Da!
Sustatu weblogean atal berria ireki dugu. Interjekzio euskaldun baten izena jarri diogu: Da!
Honela definitzen du Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko hiztegiak: *intj. Zerbait bat-batean gertatzen duela (sic) adierazten duen hitza. Adib.: Don Manuel, Dotriñia preguntau saltanduan. Ez ekin saillian, e. Da! oiñ lelengua, oiñ erdikkua, oiñ atzenekua.*
Da! azkar baten bidez, web erreferentzia bat ziztu bizian komentatzeko asmoa dugu. Lotura bat eta komentario labur bat, hori da dena. Irakurleek gero erantzun bezate iruditzen zaiena.
Adibidez, oraintxe kargatu duguna. Eusko Legebiltzarrak presidente berria du, eta euskalduna da, Izaskun Bilbao.
Legebiltzarraren webgunean bertan aurkitu dugu Bilbaoren berri. Aipagarria, HIZKUNTZAK epigrafean dioena: Euskara, Frantsesa. Bi hizkuntza... Da!
Gipuzkoa DVko orrietan hasi eta amaitzen da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat
Babestu zuen ba, Diputazioak, blog lehiaketa negargarri bat Diario Vascon...
Gaur amorratuta segitzeko motiboekin jarraitzen dut. Apuntatuta nago e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Etorri da gaur, eta, konpentsatzeko-edo, berritasunetan lotura bat: Goiena.net ! Berritasuna, non eta urtebete pasa dabilenean ekimen hau sarean. Blog komunitatearekin ere, Eibar.org baino beranduago, baina euskaraz ederto, eta DV baino lehenago, eta klaro, protesta edo egingo zuten... eta hemen ordaina: HONEKIN BAKEA, esango zuren. BERRITASUNETAN lotura... Adar jotze mingarria iruditzen zait (aklarazioa: Goiena, neure enpresaren bezeroa da, CodeSyntax-ena).
Horrez gain, jardunaldi batzuen berri ematen zaigu. Ekain hasieran, gaia da e-gobernua eta hiritarren parte-hartzea
Eta hizlari nor? enpresa pribatuak, nik dakusadala, bi bakarrik: Europa Press eta Digital Vasca, DVren adarra. Tira, bakoitzak bere merituak ditu, eta guk eta Goienak, egin ditugun udal webekin, Gipuzkoako webgune administratibo erabilgarrienak eta erabilienak ditugu, eguneratze erraz eta ganorazkoena dutenak, eta, besteak beste, RSS eskaintzeko dezentzia duten bakarrak. Baina zein meritu dugu horiekin? Batere ez. Nola hartuko gaituzte kontuan, hemen Deba Bailaran, San Vicente de la Barqueraren parean... Horientzat Gipuzkoa hasten da DVko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.
Gu, teknologia eta Interneteko komunikazioa egiten dugun enpresa euskaldunak, ez gara inor. Horiek bai: Europa Press eta DV.
Europa Press herri-partaidetzaren inguruan egiten ari dena da diru lapurreta ikaragarri bat, zeinean Eusko Legebiltzarrak eta hainbat udalek dirua bota eta bota diharduten... Halako txorakeria bat egin zuten hauteskundeetan, denon poltsikotik pagatuta, eta udalez udal, lapurreta publiko berdinera doaz han eta hemen.
Tira, beude, ba, horretan. Agintari publikoak guk aukeratzen ditugu eta hala...
Baina DVko bat hizlari ikustea, herri administrazioez eta herri partaidetzaz, ba berriro sutan jarri nau horrek, ze hizlariak, ez dauka gezurra esateko lotsarik bere kurrikulumean, webgune ofizial horretan, Jardunaldien web ofizial horretan, kargatutako kurrikulumean:
...compañÃa que además de editar DIARIOVASCO.COM asesora a numerosos clientes de corte institucional. DIARIOVASCO.COM fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.
Blogetan haiek izan dira lehenak, beraz. Bale.
Tira. Jardunaldioetan izan ematea libre da, eta joan naiz orrira euskaraz bete ere datu-orri hori. Handik gutxira etorri zait erantzuna. Hizkuntza OFIZIAL bakarrean:
Su inscripción en las "III Jornadas Giupuzkoa en la Sociedad de la Información: e-gipuzkoa" se ha realizado correctamente.
Ondo. Adarjotze bat bestearen atzetik.
Batzuetan negargurea ematen du herri honetan teknologia egiteak, euskaraz egiteak.
Denda txinuak eta denda alemanak
Amatiñoren artikulu bat, Europak perestroika egin beharko duela Txinaren indar ekonomikoaren aurrean...
Gure herrixetako denda merkienak txinuak dira. Bazar hórrek. Todo a cien-ak baino merkiago. Baina, bueno, todoazienak be kategorixa berekuak dira, jenerua txinua, esan gura dot.
Baina, gero, txinuen ostian, ze denda klase dago zabaltzen merke merke? Alemanak.
Supermerkatuan, Lidl.
Elektronikan, famoso egin dira zentro komertzialetako Media Markt hórrek.
Eta drogerixetan, ez dakitt Eibarren dagoen, baiña geure auzuan (Antigua, Donostian) Schlechter izeneko gauza merke merke bat dago, eta beste herri batzuetan be ageri dira. Drogerixako gauzez aparte, umiendako papillak eta txakurren jana be badago. Edozein konpetentzian baiño merkiago dana. In Faradis drogerixetan baiño, zer esanik ez (lehen Denok ziran horrek, too basque for my body).
Orduan, ba bueno, akaso alemanak egin dabe perestroikaren bat edo, bestela, zein da esplikaziñua?
Gure mezuak 30 urte barru
Mezu ikaragarri batekin, astinduta utzi gintuen Elena Laka abokatu eibartarrak joan den astean. Oier bi urteko semetxoak minbizia du begian, eta osatzeko prozesua hasi dute. Interneten kontatu behar izan du Elenak, ezin gordeta barruan.
Beste eibarnauta batek, Mikel Iturriak, gaztelaniara itzuli du
Dio Iturriak bere sarreratxo sentituan: Oigo y leo por ahà que los bloggers somos unos exhibicionistas. Ni entro ni salgo, pero me quedo con este tipo de exhibicionismo, a pecho descubierto.
Interneten gauzak kontatze honek, egia da, exhibizionista ote garen galdetzera eroaten gaitu. Nik uste dut galdera horrek 30 urte barru izan dezakeela erantzuna.
Nik Eibartarrak zerrendara bidali nuen lehen mezua, Interneten dago, duela zazpi urteko gauza bat (Gmane-ren artxiboa). Bigarren mezua, nonbait, galdu egin da, baina hurrengo egunetako erantzunetan ageri da nirea, aipuen zeinu horiekin...
Kontrolatzen eta ezagutzen ez genuen teknologia batean idatzita geratu zen hura, Makelist izeneko enpresa baten makina pribatuetan. Baina zazpi urte geroago, Eibar.org elkarteak, bere kontrolpeko (gutxi gora-behera, gurutzatu ditzagun hatzamarrak) teknologiekin gordeta ditu mezu haiek, eta orain egunero sortzen ditugunak ere bai.
Hortaz, nik uste dut duela zazpi urtekoa Interneten badago, gaurkoa 30 urte barru ere egon daitekeela Interneten. Hemen akaso (beste artxibo bat, Gmanekoaz gain).
Eta 30 urte barru-edo, akaso aita izateko edade eta trantzean, Oierrek Elenaren mezu hori irakurriko du. Erantzungo digu orduan, Bai, exhibizionista batzuk zineten edo beharbada beste zerbait, okurritzen zaiona.
Mezu horrek zerbait balioko du orduan. E-postan eta zerrendetan, ingelesez aspaldi asmatua da my 2 cents esamoldea, esateko-edo, zeozer idazten eta bidaltzen inbertsio hori egin duzula, horixe kostatu zaizula, neure bi zentimoak. Akaso hori balio du gure mezu bakoitzak gaur. Baina 30 urte barru...
Coreblog euskaratua, berrikuntza nabarmenekin
Joan den ostiralean aurkeztu zuen nire lankide Mikel Larreategik Coreblog euskaratuaren bertsio berria. IEB 2005 Biltzarrean izan zen eta sarean dago aurkezpena
Coreblog euskaratu honen beste bertsio batzuk ere kaleratu izan ditugu lehenago, eta Eibar.org-eko blog hauetan ikus daitezke garapen haien adibideak.
Baina bertsio berriak berriak ezaugarri interesgarriak ditu. Bereziki hau:
- Kudeaketa eta edizio interfazeak ZMItik atera ditugu.
Edizio interfazea, blogari arruntarentzat, aterata dago guztiz ZMI-tik. Ez Zope ez gauza arrarorik: euskarazko kudeaketa orriak ditu erabiltzaileak eskura. Aldamenean duzue irudi bat ideia bat izan dezazuen.
Halaxe darabilte une honetan Goiena.net-eko blog komunitatean diharduten blogariek, Zope interfazearen arrastorik ikusi gabe.
Blog dotoreak ari dira sortzen tresna berriarekin, hala nola Zinema , Joxe Aranzabalen Faroa edo Goio Aranaren Superbai
Garapenaren beste ezaugarri batzuk:
- Data editagarria da. Sarrera baten data alda daiteke nahi erara edozein unetan.
- Irudi gehikuntza eta kudeaketa: mezuetan integratuta geratzen dira irudiak. Aukera hau, Jeff Hicks, Brady Davis eta Blogplot-eko lagunek garatu zuten eta geurean aprobetxatu dugu.
- Trackback eta erantzunen kontrola kudeaketa interfazean integraturik.
- Mikro-CMS bat, edukia kudeatzeko sistema bat, eduki finkoak izateko, eta fitxategi eta irudiak kargatzeko.
- CSS bidez ukitzen da diseinu osoa, eta erabiltzaileak zuzenean edita dezake.
Dena euskaratua. Espainolezko eta ingelesezko bertsioak prest, eta beste gizkuntza batzuetan lokalizatzeko aukera irekita.
Demo bat hemen eta produktua jaisteko eta instalatzeko, hemen gehiago
Mugarri torrealdaikoak
Duela egun batzuk, mahainguru batera gonbidatu ninduten. Euskal Blogosfera Gaur. Gero, jakina, blogean komentatu nuen bertan entzundakoak, eta mahainguruari torrealdaikoa iritzi nion. Jakina, izenburu horrekin...
Norbaiti grazia egin zion. Grazia du-eta. Torrealdaikoa. Izenlagun larri eta serioa ematen du. Teknoarkaikoaren eta uralo-altaikoaren artean, hor behar du, nonbait, torrealdaikoak.
80ko hamarkadan, Joan Mari Torrealdairen liburu mardula izan genuen, Euskal Idazleak Gaur. 90eko hamarkadan, liburu birmardula, Euskal Kultura Gaur. Eta 2000ko hamarkada honetan? lau txoro elkartu ginen, eta Euskal Blogosfera Gaur egin genuen mahai baten inguruan. Ez dute, ez ahalegin intelektualak, ezta aztertutako esparruaren pisuak, garrantzi bera. Gurea anekdota bat besterik ez da.
Josu Landari entzuna diot ekintza kultural baten oihartzun edo pisuak ez duela bere hedapen, espontsorizazio edo demografiarekin bat etorri behar derrigor. Aurrezki kutxa baten babesak, edo ehun mila laguneko audientziak izan gabe ere, afaloste batean, mahainguru galdu batean, botatako ideiak, piztutako eztabaidak edo kezkak, eragin handiagoa izan dezakeela herri baten garapen kulturalean.
Sinesten zaila dirudi Landaren susmo horrek. Baina geroak frogatuko du, beharbada, egia den ala ez.
Etorkizuneko arkeologoek, inguruotako hondarretan aztarnak azaleratzen dituztenean, aurkituko dituzte apika gure epoka markatzeko balioko duten materialak. Torrealdairen liburuak ezinbesteko erreferentzia izango dira, eta akaso deituko diote torrealdaikoa garai historiko-kulturalari, mugarri horiek ardatz bihurtuta... Kultura baten hezurdura osoa. Nork erreparatuko die, erraldoiari begira, femurraren ertz batean ageriko diren koxka milimetriko horiei?
Karraskariek ez zuten garrantzirik jurasikoan, edo kretazikoan, edo torrealdaikoan. Harik eta asteroideak jo arte. Orduan loratuko da blogosferaren promesa. Hamar urtez behin, gizon handi bat barik; hamar minutuz behin, sagu baten haginkada. Eta esango dute mikrougaztunek: euskal kultura gaur gu gara, eta blogean posteatu dugun azken okurrentzia... Bueno, beharbada bai, eta beharbada ez.
-------------------------
Irutxulo Hitzarako artikulua da hau. Gaurko eskatu zidaten, baina ez nago seguru noiz irtengo den paperean. Dedikatu nahi diet txorakeria hau blogista berriei, bereziki Edu Lartzanguren eta Edorta Aranari. Animo lagunak, ongi etorri karraskerien azpikulturara.
Irudien egiazkotasuna
Gaur komentatu dut Eibartarrak zerrendan Julen Gabiriak bere blogeko diseinu berrian, goiburuan, itsatsi duen argazkiarena, Robert Doisneauren argazki famatua, Hotel de Ville-ko musuarena.
Sentitzen dut, baina gezurra zen, eta Gabiriari eman diot erantzun bat. Gaur jakin dut, argazkiaren orijinala enkantean irtengo dela. Negatiboa edo orijinala, edo ez dakit, baina irudian musu ematen ageri den emakumea ei da jabea, eta 20.000 eurotan edo irten daiteke. BBCn zeozer honetaz
Argazki prestatua dela esatearekin, nonbait Gabiria literatoa ez da asko mindu, ze bera hor ibiltzen da igerian, fikzioaren eta errealitatearen artean, literaturan.
Baina pena eman omen zien nire errebelazioak nire lankide emakumezkoei, Zaloa eta Maite artistei. Benetako argazkia zela uste zuten, gaixoek...
Ai, ai, ai... neskak: zuek ere mundua engainatzera dedikatzen zarete barren! Argazki honekin, adibidez:
Blogarien bilkuran batek baino gehiagok galdetu omen zuen ea nola genuen lanean holako pantaila aluzinantea... Ba ez, gezurra da, eta gezur bikoitza: photoshopezko engainu bat da. Ze, benetako pantaila gardenaren kontua nik sinesten dut. Sinesten dut benetakoak direla Flickr-en agertzen diren pantaila gardenak, benetakoak, zentzu teknosexualean: argazkia atera, pantailako fondo gisa ezarri, eta beste argazki bat atera ordenagailuari.
Gure lanekoak, ezta hori ere. Photoshop. Maitek esaten dit Flickrekoak ere hala direla, photoshopekoak. Baina nik ez, nik sinisten dut, egiazkoagoak direla haiek... prestatua izan arren, Doisneauren musuan maitasun puntu bat zutela aktoreek sinesten dudan bezala. Baina Maite, Zaloa: Photoshpean ez dago maitasunik.
Eta beste baterako utziko dut Ikeako gure butakaren gaineko komentarioa.
Blogak, medioak eta politika lotuta geratu dira
Blogak eta politika lotuta egon ziren herenegun blogs and beers topaketan Elgetan: pantaila erraldoian blogak, moblogak eta emaitzak tartekatuz joan ziren. Baina fenomeno mediatiko orokorra da. Blogak, medioak eta politika lotu egin dira azken hauteskunde hauen kanpainan, eta hemendik aurrera hala jarraituko dute.
Alfonso Rojo El Mundokoa zena, bota zuten handik, eta egunkari digital amarillo batean jarri da orain, Periodista Digital. Blog_zone izeneko atal bat ireki zuten duela egun batzuk, eta apirilaren 18an, hara!, euskarazko bi blog ere erreferentziatzen zituzten bertan:
- Amatiñorena, Eibarko komunitatekoa
- Aintzane Ezenarrorena Diario Vascon.
Egunero aldatzen dute Blog_zone hori eta pantallazoak atera nituen, izan ere, gaurko desagertua da euskera bertatik.
Goiburuan jarri zuten Ibarretxeren bloga, eta Ibarretxeren ustezko artikulua, ez dira bereak, bere kanpainako bloga baizik, EAJ-EA koalizioarena, eta agerian jarri zuten artikulua Amatiñok idatzitako mezu baten itzulpena da.
Blogak, politika eta medioak nahastu dira kanpaina elektoral honetan. Deiak, Telecincok, DVk, El Paisek... blog mediatiko-politikoak atera dituzte azken 6 aste hauetan. Alderdi politikoek ez zuten RSSrik eta ez zuten blogeatzen, eta orain bai.
Euskarazko medioak, ez. Jarraipen klasikoa egin diete Berria, Argia eta EITB digitalek kanpainari, berrikuntza barik.
Honen guztiaren eragina zein ote den ez dakit. Akaso bisita asko-asko dituen blog batek, 1000 bisita izan ditzake egun batean... Eta aldiz, teleberriak miloi bat hauteslek ikusten dituzte gau horretan bertan. Eraginaren neurria hortxe dago. Baina, hala ere, medioez eta politikaz ezingo da jardun aurrerantzean konponente hau barik. Derrigorrezko bihurtuko da.
Blogs & Beers-eko argazki ofizialak: 21 blogista 21 menderako
Domekako Elgetako Espaloiko Blogs & Beers-eko argazki ofiziala... hurbildu ziren blogari guztietan hiru falta dira.
Bi eurak ere argazkia egiten egon zirelako (Igor Leturia eta Angel Bidaurrazaga), eta bestea joana zelako ordurako, Oier Gorosabel, Garagoittiko Orakulua. Baina beste irudi batean ere hirurak agertu ziren, eta denak gaude beraz.
Uste dut hiru horiek eta argazki ofizialeko 18ak direla guztira hurbildutakoak. 21 blogista elkartu ginen beraz.
Irudietan jendea identifikatzeko, hemen duzu Flickr-eko lotura parea: nagusia (18 lagun) eta beste hirurak.
Nik mezu honetara ekarri ditudanak, pantaila-kapturak dira. Flickr-en, flash-a baduzu, irudiaren gainetik saguarekin pasatu eta testu-kutxatilak irekitzen dira, informazioarekin. Inbento majoa. Oraindik ez dut Flickr konturik, sortu beharko dut neurea, akaso. Flash ez badaukazu, irudiak eta testu-komentarioen kontu hau ikusteko Firefox-erako dabilen aplikazio bat badago: Lickr
Argazki nagusian oraindik bloga probetan, ateratzekotan, duten pare bat ere badaude. Identifikatuko ditugu armairutik irtetean.
Eskerrik asko Elgeta
Eskerrik asko Iban, Espaloiari eta Elgetako herriari. Blogs and Beers ospatu genuen atzo han. Egitarau falta somatu zen? ez dakit, ez dut uste egitaraua behar duenik holako gauza batek, baina ikusiko dugu hurrengoan. Akaso Jabi Zabalaren txanda izango da Bilboko Kafe Antzokian deialdia egiteko.
Flipatuta geratu naiz zelan iritzi izan dioten kokapen txarra Elgetari ezjakin batzuek Sustatuko mezu honetan. Desagrabio bat merezi dau Elgetak. Bai horixe.
Ricardo Gomezen problema, autoan Elgetaraino etortzearena izan zitekeen... Baina bertan, ordenagailuak portatilak izanda, eta barra, agertoki eta toki zabal horiekin, ez luke mugikortasun arazorik izango. Nik uste dut egunen batean bisitatzeko aukera izaten duenean, inpresio ona hartuko duela tokiarekin Ricardok.
Tokiaz kexatu diren anonimoez gain, jakina, ez-blogari anonimoek holako zeozer antolatzeko zain bagaude, zaila daukagu. Badirudi horientzat Elgetak ez duela balio ezertarako: bizitzeko ere ez. Herri txiki bat horrela mesprezatzeko, holako kasherismo mentala izatea ere harritzekoa, benetan flipatuta geratu naiz Sustatuko mezu pare honekin.
Hari gabeko konexioarekik, ederto asko dago Elgeta mapan kokatua, eta Interneten ere, Espaloia edo Elgetako udala, edo Goiena.net-eko Elgetako atala ikusita, ea non duten holako informazio multzorik.
Elgeta herri deskonektatua, urrun eta galdua? anda ya! Elgeta, blogisten hiruburua.
e-Gor Leturiak telefonoarekin atera eta zuzenean webean argitaratu zuen irudi honetan azaltzen naiz, beer bat eskuetan, ezkerretan nago, I Love Bloglines kamisetarekin... ezin dute askok horretaz fardatu munduan, 200 bakarrik banatu ziren, eta jasotzaile guztien artean, Mark Fletcher Bloglineseko sortzaileak ez du guztien blogetan mezu pertsonalik utzi, ez pentsa...
Elkarketako beste une bat.
Espaloia, leku aproposa, benetan, holako baterako.