Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Suizidak

Luistxo Fernandez 2005/03/12 09:15

Irutxuloko Hitza Donostiako hiri-egunkarian artikulugile hasi naiz haiek gonbidatuta. Baietz esan nien, eta neure artikuluei copyleft oharra jartzeko eskatu nien. 3 edo 4 astean behin tokatuko zait. Gaur argitaratu da lehena.

Suizidak


Errenteria 3D map

Duela urtebete kezka bat nuen buruan. Madrilen bizi den iloba ez zedila joan martxoaren 12rako Aznarrek Madrilerako deitu zuen manifestaziora. Bezperan, eta egun horretan bertan saiatu nintzen haren mugikorrera deitzen behin eta berriro hori esateko, baina ez nuen linearik lortu. Anaiak konfirmatu zidan, azkenean, baietz, berak hitz egin zuela eta alabak baieztatu ziola ez zela joango.

11tik bertatik Al Qaedako zoroen traza hartuta genion hari, diskurtso ofizialaren gaindi. Baina nik ez nekien Madrilgo gezurren artean, egiaz jabetzen ote ziren hiri hartan. Eta beldurra nuen ilobagatik. Suizidengatik. Harrezkero ere makina bat bider pentsatu dut. Trenetan arrakasta izugarria izan zutela hiltzaile haiek, baina gerora porrot estupidoa izan zela beraientzat Leganesko etxe batean hil behar izana. Manifestazioan lehertu izan balira, beste 200 eroango zituzten aurretik beharbada... Duela urtebete, nere ustez, horixe zen logikoa, errematea ematea manifestazioan trenetan hasitakoari.

Urtebete igaro da, eta ia egunero daude suizidak jendea hiltzen. Gehienetan Iraken. Bush eta Putinen politika zital eta terrorista lagungarri dute, duda barik. Boluntario horiek Europan ezartzeko logistika hobeto antolatzen dutenean, panorama eskasa inguruotan. Egun hori iritsiko da, eta ordurako akaso bat baino gehiago damutuko da beste auzi batzuk zintzilik utzi izana. Panorama horren aurrean, uste nuen euskal arazoa konpontzeko bultzada bat hartu behar zutela hemen inguruko batzuek, alde batekoek eta bestekoek. Baina ez. Hitz goxoak belodromoetan eta talantekerietan. Lehengoan gaude, ez dugu aurreratu.

Suiziden zain gaude. Tira, haiena, zehazki, martirioa da. Hemengoa bai, suizidio geldo bat: gatazka ez konpontzeko eman beharreko urratsak ari dira ematen, zehatz, inplikatutakoak. PPri ETA komeni zitzaion bezala, nago PSOE ere ondorio bertsura iritsi dela: egoera hau, eta ez beste bat, komeni zaiela. Eskolten negozioak emango ditu bere komisioak, botoetan Espainiaren batasun sakrosantua aktibo inportantea da Espainian, eta justiziaren manipulazioa zirko onuragarria zaie. Balantze tristea, urtemuga honetan.

Copyleft: Luistxo Fernandez, www.eibar.org/copyleft

Gu, blogari euskaldunok

Luistxo Fernandez 2005/03/09 15:41

Blogista euskaldunen topaketa deitu dute. Han izango gara. Elkarren aurpegiak ikusiko ditugu. Nolakoak ote gara? Horrelakoxeak, akaso:

littera200503.jpg

Joan den ostiralean atera ziguten argazki hau. Lau blogista euskaldun Deustun, Euskal blogosfera gaur mahainguru torrealdaikoan parte hartu ostean, Joseba Abaituak gonbidatuta (bera da argazkigilea). Ikusten denez, blogari euskaldunak basko arruntak gara. Gizonezkoak zatar samarrak, eta neskak polit-politak.

Irudikoak gara: Jabi Zabala Sarean.com , Arantza Tamayo Obabatxue.com , Luistxo Fernandez Ingelesen Hilerria eta Nerea Basterretxea Littera.

Beraz, Elgetan, Espaloia Kafe Antzokian, apirilaren 17ko arratsalde-iluntzean, hauteskunde-emaitzak jarraitzearekin batera, Blogs & Beers elkarretaratzea. Deialdia hemen eta baita topaketaren orri ofiziala.

Blogs & Beers izenaren inguruan, batzuek diote BST beharko lukeela euskaraz, Blogak, Sagardoa eta Txakolina. Bedi, beraz, BST. Neuk ikonoa sortu dut, eta menuan jarri loturarekin, honaxe: http://www.espaloia.com/images/B2005

bst.png

Zuek ere berdin egin dezazuen, hemen daukazue.

Hizkuntzak ahaztea, euskal eskolaren helburu

Luistxo Fernandez 2005/03/08 18:08

Albiste bat joan den larunbatean, Vocentoren egunkari batean.

Donostiako mutiko bat, senegaldarra jatorriz: Senegalen dago berriro, hara egindako bidaia baten ondoren, ataskatuta geratu delako, burokraziak ez dio uzten itzultzen. Bere eskolan larrituta daude, eta ekarri nahiko lukete.

Honaino, dena polita, baina kronikako esaldi batek pentsakizun okerragoak dakarzkit gogora:

El buen ritmo que Mame había logrado alcanzar en el colegio desde su llegada en 2º de Primaria, que le había hecho olvidar casi el francés, el yola (dialecto senegalés) y el poco wolof (lengua oficial que habla el 80% de la población) que sabía...

Kontxo. Hizkuntzak ahaztea, ikasketa-erritmo onaren seinale. Ondo gabiltza. Hori da euskal eskolaren eredua? Hori da multikulturalitatea eta eleaniztasuna aipatzen dugunean esan nahi duguna? Ez ote da hori betiko eskola etnozida, helburu gorentzat haurren ama-hizkuntza ezabatzea duena, haiengan koloniaren, metropoliaren, Madrilen edo Parisen hizkuntza ezartzea helburu duena?

Aslan Maskhadov hil du Errusiak

Luistxo Fernandez 2005/03/08 17:54

Txetxeniako presidentea, Aslan Maskhadov, hil du Errusiako Armadak.

Ez dago deretxorik. Terrorismoaren kontrako gerra? Gezur terrorista horixe da, gerra horrena. Eta Putini eskua ematen diotenak, ez dira Bushi Azoresen eskua eman ziotenak baino hobeak. Hiltzaileen konplizeak dira.

Txetxeniako gerra genozidaren aurka. Txetxeniako herriaren alde. Herri txikien eta askatasunaren alde.

Bake santua Lizundia eta Lertxundiren artean

Luistxo Fernandez 2005/03/08 17:45

Polemika darabilte Berria egunkarian Jose Luis Lizundiak eta Anjel Lertxundik, Mondragoe izenari Euskaltzaindiak bermea kendu diola eta. Lizundiaren azken mezuan (gutun bat martxoaren 4an), hala zioen: "Ez dut blogik irakurtzeko astirik". Joxe Aranzabalen blogean agertutakoak aipatu baitzituen Lertxundik.

Blogista ikuspegitik esan dezaket Lizundiak ez duela ezer funtsezkorik galtzen blogik ez irakurtzeagatik. Oker larririk ez horretan. Lasai egon daiteke, eta are lasaiago gu, blogariok, Lizundiak irakurtzen ez gaituela jakinda. Akaso, astirik gabe ibiltzeak onurarik ez dakarrela, eta zaintzeko apur bat, horixe gomendatuko genioke.

Lertxundiri dagokionez, erraza dauka: idatz ditzala Euskaltzaindiaren gainekoak ez paperean baizik eta blog batean, eta bake ederrean biziko da.

Gaiaren mamiari helduta, matraka bai, baina argudiorik apenas, horixe da Lizundiak ematen duena. Lertxundik, eta Aranzabalek, eta neuk dioguna zera da: Euskaltzaindiak bermea kendu dionean Mondragoe izenari, hori erabiltzeari utziko diogula euskara batuan, zintzo, euskaldunok.

Eta horixe da gertatu dena, 1979ko izendegian, Mondragoe eta Arrasate, biak izen euskalduntzat eman zituen Euskaltzaindiak. 2005ekoan, Arrasate bakarrik. Euskaltzaindiak ofizialtasuna kendu dio izen bati.

Lizundiak, tartean, mareatzen ditu datuak udalaren, mankomunitatearen eta apostolu santuen ez dakit ze erabaki ofizial erabiliz aitzakia gisa. Baina Euskaltzaindiaren jarraitzaileok argi daukagu: ez dira horiek axola zaizkigun erabakiak. Ez digu axola Angeluko Herriko Etxeak ala Paueko prefetak ala edonongo agintariak zein izen, frantses, euskaldun, espainol ala kaskoin, ematen dion herri bati: Euskaltzaindiko izendegietakoak dira guretzat euskara onartua.

Eta 1979an Mondragoe ontzat ematen zuen Euskaltzaindiak. Baina 2005ean, ez.

Goienako blog komunitateari ongi etorri beroena!

Luistxo Fernandez 2005/03/04 18:06

Beste blog komunitate lokal euskaldun bat.

Gugandik, Eibar.org-etik gertu, Goiena.net-en

Iban Arantzabal hor dabil lanean, ez blog batekin, baina bai besteak ziztatzen. Faroa, Joxe Aranzabalena, joan den astean zabaldu zuten hor. Gaur beste lau blog. Blogari horietan bat ezagutzen dut pertsonalki, Mikel Irizar Euskadi Irratiko eta Argia-ko analista soziopolitikoa.

Eibarko blog komunitatearen azpiegitura berdina: Coreblog, software librea eta euskaratua. Bueno, akaso hobetua, gurea baino txukunagoa... Eibarko esperientziak horretarako ere balio du-eta, fintzeko eta hobetzeko.

RSS-a, euskaldunak eta e-administrazioa

Luistxo Fernandez 2005/03/02 22:59

Jardunaldi interesgarri batean izan nintzen herenegun: Administrazio eta Gobernu elektronikoei buruzkoa. Eusko Jaurlaritzako Administrazioa Eraberritzeko Bulegoak antolatua. Gaurtik etorkizuna idazten, jarri zioten goiburua. Bilboko Euskalduna Jauregian, honelakoak izaten direnean bezala, gorabatadun asko Bilbon.

Baina jende horren artean plazerra izaten da euskaldunak aurkitzea, postu interesgarrietan lanean diharduten euskaldunak, eta haiekin berriketan jardutea. Adibidez, Zelai Nikolas, lehendakariordetzako legelaria; Joseba Bilbao, Administrazioa Eraberritzeko Bulegoko zuzendaria; Xabier Arrieta, EHUko informatika arduraduna (halako postu bat duela uste dut), eta guztien artean, gure liderra, Javier Etxebeste, Yahoo-ko direktibo ohia.

Etxebeste bere lanbide berrian jardunean azaldu zitzaigun. Kontsultore independientea (urtea hastearekin amaitu zuen Yahoo Europarekin zuen kontratua), bazkide batekin osatu duen enpresa baten izenean, Business and Media, Bilbon eta Londresen bulegoak dituen enpresa. Bere hitzaldia oso interesgarria, eta ohituta gauzka horretara: administrazioak Interneteko leihoa merkatu, trafiko, bezero eta marken parametroetan nola uler dezakeen... Eta dei bat RSS eredua ezartzeko, e-gobernuaren informazioa jasotzeko. Uste dut oharra zintzo apuntatu zuela Joseba Bilbaok.

Euskaldunarentzako e-administrazioa

Galderen txandan, eta gero berriketan, puntu interesgarri bat atera zuen Zelai Nikolasek. Bezeroan konfidantza sortzea bada administrazioarne lehen betebeharra Interneten, zer esan bezero euskaldunak jasotzen duen e-administrazioaz? egoki euskaratua dago e-administrazioa?

Potentzialki, lehiatila fisikoak eta haietan esertzen direnak euskalduntzea baino errazagoa da interfaze bat euskaratzea, baina hala ere, aplikazio informatikoen itzulpen hotzak atzera botatzen du erabiltzailea... Eta gainera, Zelai kexu da ez dagoelako euskaldunarentzako informazio espezifikorik: egia da, euskalduntzen denean e-administrazio bat, erdarazkoaren eduki paralelo berdina eskaintzera jotzen da, onenean. Baina zergatik ez euskaldunarentzat euskaraz pentsatu eta diseinatutako sarbide puntu bat? toki bat, non e-administrazioak esplikatuko dion euskaldunari euskaraz zer eskain diezaiokeen. Non aurkitu abokatu euskaldun bat, zein zerbitzutan zer espero daitekeen, eskubideak, bide zehatzak zirkuitu administratibo anitzetan euskaraz funtzionatu ahal izateko... Ez erdarazko orri baten itzulpena, erdaraz berez ordain zehatz bat ez lukeen euskarazko zerbitzu telematiko integral bat baizik.

Ideia interesgarria, Zelai. Bat egiten dut zure eskaerarekin.

Gainerako hizlariak

Interesgarria iruditu zitzaidan Joan Domenech Accenture-ko kontsultorearena. Oso katalana. Emandako adibideetan, Irlandako errejistro zibilarena eta Reach proiektuarena, ona. Estudiatu behar. Oraingoz e-administrazioak e-demokrazia ez duela esan nahi ere argi utzi zuen, eta horretan politikariek interesik ere izango ote duten... Baina geroak ekarriko du aldaketarik, akaso, ez berak edo bere seme-alabek ikusteko, baina bai egunen batean.

Antolakuntza

Dokumentazioan liburu bat eman ziguten, 2004-2006 On Lineko Administraziorako Plan Estrategikoa. Eta CD batean ere eman ziguten. Baina nonbait oraindik ez dago online ;-) ja ja... Bueno, Joseba Bilbaok esan zidan laster egongo dela Euskadi.net-en. Begiratzeko. Bale ba, begiratuko dut, ze RSS bidez behintzat ez naiz harpidetuko berritasunez enteratzeko.... Generalitateak badauka etiketa laranja, Gencat.es gunean, baina ez Euskadi.net-ek.

Horrez gain, 200 euro ordaindu ostean, zutik jan beharra... Pintxo-jana, ea ze harrapatzen diodan aurretik pasatu behar duen zerbitzariari, pintxoak politak bai, baina euro baten tamainakoak, eta zutik. Hori ez da egiten.

Joxe Aranzabalen errorea errepikatu du Inaki Irazabalbeitiak bloga zabaltzean

Luistxo Fernandez 2005/03/02 11:19

Joan den astean Inaki Irazabalbeitia blogintzari buruzko ebento batean ikusi nuenean (Jose Luis Orihuelaren hitzaldi bat), pentsatu nuen: honek badu zerbait buruan. Bai. Bloga hasi du, eta oso interesgarri izateko itxura du blog horrek, gainera.

Baina Bloggerren hasi du bloga. Orihuelak promozionatutako tresnan. Duela lau hilabete, Orihuelaren beste hitzaldi batean izan zen Joxe Aranzabal, eta hark ere, hara!, Bloggerren hasi zuen Faroa. Errore hura aurpegiratu nion Aranzabali, eta orain berriro aurpegiratzen diot Irazabalbeitiari.

Ze behar ote du Googlek, euskaldunok gure edukia doan hari emateko? Benetan bihotz-zabalak gara, gure edukia munduko behartsuenei doan ematen... Blogger Googlerena baita, eta Bloggerren idazten duguna norena ote? Hasieran artikulu bat edo bi, eta haiek izan ditzaketen erantzunak: ez dirudi asko. Baina lau hilabeteko jarduna, ehundaka mila karaktere ziren dagoeneko Faroak Bloggerren bildutakoak. Berreskuratu ditugu, script batzuk martxan jarri eta Goiena.net-eko blog komunitatera ekarri dugu Faroa, eta edukia bere jabe legitimoari itzuli diogu, Joxe Aranzabali, Goienan ez bakarrik erakundeak, blogariak ere bere edukiaren kontrola izango baitu.

Tira, kendu diogu Faroa Bloggerri. Ez dakit Joxek bakarrik asmatuko ote zuen. Ez da beti erraza izaten: Eibartarrak zerrendako 6 urteko jarduna Yahoo-ren hatzaparretatik hartu, eta tresna eta jabego beregainera ekartzea dexenteko lana izan zen.

Orain Ixinet - Izarren Hautsa hasi da elikatzen Iñaki Irazabalbeitia. Google puzten bere jakintzarekin. Eta Elhuyarreko blogak? ez dago holakorik. Elhuyarreko blogariak badaude, eta ez dira txarrak, baina etxetik kanpo dihardute komunikazioa eta dibulgazioa egiten... Hau gertatzen zaio zientzia-dibulgazioan eta kanal anitzeko euskarazko komunikazioan (Internet, papera, TB) dagoen enpresa azkarrenetako bati. Informazio zientifiko-teknikoa blogosferan beste hainbat alor baino dexente aurrerago doanean, Euskal Herrian alor horretan adi ibili beharko lukeena geldi oraingoz.

Edozein modutan, etorriko dira Elhuyarreko blogak, nik ez daukat dudarik, bihar ez bada etzi. Zenbat eta beranduago, orduan eta zailago Izarren Hautsa Googleren hatzaparretatik blog.elhuyar.com-era eroateko.

Euskal blogosfera gaur

Luistxo Fernandez 2005/03/02 10:56

Ostiralean (martxoak 4) Euskal blogosfera gaur izeneko mahainguru batean egongo naiz, eguerdiko 12.00etan, Deustuko Unibertsitatean. Jabi Zabala eta Littera proiektuko zenbaitekin izango naiz. Joseba Abaitua irakasleak gonbidatu gaitu. Han antolatu duten Hizkuntzen Astearen barruan dago hau.

Abaitua blogista ere bada, Mertola blog minimalista editatzen du, baina batez ere blogomanoa da. Eta laguna ere bai.

Aurki 1999-2009

Luistxo Fernandez 2005/02/21 13:38

Eibarnauten afaria joandaneko ostiralean. Powerpoint bat prestatu nuen, Aurki 1999-2009, eta pendrive-an eroan nuen (pellak prijitzeko kopiea eroateaz bat).


Hasieran 1999-2005 tartea aztertzeko intentzioa nuen, baina lagun batek prospektiba egitera animatu ninduen. Entzule batzuek honezkero famatu dute 2009rako jarri dudan helburu profetikoa: Munduaren dominazioa


Horrez gain, Aurki.com-en eboluzioaren irudi batzuk ere erakutsi nituen, eta hemen ditut.

*2000 urteko udan, Aurki, euskarazko direktorio bilatzailea. urte bereko abenduan (azpian), Euskaldunon Egunkariaren albisteak integratuz... Orduan Egunkariak bere izenburuak horrela eskaintzen zituen. Orain, berriz, batez ere albiste biltegi bat den unean, Berria-k ez du RSS feedik eskaintzen.


2002tik oraintsu arte beste itxura hau izan du guneak.


Orain jada, loturen biltegi ez oso eguneratu bat izatetik, albisteen eta blogosferako nobedadeen atari etengabe (eta automatikoki) eguneratu bat izatera igaro da. Hemendik aurrera, ikusiko dugu, eta 2009rako helburua, jar daitekeen helburu errealista bakarra da, jakina: Munduaren dominazioa.

Munduaren dominazioarena brometan esaten dut, baina broma gutxirekin. Zera esan nahi dut horrekin:

Ez gaitu teknologiak menderatuko. Guk menderatuko dugu teknologia.

Nire aurreikuspena da 2005-2009 tartean gauza interesgarriak biziko ditugula Interneten.

  • Blogak eta hedabideak: saltsa oso interesgarria
  • Musika trukearen eragina, irudi trukera hedatuz (ikusentzunezko modelo tradizionala kolokan)
  • Produkzio audiobisual pertsonala: blog multimediak, jende arruntak egina. Podcasting terminoarekin ezagutzen da hau oraingoz.

Hori horrela izanda, Aurki, 2009. urtean, 150 kanal audiobisualetara sartzeko sarbidea izan daiteke. Euskarazko Internet egiten jarraitu nahi dugu, behintzat, eibarnautok. Eta iraultza berri horietatik kanpora geratzeko intentziorik ez dago.

Bitartean, afari gehiago ere egingo ditugula espero dut. Txerri-koipearekin prijitu nituen pellak, eta platerari buelta emanda jan genituen, kanonak eskatzen duen bezala.


Hurrengo afarirako bildots-burua proposatzen dut. Begiak jateak badauka bere sekretua, kutxarilla txiki bat behar da zurixa ta baltza banantzeko. Erreza da.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004