Copyleft Kontaktuarentzat
Kontaktua 1995ean idatzi nuen. 1996an, Tene Mujika ipuin lehiaketa irabazi zuen, eta bi bider argitaratu zen. Bata, Tene lehiaketako bilduman, bestea Elkarrek orduan zuen mini-liburuxken Enbido Txikia sailean, ale solte gisa.
Berriz argitaratu da 2004an Ipuin Izugarriak antologian. Liburudendetan salgai dago liburu hori, eta Interneten ere bai, Megadendan
Orain, Interneten ere argitaratu dut, digitalki, blog honetan bertan: hementxe. Eta blog honetako gainerako edukiak bezala, copyleft lizentzia libre batekin argitaratu dut, Creative Commons by-sa/1.0 lizentziarekin. Egile-eskubideak, neuk ditudanak, babesten ditu lizentzia honek. Eta irakurlearen eskubide batzuk ere babesten ditu.
Hauek, hain zuzen; libre zara:
- Material hau kopiatzeko, banatzeko, erakusteko, antzezteko...
- Deribazioak egiteko, berridatzi edo aldatzeko.
- Lanaren erabilpen komertziala egiteko, kopiak edo deribazioak saltzeko.
Baina honako baldintza hauekin:
- Atribuzioa. Jatorrizko sortzaileari egiletza aitortu behar diozu.
- Berdin banatu. Lan honen aldaketa edo deribaziorik egiten baduzu, hura saldu edo banatzekotan, honako lizentzia honen baldintza berberetan egingo duzu.
- Eraldaketa edo distribuziorik egiten baduzu, lizenzia honen zehaztapenak argi utzi behar dituzu.
- Egilearen baimenarekin, baldintza hauetarik edozein altxa daiteke.
Creative Commons lizentziak asmakuntza on eta inportantea iruditzen zaizkit. Edukiak biderkatzeko, jakintza zabaltzeko, eta sormena saritzeko (autoreen eta kontsumitzaileen talentua, guztiena) modu egokia da.
Ingelesez material asko dago creativecommons.org gune nagusian (diseinu berritua, oso polita). Espainian, lizentzia orokor baten transposizioa egin dute (itzulpena, eta adaptazio juridikoa-edo, nonbait) eta espainolez eta katalanez argitaratu da. Testu bakar eta orokorra da, ordea, oraingoz ez dago euskaraz, eta berez, lizentzia orokor bat barik, aukera multzo bat eskaintzen du Creative Commons-ek. Nik, Espainian argitaratu dena baino, jatorrizkoan aurkitzen den formula horietako bat, by-sa/1.0, nahiago dut, hori gustatzen zait. Eta haren laburpentxoa, erraz ulertzeko moduan euskaratzen saiatu naiz.
Kontaktua
I
Sarri jaisten naiz Herriko Tabernara bazkalostean. Etxean badugu kafetera horietako bat, metalezkoa eta gerri estukoa, baina ez dut sekula erabiltzen ikasi. Entxufe bat aldatzen edo alkandora plantxatzen sekula ikasiko ez dudan arrazoi beragatik. Gainera, zertarako prestatu neuk, kortautxo hori Pellok serbitu diezadakeenean? Ez da oso kafe ona izango, eta badakit zomorroak bizi direna kafetera zahar horretan, baina 110 pezetan, ez dago horren gaizki. Kafearen prezio berean doakizu, aparte, Pellorekin berriketa eta diskusio apur bat, Egin -gure gezurkaria- debalde irakurtzeko parada, eta hankak luzatu eta ariketa egiteko aukera paregabea: 200 metro joateko, 200 etxera itzultzeko. Mens sans in corpore sano.
Ordubiak aldera parrokiano gutxi egoten da. Batzuk, etxera bazkaltzera joan aurretik pasatzen dira Herrikotik azkenengo txikitoa hartzera. Ez da-eta kafea hartzeko ordua, baina nik goizo bazkaltzeko ohitura hartuta daukat eta ordubien bueltan eskatzen dit kafeina gorputzak. Gainerakoan, Pello, irribarrez eta hiru eguneko bizarrarekin barra ostean, eta hiruzpalau erdi-fijo: zerbeza beltza edateko ohitura daukan neska andaluz izugarri gizen hori; aldameneko fruteroa, Martin Ondakorta izenekoa (sinets ezazue); Xebaxtian, jubilatu herren bat, eta gure Lorenzo, kioskokoa. Nik ez dakit kioskeroek derrigor xelebreak izan behar duten postua eskuratzeko, baina ezagutzen ditudan gehienek badute toke hori. Goenkale-koari ere txoro pinta jarri diote telebistan, Marlon horri: astelehenetik ostiralera ikusi eta ilea galdu duela igarriko diozu. Badu, bai, gure Lorenzoren antz apur bat horretan: oihan tropikalak bezala, soiltzen ari zaio ganbara gaineko terrenoa. Nolanahi ere, errealitateak fikzioa gainditu ohi du, eta kasu honetan ere halaxe da zinez: gure Lorenzo telebistako Marlon delako hori baino askoz ere pertsonaia bitxiagoa dugu.
Lorenzo gurea jota baitago. Zoro hutsa da. Ez du kable bakarra zuzen buruan. Baina tipo jatorra da: zartako alaia da Lorenzoren aberia, ez da beste askori ezagutzen diogun depresio iluna edo ateraldi biolentoetarako joera. Burua kili-kolo darabil, eta ipurloka samarra da: berarekin hiru minutuan baldin bazaude, egonezin moduko bat igarriko diozu, nerbioetatik dagoela, bai, baina ez nioke horri urduritasuna esango. Gehiago da haur baten portaera: ezin kieto egon, energia erre beharra, kezka edo kuriositate bixi bat. Guretzat pitzadura da hori; berarentzat, bizinahia, segur aski. Izan daitezkeen zoro mota desberdinen artean, Lorenzorena da gomendagarriena.
Burutsua dela ere esan liteke. Dena gordetzen du kaskoan. Memoria ikaragarria dauka eta inoiz edozein kontu aipatzen badiozu, ez zaio ahaztuko, zaude ziur. Handik hiru hilabetera ere gogoratuko zaio kontatu zenion eta zeuk jada ahaztuta zeneukan anekdota hura. Dena gordetzen du; baina, nola gorde, beste kontu bat da hori. Guk biok, elkarren artean, normalean erlijioa dugu mintzagai. Beka bati esker, tesi batean dihardut, ez dakit noiztik, Athanase Belapeyre zenaren XVII. mendeko zubererazko katixima batekin bueltaka, eta hori kontatu nionetik kontu berarekin datorkit Lorenzo beti: dotrina katolikoa eta euskal elizaren gorabeherak. Ez dakit egia ote den hainbeste dakiela, ala izenak eta zitak asmatu egiten dituen, baina harritzekoak dira botatzen dizkidan diskurtsoak: batean hugonoteak, bestean Bizkaian hil zuten apezpiku baten ixtorioa, eta hurrengoan bertute teologal eta kardinalak. Baina hori bai, dena nahas-mahas eta arrapaladan.
Hasieran harritu egiten ninduten Lorenzoren memoriak eta hitz-jarioak, baina laster ohitu nintzen tabernako jakintsu eroari jokoa egitera, eta tesiarekin nerabiltzan mila ipuinak kontatzen nizkion, Euskaltzaindiko artxibategikoak, edo monasterio batera egindako bisita, edo katixima santu horretan topatutako azken hapax linguistikoa. Arretaz entzuten zidan; eskertu ere bai, seguruenik, mintzagaia eskaintzea. Nik ere gustura hitz egiten nuen harekin. Azken batean, katiximaren gorabeherak interesatzen zitzaizkion ezagun bakarra huraxe zen hirian. Ez nizkion, bada, Pello tabernariari kontatuko neure kezka linguistiko-historikoak! Politika besterik ez zerabilen horrek buruan. Lorenzorekin, ostera, konfiantza osoz: aholkulari aditua nuen, konfesorea, laguna. Bai, adiskidea nuen Lorenzo, kioskero eroa.
Halako batean, aldiz, Gabonen bueltan, Lorenzo eta bion arteko harremanak ustekabeko bira eman zuen. Gogoan dut bazkaloste hura: egunkaria irakurtzen ari nintzen, kortautxoarekin, eta Lorenzo Pellorekin ari zen kuxkuxean bezala, barraren beste muturrean. Sekreturen bat kontatzeko trantzean edo, halaxe ikusi nituen biak, baina ez nien jaramonik egin zertan ari ziren. Orduan, isil-isilik, Lorenzo hurbildu zitzaidan barra ondotik.
-Bazakiat -bota zidan, xuxurlatuz, lehor.
-A bai? Tira -erantzun nion, irribarre batekin, ez bainion bere tonuaren seriotasunari lehenbizikoan igarri.
-Bai. Pellok esan zidak -keinu moduko bat egin zuen eta Pellori begiratu zion-. Baina egia aitortuko diat: banian susmoa lehendik ere, hi izango hintzela. Tapadera ona daukak, tesia eta beka. Tapadera ona, bai. Pello barraren beste puntan zegoen, edontziak garbitzen; axolagabe, itxura batean, baina gugana adi. Hari begiratu nion eta ez zuen keinurik egin.
-Pellok kontatu dik, beraz -erantzun nion Lorenzori, eta oraingoan neuk ere misterio tonua hartu nuen, teatro egiteko premiarik gabe, intrigatzen hasia bainengoen-. Eta zer esan dik kamarero osti horrek, jakin baliteke? Ahozabal samarra duk hori, eta, badakik, arretaz ibiltzea hobe duk batzuetanâ¦
-Bai, noski, bai -esan zuen Lorenzok. Eserleku bat hartu eta ondo-ondoan jarri zitzaidan. Irribarre egin zidan lehenbiziko aldiz-. Baina hi lasai: ez daukak kuidadorik nirekin. Ezagutzen nauk, eta hau bion artean geratuko duk. Ez ninduan higana hola hurbilduko benetan konbentzitua ez banengo. Baina pentsatzen jarri nauk, azkenengo egunetakoak ikusita, GALeko kontu hauek eta⦠Amorrua ematen zidak gertatzen ari dena ikusteak, kaka azaleratu denean politiko guztiak indignatuta baleude bezala, denok jakinaren gainean geundenean aspalditikâ¦
1994ko abendua zen. Gabonak baino lehentxeago. Amedok eta Dominguezek astebete inguru zeramaten kantari, memoria berreskuraturik, Segundo Marey nola bahitu zuten kontatzen: Ermuko alkate izandako Julian Sancristobalek eta Jose Barrionuevo ministroak antolatu zutela guztia⦠Baina ez nuen ulerten zer erlazio zuen hark gure Lorenzorekin, kioskero eroarekin; eta, batez ere, ez nuen ulertzen zer erlazio zuten Amedok eta Barrionuevok neurekin.
Lorenzo oldartuta zegoen. Denok geunden apur bat. Hiltzaileak krimen izugarriak konfesatzen ikusten genituen egunero El Mundoko orrietan; baina detaile ilun haiek jakiteak baino gehiago, hipokrisiak amorratzen zuen kioskeroa. GALen hilketak ezkutuan txalotzen zituzten horiek guztiak kontuak eskatzen ari zirela ikusteak nazka ematen ziola esan zidan Lorenzok. Ni neu ere ados nengoen, Herriko Taberna batean sartzen den edozein bezala, ezta? Baina Lorenzoren azalpenek bazuten nik ondoegi harrapatzen ez nuen doinu ezkutu bat. Berriketa eten zuen, eta aurpegia serio-serio jarri zuen:
-Ondo pentsatu diat, higana jo aurretik. Ondo pentsatu diat, eta erabaki diat: militatu egin nahi diat, ETA militarrean sartu nahi diat.
Harri eta zur geratu nintzen.
-Bueno⦠-saiatu nintzen erantzuten, baina Lorenzok keinu bat egin zidan eta eskua jarri zidan sorbaldan, azalpenik behar ez balu bezala.
-Nahikoa duk oraingoz. Egongo gaituk gero -esan zuen, eta, zist, salto batean jaiki eta joan egin zen, nik ezer esateko aukera izan baino lehenago.
Pellori begiratu nion eta, Lorenzok taberna utzi eta berehala, barrez lehertu zen bat-batean. Neuri barrez, noski.
-Ze demontre kontatu diok horri?! -egin nion oihu.
-Kontaktua haizela. Heu haizela auzoko kontaktua.
-Ze kontaktu eta ze ostia?!
-Lasai, hi, ez duk horrenbesterako -esan zidan Pellok, lasaixeago jada-. Hi tabernara etorri baino lehenago etorri zaidak kontaktua nor den galdezka, eta hala irten duk dena.
-Hobe duk ongi azaltzeaâ¦
-Badakik nolakoa den Lorenzo eta, hori, etorri duk eta zera, ea nor den kontaktua. Ze kontaktu?, esan zioat, eta berak, joder Pello, kontaktua! ETAko kontaktua! Nik, tira, esan zioat niri adarrik ez jotzeko eta bakean dagoenari bakean uzteko, baina berak, joder, GALeko kontuarekin pentsatuta daukala, ondo pentsatua eta erabakia, eta ETAn sartu nahi duela, eta joder, Herriko Tabernako tabernariak ez badaki nor den ETAko auzoko kontaktua, ez dakiela inortxok. Eta, bueno, heu ikusi haut hor aukeran, periodikoarekin, eta esan zioat mutilari: behin esango diat, Loren, eta esan eta gero ez duk gogoratuko nork esan dian sekula, bale? Ados, besteak, eta nik: hor daukak ba, Patxi duk. Bera duk kontaktua. Gero, badakik, higana joan duk, eta, amigo, heu haiz orain ETAko kontaktua auzoan!
-Grazia egiten dik, ezta? -esan nion. Horixe egiten ziola grazia! Grazia zuen-eta: tiroak ematen hasi nahi zuen kioskero ero batentzat, neu nintzen Euskadi Ta Askatasuneko kontaktua. Jokoa zirudien, eta jokotzat har zitekeen, baina oso joko beltza zen hura. ETA militarra ez da txantxetako gauza, eta ero bati adarra jotzea ere ez da zuzena. Jokoan sartuta nengoen, baina ez neukan jolaserako gogorik.
II
Athanase Belapeyre Sohütako erretore izanak zuzen agintzen digu kristauaren gizalegea zer den. *"Ezta sori gueçur erraitia. Ez behinere, ez eta guiçon bati biciaren beguiratceco, edo mundu guciaren iravazteco".* Bekatu mortala baita hori, eta jakinaren gainean nengoen, katixima debru hori mila bider irakurri eta gero. Kasu egin izan banio⦠Baina, hara, Atanasio zaharrak ere ez zituen betetzen bere dotrinako aginduak, eta ez ginen gu geu hasiko bekatu txikiengatik mortifikatzen 300 urte beranduago. Izan ere, dotrina guztia itzulpen hutsa zen. Apaiz frantses bati plagiatu zion liburua, oso-osorik, eta inolako aipamenik egin gabe. Horixe zen nire tesiaren ardatzetako bat, nire aurkikuntza nabarmenena. Katixima zaharrak arakatzen izan nintzen Frantziako artxibategietan, eta horrela aurkitu nuen Baptiste La Loyre Toursekoaren katixima, Belapeyre azkarrak hitzez hitz euskaraz eman zuena gero.
*"Besteren hona çucen gabe, eta harc nahi gabe hartcen dienec"* hausten dute Moisesen legearen zazpigarren agindua, eta ez bada hori Belapeyrek egin zuena, ez dakit nik zer den lapurreta. Hark bere bekatua, beraz, eta neuk neurea: kontaktuaren gezurra.
Egun batzuk gurasoen etxean pasatu nituen, eta Urteberri egunaren biharamunean itzuli nintzen pisura. Banuen esperantza Lorenzori burutik joan izango zitzaizkiola aberriarenganako konpromisioa eta ETAn sartzeko gogo hori, baina kale. GAL kasua ez zen baretzen, eta kioskeroaren grina ere ez. Telefonoz deika hasi zitzaidan. Egun batzuez, luzamenduetan aritu nintzaion. Kontu serioak zirela haiek, ez itsumustuan pentsatzekoak, eta hortaz, ez jotzeko tabarrarik niri momentuaren berotasunean. Burua hotz zuenean bestela pentsatuko zuela esaten nion.
Lorenzok, ostera, esaten nion guztia frogatzat hartzen zuen nonbait. Test bat zela, edo horrelako zerbait. Nire oztopoak eta gogo eskasa pizgarri ziren beretzat. Ondorioz, bere espiritu iraultzaile eta abertzalea indartu zuen. Militante fina izango zela konbentzitu nahi ninduen. Burua argi zuela; horixe esaten zidan. Nork eta zoro batek. Baina hori ere ezin nion horren modu latzean aurpegiratu. Ahantz zezala esatea alferrik zen. Eta gezurra zela esatea ere berdin. Kontaktua nintzela ukatzeak Lorenzoren ustea baieztatzen zuen: ukatzen banuen, nire eginbeharra hori zelako zen. Kontaktu profesionala nintzen, hortaz. Eta ez zegoen korapilo hura askatzerik.
Pisura etorri nahi zuela errepikatzen zidan. Tapadera edo estalkia ezagutzera: katixima horren gaineko lana. Benetan istorio biribila eraiki nuela esaten zidan Lorenzok. Beka eskatu eta dirua lortzeko, perfektua. Lan filologikoa astiro-astiro egin eta, aldi berean, nahi beste denbora benetako zereginerako: militantziarako. Eta gainera, maisuaren ukitua!, Iparraldeko autore bat!, muga nahi adina zeharkatu eta nahi beste bidaia egiteko aitzakia perfektua, susmorik eragin gabe. Tesiaren kontuak miretsita zeukan Lorenzo, eta neuri ere, pentsatzen jarrita, ETAn jarduteko nahiko estalki baliagarria iruditzen hasi zitzaidan. Bueno, plano teoriko batean.
Hiru lagun bizi ginen pisuan. Joakinek inprimategi batean egiten zuen lan, eta egun guztia egoten zen lantegian. Ni etxean egoten nintzen, ordenagailua neukan gelan eta hori zen nire lanerako tresna. Kontxi zegoen gero, ekologista moduko neska arraro bat. Oso tratu eskasa genuen bion artean: ordenagailua tresna diaboliko eta zapaltzailea iruditzen zitzaion, eta leihotik botako zidala mehatxu egiten zidan. Jateko ohitura bereziak ere bazeuzkan; entsaladan patata gordina jartzen zuen, esate baterako. Taberna batean zerbitzari izan zen sasoi batean, baina lanik gabe zebilen aspalditik. Apenas geratzen zitzaion dirurik, eta hori albiste ona eta albiste txarra zen aldi berean. Ona, diru barik geratzean pisutik joatera derrigortuta egon zitekeelako, alokairua ordaindu ezinik. Txarra, ordaindu ez eta geratzea erabaki zezakeelako (kontuak Joakin eta niretzat), sistema kapitalistaren eta etxebizitzen espekulazioaren kontrako protesta gisa. Baina pisua polita zen. Etxe nahiko berria eta ondo kokatutakoa, eta nik gela majoa neukan. Eroso bizi nintzen.
Lorenzo pisura ekartzeagatik galtzeko ezer ere ez nuela erabaki nuen. Behintzat pistolarik edo bonbarik gordetzen ez nuela ikusiko zuen. Tesiko lana benetakoa eta serioa zela erakusten banion, agian egia uler zezakeen, tapaderaren teoria ahaztuta.
Ostegun batean, kafea Herrikon hartu eta gero igo ginen pisura Lorenzo eta biok. Etxea erakutsi nion, eta sukaldean geundela Kontxi irten zen bere gelatik, zertan ari ginen ikustera.
-Kaixo! -esan zion Lorenzok alai.
Kontxik ez zigun ezer erantzun. Mahai gainean zegoen fruta ezkutatu zuen hozkailuan, guk jan ez geniezaion edo, eta gelara itzuli zen. Gelako atea itxi baino lehenago Lorenzori begiratu zion, betilun, kioskeroak nik ematen niona baino higuin handiagoa eragingo balio bezala.
-Neska jatorra dirudi -esan zuen Lorenzok, logikarik gabeko gizona dela frogatuz.
Nire kuartora pasa ginen, eta nire ondasunak erakutsi nizkion. Hiztegi mordo bat, elizako liburuak -benetako baliokoak batzuk-, nire tesirako lanak ere bai: hiztegia, analisi fonologikoa, txosten bibliografikoa⦠Ordenagailuko jokoak ere piztu genituen, baina liburuek erakarri zuten Lorenzoren arreta.
Belapeyreren liburua ere erakutsi nion. Edizio zahar eta nahiko kaskar bat -nire tesiak gaiditu egingo du erabat, dudarik gabe-, neure anotazioekin zikin-zikina. Gustura hartu zuen eskuetan Lorenzok. Ataltxo eta esaldi solteak irakurri genituen, han-hemenka. Erraz ulertzen zuen, nire argibideen premiarik gabe ere.
-Zonbat dira jinkoaren maniak? Hamar -irakurri zuen kioskeroak, frantses tankerako azentuarekin, aspirazio eta guzti.
-Maniak ez dituk maniak, jakina -azaldu nion-. Hamar aginduak dituk, manamenduak. Zubereraz *manü* duk hitza, baina ü gehi a, i bihurtzen duk hori, eta horregatik dituk hamar maniak.
-XVII. mendeko liburua duk hau, ezta?
-Amaiera-amaierakoa, 1696. urtekoa. Datorren urtean beteko duk hirugarren mendeurrena.
-Matalaz ere garai bertsukoa izan zuan, ezta? -galdetu zidan Lorenzok.
-Bai, baina lehenagokoa; liburu hau argitaratu baino 30 bat urte lehenago gertatu zuan Matalazen matxinada. Matalaz ere apaiza zuan, jakingo duk⦠Istorio polita duk, testuinguru historikoa duk tesiaren ataletako bat, eta hori ere sakon tratatu diat.
-Matalaz⦠-pentsakor geratu zen Lorenzo-. Apaiz bat armetan altxaturik, eta beste hau, aldiz, jaunaren aginduak euskaraz ematen. Bakoitza bere alorrean, baina biak lur eta herri beragatik lanean, Zuberoagatik.
-Tira, Belapeyre hau jauntxo moduko bat ere bazuan. Ez pentsa gero Matalazen parekoa denik. Hitzaurrean, esate baterako, sekulako loreak botatzen zizkiok Frantziari eta Erregeari.
-Tapadera izan zitekean, hura ere -beti zuen aterabidea Lorenzok, argudiorik kamutsena ere bere modura zorrozteko-. Baina, nolanahi ere, bakoitzak bere funtzioa zaukak bizitzan. Batzuek maniak edo aginduak ematen ditiztek idatziz, eta besteek ezpata altxatzen ditek. Militantziaren logika duk hori, Patxi. Nik ulertzen diat.
"Auskalo zer ulertzen duan hik", pentsatu nuen. Lorenzok, badaezpada, argitu egin zidan:
-Ulertu diat, bai: Belapeyrek luma, Matalazek ezpata. Eta hemen ere, berdin: hik agindu, neuk bete. Ondo zagok, Patxi. Bakoitzak bere funtzioa zaukak militantzian.
Begira geratu zitzaidan. Eta ni berari. Bion arteko itun moduko bat izan zen begirakizun hori. "Nik agindu, berak bete". Iritsi ginen egoera arraro horrek bere alde ona ere bazuela pentsatu nuen: behintzat nik agindutakoa bete behar bazuen, lasaiago uzten ninduen horrek. Nik ez nion ezer aginduko, edo, ezer esatekotan, kioskora hurbiltzen zen jendea kontrola zezala eska niezaiokeen, adibidez, eta horretan gera zitekeen dena.
Liburura bihurtu zen Lorenzo. Intereseko zerbait aurkitu zuen orrialde batean:
-Hau ez diat harrapatzen, Patxi.
Zortzigarren mania zen: *"Iakile falsu eziçala".*
-Erraza duk, Lorenzo. Zortzigarren agindua, no levantarás falso testimonio, gaztelaniaz. Jakile edo lekuko faltsua ez haizela izan, konpletibozko esaldia izatez, baina inperatiboaren moldeetako bat duk hori, eta agindu guztiak halaxe agertzen dituk. Gezurraren kontrako agindua duk.
Orriari buelta eman zion Lorenzok. Arkatz gorriarekin katiximako galde-erantzun bat azpimarratuta zegoen; deabruak daki zertarako markatu izan nuen hura inoiz, baina hantxe zegoen. Berehala ikusi nuen, eta Lorenzok ere bai.
G. Norbaitez gaizki erraiten ençutian, cer eguin behar da ?
I. Ahalaz ichil eraci gaizki erraillia.
Berriro begiratu zidan Lorenzok. Susmo txarra hartu nion liburuko esaldiari, eta are txarragoa Lorenzoren begiradari.
III
Urtarrilaren 23a astelehena zen. Egun euritsua izan zen hirian, arratsaldez batez ere. Hirurak eta hogei inguru ziren eta anorak gorriz jantzitako gizon gazte bat taberna batera sartu zen. Bazkaltzen ari ziren lau lagunengana hurbildu zen, pistola atera eta buruan egin zion tiro Gregorio Ordoñez zinegotziari. Niri dagokidanez, badaukat koartada.
Kalentadorea gaizki zebilen eta pisuko jabeari makina bat bider eskatu eta gero, iturgina bidali zigun azkenean berogailu berria instalatzera. Iturginarekin egon nintzen hark lan egiten zuen bitatean, atentatuaren orduan, hain juxtu.
Iturgina joan zenean ordenagailuko lanera itzuli nintzen. Irratia jarrita zegoen, musika ari nintzen entzuten. Hala ere, lauretan albistegia eman zuten eta horrelaxe bota zuten. Ordoñez hil zutela, Partidu Popularreko lider gaztea, Donostiako hurrengo alkatea izan behar zuena hil zutela. Dialari bueltaka hasi nintzen: kate askok programazio guztia irauli zuten eta erreakzioak eta iritziak biltzen hasi ziren. Herriko Tabernara jaitsi nintzen korrika batean. Pellok Egin Irratia zeukan jarrita, eta han ere Gregorio Ordoñezenarekin ari ziren. Ondakorta fruteroa ere denda utzita bertan zegoen, eta beste hiruzpalau bezero ere bai. Lorenzo ez zegoen.
Giroa bitxi samarra zen. Ez edozein guardia zibil hiltzen dutenean bezalakoa. Ondakorta ez zegoen konbentzituegi, ETA izan ote zen; politikoen kontra atentatuak egiteko tabu bat bazegoen aspalditik eta, hortaz, Gregoriorena bitxia zen oso. Nik ere banuen hasieran zalantza hori, baina Pellok ez zeukan duda handirik.
-Nork bestela? -zioen-. Enrique Casas autonomoek garbitu zitean, baina orain ez zagok autonomorik ez ostiarik. Edozein modutan, putaseme hutsa zuan.
-Bai, jakina, baina ez zakiat⦠-esan nion nik-. Hau larria duk. Fuertea iruditzen zaidak, fuerteegia. Eta ikusiko duk, ederra zatorkiguk gainera.
-Horretan arrazoi duk.
Ardo beltza atera zigun Pellok barran geunden lagunei. Halaxe eman genuen arratsaldea, txikito batzuk edan eta irratia entzun. Lorenzo ez zen azaldu. Txikito bat eta beste bat, mozkortu egin nintzen ia. Apur bat txolinduta itzuli nintzen etxera, eta afaldu egin nuen, goiz samar, ohitura dudan bezala. Zortziak aldera, berriro nintzen Herriko Tabernan. Nahikoa jende zegoen, baina Lorenzo ez, eta Pellori galdetu nion ea ni afaltzen ari nintzela pasatu ote zen kioskeroa. Ezetz, Pellok.
Bederatziak aldera iritsi zen Lorenzo Herrikora. Teleberria ikusten ari ginen bezeroak, adi-adi, isilean, eta niregana etorri zen Lorenzo zuzenean.
Besoa jarri zidan sorbaldan, bere keinu berezi horrekin.
-Isildu diagu hori betiko. Putakume bat gutxiago munduan.
-Tira, Lorenzo -esan nion-, oraindik ez zagok argi nork egin duen hau. Neure zalantzak zauzkaat.
-Zalantzak heuk? Hi haiz hi -belarrira hurbildu zidan musua, zerbait xuxurlatzeko-. Hobe izango duk igual kontu hau gehiegi komentatzen ez badugu, baina, bueno, dena primeran joan duk. Hori jakin ezak, eta errekadua emaiok eman beharrekoari. Ezpata zorrotz zagok, ondo egin dik lana. Eman errekadua.
-Errekadua? -galdetu nion ero hari.
-Bueno, errekadua edo dena delakoa⦠Hik jakingo duk hori. Belapeyreren lumaren eginbeharra duk hori orain. Baina, behintzat, Ordoñezena argi zagok: ez duk hori gugatik, abertzaleongatik, irainka eta gaizki esaka gehiago ibiliko. Agindutakoa eginda zagok: ahalaz isilarazi gaizki errailea. Beste agindurik badaukak, badakik.
Isilik geratu nintzen. Ikaratuta nengoen, kaka eginda barrutik. Susmoa nuen, edozer esanda ere bere erara ulertuko zuela Lorenzok, baina zerbait bota behar nion ataka hartatik ateratzeko, amets hartatik ihes egiteko.
-Ondo entzun -esan nion azkenean-: orain, geldi. Kieto. Mugimendurik ez. Egunkariak saldu kioskoan, eta itxoin. Geldi itxoin. Sasoi txarrak zatozak, gogor jotzera etorriko dituk eta, seguru egon haiteke, ez zaiguk komeni mugimendurik. Eta guk biok elkarrekin jarduterik ere ez.
-Okey; orain geldi -erantzun zidan-. Kieto, ni. Bale.
-Eta gero gerokoak -esan nion. Eta jaiki eta joan egin nintzen etxera, eta ohera sartu nintzen, eta ezin izan nuen lorik hartu goizeko ordu txikiak arte.
Gertatutakoaz pentsatzen aritu nintzen hurrengo egunetan. Buelta eta buelta buruari. Mila aldiz irakurri nituen egunkariak, Ordoñezen hilketaren ingurukoak aztertzen. Lehenengo eta behin, mutil bat sartu omen zen La Cepan -Ordoñez bazkaltzen ari zen jatetxean-, kalendarioak saltzen zituela-eta, tabernako zerbitzariari bat eskaintzeko. Mutil horrek Ordoñez bertan ote zegoen baieztatu zezakeela zioen prentsak. Gero, anorak gorriko mutila, txanoa buruan eta aurpegia erdi-estalita. Metro bat hirurogeita hamar, itxura indartsukoa. Detaile gehiago ez, segundotan amaitu baitzen guztia. Kanpoan beste norbait ere egon zitekeela zain, hori ere bazioten iturri informatuek. Beraz, bi edo hiru lagun.
Eszena horretan Lorenzo kokatzen saiatu nintzen. Egutegiak saldu nahi omen zituen mutila izan zitekeen. Tirogilea, altueragatik akaso bai, baina gorpuzkera sendorik ez du kioskeroak. Kanpoan zain zegokeena, batek daki, egiaz ba ote zegoen halakorik edo zer.
Hipotesi logikoak harilkatzen saiatzen nintzen. Erotzen hasita ote nengoen pentsatu nuen, hura guztia absurdoa zelako. Baina une haietan, konbentzitua nengoen barrutik: Lorenzok Gregorio Ordoñez hil zuela, nik neuk agindu niolako.
Shock politiko zaratatsua izan zen atentatua, eta hiria pixkanaka itzuli zen normaltasunera. Auzoko Herriko Tabernan ere izan ziren eztabaida batzuk, zuzentasuna eta egokitasuna eta halako hitz teoriko mordo bat zirela tarteko. HBko zinegotzi bat atentatuaren kontra azaldu zen, eta hasieran bazirudien gogo hori nahikoa hedatua zegoela ezker abertzaleko inguru horietan. Baina ez. Ordoñez zulora bidaltzea egoki eta zuzentzat eman zuten gehienek handik gutxira.
-Speed arraia bezalakoa izan duk hau -azaldu zidan Pello tabernariak, modu grafiko argi batez-. Hasieran, hi, hau gustu txarra, "ze ostia duk hau?" esaten diok heure buruari. Baina gero, aizak, nolako indarra ematen dian!
-Beste zinegotzi horrek ez dik berdin pentsatzen, nonbait.
-Be⦠Haurdun zagok eta hormonek garunak bigundu zizkiotek.
-Nik esango nikek bere argudioek badutela funtsik: etsai politikoak tresna politikoekin borrokatu behar direla.
-Koño! Eta borroka armatua ez duk borroka politikoa? Gure presoak ez dituk preso politikoak edo ze ostia?
Ni, egia esan, ez nintzen gehiegi sartu eztabaida haietan. Nahikoa eta sobera neukan nire teoria eta kezka propioekin. Zorionez, eztabaidak baretu ziren bezalaxe, neure beldurrak ere uxatu nituen. Guztia absurdoa zela jabetu nintzen azkenean, gertaeren kateak ez baitzuen logikarik:
Lorenzok ETAn sartu nahi du. Kontaktuarengana jotzen du. Kontaktua neu naiz eta agindu bat ematen diot. Lorenzok agindua bete egiten du.
Baina, noski: ni ez nintzen kontaktua! Nik ezin niezaiokeen Lorenzori ETAn sartzen lagundu! Eta, gainera, Lorenzok -nik agindu diodalakoan- bere kasa Ordoñez hiltzea pentsatuz gero ere, labana eskuetan hartu eta saia zitekeen beharbada, Ali Agca bat bezala, baina nola demontre kontaktatuko zuen anorak gorriko mutilaren benetako komando horrekin?
Behingoz, Lorenzoren jarrerak berak lagundu zidan neurri batean. Nirekin harremanik ez izateko eta geldi egoteko esan (edo agindu) nionez gero, lasai zebilen, kioskoko lanean, edo Herriko Tabernan zuritoak edaten, baina besterik gabe. Militante zintzoa zen: gaia ahazteko plantan segitu zuen aste haietan.
Lasaitasun apur bat berreskuratu nuen. Giroa ere baretu zen apur bat. Ordoñez lurpean, GAL kasuaz arduratzen hasi ginen berriro, edo Roldan Laosen agertu zenekoaz. Aste batzuk igaro ziren, eta Lorenzori hitz egiten ausartu nintzen berriro. "Geldi segitzeko" esan nion, ondo zihoala dena, eta bion artean hitz egin genezakeela, bai, baina ez "luma eta ezpataren inguruan", baizik eta, lehen bezala, eguneroko gorabeherez, "gure arteko sekretua" aipatu barik, ez zurrumurrurik zabaltzeko.
Egoera bide onera ekar nezakeela sinetsi nuen tarte batean.
IV
Euskaldunok jende isilaren fama dugu. Inor sakon ezagutu arte hari txintik esaten ez diogun horietakoak garela. Gauzak barrenean gordetzen ditugula, benetako konfiantzarik ez dagoen artean.
Gezurra da, ordea.
Begira, bestela, inor inon atxilotzen badute, zer erraz hasten den kontu kontari ezagutu dituen guztiak salatzen eta detaile guztiak ematen. Asteasun harrapatu badute bat, biharamunean badoaz Aiakoaren etxera, eta hurrengoan Zarauzko guztien berri badute: dominoko katea eteten den unera arte horrela. Hizketarako gogorik ez zaie faltatzen polizien eskuetan daudenei.
Apirilean, adibidez, ustez errutinakoa omen zen Guardia Zibilaren kontrol batean Bizkaiko hiru mutil harrapatu zituzten Durango inguruan. Batek Iruñean estudiatzen omen zuen eta, hurrengo egunean bertan, haren ikasle-pisura sartu ziren poliziak Iruñean.
Pisukide haiek nor ziren ez zuten esan telebistan, baina biharamunean Diario Vascok bi mutilen adina eta inizialak zekartzan: U.A.G. eta J.A.B.L. Biek 19 urte zeuzkaten eta, hortaz, ez omen da bidezkoa izen osoak ematea. Pentsatzen dut hori dela Diario Vasco-ren politika, baina Egin-en politika bestelakoa da erabat, eta -adin txikiko ala nagusiko, errudun ala errugabe- ahalik eta datu gehien ematea da kontua, gertatutakoa salatzeko eta ezagun eta lagunek jakin dezaten ere bai, badaezpada. Egin-en arabera, bada, U.A.G. delako hau Unai Abrisketa Galar omen zen, 19 urtekoa eta Donostiakoa, geure auzokoa hain zuzen ere. Domino fitxak auzora zetozen erortzen, beraz. Pello urduri zegoen oso Herriko Tabernan. Berak ezagutzen omen zuen Unai. Nik ez. Denbora gutxi egin nuen orduko horretan tabernan, eta arratsaldez ez nintzen etxetik irten.
Hurrengo goizean esnatu bezain laster irratian entzun nuenez, beste atxiloketaren bat gertatu zen gure auzoan bertan. Eta etxe erregistro batzuk ere bai. Eta Herriko Taberna bera miatu zuten.
Behera jaitsi nintzen berehala. Pello hantxe zegoen, barruan egindako txikizioak konpontzen. Gauza mordo bat hautsi zizkioten, eta eraman ere bai. Egun batzuk geroago, gobernadore zibilak prentsaurrekoa eman zuen, eta atentatuak egiteko materialak erakutsi zizkien telebista eta argazkilarien kamerei. Herriko Tabernan hartutako errotuladore batzuk, esprai pare bat, Gestoraren txiskeroak eta botila kasko huts batzuk ikusi nituen gero irudietan.
Tabernaren pare-parean zegoen Lorenzoren kioskoa, baina itxita zegoen. Periodiko fardelak hantxe zeuden, inork ireki gabe.
-Non zabilek Lorenzo? -galdetu nion Pellori.
-Ez zakiat -esan zidan Herrikokoak, taberna eskobatzen zuen bitartean-. Ez duk gaur etorri. Unai horren nahiko laguna zuan Lorenzo sasoi batean, ez dakik?
Une batez, danba bihotzean: izua.
-Zer diok? Eraman egin ditek?
-Ez diat uste. Bestela jakingo genian -gelditu egin zen une batez orduan-. Ez zagok giro hemen inguruan, Patxi. Kontuz ibil hadi.
Joan egin nintzen Herriko Tabernatik. Izututa itzuli nintzen etxera. Txakurrak Lorenzoren atzetik ibil zitezkeela otu zitzaidan, baina kezka nagusia bestelakoa nuen: ETAkoa zela egiatan sinesten zuela Lorenzok! ETAkoa bazen, gainera, nigatik zen, neu nintzelako bere kontaktua. Neuk sartu nuelako. Eta, hortaz, Lorenzo harrapatzen bazuten, dominoko hurrengo fitxa neurea zen. Etxean ezin geldirik egonda, tripak jaten ibili nintzen gelatik sukaldera, sukaldetik gelara, irratia jarrita.
Telefonoak jo zuen goizaren erdian. Ondo-ondoan nengoen une horretan eta sekulako sustoa eman zidan. Zalantzatan egon nintzen erantzun ala ez, baina Kontxi irten zen bere gelatik eta, telefonora hurbildu zenean, hantxe ikusi ninduen ni, aparailuaren aldamenean lerdo-lerdo, eta erantzun egin behar izan nuen.
-Nor da?
-Neu nauk! -Lorenzo zen, eta ez ziharduen kabina batetik. Nik ezer esan baino lehenago arrapaladan hasi zitzaidan hizketan-. Etzak ezer esan. Entzun bakarrik: Itziarren semea nauk, Itziarren semea izango nauk higatik. Bakoitzak bere tokia zaukak bizitzan, eta ezpata erortzen baduk, lumak aurrera segitu behar dik bere lanarekin. Matalaz hil zitean eta lepoa moztu ziotean, baina aurrera segitzen dik borrokak. Orduan eta orain.
-Joder, hi, non hago? -galdetu nion.
-Etxean. Auzora ez joatea hobe zela pentsatu diat -Lorenzo ez zen geure auzoan bizi. Jaio eta hazi bai, baina gero gurasoak aldatu egin ziren etxez, eta haiekin segitzen zuen mutilak. Kioskokoari esker, aldiz, auzotarra zen oraindik: probintziatik pisu batera joandako ni bezalako kokolo bat baino auzotarrago, noski.
-Ondo egin duk -esan nion, animoak emateko doinuaz edo. Gero, isilune baten ondoren, mugimendu soinua entzun nuen harian.
-Azkenean hemen ere⦠Berdin ziok, hik gogora ezak: Itziarren semea bezala portatuko nauk -klik.
Egin Irratiko hurrengo partea entzun nuen. Polizia ugari zebilela Donostian, eta etxeak miatzen ari zirela, baina ez geure auzoan. Beste auzo batean. Bi ordu geroago, beste parte bat: atxiloketa gehiago, eta Arturo Lorenzo izeneko bat tartean. Lorenzo zen: deituraz deitzen genion denek.
Azken aurreko fitxa erori zen, eta ni nintzen hurrengoa.
Ikaratuta nengoen. Atxiloketa torturaren sinonimotzat har daitekeela sinesteko bezainbat kasu ezagutu izan ditut. Eta tortura ez bada, kasurik onenean ere, astindu beldurgarriak. Min fisikoari diodan terrorearekin⦠Une haietan kezkatzen ninduen azkenengo gauza atxilotutako gainerakoen trantzea zen. Ez zen Lorenzok jasan zezakeena ikaratzen ninduena: neure burua salbatzea besterik ez nuen gogoan.
Eta egoismo hutsez, kalkuluak egiten hasi nintzen: Lorenzo gaixo bat zela kontutan har zezaketela poliziek. Ez zirela erdi-atzeratu bati, historial kliniko luzea duen norbaiti, jotzen ausartuko, eta hortaz salbatuta nengoela. Azkar baztertu nuen ideia hori: beste edozein bezala egurtuko zuten hura, eta behin ematen hasitaâ¦
Beste hipotesi bat: Lorenzo astindu arren, bere aitortza txorakeria hutsa zela antzematea poliziek. Esango didazue, instrukzioak 300 urte dauzkan elizako liburu batetik ateratzen zituela esaten bazien, hura zoroa zela pentsatu behar zuten besteek, eta dena kioskero zoro haren fantasia zela erabaki beharko zuten⦠Azkenik, Lorenzok promesa betetzea ere posibletzat jo zitekeen: ez zuela muturrik zabalduko, Itziarren semeak bezala.
Beldurrak, aldiz, zuhurtzia bakarra pentsarazten zidan: Lorenzok kantatu egingo zuela eta nigana zetozela. Gero argituko zen guztia, ez berak eta ez nik ez geneukala parterik kontu hartan, baina bisita eta gero izango zen hori. Nolanahi ere, beste kasu batzuetan gertatutakoa ere gogoratu nuen: ihes egin gabe ere, egun batzuez ezkutatu izan dela jendea, besteek kantatu edo ez kantatu zain. Eta, gero, egoera argitu-edo egin denean, berriro azaldu direla kalean eta etxean, ezer gertatu ez balitz bezala.
Horixe zen. Di-da deliberatu nuen. Egun batzuez hanka, eta gero, dena baretzean, buelta. Lorenzok ere laster behar zuen libre, eta berak emandako pistak fantasia zirela ikusiko zuten txakurrek. Nire izena gordeko zuten akaso beste baterako, baina bisitaldia ebitatu ahal izango nuen, behintzat.
Pisua berehala utzi behar nuen, beraz. Edozein modutan, ez neukan han ezer gorde beharrik. Kasurik txarrenean, hara bazetozen poliziak, ordenagailua kendu edo nahastuko zidaten, eta tesiko lana hondatuko lidakete horrela, baina horretxek kezkatzen ninduen gutxien une hartan. Aire handik, beraz, baina nora? Etxera, nire herrira, ezin joan. Pisuan begiratu eta gero haraxe joko zutelako zuzenean (erroldan ez nengoen oraindik Donostian, herrian baizik). Gainera, aitak zer aurpegi jarriko zuen ez nuen pentsatu nahi, HBko guztiak kate batez lotu eta itsasora bota behar direla esaten duten horietakoa da eta.
Nora baina, orduan? Nora?
Kotxea daukat, bigarren eskuko Horizon zahar bat, eta errazena haretxekin joatea zela pentsatu nuen. Azkarrena behintzat, bai. Baina kontrolekin ere kurioso ibili behar, gero. Eta orduan, hara, garajeko paperena gogoratu nuen: autoaren azkenengo konponketa egin nuen tailerrean bazuten halako promozio bat: 15.000 pezetako gastua akumulatuz gero, Espainiako ez dakit zer katetako hoteletan hiru gau pasatzeko eskubidea zenuen. Paperak bilatu nituen kuartoan, eta hantxe zegoen, bai: promozioko hotelen zerrenda luze bat zetorren. Donostian bertan ere bazegoen bat, Costa Vasca hotela, eta koño, bueltaka ibili gabe ere hiru egun bertantxe egon nintekeela pentsatu nuen. Ez zen dena doan, otordu bat zeure poltsikotik egin behar zenuen egunean, baina hala ere, ondo zetorkidan kontua. Irratia eramanez gero, eta egunkariak eskura, gertakarien berri izan nezakeen gainera. Hiru egun bertan, eta listo: ekaitza baretzeko nahikoa izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Arropekin bete nuen poltsa. Irratia sartu nuen, eta tesiko disketeak ere bai, azkenean (ez zen kontua dena poliziei uztea, urteetako ahalegina zapuzteko). Dirua ere hartu nuen, eta garajeko promozioko paperak eta fakturak: 6.000 pezeta inguru falta zitzaizkidan 15.000 horiek egiteko, baina Talbota hartu eta lehenengo gauza tailerretik pasatzea zela pentsatu nuen. Olioa, filtroa, balaztetako likidoa eta behar zen guztia ere aldatzeko prest nengoen hoteleko gauen asunto hori lortzeko.
Tailerretik pasatutakoan, zentro aldeko lurpeko aparkaleku batean utzi nuen kotxea. Telefono kabina batean sartu nintzen hotelera deitzeko, aldez aurretik erreserbatu egin behar baitzen gela; baina aparailua ukitu baino lehenago, berriro pentsatu nuen. Gela kabina batetik enkargatu eta handik hamar minutura baldin banengoen hotelean, arraro samarra irudituko zitzaiela otu zitzaidan. Susmorik ez eragiteko, istorio sinesgarriren bat asmatu behar nuela konturatu nintzen. Momentu batez pentsatu, eta kabinatik irten eta Telefonicako lokutorio batera joan nintzen. Handik lasaiago egin nuen dei, eta laneko kontu bategatik egun batzuk Donostian pasatu behar nituela esan nion hotelekoari, herritik joan behar nintzela hara, eta garajeko promoziokoa primeran zetorkidala komentatu nion, iluntzean iritsiko nintzela. Hotelekoak, egia esan behar badut, ez zien kasu handirik egin nire azalpenei, eta nire kezka beharbada lekuz kanpokoa zela iruditu zitzaidan.
Itxoiten geratu nintzen, beraz, ilundu arte. Koldo Mitxelena kulturunean sartu nintzen, eta han egon nintzen arratsalde osoan, liburuak begiratu eta irakurtzen fondo gordeen gelan. Hurrengo egunetarako plana egin nuen orduan: hoteletik liburutegira joango nintzela, karpeta batekin eta liburuekin, zerbait estudiatzen banengo bezala, eta handik buelta hotelera. Autoa, mugitu ere ez aparkalekuan; ordainduko nuen gero ordaindu beharreko guztia.
Eta Lorenzo⦠Hor konpon Lorenzo. Ni neure hotelean, eta hura berean.
Bi egun beranduago kioskeroa askatu egin zutela irakurri nuen Mitxelenako hemerotekako egunkari batean. Kanpora irten eta kabina batetik deitu nuen pisura. Kontxi jarri zen, eta niretzako abisurik ote zegoen galdetu nion.
-Ez naiz zure neskamea, aizu -erantzun zidan, beti bezain goxo. Behintzat, handik inor pasatu ez zela ziurtatu nuen horrela.
-Nik ere maite zaitut -esan niezaiokeen, baina ez nion esan.
V
Lorenzo atxilotu zuten egunean -esan dut gorago- ez zen inor izan kioskoan. Egunkari fardelak hantxe egon ziren, inork hartu nahi ez zituela. Pellok erretiratu zituen azkenean Herriko Tabernara. Biharamunean Aitor azaldu zen kioskoaren kargu hartzeko. Lorenzoren lehengusua zen, Lezokoa, eta langabezian zegoen. Lorenzo askatu zutenean ere Lezoko lehengusuak segitu zuen egun batzuetan kioskoa atenditzen.
Hoteleko egonaldia amaitu nuenean auzora itzuli nintzen ni. Herrian egon nintzela esan nion Pello tabernariari. Kioskora hurbildu nintzen hurrengo goizean, eta ea lehengusua ondo zebilen galdetu nion Aitor Lezokoari, egon behar nuela harekin, eta ikusten bazuen esateko.
Arratsalde horretan bertan deitu zidan telefonoz.
-Agindutakoa, Patxi: Itziarren semea bezala portatu nauk -esan zidan Lorenzok. Gauza asko geneuzkala hitz egiteko esan nion, baina ez telefonoz, ezta tabernan ere. Parke batean jarri genuen hitzordua, hurrengo goizerako, apirileko eguzki epelean lasai egongo ginela. Eguraldi ederreko egunak ziren.
"Itziarren semea", pentsatu nuen telefonoa eskegi zuenean. Kioskeroak pelikulan bete-betean sartuta segitzen zuela iruditu zitzaidan. "Hori duk mutila". Kontu zikin hura amaitzeko ordua zen, gauzak argi esplikatzekoa. Ni putaseme hutsa nintzela, eta adarra jo niola, idiotatzat neukalako. Hori zen esan behar niona. Esatea tokatzen zitzaidana behintzat.
Biharamunean, parkera iritsi nintzenerako, hantxe zegoen jarleku batean. Jaiki eta besarkatu egingo ninduela iruditu zitzaidan hurbildu nintzaionean. Baina eserita segitu zuen. "Eskerrak", pentsatu nuen;
-Zuzena izango nauk, Lorenzo. Gauzak diren bezala kontatuko dizkiat, parabolarik gabe eta ostiarik gabe.
-Ez daukak esplikatu beharrik -moztu zidan-. Bazakiat egia. Eta jakinaren gainean egon nauk beti.
Ez nekien txantxetan ari zen, serio ari zen, ala jokoari segitzen ote zion oraindik, dena ukatu eta ahaztu behar genuelakoan tarte baterako, polizia atze-atzetik generabilelako.
-Serio ari nauk, Lorenzo, ez zakiat ulertzen duan benetan -esan nion, abegitsu-. Tesia eta hori ez duk tapadera, nire lana duk, ez besterik. Aberriaren aldeko nire lan guztia hori duk gainera, zuberera zaharrean apur bat arakatzea. Ez gehiago. Nik ez diat Euskadirekin edo Euskal Herriaren askatasunarekin edo MLNV ostia honekin loturarik batere.
-Patxi, Patxi, Patxiâ¦
Irribarrez errepikatu zuen nire izena.
-Esan diat ba, badakidala -jarraitu zuen-. Badakidala ez haizela kontaktua. Eta Belapeyreren maniak, tira⦠dotrina zahar bat tapadera seriotzat hartzeko bezain tontotzat al naukak? Nik bazakiat zer den tapadera ona, Patxi. Nik bazakiat zer den kontaktu perfektuaren tapadera.
Irribarrez segitzen zuen. Irribarre estrainioa, bai, baina ez zen ero baten irribarrea. Pertsona argiaren irribarrea zen. Musika maisuak piano ikasle baldarrari egingo liokeen irribarrea.
-GALeko kontu hau, adibidez. Rafael Vera kartzelan egongo duk oraintxe bertan, baina benetan kondenatuko dutela sinesten duk? Antxon Etxebesteren par-parean Aljerren egon zen txakurraren kontrako ezer frogatuko dutela? Ametsetan ere ez, Patxi. Ezta ametsetan ere. Zergatik? Paperengatik, Patxi. Paper ofizialengatik.
-Barkaidak, baina ez diat segitzen -eta egia zen.
-Zer duk legalitatea? -esan zuen Lorenzok galdera ez den galdera moduko bat eginez-. Paperak. Legea paperean hasten duk eta paperetan amaitzen duk. Papera besterik ez duk legea, eta legearekin batera aginte osoa. Eta jakina, agintearen kontra ez zagok ezer frogatzerik paperekin ez bada. Esanak ez dik balio, ezta irudiak ere. Paper idatziak bakarrik. Paperik ez badago, ez zagok frogarik. Aginteak legea egiten dik, eta legez kanpo kaka ere egiten dik. Baina kaka ez zagok paperetan, eta, aldiz, mila paper ofizial eta legal aterako ditiztek ziurtatzeko kaka hori ez dela existitzen. Hori duk agintearen arma eta defentsa. Paperak dituk tapadera. Kontaeran aurrera egin ahala serio jarri zen kioskoko mutila.
-Paperak dituk agintearen tapadera -jarraitu zuen-, eta baita neurea ere. Nik ere bazauzkaat paper ofizial polit askoak. Txosten oso bat izango diat bai, edozein ospitaletan, Poliziak edo Atutxak sekula nire gainean bil dezaketena baino lodiagoa. 16 urterekin hasiko ninduan txosten hori puzten: ziurtagiri bat, eta diagnostiko bat, eta hemengo psikologoaren ebaluazioa, eta Osakidetzaren txartel berezia, eta kioskoko postua lortzeko diskriminazio positiboko plangintzaren oinarriak, eskaerak eta baimenak⦠Nire paperak baino tapadera hoberik ez zagok, Patxi. Ofizialak dituk denak, eta ondorioa ere ofiziala eta legala duk, Osakidetza osoak eta Jaurlaritzak eta Nazio Batuetako garapen proiektu galduenak ere sinatu, konfirmatu, baieztatu eta ziurtatutakoa: ero puta bat naizela. Edo tonto ustel bat. Periodiko batzuk saltzeko ere apenas naizela gauza. Aurpegira begiratzen zidan zorrotz, nik ere Lorenzo gizajoa tontotzat hartzen nuela leporatuko balit bezala; Finean, ordea, konprenitzen hasia nintzenez, neu nintzen tontoa joko hartan.
-Hik uste huena baino hurbilago zebilkian kontaktua, Patxi -esan zuen Lorenzok-. Herriko Tabernako bazkaloste hartan, barran eserita zegoan kontaktua. Orain badakik. Eta jakin dakian bezala ahaztuko duk, ezta?
Lurrera begiratu nuen; eskuak bildu nituen sudurraren parean.
-Eta nik? Ze kristo egiten diat nik istorio honetan?
-Bueno, Patxi; hasieran, hik uste huena zuan, jokoa. Baina gero jokoaren posibilitateak ulertu nitian, heure etxera joan nintzenekoan. Ipuin honi probetxu atera zekiokeela pentsatu nian. Inoiz poliziari gezurren bat kontatzeko premian egonez gero, ETArekin nola lotu nintzen galdetzekotan, heure izena eman nezakeela, heu hintzela kontaktua. Gero, txakurrek heu esprimitzen hindutenean, konturako zituan heuk esandakoa zela egia, heuk egia esango hielako: bekario soila besterik ez hintzela, eta niri emandako agindu edo instrukzioak ez zirela katixima bateko tontakeriak baizik. Ni zoro idiota bat nintzela esango hien, eta egia izango zenez, sinetsi egingo ziaten poliziek. Nolanahi ere, azkenean, atxilotu nindutenean, ez nian istorio honen beharrik izan. Baina bueno, neure tapadera izan hintekeen hi halako batean.
-Orduan, zergatik kontatzen didak guztia orain?
-Ez nauk hitaz fio -serio begiratu zidan-. Ez zakiat ondoegi haizeak nondik ematen dian, eta ez nauk fio. Atxiloketen egun hauetan urduriegi ibili haizela esan zidatek, eta hori seinale txarra duk. Pellori esan omen diok herrian egon haizela, baina heure etxeko telefonoa lortu nian nik atzo, eta hara deitutakoan heure berri ez zutela erantzun zidatean. Non sartu hintzen? Ez zidak inporta, benetan. Baina ez nauk fio. Horregatik esaten diat hau guztia, non eta norekin habilen jakin dezaan. Konfiantzazkoa bahintz, antzerkiarekin segituko nikek, baina hala gabiltzanez, hobe duk hariak moztea, eta bakoitza bere tokian gera dadila. Bakoitzak bere funtzioa bete dezala. Belapeyrek eta Matalezek bezala.
Isilik geratu nintzen une batez. Begietara begiratu nion. Imajinatzen dut ez zegoela ezer esateko beharrik, baina, isilune hura hausteko edo, lerdokeria batekin irten nintzaion:
-Ez haiz bueltatu kioskora oraindik. Lezoko morroi hori zabilek egun hauetan. Ez dik itzuli behar txanda-
-edo?
-Atseden egun batzuk merezi ditiat, nik uste -esan zidan, eta buruarekin baietz egin nion nik, lotsa punta batekin-. Opor txiki batzuk. Beste lehengusu bat badiat Madrilen, eta bisitatxoa egin behar zioat hari egun batzuetarako: gaur arratsaldean hartu behar diat autobusa. Azken batean, dena geratuko duk etxekoen artean. Ondo pasatzeko esan nion. Niri ere komeniko litzaidakeela atseden apur bat, baina ez Madrilen, etxean baizik. Eta agurtu ginen. Agur hotz eta ximela izan zen.
Burumakur samar, buelta batzuk eman nituen kaleetan, zentrora, parte zaharrera. Neska polit asko daude Donostian, eta hortera mordo bat ere bai; hiru mila pezetako euritarako kapelu horiekin ibiltzen dira. Paseo Berri aldera joan nintzen. Olatuak gogor ari ziren, eta begiak itxi eta itsasoaren orroari oihu itsu batekin erantzuteko gogoa sartu zitzaidan. Bikote bat etorri zen nire ondora eta musukatzen hasi zirenean joan egin behar izan nuen.
Etxerakoan janari-denda pare batetik pasatu nintzen. Harategian oilasko bat erosi nuen, osorik, eta txiki-txiki egiteko esan nion karnizeroari, albardatu eta atalka frijitzeko zen eta. Arbizuko txorizo erdi bat ere erosi nuen; oso ona da-eta egosteko. Fruta-dendan, berriz, patatak eta porru txorta eder bat. Hiru motatakoak zeuden patatak: kanpokoak, bertakoak eta biologikoak. Nik bertakoak -edo bertokoak, nire tesi zuzendari bizkaitarrak esango lukeen bezala- aukeratu nituen. Ez naiz gehiegi fio janari biologikoez: amama gurea gaztea zenean baratze guztia zen biologikoa eta jendea tifusarekin hiltzen zen baserrietan. Okindegian -ogiaren boutique horietako batean- astebete irauten duten ogi beltz bi hartu nituen. Etxera iristerakoan porruak garbitu eta txikitu nituen. Patatak gero, eta txorizo pusketa batzuk egin nituen. Lapikora dena, urez estali, gatza eta olio apur bat, eta itxi. Lapiko moderno hauek, Fissler alemanek, segituan egiten dute jana. Nivel-dos jarri behar duzu, eta bederatzi minutuan listo daude porruak. Ateratzerakoan salda bereizten duzu, gero arroza prestatzeko. Oliotan erre duzun berakatza botatzen diezu porruei, eta gertu duzu bazkari ederra. Hiru lagunentzako adina bazen han, eta horixe zen helburua: hiru egunetarako jana prestatzea. Hoteleko egonaldia baino gehiago behar nuen beste ihesaldi edo itxialdi hau: ez lan eta ez irten, ezta kuartotik ere, Kontxirekin ahalik eta gutxien gurutzatzeko. Telebista ikusi eta jana berotu mikrouhinean, eta irakurri eta burua argitu eta lo egin. Gure Belapeyre zaharraren katixima ere ez nuen ukitu. Hiztegiaren orri batzuei errepasoa eman, ez besterik. Bideoan grabatuta neuzkan klasiko bakanak berrikusi nituen. Casablanca, adibidez, berriro ere Paris geratuko zaigulako betiko. Irratian musika entzun nuen Euskadi Gaztean, eta tertulia faxista pare bat COPEn. Ez nuen kaferik hartu egun horietan.
Itxialdiaren hirugarren eguneko goizean, eskandalu handiz eman zuten albistea irrati guztietan: Jose Maria Aznar hiltzen saiatu zirela Madrilen, maternidade batetik ehun metrora.
Ez da inor larrituko esaten badut ez nuela sorpresa handiegia hartu.
Bazkalostean teleberriak ikusi nituen, Aznarrenagatik. Itxura batean, maternidadean, atentatua izan eta bost minutura erditu zen Angeles Cortazar Mayo izeneko emakume bat, hiru kilo eta berrehun gramoko neskato eder batez. Ama-alabak primeran zeudela jakinik, kafetxo bat merezi nuela erabaki nuen, amaitu zela itxialdia. Kalera jaitsi nintzen baina ez nuen hartu Herriko Tabernarako bidea. Beste aldera jo nuen. Baziren zenbait taberna handik zehar, eta batean sartu nintzen. Kafe ebakia eskatu nuen.
Geroztik haraxe joaten naiz kafea hartzera. Ez dute Egin izaten barran. Diario Vasco eta Marca bakarrik. Nik ez dut Diario hartzen telebistako programazioa jakiteko ez bada. Gainerakoan, nahiago dut Marca. Herriko Taberna baino urrutiago dago, etxetik 350 bat metrora, gutxi gorabehera. Bi joan-etorri eginez gero egunean, atera kontuak, ia kilometro eta erdi da hori. Zer gehiago esan dezaket? Mens sana in corpore sano.
copyleft: Luistxo Fernandez, 1995, 2004
Eskubide (batzuk) erreserbatuak, Creative Commons by-sa/1.0 lizentziarekin.
Ipuin Izugarriak
1990eko hamarkadako ipuin batzuen antologia kaleratu du Elkar etxeak, Xabier Mendigurenek egindako hautaketa batekin. 1995ean idatzi nuen Kontaktua han dago.
Joan den astean izan genuen aurkezpena Bilbon. Han, eta gero bazkaltzen, izan ginen Eibartarrak zerrendako hiru zerrendakide, Mendiguren, Julen Gabiria eta hirurok. Harkaitz Canok esan zuen aurkezpenean liburuaren meritua, kasu honetan, antologia egin duenarena dela... DJ-en, disc-jockey edo disko-jartzaileen aroan gaude, eurak dira izarrak, ez pintxatzen edo aukeratzen duten musika, dio Canok.
Beraz liburuaren benetako egilea DJ Mendigreen da.
Liburuaren aurkezpenak jendea ezagutzeko ere balio izan dit. Adibidez, Julen Gabiria: gure harremana aldatu egin zen joan den ostiralean. Lehen FOAF ginen, Friend Of A Friend, Lagun baten Laguna, Internet bidezko komunikazio elektronikoaren bitartez bakarrik ezagutzen genuen elkar, eta orain gure harreman F2F Friend-To-Friend da, aurrez aurre ezagutzen dugu.
Hain zuzen ere, azken aldi honetan Interneten modan ikusi dudan termino hori, FOAF, ezagutzen ez nuen adiera batean, eta neuk baino dexente lehenago, ezagutu eta erabili zuen Julen Gabiriak liburu honetan argitaratu dioten ipuinean: FOAF Tale. Lagun baten lagun batek kontaturiko istorioa... Alegia, leienda urbanoa. Hori delako bere ipuin labur eta politaren gaia.
Nik berrikiago ezagutu dut FOAF delako hori, Interneteko sare sozialen kontura... Adibidez, horra proiektu bat, Dodgeball ... zera da koxka: hiri batean zaude, eta SMS bidez, konsulta dezakezu nor dagoen inguruan, baina ez bakarrik lagunak, baizik eta lagunen lagunak... Hau da, New York-en zaude eta nor ote inguruan, konsultatu, eta Chris!, 23 urteko neska, Gabiriaren laguna, ummm FOAF polita izan daiteke hori... bidaltzen diozu mezua, Kaixo Julen ezagutzen dugu biok, tira, neu ere eskribientea naiz... geratuko gara?
Gauza interesgarriak kontatu zizkigun Gabiriak. Hor ibili da Irlandan zehar, Urruzuno lehiaketa literato promesekin bidaian, ezin kontatu daitezkeen abenturetan...
Prezisamente, ostiralean Bilboko Barrenkalean liburua aurkeztu ostean, Urruzunoko efebo gazte horietako batekin jarri zen Julen kontaktuan, Nokia bidez, eta aurpegi guztiarekin gonbidatu zuen autoreok Elkar argitaldariaren kontura egin genuen bazkarira. Han aurkeztu zigun Jon Fernandez, 18 urteko ondarrutarra, prosa eta poesiaren promesa gaztea, duela hilabete, ai gaixoa, kazetaritza ikasten hai zena, neu orain 20 urte bezalaxe, hain juxtu. Tipo majoa, Fernandez hori. DJ Mendigreenek eskaneatua dauka bere agendarako.
Ipuin Izugarriak, Megadendan salgai sarean.
Sustatun kontrol neurriak: e-postaren konfirmazioa
Hasieratik izan du Sustatuk, mezuak kargatzeko orduan, honako oharra e-posta sartzeko eremuan: (E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik). Baina orain, konfirmazio hori efektiboa bihurtu dugu.
Sustatura bidalitako erantzun edo artikulu bakoitza e-posta helbide benetako batekin identifikatu geratuko dela konfirmatzen da prozedura automatiko batekin. Honela, alegia:
- Bidaltzaileak e-posta helbide bat emango du alor horretan. E-postarik eman ezean, ezingo da mezurik kargatu.
- Emandako e-posta helbidera mezu bat bidaliko du sistemak automatikoki. Jasotzaileak, mezu horretako instrukzioei jarraituz, bi aukera izango ditu, konfirmatu ala ezeztatu. Normalean, e-posta benetakoa izan bada, bidaltzaileak bere mezu propioa baieztatu ahal izango du. Norbaitek beste pertsona baten e-posta eman badu, tranpa egiteko, jasotzaileak berak idatzi ez duen mezu bat topatuko du, eta hura berea ez dela esateko aukera izango du.
- Konfirmazioaren ondoren, mezu orijinala bada, artikulu orijinalekin orain gertatzen den bezala, edizio-taldeak onartzeko zain geratuko da. Erantzuna baldin bada mezua, automatikoki argitaratuko da.
Azalpen batzuk hemen
Kontrol neurriak badu zorroztasun puntu bat, eta kexuak izan dira. Txopi, adibidez, ez dago konforme:
Bestalde, argi dago baieztapen mezuaren kontua etorkizunean poliziari informazio hori eman ahal izateko dela. Interneteko zein forotan egiten da hori?
Bueno, ba Kataluniako Interneteko ekimen sendo batzuen adibide pare bat aipatzeagatik: Vilaweb-eko foroetan, Loquo-ko mezu pertsonalen komunitatean...
Txopik gaineratzen du:
Badakit egiten duzuen lan guztia borondate onarekin egiten duzuela, eta eskertzen da Sustatu bezalako webgune bat egotea ezer ez egotea baino. Baina daramazuen bidea ikusita beste Sustatu bat gero eta beharrezkoagoa ikusten dut... Zuek diozuen bezala beste euskal foro bat sortu beharko da
Ados: foro gehiago behar dira. Bereziki, Sustaturenak baino irizpide hobeak dituen foroak behar dira, Sustaturenak okerrak badira. Beraz, animo. Lehia gehiago eta hobea merezi du Sustatuk.
Liliren izenean
Urriak 17. Gure alaba Liliren lehen urtebetetzea. Haizearen orraziaren ondoan ospatu genuen, Branka jatetxean bazkari batean.
Nola ez garen katolikoak, ez dugu bataiatu. Baina andreari okurritu zitzaion halako zeremonia pagano bat edo zeozer egin behar zela, eskaintza bat itsaso aurrean, ongi etorri bat umeari... enfin, niri enkargatu zidana: zeozer idatzi irakurtzeko.
Eta hauxe idatzi nuen:
Liliren izenean
eskerrik asko
amatxo eta aitatxo, eta Peru
musu bakoitzagatik, laztan bakoitzagatik
eskerrik asko familia
opari txiki eta haundiengatik
aitita eta amama, batez ere
eskerrik asko Donostia
olatuengatik, eta Getaria,
eta Eibar,
tio Agustinen kuman
lagatzen nautelako lotan han
eskerrik asko biberoiak
kopinak eta gauza guztiak
aitaren antza daukadala esaten duen bakoitzari, pa haundi bat
eta eskerrik asko denoi
Liliren izenean
eta guztien izenean
gaur gurekin gehiago ez daudenen izenean
eta etorriko direnen izenean
denon izenean
Irudian, nere iloba Ane Fernandez eta Lili.
Google Desktop-i zukua atera, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz
Google Desktop iritsi da, eta tresna iraultzailea dela esan daiteke. Microsoft softwarean dago pentsatua. Hori du txarra. Baina badago aukerarik, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz, zuku on ona ateratzeko tresnari. Nik probatu dut. Sartu eta ikusi, irudiak eta instrukzioak.
Google Desktop-ek zera arakatzen du, zure disko gogorrean, Windows XP baldin badaukazu:
- Outlook-eko e-posta mezuak
- Office-ko dokumentuak eta txt fitxategiak
- Microsoft Explorerreko historialeko orriak
Batzuek asmatu dute Explorerren ordez, Mozilla-Firefoxeko historiala arakatzeko zeozer. Bueno, ikusiko dugu. Edozein modutan, historialean bisitaturiko orrien Google-ren katxean gordetako emaitzak ematen dituela iruditzen zait, eta hortaz, password bidez sartu zaren tokietako orrietako emaitzarik ez du ematen horrek...
Office-ko dokumentuei dagokienez, ba bueno, Word eta Powerpoint dexente erabiltzen ditut neuk, eta jaso ere bai. Pentsatu dut OpenOffice.org-eko formatuetara, eta, batez ere, PDF-etara ere iritsiko dela egunen batean Google Desktop-en indar arakatzaileak. Izatez, sxw estentsioko OpenOffice Write dokumentuak indexatu dizkit makinak. Horrekin eta txt fitxategiekin, ni konforme.
Baina, bereziki, aukera ikusi dut e-posta mezuak arakatzeko gaitasun horretan. Ni tipo arraroa naiz eta azken 6 urteetako e-posta mezuak dauzkat gordeta nire disko gogorrean... egunean batean haietan Google estiloko bilaketak egingo nituen esperantzarekin. Gmail sortu zenean, izan nituen pentsakizun batzuk ea hori ote zen bidea nire e-posta multzo guztiak bilagarri jartzeko, baina ez, Gmail ez da horretarako modukoa (baina bai ordea spam-a kontrolatzeko). Baina azkenean, Google desktop-i esker, hurbildu da egun hori...
Eta merezi du. Emaitza ikusgarria da. Horra, bilaketa irudi bat. Joxerra Garzia bilatu, eta lehenik eta behin, Argia astekariak e-postaz bidaltzen dituen asteroko buletinen bi ale erakusten dizkit, non Joxerra Garziaren artikuluak egongo diren...
Hurrengo bi interfazeetan mezuak nola agertzen diren erakusten du. Mezuak irakurtzeko ez du Outlook irekitzen, nabigatzailetik ikusten dut, eta thread edo hari ikusmirarekin gainera. Gainera, reply egin daiteke zuzenean Google Desktop-en nabigatzaileko interfazetik...
Hau da, Google Desktop bereziki e-posta mezuekin elkarreragiteko pentsatua dago, ez bakarrik testua aurkitzeko.
Koxka zera da, ostera: Outlook erabili beharra, eta Outlook anatema da. Word, Excel edo Windows erabiltzeko aitzakiak aurkitzen ditut. Baina Outlook debekatua beharko luke egon ordenagailu guztietan: birus kutsatzaile arriskutsua besterik ez da. Alternatibak daude, eta haiek erabili behar dira. Nik, neure kasuan, Eudora.
Orduan, zera da koxka, nola erabili aukera hau Eudoran gordeta dauzkadan milaka mezu horietan arakatzeko?
Urrats batzuk probatzen, asmatu dut. Honelaxe. (Nire ordenagailua Windows XP espainolarekin dabil, baina Elhuyar eta UZEIk euskaraturiko bertsioa gainean duela, eta horregatik Outlook-en menuak euskaraz ageri zaizkit)
- Outlook-en, Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
- Aukeratu Eudora. Netscape aukera pare bat ere badaude, baina ez dakit Mozilla-ren e-postarekin bateragarri ote den prozedura hau...
- Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
- Aukeratu zein mailbox edo postontzi nahi dituzu inportatu, eta sakatu. Ia-ia egina.
- Ia-ia, diot aurreko puntuan, ze horrenbestez Eudorako postontzi guztiak inportatu dituzu Outlook-era salbu eta bat: In postontzia, sarrera-bandeja nagusia. Hortaz, In postontzikoak Outlook-era eramateko, zoaz Eudora-ra eta mugitu In postontziko guztiak postontzi berri eta probisional batera, esate baterako: In-Probisionala.
- Berriro, Outlook-era, 1-2-3 urratsei ekitera, eta ondoren postontziak aukeratzeko orduan, ADI!, In-Probisionala bakarrik aukeratu, zeren-eta aurretik kargatu duzun postontzi bat berriz kargatzen baduzu, mezuak bikoiztuko dituzu Outlook-en. Hau da, Zaborra postontzian 12 mezu badaude, eta birritan inportatzen baduzu, 24 mezu pilatuko zaizkizu Outlook-en.
Eudoran dauzkazun mezu guztiak inportatu dituzu horrenbestez Outlook-era. Eman pare bat ordu, eta Google Desktop-ek indexatuko ditu. Kontua da hori urriaren 17an egin baduzu, jakina, 2004.10.17 data baino lehenagoko mezu guztiak izango dituzula Outlook-en... baina Eudoran mezuak jasotzen jarraituko duzu... Nola egin, beraz?
Tira, goian azaldutako 1-6 urratsak dira lehen inportaziorako. Orain, nola egin ondorengo inportazioetarako. Adibide honetan, inportazio orijinala urriaren 31 egin zela kalkulatuko dugu, 2004-10-31 datan).
- Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia itzazu hor dauden .mbx fitxategi guztiak beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
- Eudoran, postontziz postontzi, hustu urriaren 31 baino lehenagoko mezu guztiak
- Berriz mezu mordoxka biltzen zaizunean Eudoran (demagun azaroaren 30erako), sortu postontzi probisional bat, adibidez, Azaroa-2004 izenekoa. Gainerako postontzietatik, aukeratu mezu guztiak eta mugi itzazu Azaroa-2004 postontzira.
- Orain, Outlook-era goaz: Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
- Agertzen den pantailan, aukeratu Eudora.
- Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
- Aukeratu Azaroa-2004 postontzia, eta ekin.
- Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia ezazu han dagoen Azaroa-2004.mbx fitxategia beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
- Zoaz Eudorara eta borratu itzazu, Azaroa-2004 postontziko mezu guztiak.
- Beste hilabete bat igarotzen denean edo, prozesua errepikatu Abendua-2004 postontziarekin edo...
Gmane zerbitzuan dauden zerrenda euskaldunen interfazea euskaratzen
Lehengoan Gmane-ko administratzaileak sujeritu zuen ea zer egin zitekeen Gmaneko administrazio interfaze posible batekin, ideiak eskatzen
Nik erantzun nion Lars Gmane-masterrari i18n apur bat ondo letorkeela.
Eta 24 orduren buruan, egina (lehen interfazea, bederen), aukera prest du Larsek. Neuk itzuli, eta hara, Itzul, Eibartarrak eta Dantzan euskarazko mezuekin lehen interfaze horretan.
Karaktere-kateak euskarara moldatzean, itzulpena barik, lokalizazioa da koxka
Karaktere-kateak itzultzeko buruhausteek interesa sortu dute ItzuL zerrendan, hari honetan bederen
Aplikazio informatikoak itzultzea ez da itzulpen soila. Interfazearen eta tresna informatikoaren diseinua da koxka. Aldagaien ordena edo aukera, kode informatikoa, orri-egitura... gaztelaniaz bakarrik pentsatzen ditugu, eta tori, hori itzultzera.
Beste adibide batekin ilustratzeko, proba ezarri nuen ItzuL-en, ea karaktere-kate hauek jasoz gero, ze eman ote zezakeen itzultzaile euskaldunak:
'respuesta' 'respuestas'
Emandako ordainak eta horren ondorio posibleak... Lagun batek erantzun zuen ItzuL-en:
> Tira, ordainak "erantzuna" eta "erantzunak" izango lirateke. >
Ba, itzulpen horrekin, ondorioa hau litzateke, bilaketa emaitza batzuen interfazean, gaztelaniaz:
1 respuesta 3 respuestas
eta euskaraz, aldiz:
1 erantzuna 3 erantzunak
Adibide bat hemen (bueno, adibide hau ez dakit noraino den zuzena, webgune honen egileak euskaldunak eta informatikan trebeak dira, eta merituz ari dira lanean softwarelibrearekin, baina, tira, akaso tripa informatikoetan kodea bihurritzeko aukerarik ez da egon, edo orri hau sortzen duen sorburua oso ezkutua dago, edo batek daki... barkatu, beraz, Baleikeko zumaiarrok)
Beste itzultzaile batek proposatu zuen, bi kasuetarako, erantzun
aukera bakar gisa. Baina, horrela, berriro gaizki, ze respuesta
eta respuestas
karaktere-kateak baldintza zehatz batzuetan jartzen dira zenbaki-aldagaien ezkerretara:
1 respuesta / 3 respuestas 1 erantzun / 3 erantzun
Ze, errorea ez dago itzulpen-ahalegin saiatu edo saiatugabean, jatorrian dago okerra. Itzultzeko kate horiek emanda itzultzaileari, ez dago arazoa konpontzerik. Jatorrizkoa zuzendu behar da, eta "jatorrizko" hori kontu multzo konplexua izan daiteke: diseinua, kode informatikoa, gaztelaniazko formulazioa... Aldagaien konbinazioa, aldagaietan bat numerala denean haren zenbatekoa: arazo matematikoa ere bai!
Interfazeen diseinuan eta egokitzapenean itzulpena baino gehiago dago: lokalizazioa esaten zaio. CodeSyntax-en horretan egiten dugu lan.
ItzuL, euskarazko posta-zerrenda arrakastatsuena, 500 harpidedunera iritsi da
Euskarazko posta-zerrenda funtzionalena, ItzuL, 500 harpidedun izatera iritsi da. Neure enpresako zerbitzu batek, Postaria.com-ek, bideratzen du zerrendaren trafikoa aurtengo udatik. Informazioa Sustatun
ItzuL-en hileroko mezu kopuruarekin, eta 500 harpidedunekin, Postaria zerbitzuak urtean 1.5 milioi mezu banatuko ditu itzultzaileen artean. Horrez gain, EIZIEk beste zerrenda bat ere badauka martxan Postariarekin, kasu honetan bazkideentzako buletin pribatu bat. Berriki Postariaren zerbitzua erabiltzen hasi den beste zerbitzu euskaldun bat Erabili.com webgunea da.
Sustaturen albisteak e-postaz jasotzeko zerbitzua ere ematen du Postariak. Kasu honetan, berrikuntza batekin duela gutxitik: argitaratzen den albiste bakoitzaren sarreratxoaz gain, orain, bi lerro soil gehiago dakartza, apur bat gehiago informatzeko, postontziak gainezka egin gabe:
- Bata, Sustatuko azalean dagoen argazkiaren berri ematen du (irudirik ez da bidaltzen, soilik argazkiaren izenburua, klikatzeko aukerarekin)
- Bestea, Jamaika ikusteko jaio gara atalean ageri den azken erreferentzia ere ematen dugu
Goiena.net atarian ere, herriz herriko buletinak banatzen ditu Postariak.
Karaktere-kateak itzultzen interfazeetan
Produktu informatikoetan, web interfaze batean edo programa baten pantaila-irudietan, menuak, botoiak eta abarrak diseinatzean testu-kateen luzera arazo izaten da batzuetan. Adibidez, menuok eta abarrok, ingelesez egin, pentsatu eta diseinatu badira, alemanezko bertsioa egitean, akaso alemanezko ordainak ez dira "sartuko" diseinuko elementuetan. Esaten dute, zer diseinatzen duzula ere, %30eko espazio libre bat utzi behar duzula zure testuaren eta haren oinarriaren artean (menuko zatia, botoia, dena delakoa), aplikazio hori ganoraz itzuliko bada... Euskarak ere badu, alemanak bezala, luzera handiagoa izateko joera, gaztelaniarekin alderatuta, zer esanik ez ingelesarekin.
ItzuL zerrendan azaldutako mezu batzuen harira idatzi dut hau, nahiz eta ez nagoen seguru zerikusia ote duen.
Beste kontu bat: testu-kateak bere horretan itzulita, eta luzeretan ere bat etorrita ere, itzulpena askotan alferrik da. Ze, interfazeak, aplikazio informatikoak egokitzen direnean hizkuntza batetik bestera, itzulpena baino gehiago, lokalizazioa dago jokoan.
Hona adibidetxo bat, webgune elebidun batean aurkitua. Lehenbizi, Erdarazko kontaktu formularioa. Informazioa eskatzeko karaktere-kate batek gonbita egiten digu, testu-kutxa batean idatz dezagun nahi duguna:
Baina, hara, hori bera euskaraturik:
Itzultzaileak zuzen jokatu du: Informacion sobre itzultzeko esan diote, eta ..i buruz informazioa eman du. Testu-katearen luzeran bat dator. Baina emaitza absurdoa da.