Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Blogak Berrian

Blogak Berrian

Luistxo Fernandez 2005/03/12 21:52

Nire berba batzuk jaso dituzte gaur Berrian argitaratu den erreportaian: Zer demontre da bloga? Uste dut Idoia Etxeberria kazetariak ondo enfokatu duela artikuluan galdera horrentzako erantzuna. Zalantza bat argitzeke, beharbada: Berriaren blogak, noiz eta nola?

Berriaren Tartea atalean azaldu da hau gaur. Atal hori ez da Interneten izaten, baina testua bidali dit Idoiak eta hemen argitaratzen dut.

Zer demontre da bloga?

Egunetik egunera gehiago dira sarea komunikatzeko tresna bezala erabiltzen dutenak, argitalpen errazeko web guneetan aterpetuta

Idoia Etxeberria

Blog, blog, blog… asko entzuten da hitz hori azkenaldian, baina badakigu zer demontre den bloga? Gutako askok ez, seguruenez. Hori bai, gehienok bisitatuko genuen blogen bat sarean, oharkabean. Eta komeni da jakitea, internet etxekotu dezakeen ate-giltza baita. Bloga web gune bat da, bai, baina argitalpen errazekoa, orain artekoak ez bezala. Norberak nahi duena interneten jartzeko modu erraza da; informatikaz eta diseinuaz ezer gutxi dakienak ere izan dezake bere bloga. Zaletasunen gaineko azalpenak, albisteak, kezkak, iritziak, sentimenduak, kontu bitxiak, ipuinak, poemak, argazkiak… blogariek denetik ematen dute argitara sarean. Komunikatzeko beste bide bat da.

Itsaso zabal hori hobeto ezagutzeko, Luistxo Fernandez blog adituarekin egon gara, Eibar.org gunearen eta Sustatu blogaren sortzaileetako batekin. Sustatu duela lau urte sortu zuten, eta euskarazko lehen blog kolektiboa da. Eta orain eguneroko pertsonalak daude moda-modan, bitakorak. Egunetik egunera arraintxo gehiago agertzen da sarean harrapatuta, musikaz, literaturaz, eguraldiaz, bidaiez, sexuaz, politikaz edo zernahiz hitz egiteko prest. "Edozein izan daiteke blogari, eta gure interesak infinitoak dira. Paperezko munduan argitaraldi batek ezin du edozer gauzaz idatzi: merkatu bat behar du. Adibidez, xakearen inguruan publikatu daiteke ezer euskaraz paperean? Merkatuak seguru aski ez du ematen, ez du lan eta diru inbertsioa justifikatzen. Internetez, berriz, nahiko da xakelari afizionatu bat egotea euskalduna, eta hari otutzea euskaraz idaztea. Bere mikropubliko txiki-txikiarekin ere hori argitalpen baliagarria da. Ez du beste merkatu legerik jarraitu behar". Luistxoren ustez, "mikropublikazioaren modu perfektua da bloga".

Blog askotan erantzuteko aukera dago, interakzioa, mezuen joan-etorria; anonimoa ala izen-abizenekin. Baina ez beti. "Blogari batek erabaki dezake bere blogak ez duela izango erantzunik". Zer ezaugarri du, orduan? Nola jakin begibistan duguna bloga dela? Toki batzuetan argi dator: Urliaren bloga. Hor ez dago zalantzarako tarterik. Baina hala ez denean… Hona hemen beste argibide bat: "Azken orduko albisteak argitaratzeko sistema bat da, kronologikoki inbertsoa. Azala aldatu egiten da aldiro; azkenengo argitaratu duzun artikulua azalera joaten da, eta gainerakoak beherantz. Artxibatu egiten dira, hala ere, ez dira galtzen". Gainera, blogek harpidedun egiteko aukera eskaini ohi dute: "Edukiak ez dira zabaltzen bakarrik bisitari bat datorkizunean; harpidedunei zuzenean joaten zaizkie albisteak". Hor daude boglen arteko loturak eta iritzi trukeak ere: poliki-poliki, euskal blogosfera edo blog komunitatea sortzen ari dela esan daiteke. "Albisteen, iritzien eta pertsonen kate bat egoten da, informazioa sortzen da hor ere, eta giroa".

AEBetako ikerketa baten arabera, 2004a blogen urtea izan zen. Izugarri igo zen hango blog kopurua. Eta badirudi guretzat ere urte oparoa izan zela. Zenbat blog dagoen euskaraz? "Gaur atzo baino gehiago eta bihar baino gutxiago, maitasuna bezala", horixe Luistxoren erantzuna. Oso erromantikoa. Eibar.org eta Goiena.net komunitateetan orotara 25 bat blogari daude, eta ez dira gutxi bloga euren kontura ireki dutenak ere, elkarte zein norbanako. Unibertsitateetan ere sortu dituzte blogak: EHUn abian jarri duten Berriemaile.com ekimenean 300 bat ei daude, eta Deustuko unibertsitatean Littera egitasmoa dute; ikasle gehienek irakasleak agindutako etxeko lanak egiteko erabiltzen dute bloga, baina izugarri zaletu denik ere bada. Horrenbestez, zaila da blog kopurua zehaztea.

Nondik hasi bilatzen, baina? Ez da informazio aukera zabalegia, galtzeko modukoa? Ezetz dio Luistxok. "Blog bakoitzak bere audientzia izango du. Xakeari buruzko balizko blog euskaldun horrek edukiko du audientzia murritz bat, baina seguruaski bere idazle xakelaria pozik egongo da, eta irakurleak zer esanik ez. Nahikoa da hiru irakurle poz-pozik egotea blog batetik jasotzen duten informazioarekin. 1.000 blog euskaldun dauden egunean, ez ditugu denak irakurriko. Ezinezkoa da. Jarraituko ditugu batzuk, gure gustukoenak". Laster gustuak zehazteko aukera izango dugu, harpidetza egitean: literatura bai, futbola ez, txirrindularitza bai, xakea ez, politika bai, artea ez... "Zenbat eta aukera gehiago, nik uste hobeto informatuta egoteko aukera izango dugula".

Luistxok ere badu bloga, nola ez: Ingelesen hilerria du izena, urtea beteko du martxoan, eta eleanitza da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. "Ingelesa, akats ortografikoz betea, makarronikoa! Halako idazkera zaindugabe bat izaten dugu blog askok… Esperimentu bat da, eta ez dauka inolako asmo editorialik. Gauza batzuk komentatzen ditut, papererako idazten ditudan zutabeak eta halakoak nire blogean argitaratzen ditut… Hori da guztia. Fitxategi pertsonal eta publikoa, sarean. Ni pozik nago gauzak hor biltzearekin, eta noiz edo noiz erantzun batzuk jasotzearekin".

"Blog bat izateko batez ere zerbait esateko gogoa, premia edo grina behar da, jakintza teknikoa baino gehiago". Blogari batzuk aski ezagunak dira -idazleak, zutabegileak…-, baina beste asko ez. Izenik ez ematea nahiago duenik ere bada. Oso barruko sentimenduak, funtsik gabeko tontakeriak, kritika zorrotzak, albiste interesgarriak… denetik aurkitu dezakegu. Joxe Aranzabal kazetari eta irakasleak, adibidez, bihotza ireki zuen Interneten, Sustatun, minbiziak sortu zizkion buruhausteen berri emateko (horri buruzko liburua plazaratu berri du, eta orain bere blog pertsonala ere badauka: Faroa ). "Nik uste dut ia-ia gutako edozeinek daukala zerbait interesgarria kontatzeko, eta gauza interesgarri hori apreziatuko duen irakurleren bat egon badagoela hor kapoan. Arrisku teknologikoa hutsa da, arrisku ekonomikoa hutsa eta komunikazioa sortzeko aukerak oso handiak".

Blogek kazetaritza partehartzailea sustatzen dutela dio Patxi Gaztelumendik bere bitakoran. Kazetari gabeko kazetaritzaren arora iristen ari al gara? "Xakeaz idazten duten kazetariak behar ditugu, ala behar dugu xakelari bat blogari bihurtuta? Beharbada bigarrena behar dugu". Luistxoren arabera, garbi dago blogintzak eragina izango duela kazetaritzan. Aldaketak ekarriko dituela. Zer nolakoak? Berak ere ez daki, oraindik.

Blogari izan nahi?

Edu Mendibil Berrigara aldizkariko kazetaria da, eta duela egun gutxi bihurtu da blogari, Mathiasen kopilotua bitakorarekin. "Goiena gure enpresaren barruan aukera hori eskaini ziguten, eta ideia ona iruditu zitzaidan". Ezagutzen dituen blogariek ere animatu zuten, eta hala, otsailaren bukaeran ikastaro txiki bat egin zuen, beste lankide batzuekin. "Informatika kontuetan ez naiz inolako aditua, eta poliki-poliki bagoaz gauzak ikasten. Baina edozeinek egin dezake, samurra da blogari ibiltzea". Zein asmo duen bere blogarekin? "Noizean behin idaztea; entzuten, ikusten edo irakurtzen ditudan gauzak komentatzen ahaleginduko naiz. Zinema, kirolak eta literatura ditut gustuko, eta nagusiki gai horiei buruz idaztea da nire asmoa. Zenbat eta erantzun gehiago jaso, askoz hobe. Irakurleek ere lagundu dezakete kopilotu lanetan!".

  • Eibar.org elkartea. Elkartekideek bloga sortzeko bidea dute, baina kanpoko eskaerak ere aztertzen dituzte. www.eibar.org/blogak
  • Goiena.net elkartea. Sortu berria da, eta nahi duenari bloga sortzen laguntzen dio. www.goiena.net/blogak
  • Unibertsitatean. Irakasleek abian jarritako bi egitasmo: www.berriemaile.com eta Littera
  • Automatikoki. Interneten badaude tresna batzuk blog bat automatikoki sortzeko, hiru urratsetan. Halakorik euskaraz ez dago oraindik, baina erderaz moldatu daiteke bat. Adibidez, Blogger

BOST ADIBIDE

SUSTATU

  • Nolakoa: Kolektiboa. Profesionalendako albistegi euskalduna.
  • Blogaria: Iban Arantzabal, Filologoa, Goienako telematika arduraduna, Sustatuko editorea eta blog irakurlea ofizioz zein afizioz.
  • Edukia: Profesional euskaldunarendako albistegia da Sustatu. Ekonomiaren alor desberdinetan (irakaskuntza, industria, zerbitzuak...) lanean diharduten eta prestatzen ari diren gazteentzako zerbitzu bat. Helburu izan ditu: Informazioaren sorkuntza eta hedapena, alde batetik; profesional euskaldunen komunitatearen trinkotzea, bestetik.
  • Noiz sortu zen? 2001eko urrian. Lehen blog euskalduna. Ordutik hona eraldaketak ere izan ditu eta horretan beti asmatu dute Codesyntax enpresako lagun eta lankideek.
  • Zergatik? Euskaraz bakarrak ginen, baina ez sareko blog bakarra. Ez dugu ezer asmatu. Sustatu sortzen da euskarazko eguneroko egunkari batek dituen helburu antzerakoekin, baina 2005ean ohikoa den erremintaz eginda, weblog eran. Autoedizioak iraultza ekarri zuen laurogeita hamarretan eta ondoren aldizkariak ikusi zitezkeen nonahi, onak zein txarrak. Orain blogekin gauza bera gertatuko da. Egungo tresna hauxe erabiltzen dugu guk komunikatzeko.
  • Zer eman dio? Asko ikasi dut Internetez. Orain blogari diren askorekin dut harremana, eta hori ere oso aberasgarria da. Blog kolektiboa izateak lagundu du horretan.

Orain, blog pertsonalak datoz indartsu eta Goienan ere horren aldeko apustua egin dugu. Gurekin dozena bat blogari ari dira goiena.net-en. Batzuk on line dagoeneko, beste batzuk ateratzeko prest. Lan honek etengabeko ikaskuntza dakar berekin, eta hori gustuko dut.

SAREAN

  • Nolakoa: Euskarazko lehenengo bitakora pertsonala omen
  • Blogaria: Jabi Zabala, kazetari eta web editorea. Argazkilaritza ere gustuko dut, horregatik egin dut argazki bitakora. Komunikazioa maite dut, eta sareak ematen duen aukera mordoak liluratu nau 1997an honetan hasi nintzenetik.
  • Edukia: Prentsan argitaratutako nire kazetaritza testuez gain, edozein gairi buruzko albisteak, iruzkinak, elkarrizketak, iritziak eta paranoiak argitaratzen ditut
  • Noiz sortu zuen? Bitakora 2003ko martxoan iragarri nuen. Egunkaria itxi eta berehala hasi nintzen, buru-belarri, sarean. com prestatzen. Lehenago Interneti buruz idazten nuen Egunkarian eta baneukan inoiz testu horiek guztiak sarean bertan jartzeko asmoa, baina denborarik ez. Denbora eta motibazioa eman zizkidan Egunkariaren itxierak eta hilabete hori edizio sistema aukeratzen, instalatzen eta testu horiek guztiak banaka datatzen, sailkatzen eta sareratzen eman nuen.
  • Zer eman dio? Bada, komunikatzeko grina asetzea, denon onerako ekarpen xumea izango dela pentsatzea. Ordu asko kendu dizkit eta hogerleko batzuk ere bai, baina, Andu Lertxundik idatzi berri duenez, nire plaza sortzeko aukera eman dit, nire komunikabide pertsonala eta pertsonalizatua, neuk apaindua, nire gustura eta nire gustuko gaiak jorratzeko aukera, nahi beste luzatuz...

PATXITRAPERO

  • Nolakoa: Bitakora pertsonala
  • Blogaria: Anonimo izatera derrigortutako baten bloga. Zergatik ote? Afizioak: nagusiki, galderak egitea, kontzientziak zirikatzea, zirikatzea besterik gabe, eta emozioak konpartitzea, literatura, argazkilaritza eta umorearen bidez.
  • Edukia: Trapero moderno honen asmoa: goizero-goizero bezperan bildutako trapu zaharrak erakustea, kontu xelebreren bat edo gauza politen bat.
  • Noiz sortu zuen? 2004ko ekainaren 5ean sortu nuen lehendabiziko bloga, Begietatik), argazki eta testuez osatutakoa, eta horren ondoren jaio dira, Patxitrapero, azkenaldi honetan gehien betetzen ari naizena: orotariko lapikoa. Eta azkenik sortu dudan beste hau: Harrapatu) bloga. Haurrekin jolasteko proposamenak eta ideiak eskaintzen dituena.
  • Zergatik? Nik gozatzen badut, litekeena da beste batzuk ere gozatzea. Nola bada, niretako bakarrik gorde? Zer eskaini dio? Gauza asko: lagun berriak, emozioak, ikasgaiak... Eta bereziki, gauza aberats-aberats bat, Patxitraperok aurki bere blogean azalduko duena (barka bekit publizitatea).

LAGUN BATEK ESAN DIT…

  • Bloga: www.eibar.org/blogak/gabiria
  • Nolakoa: Pertsonala
  • Blogaria: Julen Gabiria, idazlea afizioz eta itzultzailea ofizioz. 32 urte.
  • Edukia: Blog honetan, batez ere, sorkuntza eta burutapenak idazten ditut. Sortu zenetik, bi hilabetez egunero-egunero idatzi izan dut zerbait bertan, baina orain lasaiago ari naiz, denbora dudanean idazten. Zenbait atal ditu: "Berbak" atalean, adibidez, Euskal Herriko prentsan topatzen ditudan kultura arloko deklarazio batzuk hartu eta aztertu, kritikatu... aletu egiten ditut. Beste atal emankor bat "Bertan Bilbo" da, seguruenik nire blogean jarraitzaile gehien dituen atala: Bilboko Zazpi Kaleetatik paseatu egiten dut, eta gero bertan idazten dut ikusi edo sentitu dudana. Badaude beste zenbait atal: "Lurrekoak" izenekoan jende arruntari begiratzen diot, eta egiten edo esaten dituzten gauza handiak jasotzen ditut. Nik nire begirada jartzen dut idazten ditudan gauzetan, baina gero jendeak barneratu egin behar du idatzitako hori: ez dakit asko esatea den, baina azenarioa jarri nahi nuke jendearen muturraren parean, jendeak beti eman dezan pauso bat aurrerantz, azenarioa harrapatu nahian.

Baina esaten dudan guztia ez da egia, ez da gezurra: nik ez dut argitu nahi egia edo gezurra den diodana. Blogaren izena da "Lagun batek esan dit lagun batek esan diola", kondaira urbanoa beraz: izan daiteke egia, izan daiteke gezurra, edo, soil-soilik, errealitatea.

  • Noiz sortu zen? 2005eko urtarrilaren 1ean, zapatisten moduan. Zergatik, nolatan? Luistxo Fernandezek oparitu zidan, sorpresaz. Nik inbidiaz jarraitzen nituen Xabier Mendiguren eta abarren ibilerak, baina ez nuen ezer ere esan. Pentsamendua irakurri balit bezala, Luistxok opari hori egin zidan.
  • Zer eman dio? Asko eman dit. Barruan ditudan kezka, hausnarketa, istorio asko kanporatzeko bidea. Eta, batez ere, jendearengana zuzen-zuzenean heltzeko bidea. Literaturarentzat sekulako ekarpena da hori, idazlea ohituta baitago bakarrik lan egiten, eta jendearen iritzia oso gutxitan heltzen zaio. Aldiz, blogarekin komunikazioa bat-batekoa da: blogaria ez da irakurlea baino gehiago, ze irakurleak erantzun egin dezake eta hutsaren pare utzi blogariaren jarduna. Blogaria irakurlearen maila berean dago, eta komunikazioa bizia eta erabatekoa da. Zer eman didan blogak? Zer ez didan eman!

IRATXEREN BITAKORA

  • Nolakoa: Pertsonala
  • Blogaria: Iratxe del Palacio, 19 urteko gernikarra. Informazio eta Komunikaziorako Zientziak ikasten ari naiz Leioako kanpusean.
  • Nola sortu zen? Bloga unibertsitaterako irakasgai baterako eginez hasi nintzen. Bertan, nahi zuenak klaseko ariketak sartzen zituen, eta apurka bere gauzekin bete.
  • Zergatik? Bloga izateak askatasuna ematen du, nahi duzuna idazteko, eta jendeak komentario bidez parte hartzeak erakusten du ez zarela horma bati idazten ari.
  • Zer eskaini dio? Espero dut nire bitakorak irautea eta denborarekin zerbaitetan espezializatzen joatea. Lanbide guztietarako osagai eta tresna egokia dela uste dut.

Euskarazko blogak:

Blogari euskaldunen topaketa

  • Lekua: Elgetako Espaloia Kafe Antzokia
  • Eguna: Apirilak 17, igandea
  • Ordua: 18:30ean
  • Nori zuzendua: Blogariei eta interesa dutenei
  • Informazio gehiago: Espaloia.com blogean
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004