Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan

Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan

Luistxo Fernandez / Jose Angel Urkia 2021/03/28 09:25
Jose Angel Urkia araoztarrarekin buelta bat Oñatiko zenbait baserri auzotan. Wikipediarako oharrak hartzeko.
Araotz eta Oñatiko beste auzo batzuetan

Berezaoko etxe batzuen kartela

Testu hauek Luistxok idatzi ditu, baina bertako kontu, datu eta abarrak Jose Angel Urkia araoztarrak emandakoak dira.

Araotzera sartzen, Jaturabe

Urteagain gainean, Uribarri auzoan. Taberna eta etxe batzuk, Urtiagaiñ, eta diputazioaren Guardetxea. Hantxe geratu gara, baina gero jaitsi gara Arrikrutzeko leizeetarako egin den aparkalekura. Errepidez, hantxe hasten da Araotz, esan liteke.

Gainean, Akerraitz eta arkaitz horietan iparralderako, Aitzulo. Azken honek ematen duen ikusmiran, leize edo arku naturalaren barruan segun eguzkiak nola eman, barrualdeko harri batek gizon baten itxura hartzen du, obispua, gotzaina, bertakoek esan bezala.

Inguru honek, harroila honek, Jaturabe du izena. Baserri eta errota izandako bat bada bertan. Jaturabeko urtegian, ezkerreko labarrak Sandailikoak, eta eskumakoak, Maiñako haitza, edo Madinakoa, goian auzo hori baitago.

Hortik du sarbide nagusia auzoak orain, errepidea, 1930ean egina. Bestela, oso bide zaila zuen arroila honetatik (istripuen lekukotza dago bertan). Mendialdetik Aretxabaleta eta Araba alderako beste pasabide batzuk ere baditu haranak,

Araozko hegoaldeko muga hartzen du Elgeako mendikateak, Arabarekin muga da. Eta bertan izen berezia du: Araba-mendia. (ala Araba-mendiak pluralez?). Gaur egunean haizerrota elektrikoak nabari dira mendien perfilean, hegohaizea denean erlojuz kontra biraka, eta iparraldearekin, erlojuaren zentzuan (Araoztik ikusia).

Amillana haizeak (hego haize freskoak) sortzen duen lainoa ere nabari da Araba-mendietan.

Errepide ondotik, ur kanal bat ere badoa Araoztik, Union Cerrajerara zihoana. Orain ba omen du aprobetxamendu bat… badira beste kanal batzuk ere haranean.

Ikusi ditugun landareak, ipuru edo kiniebroa, zumarra (ugari baina asko gaixo), kobetako asuna (urtica membraneacea…). Espezie urri-urri batzuk ere seinalatu dizkigu haraneko puntu batzuetan Urkiak, baina ez ditugu markatu argazkiz, ez dadin kokapena agerian jarri furtiboentzat.

Jaturaben zenbait hilarri daude bide bazterretan. Istripuz hilak batzuk, borroka batean amilduta hil zen Juan Angel Beitia kontrabandistarena bestea. (historiak merezi du).

Sandailiko ermita eta kobazuloa

Jaturabeko harroilaren gainean, ezkerrean, labarretan gora doan bidexka batetik iristen da bertara. Bide horretan bada iturri lehor bat, garai batean ur miraritsua zuela esaten zutena. Sandailiko iturrikoa baino, benetako ur miraritsua horixe zela dio Urkiak.

Sandailin, Urkiak zalantzak ditu izenaren etimologia kristauaz (San Elias), eta aurretiazko substratu paganoaren susmoa du berak. Etxe abandonatu bat dago harpearen sarreran, eta harpearen barruan, baseliza bera, azpian solairu parea ere baduena.

Harperako eskilaretan dago ur miraritsuaren aska, ez iturri batek hornitua, baizik eta goitik itoginek estalagmiten eran elikatzen dutena, tantaka, etengabe. Ur horren erabilpena fertilitatearekin lotzen da alegia popularretan. Umeak izan aurretik, hatzamar bat edo bi sartu behar direla (ume bat edo bi eskatzeko); edo ipurdia sartu behar dela askan… Baita haur jaioberriari osasuna opa izateko, umea osorik askan sartu behar ote den. Horien arrastoren bat bada 21. mendean; haurren arropak uretan busti, eta baseliza barruan utzi dituztenak badira (ikusi ditugu haurtxo jantzi horiek atetik).

1980ko ekainean berriztu zuten, eta orduan egin ziren azken erromeriak. Ordura arte, urteroko zita zen bazkaria egitea Sandailin 1972. urtearen ingurura arte, baina ez San Eliasen egunean, baizik eta San Joan igaro eta hurrengo asteburuan, ekainean. Ukitu irreberente bat zuen jaiak, baimendua zegoen abadeez txarto berba egitea, abadea bertan zela ere.

Sandailin aurki daitekeen faunan, Ptyonoprogne rupestris edo haitz-enara, Araotzen Sandaili-txoria izendatzen dutena.

Zubia auzoa

Zubia auzoa, artikuluarekin ahoskatua (Zubixa… Zubiko ermita), errepidetik aurkitzen den lehen auzoa da. Badira etxe batzuk errekaren pare, ermita zahar baten hondakinekin, baina ekialderanzko maldetan dago baserri gehienen muinoa eta latsarri edo labaderoa, Argiñena baserrira itsatsia.

Auzo txikiak dira Araozkoak, batzuk elkarren ondoan daude, baina bakoitzak badu bere labaderoa eta identitatea. Araoztarrek elkar kokatzen dute auzune hauen arabera, honakoa Uxartekoa, eta bestea Aizkorbekoa…

Zubiatik beste zenbait auzo ikusten dira ondo… Gerneta izan ezik. Zenbait familia ospetsuren jatorria bertan dela diotsute bertakoak, Guillermo Zubia enpresariorena, adibidez; edo Txillardegiren arbaso Enparantzadarrak handik sortuak direla. Lopena baserri bat ere bada, eta horrek Lope de Agirrerekin lotura ote duen diote batzuek… Agirreren araoztartasuna frogatu gabea da, noski, baina bertakoen artean ere, probableagotzat jotzen dute Agerre auzokoa ote zen.

Zubiako gainaldetik bidea doa Aitzulora, mendizaleek ezagun dutena. Horren ondoan, Eugenio Barrena bertako artistak egindako eskulturazko mausoleo bat dago, harriz, burdinaz eta egurrezko sorkuntzekin.

Agerre gainean dagoen Santa Kruz baseliza ere ikusi dugu Zubiatik, Andarto mendiaren azpian. Hara ere egiten ziren prozesio edo bisitak, errogatibak euri eskean.

Nolakoa den Araotz eta bere herrigunea, Elizondo

Zubiatik Araotz 21. mendearen hasieran nolakoa den ikusi dugu. Zelai berde ugari, baina oso gutxi nekazaritzarako landuak (ez bada ortu txikiren bat etxeren batek kontsumo propiorako). Abeltzaintza gehiago ikusten da, ganadua, ardiak, behorrak… Apenas dira 60 biztanle, eta ematen du etxe gehiago daudela (litekeena), baina baserriak oro har egoera nahiko onean daude, etxe funtzionalak dira, bigarren etxebizitza moduan funtzionatzen dute Oñatin eta oro har Debagoienean kooperatiba eta gainerakoetan lana eta bizibidea topatu dutenentzat; asko Araozkoak jatorriz. Horrela, biztanle urriek adieraziko luketena baino biziagoa dirudi haranak. 

Era berean, Oñatiko kontestuan, Araotz herri bat dela ikusten da, elizatea ofizialki, baina bere auzune propioekin, haran geografia argiarekin, hau herria da. Alkate bat ere badute, lau urtean behin hark proposatzen du terna bat bere burua ordezkatzen, eta hiru horiek elkartzen dira euren artean hurrengoa nor izango den adosteko.

20. mendean auzolana oso ohikoa zen, baina istripu larriak eta heriotzak ere izan ziren zenbait lanetan, adibidez frontoiaren 1950eko hamarkadako eraikuntzan; eta lan horren oroitzapen onik ez dagoela sumatu dugu bertako batzuekin hizketan. Gaur egunean, kontratupeko lana nahiago dute, eta auzolana egiten denean, aseguru egoki batekin.

Elizondo herrigune nagusian, auzoko etxea, San Migel eliza, frontoia, bolatokia.. eskola zaharrak: mutilena zaharrena, sakristuaren etxeari itsatsia, eta beriragoa, neskena zena, berrizten arin dena 2021. urtean, ostatu bihurtzeko.

Kanpandorrean, alde baterakoek apaindura gutxiago dute. Zergatik? auzo bateko aberatsen batek kendu zituelako akaso?

Joaldi desberdinak ere bazituzten kanpaiek, haur bat hiltzen zenekoa, soinu finagokoa, Agerre auzora ematen zuen aldeko kanpaiak ematen zuen. 

San Migel da elizaren santua, baina Araozko jaiak Trinitateak dira, data mugikorrekoak, Bergarako Pazkoak izan eta astebetera egiten dira. 

Beste ohitura bat San Migel elizara lotua, San Joanetan erruda eta apioa eraman bertara kutun zintzilikario batzuetan sarturik, eta apaizak bedeinkatzen zituen. Sorginkeria eta gaiztakeriaren kontrako babesa emateko edo.

Araozko beste auzoak

Elizondotik oso gertu, bi auzo, errepidean gora Uriarte (Uxarte) eta gorago Aizkorbe, bakoitza bere labaderoarekin.

Elizondo baino beherago, errekaren pare, Ugaran eta Jausoro.

Aparte haran nagusiko bistetatik, Gerneta; Gérneta esdrujuloa ahoskatzeko orduan. Mariuntz izeneko gainaren azpian; hiru baserri baizik ez: Gerneta-Etxebarri, Gerneta-Erdikoa eta Gerneta-Andikoetxe.

Mariuntzeko gainean, Gernetara begira, burdinazko gurutze bat dago. Araotz inguratzen duten mendietan harrizko gurutze zenbait daude… ohitura zen 20. mendera arte apaizak ibilbidea egitea gurutzeak bedeinkatzen, txingorrradarik (“harri-zaparradarik”) egin ez eta eguraldiaren alde.

Aratzurti (Araotz Urriuti), eta Madina (edo Maña, Maiña, Madiña) urrutiagotik ikusi ditugu.

Berezao 

Araotzen ibili ondoren, haranetik irten gara, eta Oñatiko bertako paraje batzuk ezagutu ditugu. Oñatiko hegoaldetik luzatzen diren bi auzune dira Berezao eta Murgia…

Berezaoko parte bat, kaletik gertukoena, industrialde bihurtua da 20. mendetik. Bertan zegoen Zahor txokolate lantegia, gaur egun Natra izena duena.

Auzoaren nukleoa hortik gertu dago, Santa Lutzia eliza eta auzoko eskola zaharrarekin, eta parke-baso batekin. Baserri multzo bat da zentro honetatik gertu, baina beste baserri batzuk urrunago eta sakabanatuago daude.

Baserrien artean, lau aldeko teilatua duten ale ederrak daude, Agerre adibidez (bertako toponimian Agirre markatua dagoen arren), eta Lizarralde. Azken etxe honetako Ramon Markuletak eta bere arrebak etxea erakutsi digute. 400 metro koadro oinazalean, barruko egurrezko habe eta teilatuekin, eraikuntza ikusgarria da. Tresna zaharren eta jakintza gordailu bat da leku hau.

Bertakoek aipatzen duten beste etxe bat, Gipuzetxe edo Kipuetxe (tarteko beste zenbait grafiarekin). Don Juan Borboikoaren inude izan omen zen horko norbait… Ez hori bakarrik, antza ere, antz handia izan du Berezaoko bateren batek Borboiko gizonezkoekin, gizon gorputzez handiak, baldar itxurako eta parrandazale frogatuak… Ipuin bat besterik ez da izango.

Berezao eta Murgia bereizten dituen Ubao errekan bada zenbait errota, batzuk Murgiako aldekoak, besteren batzuk Berezaoko aldekoak. Hauetan etxe nabarmena, Tokilloko Errota. Baserri kanpoan dute orain errotarri zahar bat, eta ondoan elurtzulo antzinako bat berrizten ari dira.

Murgia

-A artikuluduna da Murgia hau. Murgiko ermita, esaten dute adibidez, Asentzioko ermita edo eliza, izatez. Bertara doan bideari elizbidea esaten zaio… Ermita inguruan bada nukleo moduko bat zenbait baserrirekin, eta auzoko eskola izandakoarekin. Oñatiko kaleetatik ia bi kilometrora dago nukleo hau.

Gainerakoan, hegoalderantz, baserri sakabanatuagoak badaude. Ikusi dugun bat, Jauregi, eraikuntza dotorea. Oñatiko baserri auzoetako kartelek darabilten baserri-irudia etxe honetakoa da (eraldatua, ezker-eskuin ardatzei buelta emanda); eta Eroskik ere erabili du bere esnea saltzeko.

Murgian ikusi dugun beste bat, Santa Kruz errota, Maristegi baserria… Baita nekazaritza esplotazio gisa Oñatin oraindik lantzen den azken adibideetako batzuk.

Aloña mendira begira; Gaiztozulo

Murgiko bide bazter batean erruda aurkitu dugu, sendabelar eta landare usaitsua. Araotzen nola bedeinkatzen zen kontatu digu Jose Angel Urkiak.

Eta Aloña mendiko tontorren artean, Gaiztozulo non egon litekeen kokatzen lagundu digu. Mari sorginaren babesleku ustezkoetako bat… aitzarte batean omen dago, Gorgomendi eta Kurtzezahar mendien artean.

Kontuz hara sartzekotan, sorginekin topo eginez gero… Badago baina, babesteko metodorik. Batetik, erruda daukaten kutunekin joan; eta barruan, sorginari ostikoka eman aurkitu bezain pronto, baina adi, ostikoak zenbatu, izan daitezela bakoitiak eta ez bikoitiak. Hiru ostiko, ondo; lau ostiko, txarto.

Sorginei aurre egiteko sartu zen batek, hala entzun omen zien barrukoei: “Elduixok albalixok, eskuan ez baleuka, erruda ta apixo”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004