Etorkin arriskutsuak
Joan den astean ikusia, lanera bidean, autopistan Maltzaga inguruan. Kotxe bat geldirik bazterrean, eta ertzain batzuk afrikar batzuk katxeatzen. Hurrengo igandean, Berrian, albistea, disko eta arropa kopiatuekin harrapatu zituztela, S-ak egiten ibili ondoren, baita autopista erdiko mediana jo ere ibili arriskutsu horretan. Ohar bera azaldu zen beste toki batzuetan, eta informazioaren jatorria Herrizaingo Saila izan behar du, ze han beste lekukotzarik ez zegoen. Euskaraz ez dut aurkitu Berriako sareko artxiboetan, baina horra errelatoa EITBk kontatu bezala:
Agentes de la Ertzaintza detuvieron a primera hora de la tarde de ayer en Elgoibar a tres jóvenes, acusados de un delito contra la propiedad intelectual.
Los detenidos portaban alrededor de mil copias ilegales entre discos compactos y pelÃculas digitales. Asimismo, también potaban prendas textiles falsificadas.
Alrededor de la una de la tarde de ayer, viernes, una patrulla de la Ertzaintza que circulaba por la autopista A-8 de Durango hacia Donostia, se percató de la presencia de un vehÃculo que les precedÃa realizando continuos cambios de carril sin motivo justificado, llegando incluso a colisionar con la mediana.
Albistea irakurtzean pentsatu nuen ez dela justua pobrezian bizi den jende hau merkataritza merkea praktikatzeagatik zigortzea. Baina, gidatzeko modu hori ere, horrela autopistan ibiltzea, larria iruditzen zait, eta hobe gaude halako gidaririk gabe errepideetan.
Eta, hara zer diren gauzak, berriro azaldu zitzaizkidan afrikarrak, non eta eibartar baten blogean, Elena Laka abokatuarenean. Badirudi komisaldegian ofizioko abokatua egokitu zitzaiela, eta horra Elenaren kontakizuna, guztiz interesgarria (autoritateekin tratuetan, itzultzaile ganorazko bat aurkitu zuten hauek behintzat, woloferaz dakien Markinako bat).
Irakurtzen baduzue, nire erantzuna eta argudioa han ere aurkituko duzue: paperik gabeen pertsekuzioaren kontra nago, eta kopien salmenta ez zait delitua iruditzen. Baina gidari arriskutsuak, zirkulaziotik kanpo hobeto.
Harritzekoa, Elenaren erantzuna: Ertzaintzak ez zien alkoholemia testik egin afrikarrei, ezta gidatze arriskutsuagatik espedienterik ireki.
Ez dut ulertzen. Zer gertatu da hemen?
S-ak egiten bazihoazten autopistan, ez ote da hori larria? arriskutsuagoa ote kokodrilo faltsodun nikiak saltzea? eta, aldiz, alkoholemia eta espedienterik behar izan ez bazen, nondik irten da Herrizaingoaren ohar hori gezurrekin? Atxiloketaren motiboei indarra emateko, afrikarren arriskugarritasuna azpimarratzeko amarrua da? Etorkin disko-saltzaileak inork arriskutsutzat ez dituenean, beste era bateko beldurra sartu nahi digute etorkinekiko ohar horrekin?
Polizia ordaintzen dugu, baina, zein arriskutatik libra gaitzan?
Baten batek ez du lana ondo egin komisaldegian. Eta ez da izan ez wolof itzultzailea eta ezta abokatua ere.