Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Informazio gehiago Tagzaniako puntu bakoitzaren inguruan

Luistxo Fernandez 2005/12/06 16:31

Ikusmira berria daukagu Tagzanian. Lehen puntu jakin bakoitzak interfaze bikoitza zuen: testu apur bat zuen batek, mapa handi bat erakusten zuen besteak, puntu bakar hori agertzen zelarik han.

Orain berritu egin da hori, eta puntu bakoitzean informazio gehiago erakusten dugu. Santutxuko AEK ageri da hemen, baina interfaze berrian inguruan zer duen ere ikusten da: inguruko punturik hurbilenak, eta etiketen eta erabiltzaileen araberako iragazkiak ere egin daitezke.

Erabiltzaile bakoitzak ez du normalean informazio askorik kargatzen puntu bakoitzarekin, baina hurbiltasun kalkuluekin, puntu bakoitzaren inguruan datu gehigarri interesgarri asko metatzen dira. Zenbat eta erabilpen handiagoa, informazio kontestuala askoz aberatsagoa izango da. Orain, munduan 8.200 puntu gehitu dituzte Tagzaniako erabiltzaileek. Gutxinaka doa kopuru hori gora. Baina dozenaka mila edo ehundaka mila punturekin, informazio geografiko pertsonal metatuak indar handia izango du.

AEK-ko zenbait erabiltzaile, bestalde, fin ibili dira beren euskaltegiak mapan agerrarazten...

Elkarrizketa Argian

Luistxo Fernandez 2005/12/02 13:18

Duela egun batzuk egin zidaten elkarrizketa argitaratu dute Argian. Blogen gainean dihardut, batik bat. Kursaalaren kanpoaldean atera zizkidan argazkiak Karlos Corbellak, eta e-postaz bat bidaltzeko eskatu nion, baina oraindik ez dit bidali...

Bilbon ezagututako blogari batzuk

Luistxo Fernandez 2005/12/01 09:07

Joan den domekako Blogs & Beers (BBBilbo) topaketan ezagutu nuen jende interesagarria.

  • Gorka Julio, alias Teketen, Elurnet enpresaren bidez blogak automatikoki sortzeko lehen tresna euskaldunaren sortzailea (joan den asteko albistea hau): Blogari.net
  • Aitor Mutilmedia, Debako mutil luze bat, Mutilmedia egiten dihardu beste hiru lagunekin.
  • Ainhoa Lesboom, orain arte lesboon.blogspot.com blog lesbiko elebidunaren egilea, orain badirudi, Blogari.net-i esker euskarazkoa independientea izango duela.
  • Josu Lezameta, Galdakaokoa, alias Josu Leza edo Jozulin: Eibarko gure azken blogistaren ezaguna.
  • Miguel Cuesta durangarra, alias Dirson: euskaraz hola-hola moldatzen da, eta bloga erderaz dauka, baina ez nolanahiko bloga, Espainiako top-5ean dago, edozein blogari euskaldunek daukan audientziatik gora gora.


Irudi hau Eneko Astigarragak atera zuen eta Creative Commons lizentzia batekin argitaratu Flickr-en. Gara egunkarian azken orrian argitaratu zuten argazki hau bera azaroaren 29an, baina ez zuten egiletzaren aitortza egin, ez zuten lizentzia errespetatu...

Etorkin arriskutsuak

Luistxo Fernandez 2005/11/26 08:45

Joan den astean ikusia, lanera bidean, autopistan Maltzaga inguruan. Kotxe bat geldirik bazterrean, eta ertzain batzuk afrikar batzuk katxeatzen. Hurrengo igandean, Berrian, albistea, disko eta arropa kopiatuekin harrapatu zituztela, S-ak egiten ibili ondoren, baita autopista erdiko mediana jo ere ibili arriskutsu horretan. Ohar bera azaldu zen beste toki batzuetan, eta informazioaren jatorria Herrizaingo Saila izan behar du, ze han beste lekukotzarik ez zegoen. Euskaraz ez dut aurkitu Berriako sareko artxiboetan, baina horra errelatoa EITBk kontatu bezala:

Agentes de la Ertzaintza detuvieron a primera hora de la tarde de ayer en Elgoibar a tres jóvenes, acusados de un delito contra la propiedad intelectual.

Los detenidos portaban alrededor de mil copias ilegales entre discos compactos y películas digitales. Asimismo, también potaban prendas textiles falsificadas.

Alrededor de la una de la tarde de ayer, viernes, una patrulla de la Ertzaintza que circulaba por la autopista A-8 de Durango hacia Donostia, se percató de la presencia de un vehículo que les precedía realizando continuos cambios de carril sin motivo justificado, llegando incluso a colisionar con la mediana.

Albistea irakurtzean pentsatu nuen ez dela justua pobrezian bizi den jende hau merkataritza merkea praktikatzeagatik zigortzea. Baina, gidatzeko modu hori ere, horrela autopistan ibiltzea, larria iruditzen zait, eta hobe gaude halako gidaririk gabe errepideetan.

Eta, hara zer diren gauzak, berriro azaldu zitzaizkidan afrikarrak, non eta eibartar baten blogean, Elena Laka abokatuarenean. Badirudi komisaldegian ofizioko abokatua egokitu zitzaiela, eta horra Elenaren kontakizuna, guztiz interesgarria (autoritateekin tratuetan, itzultzaile ganorazko bat aurkitu zuten hauek behintzat, woloferaz dakien Markinako bat).

Irakurtzen baduzue, nire erantzuna eta argudioa han ere aurkituko duzue: paperik gabeen pertsekuzioaren kontra nago, eta kopien salmenta ez zait delitua iruditzen. Baina gidari arriskutsuak, zirkulaziotik kanpo hobeto.

Harritzekoa, Elenaren erantzuna: Ertzaintzak ez zien alkoholemia testik egin afrikarrei, ezta gidatze arriskutsuagatik espedienterik ireki.

Ez dut ulertzen. Zer gertatu da hemen?

S-ak egiten bazihoazten autopistan, ez ote da hori larria? arriskutsuagoa ote kokodrilo faltsodun nikiak saltzea? eta, aldiz, alkoholemia eta espedienterik behar izan ez bazen, nondik irten da Herrizaingoaren ohar hori gezurrekin? Atxiloketaren motiboei indarra emateko, afrikarren arriskugarritasuna azpimarratzeko amarrua da? Etorkin disko-saltzaileak inork arriskutsutzat ez dituenean, beste era bateko beldurra sartu nahi digute etorkinekiko ohar horrekin?

Polizia ordaintzen dugu, baina, zein arriskutatik libra gaitzan?

Baten batek ez du lana ondo egin komisaldegian. Eta ez da izan ez wolof itzultzailea eta ezta abokatua ere.

Blog euskaldun batzuk aipatzekotan

Luistxo Fernandez 2005/11/24 17:33

Aste honetan entregatzea tokatu zaidan bestea, IVAP-HAEEren Administrazioa Euskaraz aldizkarirako artikulu bat. Blog euskaldunen errepaso bat eskatu zidaten. Ale batzuk aipatzea zen koxka, irizpide arbitrario edo/eta pertsonal batekin eta, ondorioz, beste asko aipatzeke lagatzea...

Enfin, bidali dut artikulua, eta aipatutako blogak hauek dira: Telezaborra | Etiope bat Martitzen | Sustatu | Kirolak | Superbai | Volgako Batelariak | Mahai jokoan | Argazkiyek | Tiraka Euskaldunen blogosfera txiki, interesgarri eta majoa

(...) Aurki.com feed edo jarioen agregatzaile eta biltegi automatikoak, 200 bat blog edo izango ditu, egunero arakatzen dituen ia 300 RSS iturrien artean. Denetarik daude, eta irakurle bakoitzak, berea aurkitzen jakin beharko du. Nik ez dut uste, bereziki, guru, idazle handi edo aditu errekonozituen blog batean, bereziki nabarmentzekoa denik ikasle gazte baten bikatora pertsonal xaloaren ondoan.

Sinetsia bainago, guztiz, blogosfera eta elitismoa antonimoak direla.

Baina, dena den, egin dezagun ale batzuen errepasoa, horretarako gonbitea jaso baitut Administrazioa Euskaraz aldizkaritik. Elitismo asmorik gabea: aipatu gabe uzten ditudanak merituz beteak izango baitira (tartean, nik ezagutzen ez ditudanak ere, jakina!: ez naiz orojakilea, eta ez ditut, inondik ere, blog euskaldun guztiak ezagutzen eta irakurtzen).

Telezaborra

Kronista anonimo bat, telebista eta kontsumo-gizartea erretratatzen maisua. Kaustikoa eta argia. Umorearen bidez kronika sozial zehatza 21. mendeko Euskal Herrian.

Etiope bat Martitzen

Katixa Agirren bloga. 24 urte bete berriak ditu neska honek. Sexua, konbentzio sozialak, hiri bateko bizitza modernoa, lehen pertsonan kontatzen ditu prosa gardenarekin. Irakurle fauna bitxia ere badu erantzunetan: adin ertaineko gizon ezkonduak, susmatzen dut, neu bezalako jendilajea.

Sustatu

Sustatu blog bat da. Lehen euskal bloga, bai. Akaso, webloga. Aurrizki horrekin hornituta, badirudi beste berba bat dela: blog edo bitakora kolektiboa adierazteko. Euskarazko Internet esparruaren erreferentzia, 2001eko udazkenetik sarean.

Kirolak

Ordiziako Jakintza ikastolan blog koadrila ederra dago. Irakasle batzuk hasi ziren, IKTeroak , eta ikasleak jarri dituzte haiek martxa bizian. Horien artean, 17 urteko baten batek egindako hau, kirol aktualitateari buruzkoa. Blog honen euskara mailak taliban baten kritika merezi izan zuen... Kasurik ez: animatu ditzagun gazteak, bai horixe!

Superbai

Goio Arana diseinatzaile arrasatearraren bloga. Diseinu grafikoaz jardungo balu bakarrik, orduan ere asko balioko blog honek. Baina hori baino gehiago da Superbai: begirada zorrotz bat, itxuretan eta irudietan, barruan dagoena ikusaraziko diguna.

Volgako Batelariak

Bost idazle, aldizkari batean papera gastatu beharrean, eskuz esku blog batean. Literatur kritika eta abarrak. Bereziki interesgarria, gordin eta sarkastikoagatik, Irakurri gabeko liburuen kritikak. Aurpegia behar da, gero.

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria kazetariaren bloga. Berria egunkaria blogintzan hastea notizia ona izan da 2005. urtearen bigarren zati honetan. Blogari sorta majoa hor (Anjel Lertxundi, tartean, adibidez). Nik gehien apreziatzen dudana Muruarena da: politikaren inguruko blog on bat. Paperean kabitzen ez zaizkionak ekartzen ditu maiz blogera, gainera. Akaso konturik interesgarrienak horiexek ez ote diren pentsatzen hasia nago...

Argazkiyek

Juan Joxe Agirre azpeitiarraren foto-bloga. Argazki ederrak, komentario labur batzuekin. Ez da askoz gehiago behar.

Tiraka

Administrazioa euskalduntzen, bai horixe. Barrutik, ausart, argi eta garbi azaltzen nor diren, zer nahi duten.

Isildu ditudanak, barka biezadate, promoziotik kanpo uzteagatik. Bloga idazten duenak ere izaten du kezka bat, ea zenbatek irakurtzen duten. Audientziaren obsesio hori duenari, lasai egoteko aholkatuko nioke. Etorkizunean, denok izango ditugu 15 harpidedun, esan zuen batek Andy Warholen esaldiari bira emanez. Bai, mikroaudientzia du blog bakoitzak, baina horrek, ondo erreparatuta, zera esan nahi du: munduan diren milioika blogen artean, hamabost lagunek, zeurea irakurtzea erabaki dutela apropos. Sekulako balio erantsia du horrek, erantzukizun pertsonal handia ere bai, nere ustez. Kalitateko audientzia, duzu, bai horixe: munduan bakana zara haientzat.

Blogosfera eta elitismoa

Luistxo Fernandez 2005/11/24 09:47

Blogs & Beers 2.0ra begira artikulu parea kargatuko dut Hilerrian. Entregatzea tokatu zait-eta, zutabea Irutxuloko Hitzan, eta blogosferaren gaineko errepaso bat Administrazioa Euskaraz aldizkarirako.

Dena den, nireak baino mamitsuago Andu Lertxundik gaur bere blogean argitara eman dituen tesiak hala nola Martin Luterok elizako atean itsatsi zituenak.

Jarraian, Hitzarako artikulua. Igandean, Bilboko Kafe Antzokian, gehiago. Blogosfera eta elitismoa

Eztabaida interesgarria dago euskal hedabideetan, baina ez da gurea esklusiboa, gaztelaniaz ere ikusten dut nik.

Blogosferarekiko mesfidantza berri bat nabari dut.

Gauza bat egiten zait deigarria niri. Orain arte, blogosferak edo Interneteko zorook izan dugun kritika nagusia zera izan da: elitismoa. Elite teknofilo edo teknokratiko bat garela, enteradillo bat izan beharra dagoela Interneteko saltsa hauetan ibiltzeko. Koxka bat gorago gaudela, jende arruntaren gainetik.

Orain, alderantzizko kritika ikusten dut noizbehinka. Zabarkeriaren ate guztiak daude irekita blogosferan: ez dago kalitate-kontrolik; txororik txoroenak, euskararik okerrenak, bermea du blogosferan (adibide argia, honena, IKTeroen ikasle baten blogean eta Teknosexuan azaldu zen troll talibanikoa). Eta hori ez da ona: esentzia zuzenak hedabide tradizionaletan hobeto gordetzen dira.

Bi akusazioak ezin dira egiazkoak izan. Edo elitista da blogosfera, edo denentzako irekia dagoen komuneko zuloa da. Bi gauzak batera, ezinezkoa da.

Nire iritzia argi dago: blogosfera elitismoaren antonimoa da. Nor bere lerro editorialaren jabe da, bakoitza bere mikroaudientziaren jabe, bere blog-sorta propioaren jarraitzaile, libre beste blog batzuetan erantzuteko, eta berak jasotzen dituen erantzunak nahi bezala baloratzeko. Bakoitza libre eta autosufizientea da bereak idazteko, eta bere irakurketen puzzlea osatzeko. Berdintsu jokatzen dute, alde horretatik, 17 urteko messenger-erabiltzaileak edo profesional adituak.

Horregatik, bigarren kritika berri hauek onuragarriak dira, bederen, elitismoa non dagoen argiago uzteko.

Duela gutxi, kazetari batek blogintzaren inguruko galdera batzuk zuzendu zizkidan: "Ez al ditugu blogak moda bat direlako sortzen? Badirudi bloga ez badaukat, ez naiz inor pentsatzen duela jendeak..."

Pentsakizun eta galdera guztiz arrotzak egiten zaizkit niri. Bloga ez duen jendea oso oso normala dela pentsatzen dut nik. Bloga dutenak bezain normala.

Orotariko Euskal Hiztegiaren paperizazioa

Luistxo Fernandez 2005/11/23 18:13

Berrian izenburu parea irakurri nuen joan den astean. OEH, Orotariko Euskal Hiztegia, aurkeztu zela bere edizio osoan, eta zera omen da hau: Euskaldunon hiztegi, "orotariko, orokor eta ororentzakoa".

Eta beste hau ere bai: Hurrengo urratsa, hiztegia digitalizatzea.

Ba ez, oro-oro-oro, baina gauza bat ez da hiztegi hau. Ez da ororena. Copyright zehatza daukate liburukiek:

  • © Euskaltzaindia
  • © Luis Michelena & Ibon Sarasola

Diru publikoak ordaindu duena, jabetza zehatza du, ez da publikoa. Sarasolari diodan errespetu guztiarekin, hau esan beharra dagoela uste dut. Bestalde, ezer partikularrik ez du honek: diru publikoekin sortzen diren edukiak pribatuak izaten dira Euskal Herrian.

Nik ez dut eskubiderik Sarasolaren lana hartu, eta, demagun, Z letrakoei errepasoa eman eta bertsio hobetua kaleratzeko. Ez nik, ezta Iñaki Segurolak ere.

Bestalde, lan honen digitalizazioarenak txistea dirudi. Lan hau digitala zen, eta paperizazioa da joan den astean aurkeztu zena. Artikulu honetan badaude kexa batzuk, lanak Interneten behar lukeela. Edorta Jimenezek ondo esan du: Sarean jartzen edo CD formatuan ateratzen ez badute, alferrik da. Liburuki batzuk erosi izan ditut, baina oso garestiak dira eta denak erosterik ez daukat. Amorragarria da lan hori egina dagoela jakin eta ezin erabili izatea. Bitartean, hobe ez balego. Neure buru osasunarentzat mesedegarriagoa litzateke ez egotea.

Edozein modutan, digitalizatuko da. Egongo da enkantea, irabaziko da kontratu hori, eta kobratuko da digitalizazioa. Ez pentsa, jakina, horrek hiztegi osoa saretik zeurera ekartzen lagunduko dizunik. Banaka-banakako termino bilaketa jarriko dizute, beti bezala. Izan ere, digitalak paperak bezainbesteko copyrighta izango du, eta hura kopiatzea ere debekatuta egongo da.

Gauzak ez dira derrigor horrela izan behar. Datubase digitala, bere horretan libre jarriko balute, eskubidez libre, eta bere osotasunean, diseinurik gabe esan dezagun, ez litzateke eurorik gastatu beharko digitalizazioa ordaintzen: nik uste honek, eta hark, eta besteak kopia digital bruto horren bertsio hobetuak laster asko plazaratuko zirela... Eskola aplikazioetan CDetan banatzeko, ez dakit zer bilatzaile osatzeko, iparraldeko modismoen datubasea sartzeko Eke.org-en. Jakintza handi hori biderkatzeko boluntariorik ez litzateke faltako, jakintza horri balio erantsia emateko jende kapaza egon badagoelako.

Leire Narbaiza eta Fernando Muniozguren, pentsazale zein euskalari

Luistxo Fernandez 2005/11/21 16:48

Gaur Leire Narbaizak eman du bere blogaren berri: Kalamuatik Txargainera

Joan den astean inauguratu zen beste eibartar batena, Fernando Muniozgurenena, izenburu zuzenekoa: Hau, hori ta bestia, joik buruakin postia

Bi blogistak, eibartarrak, euskaltzale eta pentsalari biak, pentsazale eta euskalari. Iazko hasierako inpultsotik hona, ez zen blogista eibartar berririk animatu Eibar.org-eko komunitatera etortzen.

Ongi etorri biok euskaldunon blogosferara.

Neure interesen lainoa

Luistxo Fernandez 2005/11/17 14:57

Microsiervoseko sarrera honetan ikusi dut tagroll zer den.

Del.icio.us faboritoen bilduma sozialean neuk bildu ditudanak, nola dauden laino batean.

Sustatuko Jamaika atalerako kargatu ditudanak, sustaturako etiketa edo tagarekin, haiek nagusi. Sustatuk ere badu bere laino propioa, eta Tagzanian ere badaude, erabiltzaileena eta etiketena, azken hauetan 400 alera mugatuta.

Erdaraz hitzaldia Bilboko Euskaldunan

Luistxo Fernandez 2005/11/16 13:24

Egin behar ez dena egin nuen atzo: erdaraz eman hitzaldia Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako gauza batean.

Lotsatuta nago. Eskatu zidatenean ez nuen pentsatu biltzar handi samar bat izango zela. Pentsatu nuen, jasotako eskaeragatik, kontsultoreen arteko bilera erdipribatua zela. Eta erdaraz prestatua eroan nuen.

Baina, tira, hori ere ez da aitzakia nahikoa. Ez daukat defentsarik.

Biltzarraren kritika bat Patxi Gaztelumendiren blogean: Eta nire aurkezpen erdalduna hemen.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004