Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Macarrones

Macarrones

Luistxo Fernandez 2019/11/09 11:50
Círculo de Lectores itxi dute, eta etxez etxeko sare komertzialeko komisionistak lanik gabe geratu dira, liburu-salmenta sistemaren jabe Planetak arrazoi ekonomikoak medio erabaki duenez.
Macarrones

Círculoko bi liburu zoragarri


Círculo de Lectores 1962an sortu zen Espainian etxez etxeko salmenta sistema gisa. Hamabosteroko edo hileroko katalogoan liburu bat erostera konprometitzen zinen bazkide izanda, eta komertzial bat etortzen zitzaizun eskaerak betetzera eta liburuak ekartzera.

Ni ez naiz sekula bazkide izan, baina nire anaia nagusi eta aitaponteko Agustin bazen (gaur bere eguna da, zorionak Agus), eta hari esker, etxean, nerabezaroan, irakurketa gogoangarri asko osatu ahal nituen. Liburu azalak aipatzeko kate batean bi atera nituen duela ez asko Twitterren. Liburu ondo editatuak ziren, azal paperezkoaren azpian, tapa gogorrean ere ilustrazio eta erliebeak izaten ziren sarri. Irudira ekarri ditut nire bizitzako bi liburu faboritoetako bi, biak Círculo de Lectoresen anaiak erosiak.

Duela urte gutxi egin nuen topo berriro Circulorekin. Neskalagunaren etxean, tarteka etortzen zen Donostiako komertzial bat, eta neskalagunak egiten zion bere eskaera, jasotzen zituen liburuok.

Nobio izan ondoren tarte batez, aurten ezkondu egin gara Aintzane eta biok, eta aurrez nik hipoteka bidez erosia nuen pisura etorri gara. Fondo-putre batek erosi duen etxe bateko alokairu ez hain sozial batean bizi zen Aintzane, eta tira, nire etxe txikiagoan kabitzen garenez, honaxe egin dugu mudantza. Etxebizitzen aurrezpenarekin, beste gauza batzuetan ere ekonomizatu dugu: telefono eta Internet konexioak murriztuz eta bateratuz, adibidez. Nik uste nuen aurrezpen puntu bat Círculo de Lectores izango zela, ze konturatua nengoen Aintzanek apenas irakurtzen zituela Circuloko liburuak. Inertziaz egiten zituen eskaerak, baina irakurtzekotan, beste gomendio edo gustu batzuetatik jotzen zuen gehiago (euskarazko liburuekin ezinbestean, adibidez).

Circulokoa moztu behar zuela, moztu behar zuela... tabarra ematen nion. Eta berak baietz, ez irakurtzekotan, hobeto zela; baina lotsatu egiten zen komertzialari ezetz esaten edo. Azkenean, erabaki genuen traizioz egingo genuela: alokairukoa utziko zuenean Aintzanek, akabo Circulokoa, ez zuen bazkidetzan etxe aldaketaren berri emango eta kito, ez genuen liburu gehiago ordainduko edo jasoko.

Egin genuen ba etxe aldaketa, otsail partean. Ez da izan geografikoki oso handia: 900 bat metro etxe hartatik neurera. Eta, hara, aldatu eta gutxira, iluntze batean, etxeko txirrina jo dute eta ireki dut atea: Circulo de Lectoresko komertziala da, abegikor, Aintzaneri bere katalogoa uztera dator.

Nola aurkitu gaitu? Emazteak dio ez duela helbide aldaketaren berri eman... Auzoaren kontzeptu zabalean, Donostiako Antigua-Ibaeta delakoan, ikusia nuen inoiz kaletik komertziala, bere zorro, liburu eta katalogoekin, eta nonbait, bere zonaldeko etxeak ezagutzeaz gain, gizonak bizilagun guztien joan-etorriak ere kontrolatzen ditu. Bejondeiola! aurkitu bagaitu, aurkitu gaitu, eta oraindik Circuloko liburuak jaso beharko ditugula dirudi!

Esan nion emazteari: tira, Aintzane, etxe txiki honetan apal apurrak liburuz gainezka ditugu jada, eta gastu alferreko bat ez dugu behar oraindik liburu gehiago pilatzeko. Nik kindle bat, berak beste bat; ez dugu espainolezko letra gehiago behar. Esan zidan baietz, hurrengo zetorrenean komertziala, jakinaraziko ziola bazkidetzaren amaiera.

Etorri zen eta, jakina, Aintzane ez zen ausartu ezer esatera: jiji jaja, ekatzu beste liburu pare bat. Demontre! neuk hartu beharko dut bada ardura, euskal matriarkatua ez bada gauza! Erdi-hitzartu genuen, hurrengoan nik pertsonalki emango niola komertzialari albiste txarra.

Orduan, hurrengo bisita gertatu baino lehenago, beste zerbait gertatu zen. Larunbat iluntzea zen, 20:45ak edo, minutu batzuk falta ziren auzoko mini-superra ixteko eta zerbait falta zen etxean afaltzeko; edaria edo kolakao edo ez dakit, huskeria bat. Jaitsi naiz dendara gauza bakar hori erosteko, eta dendako ordainketa ilaran, justu nire aurrean, Circuloko komertziala dago. Makarroi paketea, marka zurikoa. Besterik ez darama. Larunbat gaua da, eta bere ospakizuna irudikatu du: makarroi egosiak telebistaren aurrean, horra gizon honen asteburua.

Nire aurretik irten da makarroiekin, eta jarraian ni nire erosketa bakarrarekin. Nire bidetik doa komertziala, nire kalera jotzen du izkinan, nik ere bai, bera 13. zenbakian sartzen da, ni aurrerago noa, 9.ean bizi bainaiz. Etxera iristen naizenerako, izena aldatu diot gizonari: jada ez da Circulokoa. Orain Macarrones deritzo.

Etxera sartutakoan iragarri diot emazteari: Aintzane, ez dugu etengo Circuloko bazkidetza. Ezinezkoa da. Macarrones ezagutu dut eta ezin diogu hori egin. Ez dakit nola duen izena, zer duen etxean, baina makarroi egosiak larunbat gauean... Zerbaitek krak egin dit bihotzean.

Harrezkero segitu dugu hilabetero birritan txirrina entzuten, iluntzeetan, astegun buruzurietan. Macarrones atean, katalogoa uztera, pedidoa hartzera, edo liburuak ekartzera etorri da.

Saiatu naiz, probatzeko, katalogoan datozen liburu elektroniko bakan horietako baten "kodea" erosten, liburu fisikoak baino traba gutxiago egingo didalakoan, baina alferrik izan da: DRM berezi batekin datoz, eta bakarrik gailu absurdo batzuetan irakur daitezke liburuok, ez Kindle edo irekurgailu estandarretan. Galdetu nion Macarronesi ea hori gerta ote zitekeen, baina berak ez zekien ondo azaltzen. Macarronesek ez du Kindlerik, susmatzen dudanez, ezin diot ezer leporatu.

Orain... akaso bisitak, suposatzen dut. Goizean goiz egin ditut erosketak larunbat honetan. Ez dut dendan 20:45etan sartu nahi norbait makarroiak erosten ikusteko. Triste eta urduri nago, arazo bat desagertu delako gure bizitzatik: Circuloko liburuen pilaketa.

(albiste bat hemen, nola ixten den Círculo de Lectores)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004