentsiozko pelikuletan. Sustoek susto handia ematen didate, ia inori baino susto handiagoa eta sarri lotsatu ere egiten naiz egindako ohiuez, baina, ezin dot ebitatu. Jakin izan banaban, ez noa, baina bukaera benetan ona iruditu zitzaidan, inundik inora espero ez den horietakoa.

New York (III)

Maite Rementeria 2005/04/08 15:27

Borratuko nuke, dudarik gabe, bueltako bidaia. Zoramena izan zan. 11 ordutan behar zuena 29ra luzatu zan. Desastre bat. Bene benetan desastrosoa. New York-en eguraldi oso txarra zegoen eta 3 ordu atzeratu zan hegaldia. Ondorioz Paris-Bilbo abioia galdu genuen. Eta 7 ordu itxoin behar izan genuen hurrengo hegaldirarte. Baina asteburu horretan ordu aldaketa egin zan eta aireportuko erlojuak aldatu barik zeuden. Gu New York-eko orduarekin gentozen eta gaizki sinkronizatu genituen erlojuak. 7 ordu aireportuan zain egon ostean bi minutugatik galdu egin gendun berriz ere Bilbora hegaldia. Azkenean Biatrritzera zetorren beste bat hartu genduan. Gero gainera maletak ere bidean galdu ziren eta nik baita pasientzia ere.

19aireportua.jpg

 

Eta gehien gustatu zaizkidan momentuak berriz:

- Helikopteroko bidaia. Eguraldia lagun, benetan esperientzia zoragarria izan zan. Beti euki dut hegan egiteko kapritxoa baina bertigoa daukat eta inoiz ez naiz parapentean salto egitera ausartu. Helikopteroan, berriz, ez neban batere beldurrik izan eta benetan inpresionantea izan zan New York gainetik begiratzea.

20helikopteroa.jpg

 

- Txokolatezko bihotzak. Roquefeler Center inguan zegoen bonboi-denda suizar batean erosi genituen txokolatezko bonboi hauek. Bakoitza ia 4 dolar ordaindu genituen baina benetan merezi izan zaban. Oso goxoak zeuden eta gainera kriston parreak egin genituen. Umh!!

21bihotzak.jpg

 

- Atsalde batean banatu egin ginen eta norberak bere aldetik pasatu genituen 3-4 ordu. Ni Gugemmheimera jun nintzan.Gustatu zitzaidan edifizioa eta baita erakusketak ere eta asko gustatu zitzaidan baita bakar bakarrik ibiltzea 5. avenidan barrena. Baina onartu beharra daukat oso gustora bueltatu nintzela baita hotelera Bixen eta Iratxe han egongo zirela jakinda.

22gugem.jpg

 

- Joy Division. Gugemheimeko azken pisuan zegoen instalazio bat zan. Gela karratu eta beltz beltz batean bideo bat proiektatzen zuten. Joy Divisionen kantu bat zen. Abeslarieren irudi batzuk, baina modu oso egokian tratatuak, proiektatzen zituzten pareta batean. Kantua oso lasaia eta irudi oso sensilloak ziren, baina erabat sorginduta mantendu ninduten gela hartan kantua hiru aldiz entzun arte.

23gugem2.jpg

 

- Newyorkerra. Holan deitzen diogu Bixeni oporretatik bueltatu geranetik. Ze parre egiten genituen turistak zerbait galdetzeko Bixen geratzen zuten bakoitzean, zeren ez zan ez behin eta ez birritan izan, gehiagotan!

24Big.jpg

 

- Ni, berez, erosle konpulsibo xamarra naiz baina opor hauetan ez dut apenas ezer erosi. Denda barruetan ere aspertu egiten nintzen. Erlojua eta nere hilobentzako jolas bat baino ez ditut ekarri. Banatu ginen egunean, ordea, Iratxe neretzako opari batekin bueltatu zan. Eraztun zoragarri bat. Izugarri maite dot Iratxe.

25iratxe.jpg

 

Bi pena geratu zaizkit. Bat, ez nintzala jun Isadora Ducanen eskolara. Azken egunerako laga genduan eta hain eguraldi txarra egin zaban abantatzeko adorerik ere ez genduala euki.

Eta bigarrena, Brooklyn-eko Museoan zegoen Basquiat-en erakusteta ikusi barik geratu ginen. Berandu jakin gendun haren berri, igandean bertan, eta astelehenean museoa itxita zegoen. Lastima! Basquiat azkoitiko gure lagun bati asko gustatzen zaion pintore bat da. Warholek apadrinatu zeban eta kuadro oso handi eta koloretsuak egiten zituen. New york-en bizi izan zan eta oso gazte hil zan, 27 urterekin. Uste dut sobredosi batez hil zela.

26zubia02.jpg

 

Ez ginen igo Empire State-ra.

27enpire.jpg

Ez genduan diamanterik erosi Tifanysen.

Hotza egiten zaban kalean jateko eta hot-dog bat jan barik etorri gera.

Limousinan ere ez gera ibili.

Ez dugu saskibaloi partidurik ikusi Madison Square Gardem-en.

Ez ginen euskal etxera jun.

Ez dugu...

Hori bai, begiak zabal zabalik euki ditugu momentuoro baina beti laga behar da zerbait egin barik berriz bueltatzeko aitzakia eukitzeko.

begiak.jpg

New York (II)

Maite Rementeria 2005/04/07 14:42

Orokorrean hotz handia egin du baina lehenengo egunean gogoz epeldu zeban eguzkiak. Egun horretan ibili ginen helikopteroz. Batek baina gehiagok komentatu zidan hau egiteko eta ez naiz damutzen, ez horixe! Benetan da inpresionantea. Neri gainera pilotoaren ondoan jutia tokatu zitzaidan. Gogoratze hutsaz bihotzak buelta ematen dit. Zoragarria izan zan.

10helikopterotik.jpg

11helikopterotik.jpg

 

Egun horretan bertan Pier 17ko terraza batean bazkaldu genuen. Pier 17 Gu eguzki epeletan plater konbinatu bat bazkaltzen neska batek musika pregrabatuaren gainetik Jazz eta soul doinuak kantatzen zituen bitartean.

11zubiapierretik.jpg

pier.jpg

 

Euri mordoa egin zaban hurrengo egunean eta MOMAra juteko aprobetxatu genduan. Museoetan zera pasatzen jata hainbeste gauza ikusi nahi izaten ditut azkenean mozkortuta amaitzen dudala. Baina gauza baterako behintzat balio dute: hainbeste aldiuz erreproduzituta ikusi dituzun lamina horiek originalean ikusteko. Neri esatera, atentzio deitu zidan Warholen Marilynek. Ez nekien fondo doratu hori zeukasnik. MOMAren edifizioa ere zoragarria da eta gainera oso oso ondo jaten da bertako kafeterian.

12Marilyn.jpg

 

Museotik atera eta dendan sartu ginan. Nik Starck-en erlojua erosteko kapritxoa neukan baina han ez zan geratzen eta zein beste helbideten eskuratu nezakeen esan zidaten. Kostatu zitzaigun denda ditxosoa topatzea baina orain erloju berria dakat.

13Moma.jpg

 

Edurra ere egin zaban gau batean eta hurrengo goizean Central Park edurtuta ikusi genduan.

14edurra.jpg

15central.jpg

 

Gure hotela Broadway-tik oso hurbil zegoen. Bixenek “El fantasma de la Opera" musikala ikusteko kapritxoa zeukan eta egin gendun intentoa, baina 200 dolarretako sarrerak baino ez ziren geratzen eta azkenean “Rent" ikusi gendun. Gustatu zitzaidan baina ez nituen elkarrizketa guztiak ulertzen eta batzutan galdu xamar ibili nintzan.

16broadway.jpg

 

Time Out-a erosi eta gure asmoa kontzerturen bat ikustea bazan ere, iluntzetan nekatuegiak iristen ginen hotelera berriz kalera ateratzeko eta azpimarratuak geneuzkan 3-4 kontzertuetara jun barik geratu ginan. Hala ere, talde oso gazte hau ikusteko aukera euki gendun metroan. Neska bajistarekin gainera!!

16metroa.jpg

 

Marriot hoteleko View jatetxera igotzeko intentoa ere egin genduan baina igogailuetan gora eta behera ibili ostean ez gendun asmatu jatetxera iristen eta azkenean erabat zorabiatuta hura ikusi gabe atera ginen kalera.

17marriot.jpg

 

Gure hotela Times Squarretik oso oso hurbil zegoen eta sarri pasatzen ginen bertatik. Baina batez ere gauez da polita, jendez betea eta kartel guztiak piztuta ikusten direnean. Oso polita.

18times.jpg

New York (I)

Maite Rementeria 2005/04/06 15:14

Beti bezala luze xamar atera zait kontakizuna eta hiru zatitan banatu dot:

  • Aurpegiak
  • Lekuak
  • Borratuko nuke, gehien gustatu zait eta egin gabe geratu zaigu

Luzea da New York. Luzeak dira kaleak, eta difizioak. Eta luzeak dira egunak oporretan. Dana da luzea. Eta baita azkarra ere. Jendea eta kotxeak, denak dabiz bizkor bizkor. Gu ere hala ibili ginen, azkar azkar eta asko. Ez dakit jun aurretik antibiotikoak hartzen egon nintzelako edo zer baina asko nekatu naiz opor hauetan.

01luzeak.jpg

 

Dena da han pelikuletan bezala. Etxe gehienak filmeetan ihes egiteko erabiltzen dituzten burdinezko eskilera bitxi horiek dituzte. Eraikuntzak buka ezinak dira eta polizia sirenak entzuten dira momentuoro. Kaleak taxi horiz eta limousinaz beteak daude, poliziak potoloak dira eta alkantarilak kea dariote. Jendeak oinezean dijoala gosaltzen, edo bazkaltzen edo afaltzen du. Eta edozein ordutan gainera. 24 orduak dago esna New York.

02eskilarak.jpg

 

Hiru izan gera protagonistak film partikular honetan: Bixen, Iratxe eta ni. Eta gure pelikulan paper txiki txiki batzuk euki dituzten aurpegi gutxi batzuk baino ez zaizkit gogoratzen.

03hirurak.jpg

 

Jose. Erderaz zekien errezepzioko mutil kubatarra. Ingelesik jakin barik ere lasai asko jun leike New York-era. Ia beti aurkitzen dozu gazteleraz berba egiten daban norbait.

04eskubeltzak.jpg

 

Kalean geratu eta bere emazteak inguruko edifizio batetik 11M-a nola bizi izan zuen kontatu zigun gizon nagusi hura. Inoiz ahaztuko ez daban egun hura kontatu beharrak edo agian bakardadeak bultzatuta, 10 minutu luze euki gintuen bere istorioa behin eta berriz errepikatuz.

05bikiak.jpg

 

Montserrak eta Josep. Brooklyneko zubia guratzatu nahian oinezkoentzako bidea topatu ezinik genbitzala ezagutu genuen bikote katalana. Ze katalanak diren batzutan katalanak!. Jatordu bakoitzean zer eta zenbat dirutan jan zuten kontatu zigun Montsek 10 minutuan inork ezer galdetu barik!

06zubia.jpg

 

Luis Foncillas. Duela 11 urtetik NY-en bizi den naparra. Iaz arte Brooklyn-eko euskaletxeko lehendakaria izandakoa. Radio Euskadiko korresponsala eta MTVn lan egiten duen kazetaria. Lagun baten laguna zelarik bixitan jun gintzaion eta MTVko kafeterian bazkaldu genduan berarekin. Gero VIACOM eraikuntza barrutik ikusteko aukera izan genduan. Luis, mutil oso majoa, oso ondo portatu zan gurekin. Ni estressatu xamar bizi nintzelakoan, nerea kamara lentan doa Luisenarekin konparatuz. Horrela jarraitzen badu berehala bukatuko zaio bizitza Luisi, baina New York-en jendea horrela bizi delakoan nago, azkar azkar.

07times.jpg

 

Eta kolektiboak. Judutarrak eta txinatarrak aipatuko nituzke. Txina-Town ikusgarria da bentan. Ia ia txinara bertara jutia bezala da. Dena dago txinoz idatzita eta dendak bertako jakiz hornituak daude eta gorria da kolore nagusia.

Judutarrena, berriz, oso bitxia izan zan. Aspaldian modan dagoen Williansburg deritzon auzo baten bila genbiltzan. Manhattan-eko prezio garestietatik ihesi Brooklynera bizitzera joan den jende gazte mordoak jarri du modan auzo hau. Denda txiki eta politak, bigarren eskuko erropa, jatetxe desberdin mordoa eta gazte jendea nonahi.

08pintada.jpg

 

Baina hona iritsi aurretik auzo judutarrean galdu ginen. Aste Santuko zapatua zan eguerdiko 12ak aldera. Gizon asko eta emakume gutxi, eta gainera, bakoitza bere aldetik. Gizonak abrigo beltzak zeramazkiten eta buruan ahuntzaren narruz egina zirudien txapel borobil eta handi batzuk. Gehienak bizardunak eta patilletatik zintzilik kiribilo luze luzeak zeuzkaten. Emakumeak ere denak abrigoa zeramaten, baina ez beti beltza eta painelua edo bestela peluka zeramaten buruan. Atentzio deitzen zidaten emakume haiek eta hona etorritakoan jakin genduan emakume jutudar ortodoxoak hilea moztera derrigortuak daudela. Ardi zuri bakarrak ginen artalde beltz hartan eta guk adina begiratzen gintuzten haiek gu. Atrebitu ere ez nintzan egin kamara ateratzera.

 

09aurpegiak.jpg

Beste guztiak gure begien aurretik pasatu diren milaka aurpegi baino ez dira izan. Anonimoa da oso New York.

New York azpitik begiratuta

Maite Rementeria 2005/04/04 20:51

Eta hemen beste bertsio bat. Luistxok proposatutakoa. Beste honi "Hiru euskaldun New York-i azpitik begira" deituko diogu.

Eta hemen, berriz, Itxasok egin digun aportazioa. Bueno, bueno, laster erakusketa bat egiteko moduan gaude!

Header berria dauka Etiamek

Maite Rementeria 2005/04/04 09:22

Oporretan ariketa bat jarri nion nere buruari. Aspalditik neukan headerra aldatzeko gogoa eta apropos ibili nintzen “Etiam” osatzen duten hizkiei argazkiak ateratzen. Hona hemen zer dan bakoitza:

E: Gugemmheim. Museoaren fatxadari aterata.

T: Lehen dorre bikiak zeuden "Zona 0" deritzon tokian dagoen gurutzea.

I: Times Square-eko informazio bulegoa.

A: MOMAko fatxadan dagoen rotuloari atera nion baina rotatu egin dut han bertikalean idatzita bait dago.

M: Metroa adierazten duen txirinboloa.

Gero letra guztiak photosophen sartu, zenbait filtro aplikatu eta horra hor emaitza.

Parisko aireportutik idazten

Maite Rementeria 2005/03/29 18:20

Duela 24 ordu atera gera N.Y.etik eta oraindik hemen gaude, Parisen. Beste egoera batean oso erromantikoa litzateke baina aireportutik, egia esan, hau oso aspergarria da. Eguraldi oso txarra egiten zeban atzo New Yorken eta bi ordu berandutu zan abioia. Beraz, Bilbora eraman behar gintuen abioia galdu eta 6 ordu itxaron behar izan dugu hemen asper asper eginda.

Zoragarria izan da bidaia baina hain gaude nekatuak. Dana da luzea han: etxeak, kaleak, egunak...

Gauza mordo bat egin ditugu baina horiek hurrengo batean.