Blog euskaldun batzuk aipatzekotan
Aste honetan entregatzea tokatu zaidan bestea, IVAP-HAEEren Administrazioa Euskaraz aldizkarirako artikulu bat. Blog euskaldunen errepaso bat eskatu zidaten. Ale batzuk aipatzea zen koxka, irizpide arbitrario edo/eta pertsonal batekin eta, ondorioz, beste asko aipatzeke lagatzea...
Enfin, bidali dut artikulua, eta aipatutako blogak hauek dira: Telezaborra | Etiope bat Martitzen | Sustatu | Kirolak | Superbai | Volgako Batelariak | Mahai jokoan | Argazkiyek | Tiraka Euskaldunen blogosfera txiki, interesgarri eta majoa
(...) Aurki.com feed edo jarioen agregatzaile eta biltegi automatikoak, 200 bat blog edo izango ditu, egunero arakatzen dituen ia 300 RSS iturrien artean. Denetarik daude, eta irakurle bakoitzak, berea aurkitzen jakin beharko du. Nik ez dut uste, bereziki, guru, idazle handi edo aditu errekonozituen blog batean, bereziki nabarmentzekoa denik ikasle gazte baten bikatora pertsonal xaloaren ondoan.
Sinetsia bainago, guztiz, blogosfera eta elitismoa antonimoak direla.
Baina, dena den, egin dezagun ale batzuen errepasoa, horretarako gonbitea jaso baitut Administrazioa Euskaraz aldizkaritik. Elitismo asmorik gabea: aipatu gabe uzten ditudanak merituz beteak izango baitira (tartean, nik ezagutzen ez ditudanak ere, jakina!: ez naiz orojakilea, eta ez ditut, inondik ere, blog euskaldun guztiak ezagutzen eta irakurtzen).
Telezaborra
Kronista anonimo bat, telebista eta kontsumo-gizartea erretratatzen maisua. Kaustikoa eta argia. Umorearen bidez kronika sozial zehatza 21. mendeko Euskal Herrian.
Etiope bat Martitzen
Katixa Agirren bloga. 24 urte bete berriak ditu neska honek. Sexua, konbentzio sozialak, hiri bateko bizitza modernoa, lehen pertsonan kontatzen ditu prosa gardenarekin. Irakurle fauna bitxia ere badu erantzunetan: adin ertaineko gizon ezkonduak, susmatzen dut, neu bezalako jendilajea.
Sustatu
Sustatu blog bat da. Lehen euskal bloga, bai. Akaso, webloga. Aurrizki horrekin hornituta, badirudi beste berba bat dela: blog edo bitakora kolektiboa adierazteko. Euskarazko Internet esparruaren erreferentzia, 2001eko udazkenetik sarean.
Kirolak
Ordiziako Jakintza ikastolan blog koadrila ederra dago. Irakasle batzuk hasi ziren, IKTeroak , eta ikasleak jarri dituzte haiek martxa bizian. Horien artean, 17 urteko baten batek egindako hau, kirol aktualitateari buruzkoa. Blog honen euskara mailak taliban baten kritika merezi izan zuen... Kasurik ez: animatu ditzagun gazteak, bai horixe!
Superbai
Goio Arana diseinatzaile arrasatearraren bloga. Diseinu grafikoaz jardungo balu bakarrik, orduan ere asko balioko blog honek. Baina hori baino gehiago da Superbai: begirada zorrotz bat, itxuretan eta irudietan, barruan dagoena ikusaraziko diguna.
Volgako Batelariak
Bost idazle, aldizkari batean papera gastatu beharrean, eskuz esku blog batean. Literatur kritika eta abarrak. Bereziki interesgarria, gordin eta sarkastikoagatik, Irakurri gabeko liburuen kritikak. Aurpegia behar da, gero.
Mahai jokoan
Imanol Murua Uria kazetariaren bloga. Berria egunkaria blogintzan hastea notizia ona izan da 2005. urtearen bigarren zati honetan. Blogari sorta majoa hor (Anjel Lertxundi, tartean, adibidez). Nik gehien apreziatzen dudana Muruarena da: politikaren inguruko blog on bat. Paperean kabitzen ez zaizkionak ekartzen ditu maiz blogera, gainera. Akaso konturik interesgarrienak horiexek ez ote diren pentsatzen hasia nago...
Argazkiyek
Juan Joxe Agirre azpeitiarraren foto-bloga. Argazki ederrak, komentario labur batzuekin. Ez da askoz gehiago behar.
Tiraka
Administrazioa euskalduntzen, bai horixe. Barrutik, ausart, argi eta garbi azaltzen nor diren, zer nahi duten.
Isildu ditudanak, barka biezadate, promoziotik kanpo uzteagatik. Bloga idazten duenak ere izaten du kezka bat, ea zenbatek irakurtzen duten. Audientziaren obsesio hori duenari, lasai egoteko aholkatuko nioke. Etorkizunean, denok izango ditugu 15 harpidedun, esan zuen batek Andy Warholen esaldiari bira emanez. Bai, mikroaudientzia du blog bakoitzak, baina horrek, ondo erreparatuta, zera esan nahi du: munduan diren milioika blogen artean, hamabost lagunek, zeurea irakurtzea erabaki dutela apropos. Sekulako balio erantsia du horrek, erantzukizun pertsonal handia ere bai, nere ustez. Kalitateko audientzia, duzu, bai horixe: munduan bakana zara haientzat.
Sari bat jasotzean zer esan ez dakienak esan ohi duena esango diat, Luix: aipamen honek blogean jolasean jarraitzeko animoa ematen zidak... Dena dela, antologian Ingelesen Hilerria sartzea ahaztu zaik.