Politika minuskuloa
Hauteskunde ziklo luzean sartuta bizi gara azken hilabeteotan, behintzat Hego Euskal Herrian. Udaberri osoa eman dugu hauteskunde batzuekin (Espainiakoak), eta besteekin (beste hiru ondoren, maiatz amaieran: foru hauteskundeak, munizipalak eta Europakoak), eta udalbatzarrak osatu eta astebetera, beste gobernuen osaketareko matematika egiten jarraitzen dugu oraindik... Ez dakit uda ere ez ote zaigun joango horrekin.
Parte-hartze politikoaren puntu goren eta zirraragarriena behar luke izan honek. Eta egia da, bai, interesa jartzen diogula auziari. Guk ere egiten ditugu kalkuluak, alderdiei komeniko zaiena balantzan jarriz "herriari" komeni zaionarekin. Sentipen benetako eta sakonak izan daitezke aliantza batzuei diegun beldurra edo beste batzuek eragiten diguten esperantza. Baina... ez ote da azalekoa irrika eta zirrara hau? Topikoak dioen moduan, Politika Letra Larriz egin barik, ez ote da txontxongiloen teatro txiki bat geratzen zaigun politika... minuskulaz idatzia, eta minuskuloa irismenean.
Aitortuko dut: ilusio politikorik gabe bizi naiz. Eta badakit zergatik eta noiztik, anputazio bat egin izan balidate bezala sentitzen baitut. 2017ko udazkenean izan zen, Kataluniako urriaren 1eko independentzia erreferendumaren inguruko gertaeretan, mundua gainera etorri zitzaidan. Pentsakizun ilun honek hartu zuen nire gogoa: "Gogorra da hemen gertatu dena, baina EZ DA EZER gerta zitekeenarekin alderatuta". Urriaren 1ean herritarren kontra zenbait hauteslekutan erakutsitako indarkeria, edo buruzagi katalanen kontrako jazarpen politiko-judizial bidegabea, ez da ezer Espainia egiteko prest egongo zenarekin. Zapalketa militarreraino ere iritsiko ziren, ez daukat dudarik. Girona bonbapean? Behar izanez gero, bai.
Eta baldintza horietan, Espainiatik alde egitea ezinezkoa izango zaiela katalanei, horixe pentsatu nuen. Eta zer esanik ez euskaldunoi.
Independentista naiz, baina Espainian hilko naizela konturatu nintzen. Hortik aurrera, doluaren faseetan nabil, ukaziotik onarpen etsitura eta buelta, haserrera orain, negoziaziora... Oso pelikula tristea da hau eta, tarteka jartzen dizkiguten publizitate etenetan, zera besterik ez dut nabaritzen: politika minuskuloa, entretenigarri harri-kartoizkoa.
***
Tapp aldizkari digitalaren 37. alean argitaratua, Gipuzkoako edizioan, 2019ko ekainaren 21ean.
Luistxo bideogile, historia penagarri bat
Lehen bi bideoak 2018an argitaratu ziren: Hegoaldekoak ala Iparraldekoak izan zen lehena, eta gero Gabonetako espeziala etorri zen.
Hirugarrena, otsaileko, pixelazio fraktalarena. Ohartxo bat azken honetaz: kutsadura digitala agertu bezain misteriotsuki, desagertuz joan da bideoa agertu zenetik, seinale estralurtarrek nire bideoa ikusi zutela.
Jada bideo gehiago ez, baina jarraitzen dut kolaboratzen. Testuzko azken zutabea Ttap 37 alean argitaratu zen, Gipuzkoako edizioan. Politika minuskuloa du izenburua.
Ttap eskuratzeko: ttap.eus
Pixelazio fraktal estralurtarra
Nire autoaren kontrol panel argiztatuan pixelez osatutako argi-mantxa bat etengabe ari da hedatzen azken asteetan. Birus estralurtar kutsakorra, seguruenik, irudi fraktal baten eran ari da zabaltzen. Kalkuluak egin behar izan ditut zenbat denbora geratzen zaidan autotik irteteko, pixelazioak dena estali aurretik.
Berrikuntza eta garapena Gabonetako oparigintzan
Berrikuntza eta garapena oparigintzan: Gabonetako opariak egiteko orduan, azken urteetan berrikuntzak gertatu dira: Lagun Ezkutuaren metodoarena da bat; eta beste bat opari-txartelak, balio jakin bateko erosketa bat uzten dizutena, ezer zehatza oparitu gabe. Dena dela, bi inbento horiek hobekuntza merezi dute eta azalpenekin ulertuko duzue. Ondo igaro jaiak!
Iparraldekoak ala Hegoaldekoak
Ipar haizeak ala hego haizeak ematen digu euskaldunoi? Kulturalki, nordikoak gara, ala mediterraneoak? Uste orokorraren kontra, nik esango dut Hegoaldekoak garela. Eta bide batez, turismo sustapenerako gomendio bat: galdetu Aguraingo turismo bulegoan eta joan ikustera Sorginetxeko trikuharria eta Alaitzako eliza zoragarria.
The Searchers edo zentauro aspergarri eta arrazistak
Zinearen historian John Ford-en western bikainena dela irakurria dut, eta Top zerrenda askotan ere bai. The Searchers, edo, gaztelaniaz zabaldu zen bezala, Centauros del Desierto. Kritikarien puntuazioetan ere, 100 puntutik gertu hemen.
Baina ikusi gabe neukan eta Joxe Aranzabal xaxatu nuen, zinearen historiako ale aukeratuak euskaratzen ari denez, hau ere euskaratu zezan. Ez dakit zer pentsatzen duen filmaz Joxek, baina nik, ikusi eta gero, dezepzio handia jaso dut eta damutzen naiz Joxe bultzatu izana hau euskaratzera.
The Searchers iruditu zait filma arrazista eta txar bat. Doinu ideologikoa garaiarekin lotu daiteke, eta hortaz, horren gainetik igaro gintezkeen, baina kasu honetan filman ezerk gutxik zuritzen du bekatua. Istorioa jauzi logiko absurdoz betea dago, eta ildo arrazista da, azken batean, zentzu pixkat ematen duen hari bakarra.
Tira, western-aren urrezko garaiko film hobeak egon badaude, eta pare bat euskaratuta daudenak gomendatzearren, beste bat zuzendari berarena eta John Wayne ere agertzen dena: Liberty Valance tirokatu zuen gizona. hau ere Joxe Aranzabalek itzulia.
Bestea, 1940ko The Westerner, Gary Cooper antologiko batekin.
Konjic-eko autobus geltokiaren kalea, Bosnia
Bidaia pixkat inprobisatua zen eta Konjic izeneko herri batera iritsi ginen. Urteko beste sasoi batzuetan gauza interesgarriagoak zituen, baina orduan ez bereziki, eta hurrengo egunean joan egin ginen.
Autobusa hartu behar genuen Sarajevora. Ez zegoen terminalik; geltoki bat kale nagusian, eta dendatxo batean erosten zenituen txartelak. Hantxe geundela zain, kale hartan, gure pareko etxeei begira, zuloz beteta zeudela ikusi genuen. Metralla, obus edo balak, zerk eginak ziren auskalo, baina porlanezko partxez konponduak zeuden hiruzpalau solairutako etxe haien paretak.
Partxez betetako paretena ez da ikustaldi arraroa Bosnian, baina kale hartan geundela, pentsatu genuen: nondik demontre egin zieten tiro etxe hauei? Ez zen oso zaila izan igartzea, buelta eman, gora begiratu eta kalearen gure aldeko 2. eta 3. solairuak ere zuloz beteak zeuden. Kale hartako 20-30 metroko zabalera, bi espaloiak, gerrako frente bat izan ziren une jakin batean. Pentsatu, Hernani kalea Donostian, zenbaki bakoitiak zenbaki bikoitien kontra tiroka; horrelako zerbait.
Gerrako oroigarri bat zegoen Konjic-eko plaza batean, izen musulmanez betea. Beste batzuk ere hilko ziren, baina akaso beste nonbait oroituko dira haietaz. Tayyip Erdoganen aldeko mural handi bat ere gogoratzen dut, Turkiak lagundu baitu herriko gauza askoren berreraikuntzan. Herri nagusiki musulman bat da, baina elizaren bat ere ikusi genuen. Tabernetan erre egiten da eta gizon nagusi kabalek, ardoa barik, yogur likidozko basokadak hartzen dituzte mokadutxo bat egunkariarekin gozatu bitartean, berriketan. Meskita handi eta moderno bat dago, petro-emirren batzuek ordaindua seguruenik, baina zaharrak ere bai. Argazkikoak itxura ia euskalduna du, bere teila gorriekin: minaretea nahita konpondu barik utzi zutela ematen du, gerraren oroigarri.
Bosnia herrialde ederra da, bertako kultura musulmana nik ikusi dudan Europako gauza interesgarrienetakoa da. Bidaiak merezi du, merkea eta segurua da, eta buruarentzako elikadura ere bada.
Zer behar da gizon bat, gizon egiazko bat izateko?
Horra gaztelerazko post hura. Pasartea orain, euskaraz, Itziar Diaz de Ultzurrunen itzulpenetik hartua.
***
Zer behar da, zehatz-mehatz, gizon bat, gizon egiazko bat izateko? Emozioak itoaraztea. Sentiberatasuna isiltzea. Norberaren samurtasunaz eta ahuleziaz lotsatzea. Haurtzarotik brastakoan eta behin betiko irtetea: ume itxurako gizonak ez dira fama onekoak. Buztanaren tamainaz larritzea. Emakumea gozarazten jakitea emakumeak berak ere ez dakienean nola, edo ez dionean gizonari esan nahi. Ahuleziarik ez adieraztea. Sentsualitatea bridatzea. Kolore hitsak janztea, zapata txepel berberak eramatea beti, ilearekin ez jolastea, bitxi gehiegi ez eramatea, ezta inolako makillajerik ere. Lehen urratsa egin behar izatea, beti. Inolako jakintza sexualik ez izatea norberaren orgasmoa hobetzeko. Laguntza eskatzen ez jakitea. Ausarta izan beharra, ausarta izateko batere gogorik izan gabe. Indarra balioestea, norberaren izaera gorabehera. Oldarkor agertzea. Aitatasun urritu batez baino ezin gozatzea. Arrakasta soziala lortzea emakumerik hoberenak ordaindu ahal izateko. Norberaren homosexualitateaz beldurtzea, zeren gizon bati, egiazko bati, ezin zaio ipurditik eman. Txikitan panpinekin ez jolastea, eta plastikozko auto nahiz pistola itsusi mortalekin etsi beharra. Gorputza askorik ez zaintzea. Beste gizonen basakeriei men egitea, kexatu gabe. Zeure burua defendatzen jakitea, otzana bazara ere. Emetasuna galarazia izatea, emakumeek beren barriko gizontasunari uko egiten dioten neurri berean, ez egoera batek edo nortasun batek hartaraturik, baizik eta gorputz kolektiboak hala eskatzen duelako. Helburua, garbia: emakumeek gerrarako opatzea beren semeak, beti, eta gizonek gerrara joatea onartzea, erail ditzaten, ikusmolde laburreko hiruzpalau ergelen interesak babestearren.
*** (honaino Despentesena) ***
Banuen intentzioa pasarte hau argitaratzekoa duela denboratxo bat... Aitzakia aurkitu dut Iñaki Segurolaren testu zatar batean. Kirtenkeria hutsa da gizontasuna halako parametroetan deskribatzea.
Mosku eta Osaka
Mosku
Errusian 1917ko iraultzaren mendeurrenarekin topo egitea espero nuen. Baina ez dago haren aztarnarik. Ez dira ari ezer ospatzen. Paso egiten ari dira.
Krabelin anonimoak topatu nituen plaza batean, Armada Gorriaren eskultura baten oinetan. Iraultzaren mendeurrenaren oroigarri ote? Ez. Eta ez da garai sobietarra tabu delako, ez.
Lenin, izenak, monumentuak ez dituzte ezkutatu. Harrotasun historikoa, bereziki militar eta kosmonautikoa, agerikoa da, baina oroitzen eta ospatzen dena, nire aburuz, Estatua eta Autoritatea dira. Horietxek dira Putinen kutunak, eta ez iraultza, bistan denez. Herriaren matxinada ez ospatzekoa, ezta aldaketa erradikalak: aginte indartsu eta egonkorra da Errusiako estatuak nahiago duena.
Era horretan, 2017ko Mosku garesti eta biznes-zale horretan bateragarriak dira nostalgia sobietarra, tsarismoaren ikonografia (buru biko arranoak dira estatuaren ikur), parafernalia elizkoia, eta oro har macho-man jarrera ideologiko eta estetiko bat, strip-club-en ateetako Mercedes ugariek baieztatzen dutena...
Neuri, osagai horien artean, nostalgia sobietarrarena interesatu zait gehien.
Osaka
Tokyo metropolis ikaragarri bat da, 38 milioi lagun area metropolitanoan, baina Osaka ez da txikia ere: 17 milioi pertsona (Moskun 14 milioi bizi dira).
Tokyo bezalako megalopolis bat, baina zaratatsuagoa, kaotikoagoa da Osaka. Lurrazpi, lur-azal eta plataformetako "nibeletan" antolatua dago, eta alde horretatik gogoratu zidan Putzu-Hiria, Moebius eta Jodorowskyk L'Incal-erako irudikatu zutena.
Tren-geltoki nagusiaren inguruko eraikin komertzialen eskala apabullantea zaila da ulertzen, inurri bat zara 17 milioi inurriren artean. Station City esaten zaio inguru horri. Jarriko bazenu bertan Iberdrola dorrea goizetik arratsaldera, inork ere ez lioke erreparatuko gehikuntzari.
Ea Google Earth-eko irudi honek ikusarazten dizuen... Adibidez, ikusten den noria hori zentro komertzial batean dago, baina bere oinarria 8. pisuan edo horrela egongo da, hortik gora doa (!)
Bestalde, Tokyoren bertsio ganberroagoa bat da Osaka. Fama bullazalea du, ingelesez jende gutxiagok daki, azento propio bat dauka, turista mendebaldetar gutxiago ikusiko duzu, eta erdialdean harritu gintuen gaueko giroak: gizon trajedun nagusiak neska escort gazteekin (bat edo bi) jatetxe eta discoetara sartzen, kanpoaldean txofer uniformedunak Toyota vintage-ekin geratzen diren bitartean... Halako kaleak Tokyon ere ba omen daude, baina ez genituen aurkitu. Nolanahi ere, giro horretan ere, irten eta kalean lasai ibiltzea ez da zaila, eta prezio onean ondo jan daiteke mila lekutan.
Emakumezkoen ikus-ezintasuna ausaz aukeratutako 50 filmetan
Denbora libreko nire hobby nagusia Azpitituluak.com hornitzen jardutea da. Tarteka nik azpidazten ditut gauzak, baina azken aldi honetan Jaurlaritzaren bidez euskaratu ziren hainbat filmen azpidatziak ber-sinkronizatzen eta dokumentatzen jarduten dut.
Multzoka prestatzen ditut Jaurlaritzak subentzionatzen dituenak, eta igotzen ditut Azpitituluak.com-era. Halako azken sorta, 50 filmekoa, duela egun batzuk kargatu nuen, albistetxo honekin. Eta ilustratzeko, sorta horretako 6 filmen irudia atera nuen.
Asko pentsatu gabe atera nuen pantaila-irudia... Eta gero konturatu naiz. Denak gizonezkoak dira. Amatxo/Mommy izeneko pelikulan ere mutil bat ageri da!
Baina errepasatu film guztien irudiak eta, nire pantaila-irudia baino hoberik egiterik ba ote dago? 50 film hartu, gutxi gora-behera ausaz, azken bi urteetako produkzio komertzialetik, eta ematen duten irudia guztiz guztiz maskulinoa da. (irudi honetan, gainbegirada bat, sorta horretako poster gehienena)
Emakumeak agertzen direnetan, gizonezkoaren ondoan da gehienetan. Hor dugu Diane Keaton, nolabait kondenatua aktore zaharren "neskalagun" aldakor izatera, kasu honetan Michael Douglas-ekin...
Eta emakumezkoak bakarrik agertzen direnean, ba... Maitagarriak, mojen istorio bat (bere meritua izan dezakeena, baina ez dakit), eta Amelia Barquinek bere estereotipo jasangaitzengatik salatu zuen How to be Single.
Azkenean... ba nolabait salbatzen dira bi irudi hauek, akaso. Emakumezko polizien istorio bat, eta harreman poliandriko baten ingurukoa izan daitekeen (ez dut ikusi) Effie Gray delakoa.
Ez dakit lagin grafiko hau ezeren adierazgarri den, baina susmoa dut baietz. Emakumezko zuzendarien falta, rol femenino ganorazkoen eskasia... Zinezalea naiz, eta uste dut horri ere arreta gehiago jarri behar diodala. Akaso zaila dela Jaurlaritzaren multzotik ekartzen ditudan filmekin hori egitea, baina nik euskaratu beharrekoetan... tira, betaurreko moreak ere jartzea komeni daitekeela. "Kostatu zaizu konturatzea", esaten badit inork, onartuko dut kritika.