Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Suizidak

Suizidak

Luistxo Fernandez 2005/03/12 09:15

Irutxuloko Hitza Donostiako hiri-egunkarian artikulugile hasi naiz haiek gonbidatuta. Baietz esan nien, eta neure artikuluei copyleft oharra jartzeko eskatu nien. 3 edo 4 astean behin tokatuko zait. Gaur argitaratu da lehena.

Suizidak


Errenteria 3D map

Duela urtebete kezka bat nuen buruan. Madrilen bizi den iloba ez zedila joan martxoaren 12rako Aznarrek Madrilerako deitu zuen manifestaziora. Bezperan, eta egun horretan bertan saiatu nintzen haren mugikorrera deitzen behin eta berriro hori esateko, baina ez nuen linearik lortu. Anaiak konfirmatu zidan, azkenean, baietz, berak hitz egin zuela eta alabak baieztatu ziola ez zela joango.

11tik bertatik Al Qaedako zoroen traza hartuta genion hari, diskurtso ofizialaren gaindi. Baina nik ez nekien Madrilgo gezurren artean, egiaz jabetzen ote ziren hiri hartan. Eta beldurra nuen ilobagatik. Suizidengatik. Harrezkero ere makina bat bider pentsatu dut. Trenetan arrakasta izugarria izan zutela hiltzaile haiek, baina gerora porrot estupidoa izan zela beraientzat Leganesko etxe batean hil behar izana. Manifestazioan lehertu izan balira, beste 200 eroango zituzten aurretik beharbada... Duela urtebete, nere ustez, horixe zen logikoa, errematea ematea manifestazioan trenetan hasitakoari.

Urtebete igaro da, eta ia egunero daude suizidak jendea hiltzen. Gehienetan Iraken. Bush eta Putinen politika zital eta terrorista lagungarri dute, duda barik. Boluntario horiek Europan ezartzeko logistika hobeto antolatzen dutenean, panorama eskasa inguruotan. Egun hori iritsiko da, eta ordurako akaso bat baino gehiago damutuko da beste auzi batzuk zintzilik utzi izana. Panorama horren aurrean, uste nuen euskal arazoa konpontzeko bultzada bat hartu behar zutela hemen inguruko batzuek, alde batekoek eta bestekoek. Baina ez. Hitz goxoak belodromoetan eta talantekerietan. Lehengoan gaude, ez dugu aurreratu.

Suiziden zain gaude. Tira, haiena, zehazki, martirioa da. Hemengoa bai, suizidio geldo bat: gatazka ez konpontzeko eman beharreko urratsak ari dira ematen, zehatz, inplikatutakoak. PPri ETA komeni zitzaion bezala, nago PSOE ere ondorio bertsura iritsi dela: egoera hau, eta ez beste bat, komeni zaiela. Eskolten negozioak emango ditu bere komisioak, botoetan Espainiaren batasun sakrosantua aktibo inportantea da Espainian, eta justiziaren manipulazioa zirko onuragarria zaie. Balantze tristea, urtemuga honetan.

Copyleft: Luistxo Fernandez, www.eibar.org/copyleft

Patxi
Patxi dio:
2005/03/12 18:30

Nik ere bildur berbera izan nuen. Beharbada Luis Buñuelen “el angel exterminador” pelikula oso gogoan daukadalako.

Madrilen, suizida haien porrota izan zan motxila guztiak ez lehertzea. Lehertu balira, Atotxa geltokiko sapaiak behera etorriko ziren, eta hildakoak, 200 ordez, 3.000 izango ziren.

Hala izan balitz, beharbada euskaldunok tanke artean biziko ginateke gaur. Ala bestela, tunelaren irteeratik, gaudena baino askoz gertuago.

Zergaitik gertuago? Zoritxarrez, gizarteak lurrikaren inpultsoz funtzionatzen duelako. Lurrikara bat gertatu behar da, gauzak konpontzen hasteko. (Miguel Angel Blanco – Lizarra Garazi) Iazko Madrilekoa, ez zan behar adinako tamainakoa izan.

Hemen ere oso gertu egon gera, lurrikara bat bizitzetik, behin baino gehiagotan. Gogoan daukat hilerri hartan, lorontziak lehertu balira. Eta ez ziren Al Qaedakoak izan.

Lurrikara berriak etorri bitartean, hor dauzkagu, gerta daitezkeen lurrikara berrien aurrean begietan benda bat dutenak alde batetik, eta bestetik, Zapatero (beste batzuren artean, hemengoak barne), zera esanez, liluratuta utzi ninduen zerbait:

“no se puede aspirar a la paz, en un mundo de injusticias”

Zapaterori zerbait gogoraraziz bezela, segidan bota zuen Kofi Annanek:

“no vale todo contra el terrorismo”

Eta egun horretan bertan, Kofi Annani arrazoia emanez, Zapateroren esanak kaka bihurtuz, Bilboko detenitu batek torturak salatu zituen (beste batzuk, gehiegi ikaratu dituzte, eta ez dituzte salatuko).

Nik, temoso temoso, zalantza berberarekin segitzen det oraindik: goizeko hiruretan esnatzen diren hoiek, egunak pasa ahala, nundik dauden gertuago: estadista hotzarengatik, ala ume duinarengandik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004