Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Orotariko Euskal Hiztegiaren paperizazioa

Orotariko Euskal Hiztegiaren paperizazioa

Luistxo Fernandez 2005/11/23 18:13

Berrian izenburu parea irakurri nuen joan den astean. OEH, Orotariko Euskal Hiztegia, aurkeztu zela bere edizio osoan, eta zera omen da hau: Euskaldunon hiztegi, "orotariko, orokor eta ororentzakoa".

Eta beste hau ere bai: Hurrengo urratsa, hiztegia digitalizatzea.

Ba ez, oro-oro-oro, baina gauza bat ez da hiztegi hau. Ez da ororena. Copyright zehatza daukate liburukiek:

  • © Euskaltzaindia
  • © Luis Michelena & Ibon Sarasola

Diru publikoak ordaindu duena, jabetza zehatza du, ez da publikoa. Sarasolari diodan errespetu guztiarekin, hau esan beharra dagoela uste dut. Bestalde, ezer partikularrik ez du honek: diru publikoekin sortzen diren edukiak pribatuak izaten dira Euskal Herrian.

Nik ez dut eskubiderik Sarasolaren lana hartu, eta, demagun, Z letrakoei errepasoa eman eta bertsio hobetua kaleratzeko. Ez nik, ezta Iñaki Segurolak ere.

Bestalde, lan honen digitalizazioarenak txistea dirudi. Lan hau digitala zen, eta paperizazioa da joan den astean aurkeztu zena. Artikulu honetan badaude kexa batzuk, lanak Interneten behar lukeela. Edorta Jimenezek ondo esan du: Sarean jartzen edo CD formatuan ateratzen ez badute, alferrik da. Liburuki batzuk erosi izan ditut, baina oso garestiak dira eta denak erosterik ez daukat. Amorragarria da lan hori egina dagoela jakin eta ezin erabili izatea. Bitartean, hobe ez balego. Neure buru osasunarentzat mesedegarriagoa litzateke ez egotea.

Edozein modutan, digitalizatuko da. Egongo da enkantea, irabaziko da kontratu hori, eta kobratuko da digitalizazioa. Ez pentsa, jakina, horrek hiztegi osoa saretik zeurera ekartzen lagunduko dizunik. Banaka-banakako termino bilaketa jarriko dizute, beti bezala. Izan ere, digitalak paperak bezainbesteko copyrighta izango du, eta hura kopiatzea ere debekatuta egongo da.

Gauzak ez dira derrigor horrela izan behar. Datubase digitala, bere horretan libre jarriko balute, eskubidez libre, eta bere osotasunean, diseinurik gabe esan dezagun, ez litzateke eurorik gastatu beharko digitalizazioa ordaintzen: nik uste honek, eta hark, eta besteak kopia digital bruto horren bertsio hobetuak laster asko plazaratuko zirela... Eskola aplikazioetan CDetan banatzeko, ez dakit zer bilatzaile osatzeko, iparraldeko modismoen datubasea sartzeko Eke.org-en. Jakintza handi hori biderkatzeko boluntariorik ez litzateke faltako, jakintza horri balio erantsia emateko jende kapaza egon badagoelako.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/11/24 14:21

Gustuko dut libre uztearen filosofia hori, baina ez dakit kasu honetan balio duen datu basea libre lagatzeak. Edo bai, balio du, baina ez horrenbeste originala garatzeko.

Gura nuke hiztegi bat eta "kontrolatua". Hau da, hortik zatiak hartu eta norberak gura duena egitea ondo, baina hori izatea gero originala... gura nuke originala bat eta bakarra izatea. Hori bai, sarean egon behar luke originalak eta hobetzen joan, berriz ere papaerako makro-bertsio bati itxaroten egon barik.

Hau da, ©ontroladore lanaren "c"-a behar luke Sarasolarenak ©opyright-arena baino. Librea behar du edukiak, baina kontrolatua.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/11/24 14:49

Kontroladore lanean, Sarasola. Eta Arantzabal ere bai, eta Pepetxu Txirtxilla. Edozein. Denak.

Lan deribatu bakoitza bere sinadurarekin, dagozkion aitortzekin, balio erantsiarekin (edo balio debaluatuarekin, okerrera badoa egindakoa), balio erantsiari jarri nahi zaion prezio komertzialarekin...

Eta horri, erabilgarritasuna edo sinesgarritasuna, zeuk emango diozu, sinaduraren arabera, edo nabaritzen duzun balio aldaketaren arabera. Eta neuk ere emango diot, akaso zure parametro berberangatik, edo beste batzuengatik.

Jabi
Jabi dio:
2005/11/24 15:18

A ze sustoa hartu nuen lehengoan Berriaren azalean "Hurrengo lana hiztegia digitalizatzea izango da" irakurri nuenean. Momentuan pentsatu nuen "a, baina ez zegoen digitalizatuta? Akaso Olivetti batean idatzi dute eta tipografoek liburuak moldatu?" "Digitalizatzea" kasu honetan edizio elektronikorako moldatzeari esaten zion kazetariak, eskerrak!

Eta libre jartzearen horretan, Luistxo, erabat ados zurekin. Aspaldian erabili ohi duzun adibideetakoa da, gainera, hiztegiarena, gaur egun hain ebidentea... Libre, moldagarria... Euskaltzaindiari dagokio bertsio originala, kontrolatua argitara ematea, datu base librea edonork moldatzeko moduan, eta aldiro-aldiro datu base libre horren bertsio eguneratuak argitaratzea, jendeak, softwarearen API libreekin egin ohi den bezala egin dezan bere moldaketa aurkezpenari dagokionez.

Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/11/24 18:05

Guztiz ados zurekin, Luistxo! Digitalizazio mugatua eginda, Euskaltzaindiak mugak ezarriko dizkio lan horren garapenari: ez berak garatu, ez eta besteri utzi hura garatzen, horixe egingo du.

Tamalgarria, kontuan hartuta lan hori denon diruarekin ordaindu dela, eta gaur egungo teknologiak ahalbidetzen duela beste modu batean digitalizatzea.

Josu Landa
Josu Landa dio:
2005/11/24 21:55

Egia esan, nazkatu samarra nago copyright-a dela eta esan ohi diren hainbat erdi-egia edo dena delakoekin. Ni copyrightak ez nau asebetetzen, baina copyleftak ere ez. Ni domeinu eta erabilera publikoaren alde nago, eta copylefta aski urrun dago horretatik. Hori da nire iritzia, baina utz dezagun hori beste baterako. Luistxok planteatutako gaiari heldu nahi diot, eta batez ere gaia planteatzetzeko moduari, ezen politikoki polita den abiapuntu bat (copylefta) baliatuz, eztabaidagarri diren beste kontu asko ere erdi-planteatzen ditu eta. Nik ez nuke inolako eskubiderik behar, hala egin nahi banu, Orotariko Hiztegiaren Z letra hartu, errepasoa eman eta bertsio hobetua kaleratzeko. Benetan. Jabegoak jabego. Euskaltzaindiak/Mitxelenak/Sarasolak epaitegira eramango ote nindukete? Ez dut uste. Horrelakoak gara lapurrak. Beste kontu bat da, neuk haiekin berba egin barik, euren kontura negozioa egin gurako banu. Amarru onartezina iruditzen zait Luistxok adibide bezala aipatzea, material horrekin "iparraldeko modismoen datubasea" sar litekeela www.eke.org webgunean. Ez dakienarentzat, webgune hori Luistxoren enpresak garatua da. Bertako "Legezko informazioak" atalean halaxe diote: euskarri numerikoko erreprodukzioa "baimenduta" dagoela, baina beti ere "eskubide erreserbatuak" aipamena argiki ageri bada. Alegia, ondo ulertu badut: libre utz ezazue, ez jendeak nahi duen bezala erabili dezan, baizik eta, batez ere, neuk horren kontura negozioa egin eta emaitza horren gaineko "eskubide erreserbatuak" gorde ahal izan ditzadan. Zinez, ez dut ulertzen batzuek copyleft horretaz zer ulertzen duten. Baina ez da hori bakarrik. Iaz "Euskal lokuzioak sarean" delakoa ipini genuen sarean. Orduan, guk lokuzio horien guztien datubasea libre eta bere osotasunean eman genuen ("diseinurik gabe", Luistxoren berbetan). Tira. Bada, Luistxok, horren aurrean, lizentziaren ezinbestekotasunarekin debatea sortu zuen Sustatun. Alegia, berak "Eibarko esamolde batzuekin batera 1000 aleko edizio bat egiteko" eskubidea ote zeukan jakin nahi zuen. Jakina, urtebete terdiren buruan Eibarko esamolde horien zain jarraitzen dugu Intza proiektuan. Orotarikoari gehitzekoak ei liratekeen "iparraldeko modismoen" esperoan ere beste hainbeste denbora egon gaitezkeen neurri berean. Ez diot nik Euskaltzaindiari aurpegia zurituko. Euren edukiekiko jarrera publiko aldetik, zurrunenetarik izan ohi da. Baina... duela gutxi Luistxoren enpresak Mokoroaren "Ortik eta emendik" sareratu du www.hiru.com webgunean. Ez dut han topatu datubaserik libre, "diseinurik gabe". Zertara dator, nork eta Luistxok berak Orotarikoari buruz hauxe esatea: "Edozein modutan, digitalizatuko da. Egongo da enkantea, irabaziko da kontratu hori, eta kobratuko da digitalizazioa. Ez pentsa, jakina, horrek hiztegi osoa saretik zeurera ekartzen lagunduko dizunik. Banaka-banakako termino bilaketa jarriko dizute, beti bezala". Ohar autobiografikoa ote da? Euskalterm-en sartu naiz, Elhuyarren hiztegian, 3000an, Morrisenean... guztiak berdin. Eta horietako bakar batean ere ez dago copyright-aren ikurrik. Eta? Zer ondorio dakar ikur madarikatu hori egoteak? Aitor dut: Ibon Sarasola laguna dut, eta "Ereduzko prosa gaur" egitasmoan lankide. Ez nuke haren aurpegia zuritu nahi ere, baina hala balitz, bego. Dakidan gauzetakoa hauxe da: armiarma.com-eko egitasmoetan, soilik bere copyrightpeko izan diren gauza guztietan haren baimen osoa izan dugula beti. Zein da arazoa, beraz? Non da gakoa?

Luistxo
Luistxo dio:
2005/11/24 23:54

Mokoroaren adibidearekin, guztiz azertatzen duzu, Josu, bai horixe. Horrez gain, gakoa lizentzietan eta eskubideetan dagoela sinesten dut, eta ez dut uste copylefta entelekia bat denik.

EKEn eta Hiru.com-en azpiegitura jartzen du CodeSyntax-ek: edukiak eta haien gaineko eskubideak EKE eta Hezkuntza Sailaren ardura dira, jakina. Esaldi hau diozunean, Josu ("Zinez, ez dut ulertzen batzuek copyleft horretaz zer ulertzen duten"), iruditu zait EKEren legezko oharraz ari zarela (oker banago, zuzendu mesedez). Ohar hori ez da, inondik ere, copyleft ohar bat. Eta Luistxorekin eta Luistxoren enpresarekin batere zerikusirik ez du testu horrek. Ohar hori EKErena da: baina, zuri copyleft oharra iruditu zaizu? horixe ez dut ondo ulertu.

Nik pertsonalki, neure eduki baliogabeak besterik ezin ditut lizentziatu copyleftarekin. Jende eta erakunde gehiagok berdina egingo balu, ona izango zela uste dut. OEH librea balitz, Mokoroa librea balitz, Hiru.com-eko eduki guztiak libreak balira.

Ondo egin duzu adibideak ekartzen.

Josu Landa
Josu Landa dio:
2005/11/25 05:52

Joder, Luistxo: ematen dik neuk neure kasa asmatu dudala EKEren adibidea. Gogorarazten diat heure esaldi puska entresakatua: "ez litzateke eurorik gastatu beharko digitalizazioa ordaintzen [...] iparraldeko modismoen datubasea sartzeko Eke.org-en. Jakintza handi hori biderkatzeko boluntariorik ez litzateke faltako". Heure berbak dituk horietxek. Eta esaldi hori, barka ezak hain gordin esatea, gezurra duk. Gezurra duk euroena eta gezurra duk boluntarioena. Bazekiagu gurearen neurria. Eta nik copyleftarekin inziditu gura izan diat, arrazoi oso sinple batengatik: heuk copyrighta aitzakia hartuta hainbat arrazoibide amarrudun egin ditualako heurean. Arazoa ez dituk "eskubide erreserbatuak" (©), beste bat baizik: negozioa. Inpresioa hartu diat heuk horretan hiharduela, heure negozioa saldu guran. Oker banengoen, barka ezak. Izan ere, ni ere banaiz negozio horrexetako onudarun, baina gauzak diren bezala aurkeztea komeni delakoan. Ezin zioagu jendeari esan "hauek bahitu egiten ditek", eta aldi berean geronen bahiketa partikularrei etekin ekonomikoa ateratzen saiatu. (Bidenabar, copylefta AEBetan asmatutako negoziobidea dela susmoak nagok, baina hori beste eztabaida baterako utziko diat). Oraindik orain Eibarko esamoldeen eta Iparraldeko modismoen espero irrikatsuan, j-

Gari
Gari dio:
2005/11/26 12:19

Eke-rena argitu nahian:

Josu, Eke-ren inguruan Luistxok esandakoak adibide hutsak dira. Luistxok, (nahiz eta lankide izan) ez du apenas parterik hartu Eke-ren proiektuan, eta idearik ere ez du zein plan edo helburu dituen Eke-k. Horiek bere ideiak dira beraz, adibide hipotetiko posible moduan botatzen dituenak.

Ni ibili naiz Eke-ren proiektuan (eta beste askotan) eta berretsi behar dizut ez dugula edukien ardurarik normalean, eta gutxiago edukien eskubideen inguruan. Oinarrian azpiegitura enpresa gara. Hala ere edukiei garrantzi handia ematen diegu eta asko baloratzen ditugu, horiek bai dira azpiegituren (informatika tresnak batez ere) funtsa. Zentzu horretan saiatzen gara gure bezeroei aholku egokiak ematen, eta kasu batzutan lortzen ari gara.

Jakes Larre
Jakes Larre dio:
2006/02/05 00:33

Gau on lagunak, EKE-ko langilea naiz eta www.eke.org webgunearen eguneratzeaz arduratzen naiz besteak beste. Irakurri dut intereses handirekin eskubideen inguruan jorratu dituzuen eztabaida-bideak. Egia da bai, copyleftaren kontzeptutik urrun girela gure eguneroko lanetan (Iparraldean ba ote dago gai hortaz dakien norbait ? ez da batere segur, gai interesgarri hori arrotza baitzaigu zorigaitzez ). Arrazoin nagusia Iparraldean nahiko zorrotza den autoreen eskubideen legea da (Frantses estatuan egia erraiteko). Honek bultzatuta idatzi dugu Legezko informazioarena. Kuadro juridiko hori ez balitz gure aldetik, libreki banatuko genituzke datuak ! (eta funtsean ez dut uste auzirik bilatuko genukeen norbaitek han edo hemen atxeman testu bat edota argazki bat baliatzen balu...). Eke.org webgunean agertzen diren irudi, soinu eta testu guziak ez dira gure jabegoan sartzen (oroitaraz dezadan EKE-k ez dituela nihundik ere Eusko Jaurlaritzaren edo Euskaltzaindiaren ahalak...elkarte xume bat gira). Bertan agertzen diren dokumentuak elkarteenak dira anitz, artisteenak... Hala da. Eskubideak badituzte eta saiatzen gira horien bermatzen. Halere (ez banuke erran behar ere...) uste dut egun guziz pixka bat "urratzen" ditugun zonbait eskubide informazio kulturalaren zabaltzeko xedearekin : hori dena euskal kulturaren zerbitzurako lan egiten baitugu denen onerako (artistak, elkarteak...), helburu komertzialik gabe hasteko. Eta Iparraldea ezagutzen duen edozoinek daki informazio horren banatzea ezinbestekoa dela nahi badira euskara eta euskal kultura sustatu gure lurraldean. Horiek direla eta milesker eke.org atariari publizitatea (dohaina noski !!) eginik ! Ez adiorik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004