Hiriari "kaixo" esaten dioten aita-alaba horiek
2022ko eskola egunak atzo hasi ziren, urtarrilak 7, ostiralarekin. Egun bitxi bat; nik zubia nuen lantokian, baina eskolaumeak ikastetxeetara joan ziren. Kasualitatez, egiteko bat neukan ikastola batetik gertu 9ak baino lehentxoago, eta hantxe nengoela aita-alaba batzuk hurbildu ziren.
Ni senide baten zain nengoen, errekadu baterako, kaleko zenbaki jakin baten aurrean. Eta kalean behera etorri ziren aita eta alaba, ikastolako sarrerarantz. Aita gizon gazte bat zen, itsua; esku batean makila zuria ezker-eskuin taka-taka zerabilen bidea egiteko. Beste eskuarekin neskato txiki bati eusten zion, haur hezkuntzakoa izango zen. Eta neskatoak tarteka esaten zuen, "kaixo, kaixo".
Hurbildu zirenean esan zuen neskatoak beste "kaixo" bat, eta espaloian toki eginez erantzun nien, "kaixo, bai, egun on". Aitak erantzun zuen, "egun on", eta bidean behera jarraitu zuten ikastolara.
Ez dakit aitak zeraman haurra, edo haurrak aita. Ez dakit "kaixo" espontaneoak ziren, edo "mugikortasun estrategia", termino moderno batekin esateko. Elkar zeramaten kaletik aita-alabek, "kaixo" esaten Donostiari.