Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Blogosfera eta elitismoa

Blogosfera eta elitismoa

Luistxo Fernandez 2005/11/24 09:47

Blogs & Beers 2.0ra begira artikulu parea kargatuko dut Hilerrian. Entregatzea tokatu zait-eta, zutabea Irutxuloko Hitzan, eta blogosferaren gaineko errepaso bat Administrazioa Euskaraz aldizkarirako.

Dena den, nireak baino mamitsuago Andu Lertxundik gaur bere blogean argitara eman dituen tesiak hala nola Martin Luterok elizako atean itsatsi zituenak.

Jarraian, Hitzarako artikulua. Igandean, Bilboko Kafe Antzokian, gehiago. Blogosfera eta elitismoa

Eztabaida interesgarria dago euskal hedabideetan, baina ez da gurea esklusiboa, gaztelaniaz ere ikusten dut nik.

Blogosferarekiko mesfidantza berri bat nabari dut.

Gauza bat egiten zait deigarria niri. Orain arte, blogosferak edo Interneteko zorook izan dugun kritika nagusia zera izan da: elitismoa. Elite teknofilo edo teknokratiko bat garela, enteradillo bat izan beharra dagoela Interneteko saltsa hauetan ibiltzeko. Koxka bat gorago gaudela, jende arruntaren gainetik.

Orain, alderantzizko kritika ikusten dut noizbehinka. Zabarkeriaren ate guztiak daude irekita blogosferan: ez dago kalitate-kontrolik; txororik txoroenak, euskararik okerrenak, bermea du blogosferan (adibide argia, honena, IKTeroen ikasle baten blogean eta Teknosexuan azaldu zen troll talibanikoa). Eta hori ez da ona: esentzia zuzenak hedabide tradizionaletan hobeto gordetzen dira.

Bi akusazioak ezin dira egiazkoak izan. Edo elitista da blogosfera, edo denentzako irekia dagoen komuneko zuloa da. Bi gauzak batera, ezinezkoa da.

Nire iritzia argi dago: blogosfera elitismoaren antonimoa da. Nor bere lerro editorialaren jabe da, bakoitza bere mikroaudientziaren jabe, bere blog-sorta propioaren jarraitzaile, libre beste blog batzuetan erantzuteko, eta berak jasotzen dituen erantzunak nahi bezala baloratzeko. Bakoitza libre eta autosufizientea da bereak idazteko, eta bere irakurketen puzzlea osatzeko. Berdintsu jokatzen dute, alde horretatik, 17 urteko messenger-erabiltzaileak edo profesional adituak.

Horregatik, bigarren kritika berri hauek onuragarriak dira, bederen, elitismoa non dagoen argiago uzteko.

Duela gutxi, kazetari batek blogintzaren inguruko galdera batzuk zuzendu zizkidan: "Ez al ditugu blogak moda bat direlako sortzen? Badirudi bloga ez badaukat, ez naiz inor pentsatzen duela jendeak..."

Pentsakizun eta galdera guztiz arrotzak egiten zaizkit niri. Bloga ez duen jendea oso oso normala dela pentsatzen dut nik. Bloga dutenak bezain normala.

jolaus
jolaus dio:
2005/11/24 17:50

Agian neu izango naiz blogarien artean arraroena edo, baina nik blogak oso ikuspuntu desberdinetik ikusten ditut.

Niretzat blog bat lan-tresna bat da, nagusiki. Alde batetik, nire lankideekin eta irakaskuntza munduko beste kideekin informazioa elkartrukatzeko ezagutzen dudan tresnarik interesgarriena dela iruditzen zait. Irakasleen artean informazioaren eta esperientzia pertsonalen hartu-emana bermatzeko ezin hobea da; irakasle blogari gehiago falta direla uste dut.

Eta ikasleekin, zer esango dizuet: ikustea besterik ez duzue nire ikasleak, egondako iskanbilaren ondoren, egin dituen hobekuntzak. Asko falta zaio oraindik baina ortografia gutxienez gehiago zaintzen du. Ez da gutxi!. Ziurrenik laister atzerriko ikasleekin antzeko proiektu bati ekingo diogu. Gure kasuan lema zera izango da: "Blogetan ongi, kalean ere ongi"

Beraz, elitismoa, snobismo... ez dakit, nik behintzat ez dut nire burua "ismo" guzti horien atzean ikusten.

ziztazale
ziztazale dio:
2005/11/24 13:44

Bloga ez daukatenak izango ez dira, bada, normalak? normala ez izatekotan, horiek gu ginateke.

Dena den, ados nago ez daukala elitearekin zerikusirik. Interneteko erabiltzaileekin dauka zerikusia, eta erabiltzaileek ez dute eliterik osatzen.

Hizkuntzaren erabilerak, nire ustetan, garrantzia dauka. Baina blogen erabilera hedatzen den heinean, kaleko hizkera gero eta gehiago sartuko da, horregatik, hizkuntza nola erabiltzen den kalean, hala erabiliko da blogetan. Kalean ongi, ondorioz blogetan ere ongi. Ala ez?

Ondo segi. Ziztazale.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004