Mugarri torrealdaikoak
Duela egun batzuk, mahainguru batera gonbidatu ninduten. Euskal Blogosfera Gaur. Gero, jakina, blogean komentatu nuen bertan entzundakoak, eta mahainguruari torrealdaikoa iritzi nion. Jakina, izenburu horrekin...
Norbaiti grazia egin zion. Grazia du-eta. Torrealdaikoa. Izenlagun larri eta serioa ematen du. Teknoarkaikoaren eta uralo-altaikoaren artean, hor behar du, nonbait, torrealdaikoak.
80ko hamarkadan, Joan Mari Torrealdairen liburu mardula izan genuen, Euskal Idazleak Gaur. 90eko hamarkadan, liburu birmardula, Euskal Kultura Gaur. Eta 2000ko hamarkada honetan? lau txoro elkartu ginen, eta Euskal Blogosfera Gaur egin genuen mahai baten inguruan. Ez dute, ez ahalegin intelektualak, ezta aztertutako esparruaren pisuak, garrantzi bera. Gurea anekdota bat besterik ez da.
Josu Landari entzuna diot ekintza kultural baten oihartzun edo pisuak ez duela bere hedapen, espontsorizazio edo demografiarekin bat etorri behar derrigor. Aurrezki kutxa baten babesak, edo ehun mila laguneko audientziak izan gabe ere, afaloste batean, mahainguru galdu batean, botatako ideiak, piztutako eztabaidak edo kezkak, eragin handiagoa izan dezakeela herri baten garapen kulturalean.
Sinesten zaila dirudi Landaren susmo horrek. Baina geroak frogatuko du, beharbada, egia den ala ez.
Etorkizuneko arkeologoek, inguruotako hondarretan aztarnak azaleratzen dituztenean, aurkituko dituzte apika gure epoka markatzeko balioko duten materialak. Torrealdairen liburuak ezinbesteko erreferentzia izango dira, eta akaso deituko diote torrealdaikoa garai historiko-kulturalari, mugarri horiek ardatz bihurtuta... Kultura baten hezurdura osoa. Nork erreparatuko die, erraldoiari begira, femurraren ertz batean ageriko diren koxka milimetriko horiei?
Karraskariek ez zuten garrantzirik jurasikoan, edo kretazikoan, edo torrealdaikoan. Harik eta asteroideak jo arte. Orduan loratuko da blogosferaren promesa. Hamar urtez behin, gizon handi bat barik; hamar minutuz behin, sagu baten haginkada. Eta esango dute mikrougaztunek: euskal kultura gaur gu gara, eta blogean posteatu dugun azken okurrentzia... Bueno, beharbada bai, eta beharbada ez.
-------------------------
Irutxulo Hitzarako artikulua da hau. Gaurko eskatu zidaten, baina ez nago seguru noiz irtengo den paperean. Dedikatu nahi diet txorakeria hau blogista berriei, bereziki Edu Lartzanguren eta Edorta Aranari. Animo lagunak, ongi etorri karraskerien azpikulturara.